TXAKOLINAK 550 MILIOI PEZETA FAKTURATUKO DITU AURTEN

  • Bizkaiko eta Gipuzkoako txakolinaren 99ko uzta onari esker, 550 milioi pezeta fakturatuko dira eta 1.300.000 botila txakolin ekoiztuko. Getariako txakolina Euskal Herriko eta kanpoko merkatuetan saltzen da eta Bizkaikoa nagusiki Bizkaian.

2000ko maiatzaren 21ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Jatorri-izendapena duen txakolinaren 99ko uztaren fakturazioak gainditu egingo du 550 milioi pezetako (22 milioi libera) kopurua; izan ere, uzta oso ona izan da aditu guztien arabera, eta ondorioz 1.300.000 inguru botila merkaturatuko dira. Botilaren batez besteko prezioa 425 pezetakoa izango da ardandegian. Euskal Herrian ekoizten den ia txakolin guztia Gipuzkoan eta Bizkaian egiten da. Gipuzkoan ekoizten den txakolin kopuruaren erdira ere iristen ez den arren, Bizkaian, 1999ko kanpainan, %30 handitu dute uztaren bolumena, eta hautsi egin dute 400.000 botilako marka.
Sektore honetan adituak diren guztiek diote 1999ko uzta, dagoeneko dasta daitekeena, bikaina izan dela, alde hauetan izan ohi diren arazo arruntez gainera ez baita arazo larririk gertatu uztaren zikloan zehar. Getariako Txakolina Jatorri-izendapenaren lehendakari Julian Ostolazaren aburuz, abuztuko eta iraileko meteorologia (eguzki-ordu ugari) oso lagungarria izan zen mahats-mordoak osasun-egoera ezin hobean hel zitezen. Gainera, mahats-biltzean zehar euririk egin ez zuenez, mahatsa era mailakatuan bildu zuten, inongo arazorik gabe.
Azken hilabete hauetan, txakolina ekoizten den aldeetan, bereziki edari hori protagonista duten egunak ospatu dira. Ospakizun hauek egunetik egunera kalitate hobea darion eta kontsumitzaile gehiago dituen txakolina ezagutzera ematea dute helburu. 99ko txakolinaren azken aurkezpen ofiziala Bakion (Bizkaia) egin da, iragan martxoaren 19an.


GETARIAN 900.000 BOTILA ETA BIZKAIAN 400.000.

Getariako Txakolina Jatorri-izendapenera 39 ekoizle eta 17 ardandegi biltzen dira, eta guztira 900.000 botila beteko dituzte 99ko uztarekin. Ardandegian botila bakoitzaren batez besteko prezioa 425 pezetakoa izanik, 380 milioi pezetatik gora fakturatuko dira Gipuzkoan. 1999an bildutako mahatsaren %85 Hondarribi Zuri motakoa da eta %15 Hondarribi Beltz motakoa. Gaurko egunean, Gipuzkoako Jatorri-izendapenean inskribatutako mahastiaren azalera 125 hektareakoa da, eta azalera horretatik %2 Aian dago, %22 Zarautzen eta beste %76 Getarian.
Getariako txakolinak -ardo zuria eta gaztea, urtean kontsumitzekoa- 10,5 inguruko graduazioa du. Bertako mahats-mota birekin egiten da, Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltza izenekoekin, eta garraztasun berezia dario. Hondarribi Zuri mahats-mota zuria da, eta mahastietan %80 eta %90eko proportzioa izan ohi du. Bigarren mahats-motak beste %15 ekartzen du. Batera elaboratzen dira mota biak eta, horrexegatik, beti da zuria Getariako Txakolina. Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Frantzian, Europako Batasunean eta Estatu Batuetan saltzen da.
Gipuzkoan dagoen tradizio eta ekoizpen-mailara iristen ez bada ere, Bizkaiko Txakolina Jatorri-izendapenak bere markak hautsi nahi ditu; aurreko urteko kopurua %30 gainditu nahi du 99ko uztarekin; izan ere, 1998an 315.000 botila bete bazituen, kanpaina honetan 400.000 inguru botila betetzeko asmoa du. Bizkaiko Txakolina Jatorri-izendapenera 190 ekoizle eta 62 ardandegi biltzen dira, eta guztizko fakturazioa 170 inguru milioi pezetakoa izango da. Iragan martxoaren 19an, Bakion, txakolinaren sorleku tradizionalean, 1999an 75.000 inguru litro ekoiztu dituen herrian, Txakolinaren Eguna ospatu zuten. Azoka honetara hurbildu zirenek ezin egokiera ederragoa izan zuten Bizkaiko alde honetako txakolin zuria eta beltza dastatzeko, eta gainera, azken uztaren kalitate bikainaren lekuko izan ziren.
Bizkaiko mahastiek guztira 130 hektarea hartzen dituzte eta mahastietan Hondarribi Zuri mahats-mota da nagusi. Ia soilik Bizkaian kontsumitzen den txakolin bizkaitarra zuria da %80an, gorria %15ean eta beltza %5ean. Alkoholaren graduazioa 10,5 pasatxokoa da. Bizkaiko sektoreak zabaldu egin nahi ditu bere mahastiak beste 90 hektareatan 200 hektareako azalerara iristeko. Ildo honetatik, dagoeneko prestatzen hasiak dira Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dioten proposamen bat.
Eusko Jaurlaritzari hektarea gehiago eskatzeko orduan, Bizkaiko elkarte honetako arduradunek eskaerari erantzuteko dagoen defizit handiaren argudioa erabiliko dute; izan ere, urtero, uztailerako edo abuzturako agortu egiten da produkzioa. Eta agortze hau are larriagoa da kontuan hartzen badugu Bizkaiko txakolina ia soilik herrialde honetako merkatura mugatzen dela. Bizkaiko Txakolina oso gutxi saltzen da Madrilen eta Bartzelonan, Getariakoak harrera hobea du.
Mahats-biltzea irailaren hondarretan eta urriaren hasieran egiten da; lan nekeza da, kontu handiz egin beharrekoa. Eskuz egiten da, eta mahatsa 25 kiloko kaxetan garraiatzen da mahastietatik ardandegietaraino. Ardandegietako dolareetan mahats-mordoak zanpatzen dituzte muztioa erdiesteko. Gero, bere horretan uzten dute 24 ordutan "zikina" kentzeko.
Operazio hau burutu ondoren, muztioa depositu batzuetara eramaten dute ponpa batzuen bidez, eta depositu hauetan era kontrolatu batez burutzen da hartzidura. Beste ontzi-aldaketarik egin gabe eta botilaratu arte, bertan gelditzen da likidoa

JATORRI-IZENDAPENA
Euskal Herrian ugari dira kalitatezko produktuak, eta hauek ez dira atzerritik iristen zaizkigun beste produktuak baino gutxiago. Kanpotik etorritako produktuetatik bereizteko, kalitatezko labelak ditugu. Produktu hauek "Kalitatearen" K batez aurkezten dira. Bestalde, elikagaien kalitatea eta osasuna bermatzen dizkiguten Jatorri-izendapenak ditugu. Hortxe daude esnearen, arrainaren, okelaren, barazkien, fruten eta beste produktu batzuen kasuak.
Txakolinaren kasuan, sagardoaren eta ardoarenean bezala, Jatorri-izendapenaren bereizgarria dago. Horretarako sektore bakoitzak bere batzorde arau-emailea du. Batzorde hau arduratzen da produktuaren kalitatea zaintzeaz, mahastietako laborantzan eta ardandegietan hobekuntzak egiten jarraitzeaz eta intrusismoa eta pirateria galarazteaz. Jatorri-izendapen honen berme gisa, batzorde arau-emaileak kontrolatutako botila guztiek berme-zigilu bat edukiko dute beren lepoetan. Etiketa bakoitzean, enpresaren markaz gainera, jatorri-izendapenaren anagrama aurkezten da.
Batzorde arau-emaile hauetan mahastizainak, ardandegi-jabeak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza saileko eta foru aldundietako ordezkaritza bat biltzen da

BIZKAIAK BERRIRO ERE HELDU DIO SAGARDOGINTZAREN TRADIZIOARI
Azken urteetan, sagardogintzaz hitz egitean, Gipuzkoa baino ez zen hizpide izaten. Hala ere, gaurko egunean, sagardogintza hedatu egin da eta hedatzen ari da Euskal Herriko beste bazterretara, batez ere Bizkaiara, eta honenbestez berriro ere heltzen dio lurralde honek sagardogintzaren tradizioari. Gogora ekarri behar da Erdi Aroan Bizkaian askoz ere sagardo eta ardo gehiago egiten zela Gipuzkoan baino. Bizkaian gertatutako garapen ekonomiko eta industrialaren ondorioz, arian arian utzi egin zituzten txakolingintza eta sagardogintza eta sendotu egin zuten ardoaren inportazioa eta kontsumoa. Aitzitik, nekazal izaerari denbora luzaroagoan eutsi zion Gipuzkoak ia bakarrik jarraitu zuen sagardogintzan.

Bizkaiko Aldundiko Nekazaritza Saila izan da azken urteotan sagardoa egiteko sagarren ekoizpena sustatu duena. Horretarako, Zallako (Enkarterriak) frutagintza-planta sortu zuten, eta bertako sagarrondo-mota batzuk berreskuratu zituzten sagardotarako sagarra erdiesteko. Azterketa batzuk egin ondoren, sei sagar-mota bereizi zituzten, eta sagar horiek dira baserritarren artean sustatzen ari direnak. Gainera, orain dela lau urte, esperimentuak egiteko ardandegi bat sortu zuten eta honek aukera eman du sagardoa egiteko tekniken azterketan aurrera egiteko eta, ondorioz, sagardoaren kalitatea hobetzeko.

Testuinguru honetan, "Bizkaiko Sagardoa" izeneko Bizkaiko Sagardo Naturalaren Egileen Elkartea sortu zuten 1995ean, eta egun sagardoa egiten duten hamairu bazkidez osatuta dago elkarte hau. Gaurko egunean 40 hektarea daude Bizkaian sagasti berriei emanak. Ez da ahantzi behar Bizkaian badirela beste 250 hektarea sagastietan, baina sagasti hauen emaitza apala da oso. Bizkaiko 13 sagardogile hauen artean 200.000 inguru litro sagardo egiten dute urtean. Enkarterrietan, Durangoaldean, Gernikan eta Lea-Artibain daude sagardoa egiteko sagasti nagusiak. Bizkaiko elkarte honek hirukoiztu egin nahi du sagardoaren produkzioa 2001. urterako, eta datu horixe da sektore hau herrialde honetan bizitzen ari den hazkundearen erakusgarririk garbiena.

Inoiz sagardogintzan tradizioa izan zuen arren, Iparraldean tradizioa galduz joan da. Hala ere, azken urte hauetan berriro ere suspertu da. Gaurko egunean sagardogileen kooperatiba bat bada, Eztigar izenekoa, Nafarroa Behereko Donaixtin. Kooperatiba honek egun 15.000 inguru botila ateratzen ditu merkatura. Hobetuz ari dira nola ekoizpenean hala kalitatean, eta datozen urteotan 120.000 litro sagardo egitea dute helburu.

Ardogintzan tradizio handia duen Nafarroan ere sagardotegi batzuk irekitzen hasiak dira han-hemen. Lizarrako ikastolako bi irakasle ohi izan ziren sagardogintzak Nafarroan sarrera eduki izanaren protagonista, Aldaiondo sagardotegia ireki baitzuten Murugarrenen, Iruñetik 45 kilometrora dagoen herrixkan. Sagardogintzak tradizio handia izan zuen familia bateko ondorengoak izaki -baten aitak sagardotegi bat izan zuen Alegian-, sagardoa bertan egiteko metodoarekin asmatu dute. Eta aurtengo kanpainari begira 10.000 inguru litro sagardo dute.

Araba da euskal herrialdeetan sagardogintzan tradizio txikiena duena. Baina azken urteetan sagardoaren kultura hedatuz doa, batez ere Amurrio-Lezamako aldean, non dagoeneko sagardotegi batzuk badauden, eta beste tokitako edaritegi batzuetan poliki kontsumitzen hasiak dira. Sagardoa Gipuzkoatik ekartzen dute, nagusiki Astigarragatik eta Usurbildik, Araban ez baita sagardorik egiten.

Sagardoaren munduarekin amaitzeko, bereizgarria eta kalitatea bilatzen dituen beste ekimen bat dakargu orriotara. Honenbestez, sagardoarekin zerikusia duten jarduerak ugaltzen ari direla ikusirik, Gipuzkoako sagardogileak etiketa ofizial bat sustatzen ari dira, "Tolare-Sagardotegia" izenekoa, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Egileen Elkarteak sortua. Eta etiketa hau kaleratu dute hain zuzen ere ugaltzen hasiak direlako "sagardotegia" hitza daramaten establezimenduak, nolabait ere errealitatearekin bat ez datozenak. Etiketa berri honekin egiazko sagardotegiak eta sagardoa soilik saltzen duten establezimenduak bereizi nahi dira; izan ere, lehenengo taldera biltzen dira sagarra dolarean zanpatzearekin hasi, muztioa eta sagardoa egitearekin segi eta sagardoa botilara-tzearekin amaitzen duten establezimenduak, benetako sagardotegiak

Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude