"ISTORIOA GOGORRA DA BAINA EZ DAGO ETSIPENIK"

  • Juan Kruz Igerabide adunarrak "Helena eta arrastiria" argitaratu du aurten, baita gaztelaniazko bertsioa kaleratu ere. Haur eta gazte literaturan idazle izarra dugu Igerabide. Iazko Euskadi Sarien irabazleetako bat izan zen "Jonas eta hozkailu beldurtia"rekin.

2000ko maiatzaren 14an
Haur eta gazte literaturan azken hamarkada honetan bereziki nabarmendutako idazlea zaitugu. Kontaiguzu nolakoa izan den zure idazle bilakabidea.
8-9 urteko haurrei eskola ematen nenbilenean sartu nintzen mundu honetan. Haurrentzako literatur materialak biltzen nituen, eta gustatzen hasi zitzaizkidan gauza batzuk. Batez ere, tradizio herrikoian oinarritutako literatura izan dut gustuko. Hortik etorri zitzaidan gogoa. Bilketa horiek guztiak berandu hasi ziren ematen fruituak, ordea. Hasieran, kontu pedagogikoa izan zen; gustatu bai, baina ez nuen uste nik egiten nituen gauzatxoek ezertarako balio zutenik.

1984 urtean publikatu zenuen "Notre-Dameko oihartzunak". Hamarkada horretan oso liburu gutxi kaleratu zenuen; azken honetan berriz, idazle oparo bihurtu zara.
1992tik aurrera kaleraturiko lanak aurreko urteetan egindako lanaren ondorioa ere badira. Hasieran ez nuen inolako pretentsiorik. Urte hartako "Begi-niniaren poemak" lanak izan zuen onarpenak bultzada handia eman zidan. Aldeko hainbat gauza esan zidaten eta nolabaiteko animua hartu nuen. Orduan hasi nintzen nire buruarekin konfiantza hartzen.

"Jonas eta hozkailu beldurtia" ipuinarengatik saria jasotzean, Groucho Marxen zale agertu zinen. "Ohore bat da Groucho Marxen zalea den honentzat andere botereari eskuan muin ematea ahotik purua kendu gabe. Eskerrak eman nahi dizkiot sagu txiki bati, eskerrak arratoiari, eta zaldiari, mandoari, azeriari eta oilo bustiari" esan zenuen.
Hor norberak egingo zuen bere interpretazioa. Interpretrazio asko ditu horrek. Nik, alde batetik, botereak sari horiek eman zizkigunez, bada, distantzia bat markatu nahi izan nuen. Eta ez distantzia ideologikoa, baizik eta idazlearen edo artistaren distantzia markatu nahi izan nuen umorearen bidez. Horregatik aipatu nuen Groucho Marx. Bestalde, garai batean marxista ere izan nintzen. Bi zentzuetan egin nuen. Gero, nire liburuetako lagun horiek aipatu eta eskertu nituen nolabait.

"Haur eta gazte literatura duina dugu, kanporatzeko modukoa, baina planifikazioa beharko litzateke ateratzen joateko" esan izan duzu inoiz.
Bai. Izan ere, inprobisazioz jokatzen ari dela uste dut. Kanpora zabaltze horretan, bai behintzat. Idazle batek bere lana kanpora atera nahi badu, bere aldetik mugitu behar du eta, egia esan, batzuk ari dira arrakasta lortzen. Bernardo Atxagak ireki zuen bidea helduentzako literaturan, eta esaterako, Anjel Lertxundi ere ari da zabaltzen bide hori. Baina bakoitza bere aldetik ari gara. Literatura askoz planifikatuagoa ekartzen da kanpotik, guk kanpora ateratzen duguna baino.

"Helena eta arrastiria" zure azken eleberriarekin euskal literatura zabaltzeko bide berri bat lantzen ari dela dirudi.
Liburu hau "Apirila" deritzan sailan argitaratu da, Argitaletxe Elkartuak deritzanak atera du. Sari honen inguruan badago ekimen antolatuago bat. Estatuko sei argitaletxe ari dira. Elkarlanean eta beste bost argitaletxek orain urte batzuk hasitako ekimen bat da. Liburu txikiekin oso ondo joan dela dirudi, eta gazte alorrera zabaldu nahi dute ekimena. Sari hau jarri dute, eta badakit asmo zabalxeagoak ere badituztela. Hau pauso planifikatua da eta aukera handia ematen du.

Espainiako Estatuko hizkuntza guztietan zabalduko da, ezta?
Handienetan behintzat bai. Aragoerarekin ez dakit zer pasatuko den, asturieraz badakit aurrera doala. Gazteleraz, katalanez eta galizieraz ziur aterako direla. Besteak kolokan izaten dira, argitaletxeak ahulagoak direlako. Nolanahi ere, azkenean horiek guztiak ere ateratzea espero dut.

Hedapen modu hau ezberdina da nolabait. "Helena eta arrastiria"ren azala bera ere ezohikoa da.
Bai. Corte Ingles saria da tarteko, eta badirudi horrelako leku handietan saltzeko formatuan egina dela. Araua horrela da. Eta sartzen baldin bazara bide horretan, onartu behar duzu. Liburuaren azala euskaldunentzako arrotz samarra da beharbada. Baina horretan ere normalizatzen ari gara euskaldunak. Saltoki handietara jotzen duzu eta gero eta liburu sorta handiagoak aurkitzen dituzu. Haur literatura nahiko normalizatua dago. Molde hau normaltzat hartzen da. Helduentzako liburuen artean ez da hain normala, ordea.

Liburuaren sarreran bi autore eta obra aipatzen dituzu. Arrastiriari aipu eginez, Txingiz Aitmatov eta "Jamilia" lana. Helenari dagokionean, Homero eta "Iliada".
"Jamilia" nik neronek itzulia dut euskarara. Txingiz Aitmatoven beste lanen bat ere irakurria dut, eta izugarri gustatzen zaizkit. "Jamilia"k nobela honetan eragin handia izan du pertsonaien osakeran. Helena da liburuaren beste sinboloa, Homeroren "Iliada"n azaltzen den emakume ederra. Bi sinbolo horiek dira nobelaren euskarria. Arrastiria nobelaren koadroa da. Nobela koadro batean bezala idatzia dago, sei ataletan banatua, eta bakoitzaren sarreran egoera bat dago.
Kontakizunaren hasieran kale bat agertzen da. Kalearen urrunean mendi bat ikusten da eta hura deskribatzen ari da mutil gazte bat. Kontalari gazte bat hortik hasten da oroitzen lehenengo denbora haiek. Aldi berean, gazte denboran dagoen eguzkia eta honen indarra ageri dira. Eta han Helena dago. Inspirazio eta oroitzapen guztiak Helenak sortzen ditu. Helena baita nobelaren protagonista. Hor hasten da auzo eta familia baten istorioa. Gure inguruko edozein auzo dateke, duela 30 urte izan zitekeena. Nobelan gauza batzuk identifikatzen ahal dira, baina ez du zentzu handirik lekuak identifikatzeak, nobela oso sinbolikoa delako.

Heriotzaren tristura isil eta itsua agertzen da. Etsipenezko eleberria al da "Helena eta arrastiria"?
Garraztasuna badago, eta garraztasun horretan historia bat; oso gogorra. Horrek sinbolizatzen du gure barruan dagoen umea, eta inozentzia nerabezaroan sartzean hil egiten dela. Nerabezaroan heriotza bat dago barrutik berriro jaiotzeko, eta hori garratza da, baina ez da etsipena.

Bizitzaren ibilbidearen sinbolo al da eleberria?
Hori esango nuke. Irakurketan ikusten denez, istorio bat dago eta bera gailentzen da. Gertakizun batzuk dira eta azpi-irakurketa bat dago.

Helena eta Daniel dira eleberrian agertzen diren pertsonaien izen bakarrak. Kontalaria bera protagonismo handikoa da, baina izenik gabea.
Haur edo gazte literatura horrela idaztea gustatzen zait. Kontalaria, haurra kasu honetan, istorioarekin identifikatu dadin gustatzen zait, istorioan sar dadin.

Arestian ingurua aipatu duzu. Nobelaren testuingurua Adunan, zure jaioterrian, al dago?
Bai eta ez. Gehiena asmatua dago. Adunan torloju fabrika bat egon zen. Orain jarri dudan torloju fabrika hori beste modu batekoa da; auzoa beste modu batean marraztu dut. Elementu asko identifikagarriak dira, Ernio mendia ere indentifika daiteke. Horiek guztiak izenik gabe jarri ditut iruditzen zitzaidalako istorioa edozein lekutan gerta daitekeela.

Eleberria errealistatzat jotzen duzu, baina magikotasun puntu bat bat ere badu nire irudiko.
Baita ere. Hala ere, gauza magiko dezente kendu nizkion nobela iradokitzaile uzteko. Errealitatetik hurbil dago, gauza ezinezkorik ez dago; ordea, printza batzuk baditu, giro magiko bat badu


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude