"EUSKAL JAKOBINISMOA SORTZEN ARI DA"

  • Aurten 50 urte bete dira Txomin Peillen euskaraz idazten hasi zela. Zuberotar jatorrizko sendi batean sortu zen Parisen; 68 urte beteko ditu datorren azaroan. Biologian lizentziatua eta euskal letretan doktorea da. Duela 18 urte Paris utzi eta Baionara etorri zen bizitzera. Irakasle izandako fakultatearen ondoan bizi da. Duela bi urte jubilatu zen; ez da geldirik egoten alta: Euskaltzaindian, Eusko Alkartasunan (EA) eta literaturgintzan dihardu buru belarri. Biziki kexu da haatik, bere lana ez baita aintzakotzat hartzen. Uda Santa-Graziko Ibarburu etxean pasatzen du. Marie Thérèse Olivier emazte paristarrak eginiko koadro eta eskulturen artean hartu gaitu.

2000ko maiatzaren 14an
Euzko-Gogoa" aldizkarian aritu zinen gaztetan; euskaldun nazionalista atzerriratuek sortua. Jokin Zaitegi zen sortzailea, Andima Ibiñagabeitiaren eta Orixeren laguntzaz. Elizgizonen artean bizi izan zinen, nonbait.
"Euzko-Gogoa"n folklorekeriatik kanpo idazten genuen idazleak bildu ginen. Andimak apeztu gabe utzi zuen Josulagun konpainia, Jokin Zaitegi bera ere Arrasatera erretiratu zen bere bizitzaren azkenean, eta Jesuiten konpainia utzi zuen ere bai: "Han egoteko pazientzia handia ukan behar zuela" erranez. Andima eta Jokin, Orixeren alderantzizkoak ziren osoki. Orixek ez zituen lan guztiak onartzen. Jokin Zaitegik ikusten zuen euskal literatura bat izatekotan, gai guztiak ukitu behar zirela. Horretan ados zegoen Andimarekin. Honek Miranderi erraiten zion: "Ni ez naiz zure ideiakoa, nik ez dut pentsatzen zuk bezala, baina behar duzu aske idatzi". "Euzko-Gogoa" Guatemalan eta Caracasen egon zenean aske izan zen. Baina hona etorri zenean, Baionara, ez. Jokin Zaitegik desgustu handia hartu zuen, Euskal Herriak askatasuna galdu zuela erraiten baitzuen.

Andima Ibiñagabeitiaren jarraitzailea zara. Hura norbait izan zen zure bizitzan, ezta?
1956ko "Congreso Mundial Vasco" deituak garrantzia handia izan zuen nire bizitzan. Konturatu nintzen abertzaletasuna espainolez mintzatzen zela. Distantzia hartu nuen abertzaletasunarekin; abertzalea bainintzen garai hartan. 1959an Andima Ibiñagabeitia ezagutu nuen. Erran nion frantsesez, ez bainuen euskara ondo menperatzen: "Je suis intéressé par le nationalisme basque". "Euskara badakizu" erran zidan. Nik: '"Ez, ez, ontsa". Berak: "Ikaszazu euskara lehenik eta ondoren ikusiko duzu abertzale zaren edo ez". Oso gogorra zen horretan. Behin, Caracasen, Jose Antonio Agirrek hitzaldi bat gaztelaniaz hasi zuen. Andima zutitu zen eta erran zion: "Ez baduzu euskaraz hitz egiten, zu ez zara euskaldunen lehendakaria. Banoa". Berak honela erraiten zidan: "Horiek ez dira abertzaleak, horiek nazionalistak dira, eta ni abertzalea naiz". Andimaren jarraitzaile naiz, abertzale eta ez nazionalista.

Artean, Parisen bizi zinen. Udan Euskal Herrira etortzen zinen, Hegoaldera usu etorri ere. Gipuzkera ikasi zenuen eta idazteko erabili ere bai.
Zuberotarrez eta gipuzkeraz idatzi nuen hasieran. Hegoaldeak interesatu ninduen, ni kaletarra bainintzen. Euskal literatura klerikalismoan eta sasibaserritarismoan bizi zen Iparraldean. Baserria banekien zer zen, luzez lan egin bainuen baserrietan; Ligin eta Larrainen, aita eta amaren etxaldeetan. Zuberotarra ikasi nuen laborantzan, eta gipuzkera Donostian. Baserriaren inguruan agertzen zen literatura ez zen nirea, ordea. Orduan, uda guziz etortzen ginen 15 egun pasatzera Donostiara, euskara ikastera arrantzale familia batean.

Gabriel Aresti ezagutu zenuen. "Harri eta Herri" liburuan "Don Peilleni hitz apurtuak" agertzen dira. Zuk, ordea, "Maldan Behera" hobetsi izan duzu, ezta?
"Harri eta Herri", beharbada, populismo eta herrikoitasunaren arteko nahasketa bat izan zen. Konparazione, "Saioak" aldizkaria sortu zen eta hirugarren alea, erdia erderaz idatzia zen -Mikel Azurmendi zebilen tartean-. Erdara proletarioaren hizkuntza zela zioten. Euskaldunak burgesak omen ziren. Orduan, pentsamendu horretan sartzen zen Gabriel Aresti bera. Mugan zegoen, ez zekien gaztelaniaz ala euskaraz idatzi behar zuenentz, proletarioak espainolak omen zirelako. Kalean ez beharbada, baina baziren proletario euskaldunak ere bai! Baserritar eta arrantzaleen artean ez zituzten nonbait ikusten proletarioak. Hori ez zuten ikusi garai batek, edo garai bateko idazleek. Aresti garai hartako frutua da. Bilboko idazleen artean: "Zergatik euskaraz idatzi?", galdetzen zuten? Euskara burgesen hizkuntza bilakatzen ari zela erraiten zuten.

Mirande lagun handia izan zenuen ere bai. Ideologia ezberdinekoak izan arren.
Euskaldun gogorra zen, baina eskuin muturrekoa zen ideologiaz. Nik ez nuen Mirande jarraitu. Berak erraiten zidan ni materialista nintzela eta bera izpiritualista. Berarentzako, marxismoan bazen gauza on bat, aberatsen eta kapitalisten aurkakoa izatea. Miranderen aburuz, marxismoak bazuen gauza txar bat, materialista izatea. Onartzen zuen antikapitalismoa baina ez materialismoa. Alta, berak sinesten zuen bazegoela izpiritu bat, gizakiak arima bat zuela, baina arima ez dela gorputzaren gainfenomeno bat zioen. Nik, berriz, gainfenomeno bat zela nioen. Horretan aritzen ginen eztabaidan.

"Igela" aldizkaria sortu zenuten elkarrekin, euskaldun heterodoxoen aldizkaria.
Andimak honela erran zigun: "Euskal literaturari sakristiako usaina kendu behar zaio, eta usain horren kentzeko, erotika sartu behar duzue literaturan, baita satira ere". Bestalde, aspergarria zen ikustea beti trufa egiten zela espainoletaz, koreanoak deitzen zieten. Euskaldunak beti garbiak omen ginen eta bertze guztiak txarrak.

Zuk ateo agertu duzu zure burua. Pizti bat bezala ikusia izanen zinen orduan?
Izugarria zen. Egun, berriz, Hegoaldean bederen, gazte gehienak ateoak direla uste dut. Iparraldean ez nuke erranen, baina Hegoaldean bai. Mutur batetik bestera joan da horretan Hegoaldea.

Paristik zentozela, burges gisara hartzen zintuzten, janzkera zela eta ez zela.
Iparraldean populismoa oso zabaldua da; itxurazko populismoa. Batzuk kamiolarien jantziak janzten dituzte intelektualak emateko. Zergatik eman behar da itxura hori? Gezurrezko itxura da gainera. Iparraldean, ahalbait zikin edo ezaxola agertzeko manera bat dago. Horrekin herriaren itxura eman nahi dute batzuek. Burgesak ez diren itxura eman nahi dute. Bakeroz jantzi, ez direla burgesa erraiteko. Fabrikan lan egiten eta dotore janzten direla ezagutzen ditut nik.

Parisen sortua eta hezia, zure herrira etorri eta ezin errotu-edo?
Paristik etorrita hasten nintzen hitz egiten jendearekin, eta galdatzen zidaten: "Zu nongoa zara?": Parisen sortua naiz. "Eta zure gurasoak nongoak dira?": "Zuberotarrak", nik. Eta berehala frantsesez hasten zitzaizkidan. Ukatu zidaten euskaraz hitz egitea urte askotan. Orduan zertara hona etorri? Frantsesez hitz egitera? Parisen euskaraz hitz egiten nuen bederen. Hemengo euskaltzaleekin frantsesez hitz egitea jin naiz? Hemengo eukaltzaleek frantsesez darabilte haien artean. Hau da hemengo gaitza. Euskaltzale zaharrek, diot. Euskaltzale gazteek euskaraz egiten dute, zorionez. Euskaltzale zaharrek frantsesez hitz egiten didate. Frantsez eredua espainol eredua baino gogorragoa da. Diglosia aipatzen dute euskaltzale zaharrek, baina ez dute ezer egiten diglosiatik ateratzeko. Manex batzuek frantsesez hitz egiten didate oraino, eta erraiten diet: "Barkatu, euskaraz badakit"

Liburu pila omen duzu argitaratu ezinik. Edozein idazle gazte batek zuk baino errazago publikatzen du, antza. Baztertua sentitzen al zara?
Prefosta. Hartzen duzu edozein euskal antologia, eta nire izena ez da agertzen. Literatura bost sari ukan ditut. Mari Jose Olaziregik haur eta gazte literaturaz liburu bat egin du eta ez nau aipatzen. Haur eta gazteentzako hiru liburu eginak ditut. Gaur egun liburu bat publikatzen da ipuin batekin. Eta nik liburu bat publikatua nuen 35 ipuinekin. Egiten ahal nituen 35 liburu. Ez da aipatzen zer egin dudan; ez dut inon aipamenik aurkitu. Euskal eleberrigintza aipatzen denean -5 eleberri ditut, 3 sarituak- ez naute aipatzen ere. 23 liburu publikatu ditut orotara, hauetatik 20 euskaraz, eta 3 frantsesez. Bizi guztia pasatu dut idazten eta hitz bat ere ez didate eskaini. Beste adibide bat: Karmelo Etxenagusiak Iparraldeko literaturaz liburu bat egin zuen eta Iparraldeko literaturan agertzen da sekula ere literatur liburu bat publikatu ez zuen gizon bat. Goi postu batean dagoelako, "aparatxika" delako; (Aparatuari atxikia). Normala duzu pentsatzea baztertua naizela.

Hori zer da, axolagabekeria-edo?
Zentsura da hori. Euskal Herrian arazo hori izan da beti; axolagabekeria ere bai. Datorren "Hegats"en idatzi dut artikulu bat esplikatzeko 85 ipuin idatzi ditudala eta ipuin idazleen artean ez naizela agertzen. Juan Kruz Igerabidek egin du artikulu bat ipuinari buruz eta ni ez nau aipatzen. Zenbat ipuin idatzi behar dut ipuin idazle izateko?

Zure belaunaldiak espero zuen emaitza ekarri al du egungo euskal literaturak?
Bai, bai. Euskaldunok badugu konplexu bat, ordea. Gure literaturak ez du maila jasoa irudiz. Orain eleberri bat egitea eskatzen da Dostoievski garaian bezala. Baina Dostoievski, Balzac edota Blasco Ibañezen garaia pasa da. Egun, salbuespena Garcia Marquez da. Baina bera fenomeno bat da. Guk ez dugu halakorik. Baina literatur askok ez du Garcia Marquezik. Polonian, Lituanian edo Finlandian ez dago Garcia Marquezik ere. Guk gure maila dugu. Euskal idazle gailenak ez dakit baina onak badira.

Generoak genero ikusita hutsuneak badaude, ezta? Nola ikusten duzu Iparraldeko literatura, bestalde?
Hegoaldeko literaturan antzerkian dago hutsunea. Ez da idazten, Iparraldean bai. Hemen, batik bat, antzerkia idazten da. Zergatik? Jendeak ez baitaki euskaraz irakurtzen. Eta irakurtzen ez duenean, bi posibilitate daude. Hegoaldean bertsolaritza eta Iparraldean antzerkia. Bertsolaritzak Hegoaldean hartu du Iparraldean antzerkiak hartu duena. Iparraldean herri antzerkia bizia da, oraingoa da, modernoa. Mattin Irigoienek, Antton Lukuk eta Pantxo Irigaraik egiten duten antzerkia egungo errealitateari lotua dago. Pastoralean ere sartu da oraingotasuna. Alta, baxenafarrak ari dira zuberotarrak hainbeste egiten literaturan. Etxepareren denboratik XIX. mendera arte ez dute idatzi baxenafarrek, ez da idazlerik izan, Zuberoan aldiz bai. Orain berriz Zuberoan bezainbeste daude Nafarroa Beherean. Davant poesia eta Casenave ipuinetan salbu, gaineratikoek pastorala idazten dute. Lapurtarrek gehienek ez dute lapurteraz mintzatzen. Baxenafartarrez mintzo dira. Sara, Azkaine eta Hendaia aldean ari da giroa pixka bat mugitzen, hala ere.

Saiakera nola ikusten duzu bestalde?
Saiakeraren inguruan badago krisi bat, ez baitakigu zer den. Badago teoria asko; frantses eta espainol teoriak tartean. Eman dezagun, saiakera bat epaitu behar denean bilatzen da espainol modeloa, eta frantses eta ingeles modeloek ez dute balio. Ingelesek, alemanek edo frantsesek egiten duten moduan egiten baduzu saio bat, ez du balio Euskal Herrian. Euskal Herriko saiakera espainol ereduaren menpe bizi da nire ustez. Literatur kritika egiten denean espainol pentsamendua dago oinarrian. Ameriketatik ekarritako holako teoria sartzen saiatzen dira batzuk, edo Paristik ekarritakoak. Nire kasuan ezin naute frantses literaturarekin lotu ez espainolarekin. Kritikoek edo epaimahaikideek egin dituzten ikasketek kontatzen dute. Espainol filologia ikasi badute, zureak egin du. Azken urteetan euskal filologia ikasi dutenek epaituta daude egungo euskal saiakerak, bestalde. Iparraldean frantses filologiak markatuak dauden ber. Alta, nik ez dut frantses filologia egin, espainol filologia egin dut.

Politikan ere engaiatua zaude, EAko kide zara. Nola ikusten duzu Euskal Herria?
Denek bagenekien gauza bat: PPk ez zuela amore emanen. Horiekin ez dago ezer egiterik. Ni biolentziaren aurka nago, eta konturatzen naiz biolentzia PPk egiten duela, estatuaren biolentzia. Niretzat lehenbizikoa, bizia da. Militarismoaren kontra eta intsumisoaren alde izan naiz beti. Militarismoa izan dadin ETArena edo espainol edo frantses estatuarena, berdinak dira militarismo guztiak. Biologo naizen aldetik ez dut odol isurtzea onartzen ahal. Iparraldean, Iparretarrak erakundeak ez du odolik isurtzen, zorionez.

Abertzaleek ez dute berriz ere elkarrekin aitzina egiten jakin.
Gure oker handiena, abertzaleena, PSOEri gogor egitea izan da. Bakearen alde egiteko ezin da PSOEren kontra gogor egin. Ez dut hori ulertu. Jasan dugu espainol eta frantses militarismoa, eta orain sortzen dugu euskal militarismoa. Jasan dugu frantses jakobinismoa eta orain euskal jakobinismoa sortzen ari da.

Euskal Herriaren geroa nola ikusten duzu hartara?
Ikusten dut badirela hiru nortasun. Nortasun horiek ezin dira bat egin. Nafarroa, EAE eta Iparraldea ezin da bat-batean batasun batean sartu. Ez dugu historia bera, gure mentalitateak ez dira berdinak. Zerbait egitekotan, konfederazio batean pentsatu behar dugu. Ezin dugu berehala batasun bat sortu. Frantsesak saiatzen dira batasun bat egiten alsaziar, korsikar, bretoi eta euskaldunekin. ETAk eta HBk frantsesek egiten duten gauza beretsua egin nahi dute, dirudienez. Ez nau ezker Abertzalearen sozialismoak kezkatzen, euskal jakobinismoak kezkatzen nau. Denak molde berekoak egin nahi izatea; diferentziak ez ikustea.
Hiru lurraldeen artean biltzar bat sortu behar da, Udalbiltza bezala nahi baduzu, baina zerbait zabalagoa. Hots, sindikatuek eta Merkaritza Ganbarako ordezkariek parte hartu behar dute. Gizarte eragileek ordezkaritza bat izan behar lukete biltzar horretan; dieta baten bidez. Dieta formularen aldekoa naiz. Hauteskunde eta kontsultaren bidezko ordezkariak ez dira aski arazoa bideratzeko, eta gainera hauteskunde aski dugu. Euskal Herriko eskualde ezberdinek harremanak garatu behar ditugu, ez bortxaz, emeki hurbilduz baizik. Ohitura eta mentalitate ezberdinak ditugu historia ezberdinak ditugulako

Hamarrekoa
Hamarrekoa
JON MIRANDE
"Deabru guardakoa zuen ondoan aingeru guardakoa baino"

JOSE ANTONIO AGIRRE
"Amore eman izan zuen. Aliatuengan eta errepublikarrengan sinestu zuen eta gero deus"

JON ETXAIDE
"Etxaide giristinoa, Mirande paganoa, Aresti marxista eta ni ateoa. Eta lauak adiskide "

GABRIEL ARESTI
"Bere garaiko semea izan zen. Alta ez zuen bere militante bizitza eta idazle bizitza bereiztu beti"

PIARRES LAFFITE
"Liberal itxura eman nahi zuen eta funtsean zentsorea zen"

JON CASENAVE-HARIGILE
"Adiskide handia. Apaiza izanik ere, izpiritu zabalekoa"

ITXARO BORDA
"Talentu handikoa. Bere inguruaren erreakzioa, jendea belauniko ikusten baitu"

MANEX PAGOLA
"Ekintza gizona. Manex gauza konkretuetan aurkitzen dugu: ikastoletan, irratietan..."

JOSEBA SARRIONANDIA
"Militante eta idazle bizitza bereizten jakin du. Okin baten militantzia eta berea parekatuz"

BERNARDO ATXAGA
"Berak nahi ez zuen vedette egin dute. Itzala egiten die beste idazleei baina ez da bere errua. Gizon gurbila da"

Tantoa
Tantoa
Txomin Peillenetaz egin ditekeen argazki bizienetarik liteke erakasle ospetsuarena. Asko ikasia goi jakintzetan, dela biologian, literaturan, linguistikan, edergintzan, erlisione handien historian... zein atsegin zaion dakien hori oro bere inguruan erakastea! Hertsi eta xut-xuta, gehienetan xutik ikusiko duzu, beso-eskua maiz ortzitik lurrera, aizkoraren gisara erabiltzen duela arrazoina ongi finkatzeko. Hemen ditu beharbada lanak Txominek, sintesia egiteko orduan (alta ongi daki dena biltzen) berdin analitikora joanen zaizula, gutienik ustean. Soka luze doa orduan zuretzat eta hor zaude puskak oro ezin bilduz, bere sintesia eder haren aiduru! Txominentzat aipatu dauzun errealitatea ez da hain segur batere xinplea.
Bigarren argazki bat izan liteke naturarekin eta gizaki ororekin ezkontza betean jarria eta hanbat kolore harrigarrietan hartua agertzen ahal dauzuna. Inguruan duen oro hunkiz izendatu nahi dautzu euskal izen zaharrenez eta horien berri eman nolazpait: ur xirripak, apoka, beleak, hedoiak, ardiak, astoak, zezenak eta zer oraino? Txomin zinezko naturalista ekologoa.
Azken argazkian Txomin hegalka ere ikus diteke. Hala nola Baionatik Santa Grazirat bezala. Ekialde ala Mendebala, dena zaio haizu. Ibilaldi horietarik etxeratzean, burtxororik gabe, bilatuko du Euskal Herriaren alde bereziena, gordeena, nabardura eta aniztasuna gehien agertzen duten zilar harrien dirdira bezala. Asko ikasi eta ikusi ote duelako?
Euskal fede hutsa du Txominek, eta ez du erlisiozko girgilleria izan ditezkenekin nahasiko, izaeraren ainiztasunarekin baizik. Gogoa ainitza du eta fanatismo guzieri pu egiten die. Orai hemeretzigarren liburua idazten ari da Marie Thérèse bere andre artista finaren begipean.
Hitz batez, Euskal Herrian gorputz egin intelektual ausart eta engaiatu bakarretarik da Txomin Peillen


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude