"ERREKONOZIMENDUA TEMATI IZAN GARELAKO LORTU DUGU"

  • "Atrapado en tu silencio... de incertidumbres y caricias" izenburu luze bezain iradokitzailea paratu diote Doctor Deseo taldeko kideek beren azken lanari. Zuzeneko aurkezpenak egiten dabiltza egunotan eta hori aitzakia hartuta taldeko buru Francis Diez elkarrizketatu dugu.

2000ko maiatzaren 14an
Okina lanbidez, musikaria denbora librean, sentimendu aske eta zintzoen mezulari gainerakoan. Horrelakoxea da hitz gutxitan esanda Francis Diez, Doctor Deseo taldeko liderra. Astelehen, asteazken eta ostiraletan irin artean ematen du denbora, baina oraingo honetan labetik ez du ogirik atera, disko berria baizik, boskotearen seigarrena, "Atrapado en tu silencio... de incertidumbres y caricias" izenburukoa.
Neurri batean probokatzailea ere bada, eta zentzu zabalean gizarte inposaketen arerio. Doctor Deseo baliatuz, hots, musikari beteranoez (Joxi Jimenez, baxua; Txanpi, bateria; Kike, gitarra nagusia; eta Raul Lomas, teklatuak) osaturiko taldea baliatuz, azaleratzen du Francis Diezek barruan duen guztia, sentimenduen unibertso gazi-gozoak zintzotasunez deskribatzeko iaioa baita. Esate baterako, taldearen azken diskoak atsekabea islatzen du, Francis Diezen esanetan. Baina horrez gain, soinu aldetik berrikuntza ugari dakar (techno, drum & bass, eta hip-hop oinarriak sartu dituzte) aldi berean latza eta samurra den lan berri honek.
Hortaz, zuzeneko aurkezpenak egiteko garaia egokitu zaie Doctor Deseoko musikariei eta publikoari Francis Diez, liga gorria jantzita, eszenatokian ikusteko parada. "Lehen asteburuetan eramaten nuen liga kaletik, duela 12 bat urte oparitu zidatenean. Orain, ez dut kaletik eramaten, baina bai kontzertuetan, parafernalia moduan, gerra-margoa bezalakoxea baita niretzat. Badut transformista puntu bat, eta horren gainean, nire pertsonalitate eta nire homosexualitatearen gainean, ikertu beharko nuke noizbait, ia nirekin zer gertatzen den jakiteko".


Rock eta pop-az landa, hots, formazio klasikotik haratago dauden elementuak sartu dituzue disko honetan. Hala ere, argi antzematen da lan berrian entzuten dena Doctor Deseo dela eta ez beste inor. Nola burutu duzue aldaketa hau?
Lehendabiziko diskoan erritmo-kaxa erabili genuen jada, eta eman genituen lehendabiziko kontzertuak erritmo-kaxa erabiliz egin genituen. Aurreko diskoan, bostgarrenean, trip-hop eta elektro-rock kutsuko elementuak iradoki egiten genituen eta azken disko honetan hori guztia zehaztuago ageri da. Hip-hop oinarri mordoa dago, Roland 999 mitikoa eta benetako bateria bat uztartuz atera duguna. Gero, ez dugu inongo erreparorik izan parafernalia elektronikoa sartzerako tenorean. Egia esan, oso eskura dagoen gauza da elektronika. Une honetan, elektronika erabili edo ez erabiltzearen aukera bere garaian Bob Dylanek izan zuen beretsua da. 60ko hamarkadan New Port-eko jaialdian gitarra elektriko batekin atera zenean, saldukeria egotzi zioten. Ikusi egun noraino dagoen barneratua gitarra elektrikoa.

Orduan, aldaketa horrek "berritu ala hil" leloari erantzuten dio?
Gu beti berritzen joan gara. Belaki-taldea gara, etengabe zurgatzen eta entzuten ari dena. Nik uste dut hori nahitaezkoa dela. Musika gustukoa duen edonork aldi oro entzuten du musika. Nik uste dut hori nabaritu egiten dela; taldean motibazio desberdinak daude, elementu ezberdinak sartzeko eta horiekin jolasteko gogoa.

Bilbon ekin zion ibilbideri Doctor Deseok eta Bizkaiko hiriburua bereganatutakoan, Euskal Herrian barrena abiatu zen taldea. Urtetik urtera jarraitzaile kopurua handituz joan zarete eta azkeneko diskoetan dagoeneko nabaria zena berretsi duzue lan berri honekin: publikoa eta hedabideak ados jarri dira taldearen ibilbidea baloratzeko tenorean.
Egia esan, bai. Behar bada, Euskal Herriko talderik nekagarrienetariko bat garelako lortu dugu hori, eta orduan, ekinaren ekinaz... (irri egiten du). Eiakulatzaile goiztiarrak baino, kamasutraren artistatzat hartu izan dugu gure burua. Iraupen korrikalariak gara eta epe luzerako gaude hemen. Etorkizunean pentsatzen ez duen taldea izaki, inoiz ez baitugu horren inguruan planteamendurik egin, badaramagu denboralditxo luzeska bat diskoak kaleratzen.

Hala ere, muzin egin diezue beti multinazionalen eskaintzei, horma bat altxa duzue industria eta taldearen artean.
Independentziaren aldeko apustua egin dugu, eta bi multinazionalen eskaintzei ezezkoa eman diegu. Nik uste dut talde bakarrenetarikoak garela tontakeri hori egin dutenak. Baina gu kontent, eta egin dugunaz oso konszienteak gara gainera. Bestalde, independentzia parametro hauetan mugitzen da. Guk Euskal Herrian halako errekonozimendua baldin badugu, temati izateagatik izan da. Ahoz-ahokoan oinarritu da hori, diskoetxe independente batek ez baitu gehiagorako gaitasunik. Soilik hedabide batzuk ditu eskura, eta horrexegatik temati izatea da irtenbide bakarra. Espainiako Estatuan ere gure jarduera lasaia izan da. Hemendik gutxira, Bartzelonan eta Madrilen aurkezpenak egin behar ditugu, hala nola "Euskal Herriaren arkua" deitzen diogun horretan dauden areto txikietan, hau da, Errioxa, Zaragoza, Burgos, Kantabria eta Asturiasen. Ez daukagu inongo presarik inora iristeko.

Testuaren tonuari erreparatzen badiogu, "Morrosko laztana" izenburuko abestiak lehenagokoa den "La chica del Batzoki"rekin nolabaiteko zerikusia dauka. Zer irizten diozu honi?
Bai. Oso kuriosoa da, abestia Kafe Antzokian burututako bertso saio baten ondorioz sortu baitzen. Bi bertsolari ari ziren lehian; batak euskaldunzaharraren rola jokatzen zuen eta herri izaera defendatzea egokitu zitzaion; eta besteak, euskaldunberriak, giro urbanoa zuen nahiago. Bakoitzak bere dantzari taldea eramaten zuen. Momentu jakin batean, ikaragarrizko "elementuak" atera ziren aurresku batzuk dantzatzera. Tipo handi, guapo eta indartsuak ziren, eta azken finean, marikoikeri ikaragarrizkoak egiten ari ziren. Orduan, buruari bueltak ematen hasi nintzen, eta hortik sortu zen "Morrosko laztana"ren abestia. Joxirekin hasi nintzen egiten, baina gure euskara maila ez zen nahikoa kantua egiteko, eta orduan Unai Iturriagari laguntza eskatu genion. Nolabaiteko kutsu folklorikoa dauka, Idahon bizi den bigarren belaunaldiko euskaldun bat baitu mintzagai, zeinak gurera datorrenean bere sexualitate berria deskubritzen duen.

Probokazio puntu hori izan ohi dute Doctor Deseoren hitzek. Hala ere, probokazioak galdu egin du lehen zuen indar hori.
Gaur egun probokazioaren kontzeptua asko aldatu da. Esate baterako, ohituta dagoen ume bati ez zaizkio gustatzen marrazki bizidunak sexu eta biolentziarik ez badute, eta orduan, probokatzea zaila da oso. Lehenik eta behin ez dago probokatzeko intentziorik, baina bai jolasteko nahia, nolabaiteko "morbilloa" sortzearena, eta bide batez probokatzen badugu, askoz hobeto.

Euskarazko abesti bat sartzeko ohitura hartu duzue dagoeneko.
Arau bezala egin behar dugu hori. Nik egiten ditut konposaketa lanak, eta erdalduna naizen arren -emozio guztiak errazago zaizkit erdaraz egitea-, afektibitate, emozio eta nolabaiteko militantzia batengatik, disko bakoitzean euskarazko kanta bat sartuko dugu, euskarazko errepertorio txiki bat osatzeko asmoarekin.

Doctor Deseoren disko berriaren zain pertsona asko dagoela jakiteak eraginik ba al du konposatu eta diskoa grabatzerako garaian?
Ez, ez nau eragiten, ez dudalako horren konszientziarik. Musikarekin deskonektatzen dudanean, modu erabatekoan deskonektatzen dut. Atsedena hartu eta konposatzeko erabiltzen dugun urtean ez gara ateratzen, ez gara saraoetara joaten. Ez dakigu nolakoa izanen den jendearen erantzuna disko eta bira berriaren aurrean, zalantza hori daukagu. Goian ala behean egon zaitezke. Urtebeteren buruan ez dakigu zer gertatuko den. Ilusioa ematen dit jendearekin elkartu eta gu ikustera etorri behar dutela esaten didatenean, edota idazten digutenean. Espero ez dituzun gauzak dira horiek. Konposatzen dudanean aldiz, ez dut jendearengan pentsatzen, nire baitarako pentsatzen dut bakarrik. Lehenik, gure lanarekin taldeak eta nik gelditu behar dugu pozik, eta bide batez publikoa asetzen badugu, primeran. Hori transmititzen da, eta besteentzat baliogarria baldin bada, hobe.

Hitzak zertxobait bigunduz gero, jende gehiagorengana helduko zinatekete. Gogoeta egin duzue horren inguruan?
Ez zaigu interesatzen. Suicidas diskoetxekoek ez dute aurretik entzuten grabatu behar duguna. Eta hori da hain zuzen horrelako diskoetxe batekin lan egiteak duen gauza hoberenetariko bat. Grabatzeagatik ordaindu behar digutena adosten dugu eta, behin negoziatuta, ez dute ezta kaseta entzun ere egiten. Primerakoa da hori, zuk nahi duzun moduan lan egiteko aukera ematen dizulako; hori ordainezina da. Bestelako konpainietan kontrolatuagoak egonen ginateke.

Urtebeteko etenaldi hori egiten duzuenean, okina izaten jarraitzen duzu?
Bai, bai. Jotzen ari naizenean ere okina naiz. Ogia eskuz egiten dut, ez du inolako zerikusirik ohiko okindegiekin. Astean hiru egunez egiten dut lan, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Goizeko bederatzietan ekiten diot lanari, bakarrik egiten dut lan eta lurrari lotzeko modu bat da niretzako. Ogi integrala egiten dut dietetika dendetarako, eskuekin, artesanalki. Anakronismo hutsa da. Batzuetan nire buruari esaten diot: zu eskizofrenikoa zara. Ostiralean baserri galdu batean nago ogi artean eta gero, txipa aldatzen dut, hau edo beste hori jantzi eta eszenatoki batera igo... Dena den, eskizofrenia hori oso gustukoa dut


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude