EKIMEN AUNITZ AHT-REN ETA AZPIEGITURA HANDIEN AURKA

  • Egun Euskal Herrian antolatu nahi diren azpiegitura handiak herritarren oposizioa uzten ari dira agerian, eta horrek bere garaian Lemoizko zentralaren aurka egin ziren eta egun oraindik Itoizko urtegiaren aurka egiten diren mobilizazioak ekartzen dizkigu gogora.

2000ko maiatzaren 14an
Abiadura Handiko Trena (AHT) eta beste azpiegitura handi batzuk -esate baterako, Pasaiako Portua kanpoko aldetik handitzeko proiektua, hots, Jaizkibel mendiaren atzeko aldeko superportuaren proiektua, Donostialdeko bigarren saihesbidea, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketan garraio-plataformentzako aurreikusitako azalera handitzea edota "Euskal Eurohiria" urbanizatzeko apustu handia- herritarren oposizioa eragiten ari dira. Oraingo honetan, bereziki Gipuzkoan, erantzun hau oraindik munta handikoa ez bada ere, kontuan eduki beharko dute nola botere publikoek hala ekonomikoek.
Iragan apirilaren 16an AHTren aurkako Batzarrak eta Autobidearen aurkako Herri Ekimenak antolatuta, mendi ibilaldi bat egin zen proiektu horien aurka protestatzeko. Ibilaldiak Irungo Katea (Landetxa) auzoan izan zuen abiapuntua eta Pasai Donibanen helmuga. Ibilaldiak proiektuen aurkako oposizioa jendaurrean aurkeztea zuen helburu, baita proiektu horien aurkako ekintzei topagune eta komunikaziogune bat eskaintzea ere. Datorren maiatzaren 20an AHTren eta azpiegitura handien aurkako beste manifestazio bat eginen da Irunen.
Era honetako mobilizazioak dudarik gabe lotu egiten zaizkie Lemoizko zentral nuklearraren aurka herritarrek eginiko borroka historikoari, Bilboko superportuaren aurkakoari (dagoeneko ia prest dago), eta Itoizko urtegiaren aurkakoari; azken honen etorkizuna herritarren mobilizazioen ikusle izan diren nazioarteko auzitegietan hartuko diren erabakien zain dago. Bizkaiko Zabalgarbin errausketa-planta bat eta Boroan zentral termiko bat egiteko eta Nafarroako Castejonen beste zentral termiko bat egiteko proiektuak, era berean, herritarren mobilizazioak eragiten ari dira.


AHT-REN MEHATXUA.

Garraio-azpiegituren hedadura gehiegizkoaren aurka dauden AHTren aurkako Batzarra eta Autobidearen aurkako Herri Ekimena taldeen iritziz, "mehatxu handia" da Abiadura Handiko Trena. Eta Miquel Amorósek "La gran amenaza del TAV" lanean jasotako esaldi batekin ematen diote hasiera mota honetako azpiegituren aurkako azterketari: "AHT tren bat baino gehiago da: gizarte-maila menperatzaileen ikur modernoa da". Aurrerago aurkeztuko ditugu taldeok beren azterketan azaltzen dituzten argudioak.
AHTren aurkako herritarren mobilizazioa indarberritu egin da Eusko Jaurlaritzak obren lehen atalari 2001. urtean ekingo zaiola adierazi zuenean. Lanok Irundik Donostialdera egingo dira eta ez, AHTren proiektuak gurean daramatzan hamabi urteetan aurreikusi bezala, Gasteiztik Bilbora. AHTren burdinbideak 7 kilometro egiten ditu Oarsoaldean, San Markos menditik Arkaleko harrietara, zuzen. Puntu bi horien artean 3 kilometro egiten ditu haranaren erditik hurbil, eta Zamalbide, Ugaldetxo eta Arragoa auzoak alderik alde igarotzen ditu. AHTren Burdinbide Nagusi honek salerosteko gaietan espezializatutako bi lotuneren eraikuntzarekin egiten du bat Oarsoaldearekin/Bidasoa Beherearekin; horrenbestez, burdinbide-sare berriak bat egingo du Pasaiako Portuarekin eta Irungo sarearekin. AVEren antzeko trenak (orduko gehienez 250/280 km-ko abiaduran ibiliko direnak) Talgoaren antzekoak (orduko 200 km) eta atoian 800 tona garraiatuko dituzten merkantzia-trenak (orduko 90-125 km) ibiliko dira burdinbide honetan.
AHTren aurreneko atal hauen (Irun-Pasaia-Donostialdearen artekoa) eraikuntzaren kostua 84.000 milioi inguru pezetakoa (3.360 milioi libera) izango da. Kopuru horretatik 60.000tik gora milioi pezeta Behobia eta Astigarraga bitartean Burdinbide Nagusia eraikitzeko inbertituko dira, eta beste 16.900 milioi inguru inbertituko dira Irungo sarearekin eta Pasaiako Portuarekin lotzeko eta salerosteko gaietan espezializatutako adarrak egiteko.
Plan hauen aurka ageri diren herri ekimenen iritziz, AHTk eraso egiten dio Lurrari eta areagotu egiten ditu desberdintasunak. Talde hauen aburuz, neurri handiko eta ehundik gora kilometroko tunelak zulatu beharrak eragin handia izango du ekologian, ingurumenean, ekonomian eta segurtasunaren alorrean. Zorupeko hidrologian erabateko inpaktua izango dela salatzen dute (aldaketak zorupeko ur emarietan eta aldaketak urak azaleratzen diren guneetan, batez ere karstaldeko akuiferoetan). Gisa berean, zoru gehiago erabiliko dira zabortegi gisa, harrobi berriak zabaldu beharko dira eta biziki areagotu beharko da egungo harrobietako ustiapenaren erritmoa. Energiaren esparruari dagokionez, Abiadura Handiko Trenek neurriz gaindiko kontsumoa dute, abiadura bizi horietara iristeko potentzia handia behar baitute.
Herri-talde hauen esanetan, ezaugarri hauek dituen proiektu batek ez ditu soilik eragin ekologikoak izaten. Izan ere, baditu, halaber, ondorio ekonomiko eta sozial larriak. Lurraldearen ordenazio orekatu baten ikuspuntutik, proiektua ezin okerragoa dela diote. AHTk hirigune handien arteko komunikazio lasterra baino ez du aurreikusten, baztertu egiten ditu euskarri fisiko gisa baino izango ez dituen herriak eta eskualdeak. Horrenbestez, jarduera ekonomikoak eta gizarte jarduerak hiriburu handietara bilduko dira, lurralde bereko beste herrien eta eskualdeen kaltetan. Izugarri handituko dira hiriaren eta landa-eremuaren arteko aldeak. Izugarria izango da proiektuaren kostua; Gasteizko Gobernuko Garraio kontseilariak berak esan du bilioi bat pezeta inbertitu beharko dela azpiegitura handien eraikuntzan, eta kopuru horretatik erdia AHTren eraikuntzak eramango duela

PASAIKO KANPOALDEKO PORTUA, "BEHAR EZ DE BESTE PROIEKTUTZARRA"
Iragan otsailaren 3an Pasaiako Kanpoaldeko Portuaren proiektua aurkeztu zen. Honako hau Gipuzkoako superportua litzateke, Bizkaian Bizkaiko superportua eraikitzen ari diren moduan. Kanpoaldeko portu hau Jaizkibel mendiaren oinetan aurreikusi dute, Azabaratza izeneko kalan; Pasaiako Badiaren ahoaren ekialdera kilometro batera izango luke abiapuntua azpiegiturak. Zuzenean ukitutako eremura biltzen dira Jaizkibel mendiaren itsasbazterrean -Kantina eta Misintxola aurkientzen parean- dauden itsaslabarrak eta kalak (Kantina eta Misintxola Lezotik/Pasai Donibanetik Jaizkibelera eramaten duen errepidearen ondoan daude). Kanpoaldeko portuaren diseinuan 3.340 metro luze izango den dike bat aurreikusten da. Dike hau bi adarretan banatuko da, batak 1.040 metro izango ditu eta besteak 2.300. Guztira 72.800 milioi pezetako (2.912 milioi libera) inbertsioa aurreikusi dute, 64.000 milioi dikeak eta kaiak eraikitzeko lanetan inbertituko dira eta beste 8.800 milioiak errepidearen eta burdinbidearen bidezko sarbideak eraikitzeko eta egokitzeko.
Mota honetako azpiegituren aurka ageri diren herri-taldeen iritziz, proiektu hau "beste astakeria galanta da, berriro ere zur eta lur uzten gaituena, izan ere, Jaizkibelgo itsasbazterrak oso eragin larriak biziko ditu". Gainera, Merkataritza Ganbarako promotoreek proiektu honetan dauzkaten egiazko interesei buruzko galderak planteatzen dituzte.
Pasaiako Portuko lehendakariaren adierazpenak aztertu ondoren, argudiorik ez duela esaten dute, eta horren erakusgarri azken honetan egin duen adierazpen bat -Pasaiako Kanpoaldeko Portuaren beharrari buruzkoa- ekartzen dute gogora behin eta berriz. Halaxe esan omen zuen portuko lehendakariak: "Agian ez da beharrezkoa izango, baina onuragarria da oso". Proiektuaren aurka dauden taldeek diote hori "iruzurra, ke errezela" baino ez dela, gibelean dituen presio-taldeen onerako baizik ez dela, hots, Merkataritza Ganbararen, azpiegitura handien eta herri lanen garapenarekin lotutako Administrazio Publikoen, enpresa eraikitzaileen eta portuko enpresa kontsignatario nagusien onerako. Besteak beste, ALGEPOSAren onerako, urtero 1.700.000 tona mugitzen baititu merkantzietan (batez ere txatarra eta Marcial Ucín Taldeari dagozkion produktu siderurgikoak) eta UECC-en (United European Car Carries) onerako, portuan automobilak garraiatzen egun jarduten duen untzi-enpresa bakarra baita (1998. urtean Pasaian ia 300.000 ibilgailu mugitu zituen).
Proiektu hau sustatzen dutenen aburuz, "arina" izango da azpiegitura honek ingurumenean izango duen eragina, baina arestian azaldutako herri-taldeak ez dira uste berekoak. Azken hauen ustez, horrek guztiak garbi erakusten du Jaizkibelgo itsasbazterrak biziko dituen ondorio guztiz larrien aurrean ezikusiarena egiten dutela; izan ere, itsasbazter honek natura-balio goreneko eta bereziki babestu beharreko kalifikazioa du lurraldea ordenatzeko eta natura babesteko plan askotan.
Gisa berean, ekologistak ez datoz bat batzuek, proiektu honi babesa emateko orduan, esaten dutenarekin, hots, Pasaialdea "bere onera ekartzeko" izango dela. Gizarte kapitalistak berezkoa duenez, egungo portuaren kokalekuaren eta badiaren inguruko hiri aldearen balizko birmoldaketa -erantzuten dute- baliteke bat ez etortzea gizartearen interesen erabilerekin, eta soilik "alde garailea" sendotzeko balio izatea. Alde batetik, ekipamendu berriaren eraikuntzak ez du egungo portuaren desagertzea aurreikusten, egungo portuak eutsi egingo bailioke merkataritza jarduerari; baina, batez ere, kontuan eduki behar dira portu hau soilik hirugarren sektorearen erabilerarako bihurtzeko arriskua eta Pasaiako Badiaren kokaleku "estrategikoan" ekonomia jarduera berriak kokatzeko egingo diren eskaerak.
Herri-taldeak eta talde ekologistak egiazki daude Pasaialdea bere onera ekartzearen alde, baina horretarako "amaiera eman behar zaio azpiegitura hauek dakarten suntsipenari eta beste zimentu batzuetan antolatu behar da gizartea. Gizarte berri honek ekologiaren arauak eta zuzentasun soziala errespetatu behar ditu"

ZABALGARBI, BOROA, CASTEJON ETA ITOIZ
Bizkaian eta Nafarroan ere herritarren mobilizazioak gertatzen ari dira beste lau proiektu handiren aurka: Bizkaian, Zabalgarbiko errausketa-planta eta Boroako (Zornotza) zentral termikoa, eta Nafarroan, Itoizko urtegia eta Castejongo zentral termikoa. Herri-talde batzuek eta talde ekologistek proiektu horiek ekarriko duten ondorio eta eragin ekologiko larria argudiatzen dute oposizioa egiteko. Gainera, proiektu hauek abiarazi baino lehen informazioa ez dutela osorik ematen esaten dute, eta beraz, proiektuak inposatu egiten direla, nagusiki arrazoi ekonomikoak medio eta gizartearen, ingurumenaren eta herritarren interesei muzin eginez.
Dudarik gabe Itoizko urtegiaren aurkako mobilizazioek izan dute oihartzunik handiena jendartean. Auzi honetan Espainiako Estatuko Administrazioa, justizia auzitegiak eta nazioarteko auzitegiak daude inplikaturik, izan ere, nazioarteko auzitegietaraino jo dute talde ekologistek. Eta urtegi nafarraren aurkako oposizioak jendartean oihartzun handia izan badu, dudarik gabe Itoizko solidarioek atzerrian eta nazioarteko era guztietako foroetan ustekabeko ekintzak egiteko orduan erakutsiriko irudimenari, kemenari eta ausardiari esker izan da. Orain, berriz, Nafarroan ere, herri mobilizazioak egiten hasiak dira Castejon aldean eraiki nahi diren bi zentral termikoen aurka.
Bizkaian, aspaldikoak dira Zabalgarbiko errausketa-planaren aurkako herri mobilizazioak, eta azken honetan beste mobilizazio batzuk sortu dira; esate baterako, Zornotzako Boroako zentral termikoaren aurkakoak. Mobilizazio hauek iragan apirilean hasi ziren eta segida izango dute datozen hilabeteetan


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude