ZINTZILIK ETA BILUZIK EUROPARI BIRA

  • Itoizko urtegia bertan behera uzteko deiadarra Hagan egin dute; biluziaren bitartez. Biluzik ezezik, zintzilik ere jarri dira behin baino gehiagotan (Vatikanoan, Berlinen, Londresen...). Itoizekiko Elkartasunako kide batek Europako aldarrien berri eman digu telefonoz.

2000ko apirilaren 09an
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Itoizko urtegiari hondarreko traba askatu eta hiru egunetara biluztu ziren Itoizekiko Elkartasuna taldeko kide bi. Uraren Nazioarteko Bigarren Batzarraren hasmenetan zeuden Hagako kongresuan eskukada politikari, Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuetako kideak, zientzialariak eta hamaika ekologista, eta guztien aitzinean erantzi zituzten soinean zeramatzatenak. Marraztuta zuten larruan, "Itoizko urtegia gelditu" eta "Urak ez du pribatizaziorik behar", ingelesezko mintzoan. Gainera, aretoko eserlekuetan zeuden bertze kide batzuk urtegiaren aurkako oihuekin hankatrabatu zuten politikarien mintegia, Mahomoud Aboud-Zeid egiptoarra solasean ari zela. Ondorioz, Holandako poliziak sei lagun atxilotu zituen, egunetara aske utzi arren. Izan ere, hauxe dute gaurdaino Europatik heldu zaigun solidarioen hondarreko ekintza, beti legez: zuzena, baketsua eta jendaurrekoa. Honakoa, aldiz, Vaticanoko San Petri kupulatik zintzilikatu eta gutxira egin elkarrizketa baten harira sareztatutako erreportajea duzue.
"Rotaflex"-aren zorrotzak famatu zituen Itoizekiko Elkartasuna taldeko kideak, orain lau urte. 1996. urteko apirilaren seigarrena zen eta zortzi solidariok urtegiaren hegal batetik bertzera harriak, lanabesak eta abarrak garraiatzeko baliagarri ziren burdinazko kableak moztu zituzten.
Goizeko zazpi eta erdietan, orduko larunbata ernatzeaz batera. Hala, tenore horretan inguruko baratze soroetan lanean zeuden nekazariek adierazi zutenez, suzirien parekoak omen ziren kable antzutuetatik libratzen ziren txinpartak eta garrak. Ekintza atxiki zuten irudiek ere gisa honetan erakusten zuten erretratua: lanerako arropa ilunetan jantzita zortzi gazte, motozerraren antzekoa eskuetan zutela, eta burdina partekatzen zutelarik, hemendik ihesean sua. Hurren, bertan gelditu ziren zortziak, atxilotzeko zain.
Zalaparta nabaria eragin zuen sabotajeak, gogor gaitzetsi zutelarik jokamoldea urtegiaren aldekoek, Nafarroako Gobernua buru. Izan ere, zortzi hilabetez bertan behera gelditzera behartu zituzten egitasmoaren lanak, kableak berriz ere lotzeko Europatik tresneria berezia Agoitzeraino bertaratzea derrigorrezkoa zutelakoz. Mila milioi pezetako galera (40 milioi libera) dantzan paratu zuten halaber, hala nola 500 langile langabezian geldituko zirelako argudioa. Alta, onespena ere ezagutu zuen "rotaflex"-aren zorrotzak: hau ekintza baketsua zen, zuzena, emankorra, jendaurrekoa.
Gerora, jakina, hamaika bider zintzilikatu ziren solidarioak ziudadeko souvenir eraikinetan: Sarasate pasealekuko Foruen monumentuaren burura hiru egunez, kasurako. Antzera, mila eta bat alditan lotu zituzten euren lepoak zakurrentzako izan ohi diren kateekin Parlamentuko leihoek dituzten kiribildutako burdin-hesi apaingarrietara.
Orain, baina, Europan dabilzkigu jiran. Estrasburgo, Londres, Berlin, Vatikanoa, Haga...


VATIKANOTIK.

Aste parea bederen dugu xahututa solidarioekin burutu nahi genuen telefonoz bitarteko elkarrizketa baten peskizan. Azkenik, Italian italieraz mintzatzen zuen erantzungailu baten zorroan laga genuen, euskaraz, gure nahiaren mezua. Gogoratzerik badago, bai, behin sabotajea egindakoan eta segurtasun guardiek gatibatu zituztenean eta Iruñeko espetxerat eraman guztiak, epaileek ezin izan zutela solidarioen adierazpenik hartu, euskararako itzultzailea otoi egin baitzuten hasiera hasieratik. Gerokoetan, itzultzaile baten beharra ukan zuten epaiketa guztirako, honen erabakia jakin artio: bakoitzarentzako lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra eskatu zituen Epai Gorenak, muzin eginez beranduago, halaber, defentsak paratu errekurtsoei.
Hartara, solidarioek gure mezua oraindik ere erantzuteke zutela hainbat irratitan eta egunkaritan hedatu zen haien harira hondarreko berria. Zehazki, iragan otsailaren 24a zen Vatikanoko San Petri kupulan zintzilikatu zirela Itoizekiko Elkartasuna taldeko bertze hiru lagun, eta haiekin batera airean dilindan paratu "S.O.S Itoiz" eta "No jalle dighe" ("Urtegirik ez", italieraz) irakurtzen zuten bi oihal erraldoi, arrosa kolorekoak. Hiru egun beranduago, azkenean, asetzen zuten gure erregua. "Nolabait, ikusgarriak diren ekintza hauez landara, gainera, hitzaldiak eta bilerak burutzen ditugu eta zaila izan zaigu orain artio zuekin harremanetan jartzea". Molde honetan zuritu zuen solidarioak erantzunerako tardantzaren arrazoia. "Gero, hori bai, gustatuko litzaidake nire izenik ez aipatzea erreportajean, guk egiten duguna taldearen izenean egiten baitugu; Itoizekiko Elkartasuna taldeko kideak gara, ez besterik". Gisa honetakoa zuen, bigarrenik, guk beteko dugun erregua.
"Behin 1995ean Epaitegi Gorenak erabakitzen duela Itoizko urtegia legez kanpo dagoela, eta ikusita bere horretan jarraitzen dutela lanek aurrera, borroka zuzenago baten beharra ikusi genuen hainbat pertsonak eta orduan eratu genuen Itoizekiko Elkartasuna taldea. Gure irudikoz eta hau agerian da Itoizen kasuan, botere judizial, politiko eta ekonomikoak bat egiten dute euren interesak defendatzeko garaian; behar izanez, euren legeak beste modura moldatzeraino ere. Orduan, diot, erabaki genuela beste borroka mota batentzako zirrikitua bazegoela urtegiaren sarraskia salatzearren: ekintza zuzenak, baketsuak eta jendaurrekoak". Taldearen izpiritua gogoratuz, halakoxea izan zuen mintzoa Vatikanotik taldeko kideak, guztien izenean izanik horrelakoa. "Noski, jakin badakigu zein den Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa. Eta jakin badakigu botereak eginahalak egin dituela gatazka honetan gure borroka kriminalizatzearren. Baina, gure ekintzen ostean lekuan gelditu ohi gara gu eta honek zailtzen du arras boterearen kriminalizazio nahia. Adibidez, eta berriro sabotajera itzuliz, akzio terroristatzat hartu izango lukete hura, bertan gelditu ez bagina".


EUROPA, BOZGORAILUA.

Arestian aipatuta dago kableak partekatu zituzteneko ekintzaren ondorioz lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra dutela taldeko zortzi solidariok bizkar gainean. Erabakia berraztertu zezan luzatu zitzaion errekurtsoari, muzin egin zion halaber, Epaitegi Gorenak, eskatu zigor berdinari bertze behin lotuz. Egoera horretan bada, Europara jo zezaketen soilik, Hagako Nazioarteko Epaitegian errekurtso berria luzatuz. Aitzitik, honen erantzunaren zain bortz urte bederen pasako zirelakoz, ez zioten honi zentzurik antzeman; ordurako eskatu punimendua prisioner bete eta karrikan leudeke-eta, aske utzi arren europar auzitegiak. "Kide hauek ezin zuten euren etxeetan itxaron noiz atxilotuko zain eta Europara jotzea pentsatu genuen. Europa izanen zen gure aldarrikapenen bozgorailua. Gainera, urtegiaren arazoa nazioartean jakitera eman nahi dugu. Bide batez, noski, taldekoengan dagoen espetxe zigorraren injustizia salatu nahi dugu. Honen ondorioz, horrela, kide hauengan zegoen 'busca y captura' kendu dute. Euskal Herrira itzuli edota itzultzera behartuko bagintuzte indarrean paratuko dute berriz ere. Pentsa, gure ekintzetan atxilotu bezain pronto enbaxadak deitzen dituzte eta judizialki herrialde hauek konprometitzea ez zaio interesatzen Madrili. Gure borrokaren oihartzuna zurrunduko luke honek". Izen eta ospeko Greenpeace taldea bera ere epaiaren arerio agertu zen, zortzi kideentzako indultua eskatuz.
Horrenbertzez, Londres izan zuten estreinakoa ekintzetan eta iazko urriaren 25ean Milurtekoaren Noria deitutakoan egin zuten gailur. Te katiluetatik ura hurrupaka sabeleratzen topatu zituzten bertakoak, 16:30etan. Hamar lagun ziren hasiera batean, lur arrastotik 135 metrotan goiti. Honetan, "Urtegirik Ez" eta "Itozendako Askatasuna" ingelesen mintzoan idazten zuten pankartak zituzten haiekin batera zintzilikario. Egun berdinean atxilotu zituzten taldeko zortzi, jaitsiarazi ostean. Bi kidek, aitzitik, gaua bertan eman zuten, hurrengo egunean atxilotu eta aske uzteraino. Eta gauzak horrela, BBC eta Sky Channel telebista kateetako albistegietan ekintzaren berri zabala eskaini zuten, hala nola Euskal Herriko hainbat hedabidetan. Duda itzalik ez dago horrelakoetan telebisten irudientzako amu direla, nola zizarea arrainarentzat. "Protestatzeko modu honek duen ikusgarritasunak erakartzen ditu komunikabideak, bistan da, eta hau badakigu", azpimarratu zuen solidarioak, telefono haritik bertzaldera.


BERLIN HOTZEAN.

Irudi luke turismo gida liburuetan erakusten dituzten ziudade bakoitzaren eraikinik azpimarragarrienak hautu egiten dituztela lehendabizi, gero egitasmo guztia prestatzeko, segurtasun neurriak saihesteko, eta zintzilikatzeraino han eta hemen, guztion deigarri. Halaxe egin zuten Hagako Nazioarteko Epaitegian bertan, eraikina moldatzeko zutitu dituzten aldamio batzuetatik eskegi baitzituzten Londresetik gerora hurrengo aldarri-pankartak; azaroaren 25ean alegia. Halatsu, gero, Berlin hotzean. "Oraindik ere ekintza honetan parte hartu zuen solidario batek gorputz barrenean duela hotza errepikatzen du supazterreko solasaldietan. Zera, zerotik hamabi gradu azpira". Eta gorputza dar-dartzen duela sutik gertu, berriz berotzeko entseguan.
Bigarren Mundu Gerraren akaberan altxatu Berlingo harresiaren erdialdera eta ziudadearen bi bazterrentzako ahoaren antzekoa den Brandenburgoko Ateari lotuta erakutsi zituzten Europan barreneko itzuliaren hurrengo solidarioen argazkiak. Hartara, zazpi lagunek "Stop Itoiz Staudamm" oihala hedatu zuten bertan, urtegiaren lanen gelditzea eskatuz alegia. Berlinen halaber, RTL telebistaren dorrean eskegiko ziren hurrengo egunean, eskakizun berdinarekin, hiru lagun. "Europako itzuli honetan hamar-hamabi pertsona gabiltza eta Euskal Herrian beste hamabi taldekide daude. Dena den, argitu beharra dago herrialde bakoitzean aurkitzen dugun elkartasunik gabe ezinezkoa litzatekeela kontu hau guztia burutzea. Euskal Herritik abiatu ginenean kontaktuen zerrenda nahiko laburra genuen, baina gure borrokarekiko atxikimendu epela sumatu dugu herrialde guztietan. Holandan eta Alemanian bereziki, okupazioaren mugimendu handia dagoenez, zentro sozial okupatuen inguruan lan egiten duen jendearen laguntza handia izan da. Arazorik izanez gero abokatu bat bilatzen dute; askotan, itzultzaile lanak egiten dituzte guretzako. Hitzaldiak, mintegiak... bertakoek prestatzen digute egutegia hitzaldiak eta solasaldiak emateko, gu herrialde ezberdinetara iritsi orduko".


HURRENGOAN, NONDIK?

Londreseko Milurteko Noriaren kasuan, adibidez, aste bat lehenago inauguratu zutelako arrazoiaz, honexegatik aukeratu omen zuten zintzilikatzeko toki modura argitu zuen telefono lagunak, mundu zabalaren arreta bereganatzeko xedeaz alegia. Berlingo kasuetan berriz, gogoratuz nola behin harresia txikitzea erabaki zuten 1989an eta pertsonen elkarkidetzaren zutoihal gisara izendatu zutelarik Brandenburgoko Atea, justiziaren sinbolotzat ere, hau dela kausa bertaratu ziren harat. "Eta Itoitzen ez da justizia betetzen". Gero, alemaniar telebistaren dorrea hautu izanarekin, "hedabideek duten erantzukizuna salatu nahi izan genuen, zeharkako moduan bazen ere".
"Estaturik ttikieneratikoa da Vatikanoa eta izugarrizko boterea du. Zerbait egin beharra zegoen bertan. Hiru lagunek burutu genuen akzioa eta modu oso arriskutsuan jokatu zuten gurekin. Soketatik zuzenean tiraka hasi ziren. Psikologikoki ahultzeko-edo, ohatila bat jarri zuten behealdean. Azkenean, suhiltzaileak etorri ziren eta atxilotu gintuzten. Hauek bederen, jakin bazekiten nola jokatu. Atxilotutakoan oso jarrera bortitza izan zuten, jakinik gainera zer nolako mezuak diren Elizarenak; Lagun hurkoarentzat zuretzat nahi ez duzuna ez desira. Alta, gurekin ez zituzten bete. Tira. Orain arte egin ekintzen ondorioz Londresen ez dago ezer gure kontra epaietan. Hagan ere berdin. Alemanian, ziurrenik, isunen bat ordaindu beharko da. Eta Vatikanoan, oraindik ez dakigu ezer".
Irudi liteke, bai, herrialde bakoitzeko turismo gida liburuetan hautu egiten dituztela lehendabizikoz eraikinik erranguratsuenak, ostean gero bertatik zintzilikatzeko. Eta halaxe egin zitzaion itaundu azkenean telefonoz atzerrian zegoenari, hurrengorako buruan izanik abailtzear dagoen italiar dorre okerra. Apika, zera, bertatik izanen genuela hurrengo erretratu mukurua. "Ez dakigu. Dena den, jakin arren, ez nuen kontatuko. Zera, iritsiko zaizue gure berri. Ez ardura". Horrenbertzez, adio erran eta eten genuen telefono hizketa. Martxoko ostiral batez izan genuen berriro solidarioen berri, hilaren 17an, hain zuzen. Ez ziguten telefonoz deitu eta Hagako kongresuan agertu ziren bi kide biluzik gorputzean "Itoizko Urtegia gelditu" eta "Urak ez du pribatizaziorik behar" aldarriekin

NAFARROAKO UBIDEAREN GEZURRA
Halaxe dute Itoiz saldu: Irati ugaldearen urak mukurutuko ditugu, halabeharrez, gerora Nafarroako hegoalde egartia ureztatu nahi baldin badugu bederen. Aitzinamendua da hau, herrialdearen urrea; ura. Patxi Gorraiz, Itoizko Koordinakundeko kidearen irudikoz, aldiz, Nafarroako Ubidea ez da oraingo kontua, historikoki 20ko hamarkadan hitz egin baitzen aurrenekoz antzeko egitasmoaren harira: "Yesa urtegitik aterako zen ubidea hegoalderantz, baina aragoarrak kontra zeudela, orduan Ilunberriko urtegitik irtengo zela erabaki zen 70eko hamarkadan. Orain Itoitzi tokatu zaio txanda".
Gorraizen aburuz argi eta garbi izan behar da Itoitzen helburua ez dela Nafarroaren ureztatzea. "Estatuak Irati eta Aragoi ibaien urak erregulatzeko beharrari erantzuten dio Itoitzek. Noski, horrela agertzen badute, Nafarroa osoa dute urtegiaren arerio. Justifikazioa da, horrela, Itoizko urak Nafarroako erdialdea eta hegoa ureztatuko dituela".
Horrenbertzez, gaur egun Nafarroako Ubidearen lanak ez direla hasi agerian paratzen du Gorraizek. "1993an hasi zuten Itoiz, baina Estatuak ordaintzen du guztia. Ubideak 200 mila milioi pezeta balio du eta Estatuak soilik zortzi mila milioi ordainduko ditu". Zentzu berdinean, urtegiak zilegizko duen gehienezko altuera gogora ekartzen du Gorraizek. Izan ere, ubidea urtegiari lotzen zaion ahoa 535 metrotara dago, "eta legeak dio 506 metroetara irits daitekeela gehienez. Noski, hau ez dute onartuko. Tira, hauteskundeen usainean hor dabiltza lurrak saldu-erosi dituztela jada ubidearen arrastorako. Guttira isilduko dira, jakin badakite-eta ubidearen gezurrak nondik egiten duen herren"


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude