KARLISMOAREN HISTORIA MUSEO BATERA INGURATUKO DUTE

  • Aspaldiko asmoa egi bilakatuko da aurki. Karlismoaren Museoa atonduko dutenon eta Lizarran. Gure historiaren aro garrantzitsuenetako baten biltoki izango den honetara orduko zutoihal, jantzi eta eskuizkribu andana inguratuko dituzte.

2000ko apirilaren 09an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Istiluak eta zalapartak 1833. urtean hasi ziren. Urte horretan zendu zen Espainiako errege Fernando VII.a eta bere tronua nork hartuko jakinkizun zen. Zenbaitzuk bere anaia Carlos Maria Isidro borbondarra gura zuten, gerora karlistak izanen zirenak alegia. Alta, ez zen horrelakorik gertatu, orduko liberal eta kontserbadoreen arteko tirabiretan erregetzaren jarraipenerako legedia aldarazi baitzuten, Carlos Maria Isidroren nahien kaltetan. Izan ere, handik aitzina zilegi izanen zen emakumezko baten tronuratzea. Carlos kanporat, eta Isabel II.a izanen zuten, bada, Espainiako erregina. Orduan zutitu ziren lehenaldikoz ezpatak eta pistolak, zorroztuz halaber ganibetak; Euskal Herrian eta Katalunian batez ere, kolokan zituzten-eta foruak.
Hargatik, hiru karlistadek marraztuko zuten mende batetik bertzerako jauzia. Santa Kruz apaiza eta Zumalakarregi ibiliko ziren euskal mendietan barrena borroka gordinenenetan. Euskal abertzaletasunak Carlosek zituen zaleen pentsamoldean duela sorburua erraten duenik badago. Eta hau guztia dute, orain, museo baten ingurura biltzeko nahia eta asmoa. Karlismoaren museoa moldatzekotan dabil Nafarroako Gobernua Lizarrako Gobernadorearen Jauregian.


ASPALDIKO ASMOA.

Alderdi Karlistako lehendakari Jose Angel Perez Nievasek argitzen duenez, aspaldiko nahia da museo bat atontzearena. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzarekin hartueman ezberdinak izan dituzte aurretik eta honen harira hitzarmen berezia sinatu zuten orain lau urte. Honen arabera, Alderdi Karlistak gorderik zituen hainbat zutoihal, jantzi eta bertzelakoak konpontzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. "Noski, gure historiaren zatia da karlisten mugimendua, eta zaharkiturik aurkitzen ziren arras hainbat eta hainbat dokumentu eta testigantza". Horrela, Bilboko Museo Etnologikoan daude akordio honen ondorioz berriztaturiko hamaika material, etorkizunean Lizarrako museoaren apalategi eta erakusleihoetan ahokatuko dituztenak. Historiari atxikiz, Lizarrako karriketan galdu zuten lehendabiziko karlistada (1833-1840). "Gora gure Carlos!" leloa tenore haietan oihukatu zuen lehendabizikoa Zegamako Santos Ladron mariskala izan zen, baina hondarrerako mututu behar izan zituzten garrasi eta aldarriak, galdurik baitzuten borroketan aurrenekoa. Bada, karlista askorentzat Lizarra izan zen seaska, eta guda bitarte defenditu beharreko hiria. "Egia badiogu, Lizarra bezain garrantzitsua izan zen Tolosa, Hirugarren Karlistadan borroka latza eman baitzen bertan, 1873an.
Pentsa, horrelako museo baten peskizan, arras egokitzat jotzen genuen Tolosako Aranburu Jauregia. Iratxeko monastegia ere toki apropostzat hartzen genuen. Azkenean, baina, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari hala eskatuta, badirudi Lizarran izanen dugula kokaturik museoa. Eta kontentu gaude. Noski, Lizarraldean gori-gorian bizi izan zen karlismoaren mugimendua. Ibilaldi bat emanez gero, Lizarra, Lakar edota Abarzuza inguruan, arrunt erraza da garai haietako munizioa topatzea" dio Jose Angel Perez Nievasek. 600 milioi pezeta inguru (24 milioi libera) ordainduko ditu Nafarroako Gobernuak Gobernadorearen Jauregia eskuratzearren, oraindik Lizarrako Udaletxearena baita. Bere kontura hartuko ditu, gainera, moldaketa guztiak. "Argitu nahi dut, dena den, hau guztia aipatu dutela komunikabide ezberdinetan, eta gobernutik erran zigutela orain dela sei hilabete deituko gintuztela akordioa sinatzeko, gure ardura izanen baitzen dugun materiala museorako lagatzea. Antza, istorioa zerbait moteldu da hauteskundeak zirela-eta. Gure nahia da, noski, lehenbailehen hau martxan jartzea".


MUSEORAKO BITXIKERIAK.

Jakina, etorkizunean atondu nahi duten museorako gauza gehientsuenak egun Alderdi Karlistaren esku daude. Aitzitik, konfiantza badu Perez Nievasek behin erakustokia zutitzen dutelarik hainbat partikular prest egonen dela karlismoarekin lotura duten jabetzak maileguan uzteko, altxorrak Gobernadorearen Jauregian erakusgai paraturik. "Bitxia da baina nire aburuz karlistak izan ziren lehendabizikoak objetu ezberdinak propaganda modura erabiltzen. Orain ohituta gaude zeharo alderdien txiskero, pegatinak eta piniltzeetara. Alabaina, orduko karlisten mugimendua aitzindari izan zen poxpolu kaxak, zigarretak inguratzeko paper-koadernoak edota postalak baliatzen alderdiaren nahiak eta asmoak barreiatzeko". Izan ere, hauetariko postal bat aipatzen du Perez Nievasek museoak izanen dituen bitxikerien artean: "Halaxe da, bai. Hirugarren Karlistadan (1872-1876) Carlos VII.ak erabili uniformea aipa daiteke, hau soinean zuela atera baitzioten erretratua postal baterako. Pirinioko mastin zakurra du oinetara, eta apika hauxe izanen da Carlos VII.aren irudirik ezagunena. Eusko Jaurlaritzarekin sinaturiko hitzarmenari esker, berriztaturik dago jantzia".
Perez Nievasi azpimarragarria iruditzen zaio halaber Ordiziako armarria brodaturik duen zutoihala, horrekin izenpetu baitzituen Carlosek Gipuzkoako foruak. "Gainera, istorio xelebre bat badago honen inguruan. Oihalaren berriztatze lanak hasi zirenean hari-korapiloetan paper zatitxo bat topatu zuten. Oihala brodatzen zutelarik lekuko izanen zen Carlosen hitzak zeuden bertan izkribaturik; Gipuzkoako Foruak errespetatuko zituela hitz ematen zuen bertan. Horrela, hari-korapilo berrietan bigarrenez gorde da eskuizkribua".
Halaber, Beirako printzesak brodaturiko zutoihala du Alderdi Karlistako lehendakariak nabarmentzen: "Izan ere, hauxe erabili zuten hiru karlistadetan. Erran daiteke ekonomikoki gauza hauen guztien balioa ez dela handiegia; alta, historikoki dira garrantzitsuak, eta honexegatik dira gorde beharrekoak". Eta pistolak, monetak, gutunak... Zumalakarregi izan zuten gudaririk prestuena, edota Santa Kruz apaiza. "Baina ez genuen politikari presturik izan, eta hauxe da gure akatsik larriena. Carlos VII.a bera, nahikoa estrainoa zen, dohain berezirik gabekoa eta, zergatik jakin gabe, erakargarritasunik izan ez arren, bera izan zen guztion buru. Ez zaizkigu politikari dohaitsurik inguratu, eta horrelakoa izan da, bada, gure patua".


MUGIMENDURIK ZAHARRENA.

Erran liteke egun politikaren zurrunbiloan dabilen mugimendurik zaharrena dela Alderdi Karlistarena, baina aurki hiltzear dagoena, eta horrexegatik heldu diotela museoari; ozpinaz bustirik dago burutazioa, baina gauza mortuak pilatu ohi dituzte horrelako eraikin aunitzetan. Barreari lotzen zaio Perez Nievas: "Egia diozu, aunitzentzat zerraldo gara jadanik; aunitzek, halaber, zerraldo ikusi nahi gaituzte, aspalditik". Zaharkiturik ez ote dagoen, dena den, Jauna, Aberria, Foruak eta Erregea, lauak aldarrikatzen zituen proklama: "Historiak aitzina egiten du, eta ni ez naiz hau saihesten hasiko. Proklamarena garai bati dagokio.
Gerora, Vatikanoko Kontzilioak sinesmoldeen askatasuna onartu zuen; tenore haietan ez zen kasik errepublikanismorik ezagutzen eta bakoitzak bazuen bere aberria. Karlismoa, bistan da, ezberdina zen Murtzian, Valentzian, Katalunian eta Euskal Herrian. Orain ere hiltzera gaude derrigortuta, baina bertzelako arrazoiak izanen ditugu hiltzeko arrazoi. Foruak ditugu oraindik ere defenditzen. Eta, hau argi eta garbi gelditu dadin, Euskal Herriko historia ezagutu nahi duen edonork Karlismoari ez badio erreparatzen, hankatrabatu, erori eta ez da berriz zutituko".
Are gehiago, euskal abertzaletasunak jatorria karlismoan duela zuhur defendatzen du Perez Nievasek, bertzeak bertze, Sabino Aranaren aitak, Hirugarren Karlistadarako armak erosten ustu zituelako bere sakelak. Aranak berak karlistatzat zuen bere burua, euskal aberria sentitu zuen artio. "'Gora gure foruak!', hauxe egiten zuten karlistek garrasi, eta horixe zen, finean, aberria defendatzea. Baina adar bereko kimuak ez dira inoiz lotzen eta horrela gertatu zen, gertatu da, abertzaleekin eta karlistekin. Tira".
Carlos VII.ak Parisen zegoelarik monetak merkaturatu zituela gogoratzen du Perez Nievasek, eta hauxe manatu zuela: txanponetan idatz zezatela "Viva los fueros!". "Eta espero dezagun, aunitz dagoenez, guztiak erakusteko egonen direla aurki Lizarrako Gobernadorearen Jauregian. Historiak, bederen, merezi du"


Azkenak
Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako

"Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Harroputzetik artaputzera

Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]


2025-07-28 | Garazi Zabaleta
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]


Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude