IBARRETXEK LASAI IRAUN DEZAKE 2002. URTERA ARTE

  • Une korapilotsuan harrapatu dugu Donostian, atentatu eta eraso artean, Udalbiltza eta Bateraren une berezian... oro har euskal gizarteak azken hilabeteetan bizi duen une gatazkatsuenetako batean. Edozelan ere, EAJk Lizarrako bideari eutsi egingo diola baietsi du.

2000ko apirilaren 09an
Emilio Guevararen esanetan, EAJk hartutako bideak beldurra sortzen du jende askorengan, EAJren baitan ere bai.
Ez EAJn ezta abertzaleen artean ere, ez dago beldurrik hartutako bideaz. Duela 104 urtez geroztik euskaldunen aberri bakarra Euskadi dela aldarrikatzen duen alderdi honek bere burua argi dauka eta oraingo honetan hartu duen bidea, euskaldunen aberri bakarra Euskadi izateko beste urrats bat da.

Guevarak orain, Cuerdak lehenago eta beste batzuek ere, azken batzarrean EAJk onartutako prozesu soberanista ez dutela ulertzen diote.
Izan erabakitzeko proiektuan batez ere esaten da Euskal Herriak nahiko gaitasun eta ahalmen duela bere etorkizuna erabakitzeko, euskaldunok autodeterminaziorako eskubidea dugu. Guk geuk jarri behar dugu mahai gainean Estatu espainiar eta frantsesekin zein harreman mota nahi dugun, eta gure barnean zein eratako harremana eta antolaketa nahi ditugun ere bai. Dauden proiektu guztiak mahai baten inguruan eztabaidatzea proposatzen dugu eta gero, ateratzen dena erreferendum batera eraman Euskal Herriak erabaki dezan.
Espainiako 1978ko Konstituzioak indarrik gabe uzten ditu 1839an eta 1876an Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroaren aurka ateratako legeak. Pentsa, Espainiako Konstituzioa bera 140 urte lehenago zegoen gatazka bati buruz ari da hizketan. Horrez gain, Estatutuaren Bigarren Xedapen gehigarriak dioenez, Estatutua onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak bere historian zehar izan dituen eskubideei uko egiten dienik. Indarkeriarik gabeko egoeran, alderdi politiko bakoitzak bere proiektu politikoak mahai gainean jarri eta, beharrezkoak izanez gero, egungo markoan aldaketak egiteko bide ematen zuen Ajuria Eneko Akordioak. HBri ere erakundeetara etortzeko dei egiten zion akordio horrek. Pauso horiek guztiak eman dira eta bere burua demokratatzat duten alderdi politiko batzuek, hainbeste urtetan aldarrikatu duten horri uko egin diote.

Lizarra hilda dagoela dio Guevarak, porrota onartu behar dela eta atzera egin.
Lizarra bizi-bizirik dago eta EAJk ez du Lizarra uzteko inongo asmorik. Gatazka politiko honi irtenbidea emateko tresna bat da eta ez PPk, ez PSOEk, ez beste inork, ez dute Lizarra-Garaziren hutsune demokratikorik agerian jarri; deskalifikazio ugari bai, baina besterik ez. Tresna guztiz demokratikoa da eta, beraz, gaurkotasun osokoa.

Guevarak esandakoekin amaitzeko, bide honi ekin dioten burukideek beren postua alderdiaren esku utzi beharko luketela esan du.
Eskatzea libre da baina zentzuzko gauzak esatea libreagoa behar luke izan. EAJk zenbait gauza behintzat argi dauzka: martxoaren 12ko hauteskundeen ondoren gure alderdia indarberrituta atera da eta nazionalismo espainiarrean, izan dituen aldeko baldintza guztiekin, boto trasbasea egon da, hots, PSOEk eta IUk galdu dituztenak irabazi ditu PPk. Alderdiaren zuzendaritza duela bi hilabete hautatu zen. Beraz, Guevara jaunak esan duena esan arren, haren hitzak ez du hemen deus balio.

EBBren hautaketan ez zela desadostasunik egon, baina kritikoen borroka lurralde zuzendaritzetan izango zela aipatu zen orduan. Orain dator une hori.
Ez dut uste arazorik izango denik. Lurralderen batean egon daiteke zerbait, baina ez ildo politikoa dela eta. Urtarrilaren 16an Izan erabakitzeko ponentzia politikoa Euskalduna Jauregian onartu zenean, aho batez lurralde guztien oniritziarekin izan zen.

Zer da zehatz-mehatz Ibarretxe lehendakariak Madrilen proposatu zuen Konstituzioa eta independentziaren arteko hori?
Azken batean, lehendakariak dio proiektuak mahaigaineratu behar direla eta gero hitza herriari eman. Eztabaidarako, EAJk oraindik zehaztasun osoarekin egin ez duen proposamen zehatza egingo luke. Baina eztabaidarako gogorik eta jarrerarik ez dagoenean, izenen eta zenbait kontzepturen inguruko eztabaidetan erortzeko arriskua dugu. Espainiarrengandik orain arte daukaguna, ezetzaz aparte, Konstituzioa eta Estatutua da. Eta zer da Estatutua egokitzea? Konstituzioaren arabera duela 150 urte Euskal Herriak bere jatorrizko boterea bazuen, hori gaurkotuta zer da? Zer da horren baliokidea? Hor ekingo diogu eztabaidari, eta gure asmoa Europako Batasunean beste estatu bat izatea da. Hori da niretzat 150 urteko jatorrizko botere horren gaurkotzea. PPk eta PSOEk beldur diote herri honen esanari eta uko egiten diote mahaian esertzeari, jarrera antidemokratikoa azalduz.

Euskal herritarrek erabaki dezatela diozu, baina erabaki non eta nola?
Horiek dira horrelako mahai batean eztabaidatu beharko liratekeenak. Guretzat lehenbiziko aitortza da, Euskal Herria sei lurraldez osatuta dagoela eta sei lurralde horiek, marko juridiko-politiko berri bateko kide izateko eskubidea dutela. Gero, erritmoen arabera, lurralde bakoitzak marko horretara egokitzeko aukera izan dezake. Nafar agintariek beste ikuspegi bat izango dute, Iparraldean departamenduaren alde ari direnek beste bat eta abar.

Lurraldetasunari buruz ezer gutxi aipatu zuen Ibarretxek Madrilen.
Taktika bat izan daiteke, bidea leuntzeko modu bat. Ez da ezer fetitxe moduan hartu behar, gauzak erraztu eta hitz egiteko aukerak eman behar dira.

EHk Lizarra-Garazirekiko atzerapausotzat jo du.
Bai, baina hemen hitzen eta zenbait esaldiren jirabiran etengabeko nahaspiloan gabiltza: orain atzerapausoak, hurrengoan urrats eraginkorrak... Komunikabideetan eta publikoan gehiegi hitz egiten dugu eta elkarren artean gutxi; deskalifikaziorako joera handia dago. Bidea leuntzeko zerbait aurkeztu eta hori atzerapausotzat jo... guk ere esan ditzakegu EHri buruzko antzerakoak, baina nora goaz horrela? Batak besteari errua botatzearena frogatutako formula da, eta horrek ez du deus konpontzen. Deskalifikazioak soberan dira.

Alderdien artean gutxi hitz egiten dela diozu. EHrekin duela hilabete batzuk baino gutxiago hitz egiten duzue?
EHrekin, zorionez, oraindik elkarrizketa maila handia dago, eta formula hori dela uste dut, elkarrizketarena. Jakin bagenekin horrelako prozesu batek gorabeherak izango zituela, eta une larriak biziko genituela. Une honetan atzerapauso horietako batean egon gaitezke, baina etorkizunari begira lan eginez gero, arduragabekeria handia litzateke guztia bertan behera botatzea. Ezin dezakegu pentsatu bakoitzak bere helburuetan %100 lortuko duenik, eta besteak ezer utzi gabe aurrera egingo dugula; Jose Mari Olarrak antzekoak esaten zituen duela gutxi idatzitako artikulu batean.

Eszenatoki orokorretatik errealitatera jaitsiz, zenbat denboran eutsi ahal izango dio Ibarretxek bere gobernuari?
Nire ikuspegitik Ibarretxek lasai iraun dezake 2002. urtera arte. Oraingo aurrekontuak onak dira, eta horrekin iraun daiteke, besterik ez bada prorrogak eginez. Kontuan izan behar da azken 30 urteetan bizi izan ez dugun egoera politikoaren aurrean gaudela, bakea hurbil izan dugula eta bakea lortzeak herri honetan izugarrizko iraultza suposatzen duela. Orduan, herritarrek ere ulertu behar dute une garrantzitsua bizi dugula eta arazoei denbora eman behar zaiela. Ez PSOEk lehen, ezta PPk orain, ez dute asmorik euskal burujabetza garatzeko. ETAk, halaber, izugarrizko erasoa egin dio abertzaleen arteko batasunari. Baina ez gaitezen jarri urduri, Euskal Herriak garai berriak espero ditu eta.

EAJko burukide batzuek esana dute sozialistekin zerbait lortu beharko litzatekeela, bai gobernu mailan, bai gatazkari irtenbide bat emateko. Nola doa ahalegin hori?
Europako hauteskundeak baino lehen, alderdi sozialistak bere borondatea agertu zuen lau lurraldeetan lau alderdi politikoren artean gobernu bat sortzeko. Hegoaldeko lau lurralde eta lau alderdi: EAJ, EH, PSOE eta EA. Gero, ordea, Europa eta udal hauteskundeetan espero baino emaitza hobeak lortu zituen eta ahaztu egin zitzaion hauteskundeen aurretik agertutako iritzia. Hori guztia Espainiako hauteskundeetan beste emaitza batzuk izango zituen itxaropenarekin. Hori gertatu izan balitz, urrats handia zatekeen. Une honetan badirudi erabat ezinezkoa dela. Alderdi sozialista ari zen Ardanza Planaren aldeko adierazpen publikoak egiten, eta Ardanza Plana Lizarrakoaren oso antzerakoa da. Orain, aldiz, sozialistak bidegurutze larrian dira. PPren ildoari jarraituz gero, badakite zer duten. Edozein kasutan ez litzateke txarra izango gure jarreretara hurbiltzen hastea, gure jarrerak guztiz demokratikoak dira eta.

Udalbiltza geldi ia, berdin Batera, Lizarra-Garazik ere kanpaina bat egin behar zuen hauteskundeen ondoren... Dena dago geldi egungo abagunean?
Udalbiltzak ikaragarrizko lana egin du azken sei hilabeteetan, behintzat barnera begira. Udalbiltza lanean ari da. Hor, beharbada, bi kultura desberdinen aurrean gaude, ezker abertzalearena eta gurea. Ezker abertzaleak ustezko emaitza praktikoen behar gorria dauka eta guk beste era batera egiten ditugu gauzak. Batera dela eta, urteak daramatzagu euskal presoen giza eskubideen alde eta hor jarraituko dugu; baina zerraldoak bero daudenean ezinezkoa da gizartearen atxikipena sortzea. Giza eskubideen urraketa bat da presoekin egiten dena, eta bizitza kentzea giza eskubideen bortxaketarik gogorrena. Hori errealitate bat da, eta su-etenaren garaian, presoen aldeko atxikipenak eta aldarrikapenak izugarri indartu ziren bezala, egoera honetan jendea berriz hoztu da. Erailketak eta presoen eskubideekiko aldarrikapenak gizartean batera emango direla pentsatzea ez da errealista. Lizarra, ordea, lanean dabil. Badirudi barne hausnarketa egiteko fasea atzerapausoa dela, eta hori ez da horrela.

Ibarretxek bertan behera utzi zuen duela gutxi EHrekiko akordioa. Diputazio eta udaletxeetan berdin gertatuko da?
Hemen alde bakoitzak jakin behar du zer egiten duen. ETAk jakin behar du azken hauteskundeei begira Espainiako nazionalismoaren alderdi gogorrenaren botoa erabat areagotu duela. BBCri eta ETBri, borroka armatua amaitu dela baina gatazka konpondu ezean datozen belaunaldiek berriz armei hel diezaieketela adierazi zien ETAk; handik sei hilabetera su-etena apurtzea ez dugu ulertzen. Guri leporatutako erantzukizuna ere ez dugu aintzakotzat hartzen. ETAk berak sortu zuen esperantza berak zapuztu du. Ez da gure asmoa lehengo eszenatokiak errepikatzea baina ETAk badaki bere esku dagoela, neurri handi batean, hori areagotzea edo konpontzen joatea. ETAren inguruan bada halako harrokeria bat: beraiek ez dute inoiz hanka sartzen. Ez dugu ETAren tutoretza politiko-militarrik onartuko, Monzonek esana: aspaldi ikasi genuen otsoak eskutik heldu gabe ibiltzen

EGIBARREN HARIKOA
EAJn banaketa eman zenean, Gipuzkoan alderdi zaharrean geratu zen %30aren artean zegoen. Azkoitiarra, 39 urte eta zuzenbidea ikasitakoa. Hiru umeren aita. GBBko bozeramailea da egun, baina 88tik 92ra EBBn ere egon zen. Gogorra egoerak hala eskatzen duenean, dialektikan zorrotza tertulia askotan erakutsi duen moduan, eta EAJren ildo berriaren bultzagile.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude