ERABILI KOMUNIKABIDEAK, BAINA BURURIK GALDU GABE

  • Orain dela lau urte sortu zen Heko kolektiboa Euskal Herrian. Hezitzaileek eta komunikatzaileek osatzen duten taldea da, eta komunikabideek gizartean duten eragina aztertzeko xedez sortu zen. Horretarako, heziketan dago giltzarria.

2000ko apirilaren 02an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ezin dugu ukatu gaur egun komunikabideek eta teknologia berriek gure bizitzan duten presentzia. Zenbat telebista ote daude batez beste etxe bakoitzean? Zein herri dago herri aldizkaririk gabe? Zenbat egunkari ditugu aukeran goizero? Zenbat iragarki ikusentzuten ditugu egunean zehar? Nork ez du nabigatu Interneten? Haurrek ez al dituzte nahiago bideo jokoak baloia eta bizikleta baino?
Hainbat komunikabidez inguratuta bizi gara eta horrek gure bizimodua aldatu du, guregan eragiten baitute. Baina, eragin hori nolakoa da? Ona ala txarra? Onuragarria ala kaltegarria? Handia ala txikia? Nola jokatu behar dugu horren aurrean? Zerbait egin behar al dugu?
Baietz uste duen hainbat talde bada: Euskal Herrian Heko kolektiboa, Katalunian MitjansXarxa d'Educadors y Comunicadors, Valentzian EntreLÍNIES, Madrilen Apuma, Kanarietan Colectivo Pedagógico M.A.V.I.E., Andaluzian Grupo COMUNICAR eta Galizian Pé de Imaxe. Hezkuntza eta komunikazioa oinarri dituzten taldeak dira, eta hauetan biltzen diren hezitzaileak eta komunikatzaileak asmo batekin elkartu ziren: komunikabideek gizartean eta hezkuntzan duten eragina aztertzeko. Izan ere, komunikabideen aurrean kritikotasuna eta hausnarketarako gaitasuna izatea oinarrizkotzat jotzen dute, eta hori landu egin behar da. Horretan laguntzea da beraien zeregina.
Euskal Herriko Heko kolektiboa duela lau urte sortu zen, eta berriki legeztatu da elkarte juridiko bezala. Bertako partaideak hezkuntza eta komunikabideen mundutik datoz; irakasleak, kazetariak, komunikabideetan lan egiten duten profesionalak, psikologoak, pedagogoak eta abar dira. Guztiek behar bat ikusten zuten; komunikabideek hezkuntzan duten eragina aztertzea eta gizartean sortzen diren galderei eta premiei erantzutea. Elementu mediatikoek gero eta nabarmenago kontrolatu eta zuzentzen duten mundu honen garapen zorabiagarria ikusirik, hezkuntzaren eta komunikazioaren munduko profesional hauek beraien ahalegina eta lan ildoak bateratzeko premia sentitu zuten. Hedabideen gorakadak gure gizarteari egiten dizkion desafioei aurre egiten saiatu nahi dute.


TELEBISTA IZAN DA AZTERGAI NAGUSIA

Oro har, komunikabideek gizarteko esparru anitzetan dute eragina, baina talde hauek hezkuntzara mugatu dira, eta hedabideek hezkuntzan dituzten ondorioak aztertzeko lana egiten dute. Era berean, komunikabideen arloa oso zabala da, ezin da dena batera aztertu, eta Heko kolektiboa telebistarekin hasi zen.

"Telebista izan da gure gairik kuttunena eta erakargarriena. Zergatik? Irratia eta prentsarekin konparatuta gauza gutxi egin delako. Ikusentzunezkoen arloa ez da asko ukitu, eta nahiz eta programaketa guztietan agertu aztergai eta jorragai bezala, praktikoki ez da ezer aurkitzen"
azaltzen digu Hekoko kide den Elena Sarasak.

"Zentro guztietan edo gehienetan daude telebista eta bideoa, baina gehienetan ez zaio erabilpen egokia eman"
baieztatzen du Sarasak.
Hori konpontzeko irtenbide bat ikusten dute Hekoko kideek: alegia, ikusentzunekoetan alfabetatzea. Zer esan nahi du horrek? Komunikabideen aurrean jarrera aktiboa izatea.

"Komunikabideek gugan eta gizartearengan izugarrizko eragina dutela ikusirik, horren aurrean ez dugu jarrera pasiboa eduki behar. Horrela, telebista lantzeko eta heziketa hori jasotzen laguntzeko programak egin ditugu helduentzat, gurasoentzat, haurrentzat eta gazteentzat".
Programa horiek martxan jarri dituzte eta hainbat esperientzia aurrrera atera ahal izan da.


TELEBISTA IKUSTEKO HEZI EGIN BEHAR DA

Kataluniako Mitjans taldeak ere telebistaren gaia jorratu du. Heko baino urte gehiago daramatza hau guztia lantzen, eta ikastetxeetan somatu duten gabezia handiena gai honetako heziketarik eza da. Mavi Dolç Mitjans taldeko kidearen ustetan zera gertatu da:

"Eskolak ez direla inoiz behar zen hainbeste hornitu telebistekin eta bideoekin. Telebistarekin pasa dena ez da gertatu ordenagailuekin. Teknofobia bat sortu da telebistaren kasuan, kuriosoki ordenagailuaren kasuan gertatu ez dena".
Eta hori gutxi balitz, telebistaren erabilpena ez da egokia izan kasu gehienetan. Izan ere, Mitjanseko kideek uste dute nahiko frogatua dagoela telebistaren diskurtsoa botereak zentratzen duela, berak nahi dituen balioak eta ezagutzak bultzatzen dituela ordenu soziala mantentzeko, eta hori eskolan ez azaltzea gogorra iruditzen zaie.

"Gaur egun pertsona bakoitzak batez beste egunero hiru ordu ikusten badu telebista, telebistaren kontsumoak ezin du hezkuntzatik at egon, neurri batzuk hartu behar dira, bai eskolan eta bai etxean"
dio FrancescJosep Deó kideak.
Telebistaren aurrean dagoena hezi egin behar da, ikusleak aktiboa izan behar du eta pantailan ikusten duena kritikoki jasotzeko gai izan behar du.

"Telebistan erakusten diguten guztia ez dugu sinestu behar. Erakusten digutena interpretatzen saiatu behar dugu, eta zergatik erakusten ari zaigun jakin. Baina mozorro horiek guztiak kentzea zaila da heziketarik ez badago"
dio ziurtasunez Deók.
Heziketa hori zertan oinarritzen den galdetuta, kodea ezagutzean datzala diote Mitjanseko kideek.

"Produkzio prozesua ezagutzeak mezuak nola egiten diren ikasten laguntzen du, kodea ezagutzen, alegia. Beraz, hori ezagutaraztea eta mezuak dekodifikatzeko eta kritikoki analizatzeko elementuak erakustea da hezitzea. Gakoa da jakitea pantailaren atzean zer dagoen, zer erakusten zaigun eta nola iristen den guregana"
azaltzen du Deók.

"Nik ikasleei beti adibide hau jartzen diet"
dio Dolçek:

"Manifestazio bateko irudiak ikusten dituztenean arretaz begiratu behar dela zenbat kamara dauden eta non. Kamara poliziaren atzean jartzen bada, poliziak jasotzen duena baino ez da ikusten. Berriz, kamara manifestarien aldean jartzen bada, poliziak ematen dizkien kolpeak ikusten dira. Era berean, 200 edo 200.000 pertsona daudela esan daiteke kamararen kokalekuaren arabera. Horregatik, irudiak ikusterakoan zenbat kamara dauden, non dauden eta zer erakusten duten begiratu behar da, eta hortik aurrera norberak bere interpretazioak egin ditzake".

ETXEAN ERE HEZI BEHARRA DAGO

Eskolan telebista ikusteko hezitzea ongi dago, baina ez dugu ahaztu behar etxean ere ordu asko pasatzen ditugula telebistaren aurrean. Kontsumo horren aurrean ere neurriak hartu behar dira, eta familiak aholkatu egin behar dira. Egiteko zaila izan arren, Mitjans taldeko kideek hainbat gauza proposatzen dute.Adibidez, telebistak ez duela egongelako lekurik garrantzitsuenean egon behar diote, altzari itxi bateanedo kokatzen saiatu behar dugula. Honekin haurrek erakargarritasuna eta interesa beste gauzetan bila dezaten lortuko genukeela diote. Horrez gain, gurasoek semealabekin egoten saiatu behar dute telebista pizten dutenean, eta ematen duten informazioa komentatu eta gehitu behar dute.
Beste proposamen bat ere luzatzen dute: bideoa erabiltzea. Gurasoek semealabentzat interesgarritzat jotzen dituzten programen sailkapena egin dezakete bideoarekin. Horrela, menu propioa egin daiteke, eta ez dago telebistaren programazioa jarraitu beharrik. Programazio horretatik nahi dena aukera daiteke, eta orduan baino ez piztu telebista. Intereseko programa batetik bestera dauden denbora tarteak bideoan grabatuta dauden programekin, dokumentalekin, bideo dendako edo kioskoetako bideoekin eta abar bete daitezke.


ZER DIOTE KOMUNIKABIDEEK ETA ADMINISTRAZIOAK?

Ikastetxetik irten eta gizartera begira jarrita, beste zenbait esparru ere lantzen ari da. Mitjans taldeak, adibidez, administrazioarengana eta komunikabideengana jo izan du hainbat gauza aldarrikatzeko, eskatzeko eta salatzeko.

"Gauzak behar diren lekutik ez direla bideratzen ikusten badugu, hori aldatzen saiatzea da gure betebeharra".
Asmo horrekin jarri zuten salaketa bat TVEn Chavo izeneko programa mexikar bat kentzeko eskatuz.

"50eko hamarkadako programa zatar bat zen: emakumea ileko erruloak jarrita agertzen zen, egun osoan haurrei joka... Horren aurrean oso ongi argudiatutako salaketa ipini genuen, hura ordu hartan emititzea ez genuela egoki ikusten adieraziz eta ez zela batere hezitzailea esanez"
kontatzen digu Deók. TVEk berak ere zoriondu egin omen zituen salaketa oso ongi idatzia zegoela esanez, nahiz eta ados ez egon jartzen zuenarekin.

"Beste komunikabideetara eta telebistetara ere bidali genuen salaketa, eta saioa kendu egin zuten; gutxienez hori lortu genuen"
gehitzen du Dolçek. Haur eta gazteen programaren jarraipena egiten dute, eta baita programa orokorrarena ere. Ikertu eta kritikatu egiten dituzte, eta interesik ez dutela edo ezer berririk ez dutela esaten iruditzen zaien programak izendatu egiten dituzte.

"Jakin dezatela gauza horietaz kezkatuta dagoen jendea dagoela, eta ez diegula kontzientzia lasai utziko nahi dutena egin dezaten".
Komunikabideek ezezik, administrazioak ere badu bere erantzukizuna gai honetan, bere eskuetatik igarotzen baita hainbat lege eta arau. Esaterako, Madrilgo Ministerioak autoerregulazio hitzarmena sinatu zuen telebistekin 1993ko apirilean. Hitzarmen horretan telebista guztiek eta administrazioak berak hitza hartu zuten lanak eta ikerketak egiteko eta telebistako eduki hezitzaileen gaineko sentsibilitatea adierazteko. Telebistak informatzeko, entretenitzeko eta hezitzeko balio duela esaten zen, eta benetan hezitzeko alderdi hori kontuan har zedin sinatu zuten hitzarmena.
Sinatzeak, ordea, ez zuen hitza betetzea ekarri, eta horregatik mugitu ziren Mitjans taldekoak.

"Hitzarmena hauts artetik atera genuen eta gutunak bidali genizkien Ministerioari eta telebistei. 93az geroztik, urte horietan guztietan, zer egin zuten galdetu genien. Eta noski, ez zuten ezer ere egin. Orduan, zerbait egin behar zeneko kontzientzia piztu genuen".
Kontzientzia piztea da lehenengo pausoa, eta horren ondotik etortzen dira gainerako ekimenak eta neurriak. Hezitzaile eta komunikatzaile hauen erronka horri loturik dago. Lehendabizi, komunikazioan hezitzeko planteamendua eta beharra erakustarazi nahi dute. Bigarrenik, komunikazio edukiak hobe daitezen saiatzen dira, batez ere telebistaren kasuan. Ildo horretatik, edozein publiko motarentzat, eta ez haurrentzat soilik, egokiak iruditzen ez zaizkien edukiak salatzen dituzte. Eta azkenik, Hezkuntza eta Komunikazioa ikastetxeko curriculumetan sartzeko beharra aldarrikatzen dute


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude