300.000 IKUSLE FIDEL

  • «Zine oro» igande gaueko saioak. Izan ere, Joseba Apaolazaren aurkezpena, filmaren inguruko berriak, itzulpen zainduagoak eta bikoizlarien hobekuntza dira gorakada honen arrazoiak.

2000ko otsailaren 27an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Betiko galderak ez du erantzunik. Euskaldunok izango al dugu noizbait karteldegiko filmak euskaraz bikoiztuta ikusteko aukerarik? Momentuz, ez dirudi banatzaileak prest daudenik. Ez baita errentagarria, gu, hain hutsaren hurrengo izaki. Katalunian ez bezala, non hizkuntza kuotak laster indarrean jartzekoak diren, hemen, zinemara joan nahi izanez gero, erdaraz ikusi behar derrigor. Eusko Jaurlaritzaren pasibitatearen aurrean, eskerrak Tinko elkartearen ekimenez bikoizten diren filmak, parakaidisten modura, noizean behin gurean lur hartu eta elikatzen gaituzten. Oasis txikia basamortu erraldoian. Egun gogoangarri hori heldu bitartean, telebistan dugu aukera bakarra estreinatu zirenean arrakasta polita lortu zuten filmak ikusteko. Ikusle euskaldunen artean gero eta ohitura handiagoa dago zinea ama hizkuntzan ikusteko.

«Filmen tiradizoa eta bikoizketa zaindua dira euskarazko zinemaren gorakadaren koska»
azaltzen digu Iñaki Pangua «Zine oro» saioko zuzendariak. Oraingo ekimenak hala ere, gazteria erakarriko du batik bat, oso zaila baita filmak erdaraz ikusteko ohitura duen jendearen

txipa
aldatzea. Gazte ikusle horiek dira beraz, orain ohitura hartzean presioa egingo dutenak noizbait zinema euskaraz ere eskain dezaten.


AURKEZPENAREN AMUA.

Zerikusi handia izan du, halaber, filma eskaini aurretik Joseba Apaolazak «La noche de» saioaren antzera egiten duen aurkezpenak, filmaren inguruko xehetasun eta bitxikerien berri emanez. «Zine oro»ko film ikusienen artean «Gaixo ingelesa», «Bihotz ondoko sekretuak», «Airbag», «Betiko kartzela», «Iluntzetik egunsentira arte», «Garrasia», «Etxean bakarrik», «Maverick», «Dreed epailea», «Fluke», «Oroimena erronka» eta «Izurria» ditugu. Hauek guztiek batez beste 300.000 ikus-entzuleko audientzia metatu dute.
Funtsezko erantzukizuna du hartara, ETB-1ek, ikusleen artean ohitura sorrarazteko. Hain zuzen, duela gutxi arte film bat euskaraz bikoiztua ikustea artiziala zen, usadio ezak eta bikoizketa kaskarrek eraginda. Orain berriz, ekinaren ekinez, bikoizlari profesionalek franko hobetu dute beren jarduna. Lausotuta geratu da garai bateko euskara sintetiko hura, euskaltzale amorratuenei ere katez aldatzeko gogo bizia pizten ziena. Egun aldiz, euskaratutako film batek ez digu belarriko minik sortuko.

«Demagun bikoizlari batek Marlon Brandori ahotsa ongi jartzen diola; bada, saiatzen gara hori errespetatzen, hurrengoan ere berak jar diezaion. Hain zuzen, lehen ez bezala, orain ez ditugu bikoizlari finkoak bikoiztetxeetan. Bikoiztaile-aktoreen artean aukeratu daitekeenez, gero eta errazagoa da. Lehen, plantilakoekin bakarrik moldatzen ginen, eta orain berriz bikoizlari `freelance' delakoak nagusitu dira»
diosku Tomas Ugalde K2000ko bikoizketa buruak. Batez beste, film bat bikoizteko, astebete behar izaten da; aurrebikoizketa aldiz, askoz luzeagoa da, hilabete ingurukoa, hain juxtu.

«Filma bikoiztu ondoren gainera, bada zuzenketak egiten dituen euskara arduradun bat, egon daitezkeen akatsak-eta fintzeko. ETBtik ere jarraipen estua egiten digute»
diosku Alvaro Sanchez K2000ko arduradun artistikoak.
Bikoizteko zailtasun gehien ematen duten filmak kutsu intimista dutenak izaten dira, bestelako elementuak ahaztu gabe, noski:

«Pertsonaiek hizkera berezia dutelako, elkarrizketen bizitasunagatik edota filmak duen barne erritmo hori bikoizketan ere ezartzea zaila delako»,
dio Ugaldek. Bikoizlariek jatorrizko bertsioa dute beti lagun, aktorearen mintzamoldeari neurria har diezaioten, harik eta pertsonaia bereganatzen duten arte.

«Bikoizlarien lana ez da behar adina baloratzen, aktore onak izateaz gain, erritmo ona eta sinkronia ere eduki behar dute-eta»
. Azkenik, audioaren nahasketa dator. Giro soinua eta pertsonaien ahotsa txukun nahastean egoten da koska, bikoizketa originala bezain sinesgarria izan dadin. Ugalderen irudiko,

«batzuetan giro soinua gehiegi igotzen bada, ez ulertzeko arriskua egoten da, haize firfirak, autoak edo marmarrak direla. Baina horiek ere filmaren zati garrantzitsuak dira»
.
K2000 estudioan esaterako, laster ikusgai izango diren «Michael», «Memorias de un hombre invisible», «Hackers», «Stargate» eta «Malice» filmeen bikoizketa burutu dute.


MUTURREKO NEURRIAK.

Bada azken arrazoi bat lagundu duena euskaratutako filmek harrera ona izan dezaten: itzulpenak egiterakoan askoz arreta handiagoa jartzen da, eta ahozkotasunetik hurbilagoa dagoen hizkera erabiltzen. Edertrack, K2000 eta Irusoin bikoiztetxeetako itzultzaileak eta ETBko euskara sailekoak elkarlanean aritzen dira.

«Itzulpenetan jauzi nabarmena egin da eta, orain, gure eginkizuna irizpide bat finkatzea da hiru enpresek antzeratsu itzul dezaten. Bikoizketa egin ostean, azken orraztua ETBn ematen dugu, entonazioa eta ahoskera egokiak ote diren egiaztatzeko»
argitzen digu ETBko euskara saileko Asier Larrinagak. Era berean, erdaraz modu batera erraz esaten dena, gero, euskarara itzulita, oso maila jantzian geratzen da.

«Askotan buelta eman behar zaio eta pareko esanahiak aurkitu. Gaur egun, ez da akats larririk egiten, egokitasuna da lantzen duguna, bikoizketa sinesgarria izate aldera».
Orobat, ahalegin berezia egiten dute filmen izenburuak jatorrizko izenburutik gehiegi ez aldentzeko. Eta, aldi berean, jendeak ezagutzen duen gaztelerazkoa oso kontuan hartzen dute. Halaxe, «Total recall» filmari, «Desafio total» jarri zitzaion gazteleraz, eta euskaraz «Oroimena erronka». Aurki emango den «Extreme measures» filmari –«Al cruzar el limite» gazteraz– «Muturreko neurriak» ipini ordez, azkenean «Muga zeharkatuz gero» jarri zaio, filmaren haria hobeto adierazten duelakoan.
Azken gogoeta bat: zergatik ez dira fimak jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpidatzita ematen? Hala egingo balute, aukeran film gehiago egoteaz gain, merkeago ere izango litzateke, azpitituluak baino ez dira jarri behar-eta, era horretan bikoizketa gastuak saihestuz


Azkenak
Eguneraketa berriak daude