«SU-ETEN DENBORA ERREFERENTE GALDUEZIN ETA AHAZTEZINA DA»

  • EBk Bilbon duen egoitzan hartu gaitu. EBren proiektua, Lizarra-Garaziko Akordioak bizi duen egoera, ETAren itzulera, eta martxoko hauteskundeak izan ditugu mintzagai.

2021eko uztailaren 21an
E

PK-ko 25 kidek taldea utzi eta IU-EB proiektua hila eta politikoki «izoztua» dela adierazi dute orain gutxi. EPKko kide zaren aldetik zein da zure balorazioa?
25 kide horiek –bizpahiru salbu– Nafarroako Alderdi Komunistako kideak dira. Nafarroako jurisdikzio barruan kokatu behar da gertaera beraz. Ezagutzen nituen alderdikide hauek, EPKrekiko nahiz IU-EBrekiko dituzten desadostasunak; alor sindikalean zein EB-IUk daraman proiektuaren estrategiarekiko desadostasunak, baita Lizarra-Garaziko Akordioari buruz duten jarrera ezagutu ere. Aspaldi aurreikusten nuen irteera bat izan da. Tristetzen nauen arren koherente iruditzen zait haien jarrera.

Handi-handika, EB-IUren inguruan proiektu zehatz bat ez dagoela adieraz dezake horrek?
Beno, guk proiektu oso zehatza dugu. Federalismo aurreratu bat defenditzen duena. Proiektu honen bidez oreka bat bilatzen dugu. EBko zuzendaritzaren autogobernua batetik, aldi berean, IUrekin garatzen dugun proiektu federalarekin batera. Gure erronka –PSOE eta PPren proiektuak ez bezala– sukurtsalistak izan gabe aritzea da. EBren proiektua berezko nortasun politikoa eta juridikoa dituen proiektua da, IUren proiektu zabalaren barnean sartua dena. Zentzu honetan, estatu mailan erreferente bat duen indar bat gara, baina beti ere geurezko bokazioa dugularik. Hori da federalismo aurreratua.

Federalismoarena da zuen ikurra. Berau gauzatzeko egitasmo zehatzik ba al duzue, ordea?
Bai. Aspaldian dugu modelo federala formulatua eta berau gaurkotzeko lanean ari gara. Modelo federala hiru printzipio hauetan oinarritzen da. Lehenik: autogobernu aurreratua Euskadin. Bigarrenik: estatuko gaineratiko herriekin proiektua –independentzia proiektua minoritarioa baita–. Eta hirugarrenik: autodeterminazio printzipioa. Hots, euskaldunok gure etorkizunaz erabakitzeko gaitasuna eta eskubidea. Proiektua sendoa da eta berau gaurkotzeko asmoa dugu. Jakina, beti ere, Euskal Herriko lurralde historikoan aurreratzeko lurralde horietako hiritarren borondate librea kontuan hartuz. Zentzu honetan, epe laburrean eta Nafarroari dagokionez, EAErekin batera federakuntza baten barruan lanean aritu nahi dugu geroan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Europako herriek bere geroa antolatzeko duten eskubidearekin gure egiten dugu, baina denbora eta erritmoak kontuan harturik. Etorkizuneko eszenario politiko eta juridiko berriak ezin dira ezarri bertako errealitatea kontuan hartzeke.

Proiektua gauzatzeko ez duzue arazorik eskas, gainera hauek erraz aireratzen dira hedabideetatik. Zuri ez omen zaizu hedabideetatik komunikatzea gustatzen hala ere.
Egia da ez zaidala gustatzen barne arazoez hitz egitea prentsaren bidez, ez naiz horregatik karakterizatua. Nork bere arazoak etxean bideratu behar ditu, eta bere proiektuaren irudia zaindu. Batzuetan gure irudia oso narriatua geratu da barne polemiken ondorioz. Haatik, gurean ez dago beste alderdi batzuetan baino polemika gehiago. Baliteke, beste alderdietan kultura politiko ezberdina izatea eta beren proiektuaren barne kohesioa gehiago zaintzea. Agian, beste alderdiek izaera oso hermetiko dutelako, gardentasun eskasa eta disziplina hertsia, ez da hainbeste nabaritzen. Nik ez dut hori nahi gure proiektuarentzat, ezta EB-IU proiektuaren gidariak prentsan gure diferentziak aireratzen ibiltzea ere.

Hala ere, badirudi EB-IUk gainontzekoak baino zailtasun gehiago duela bere proiektua bideratzeko.
Ulergarria ere bada. Estatu mailako erakunde batentzat oso zaila delako Euskadiko politikaren ildoa modu lasai eta zuzen batez kudeatzea. Euskadin dauden pertzepzio politikoak eta estatu mailan daudenak oso diferenteak dira. Baketze eta normalizazio gaian batez ere. Zailtasun hauek alderdi guztietan ageri dira hala ere. Euskadiko PSE-EEk euskal arazoarekiko duen sentsibilizazio maila eta PSOErena ez da berdina. Areago, ausartuko nintzateke esatera, PPren baitan ere sentsibilizazio maila ezberdinak daudela. Haatik, Euskadiren barrutian ari diren alderdi hauek ez dute nortasunik ez ahalmenik eragiteko bere alderdian estatu mailan. Finean, Madrilgo tesia gailentzen zaie alderdi hauei. Gure kasuan ez dugu halako bokaziorik eta horregatik zailtasunak. Akordioak eta desadostasunak ondo kudeatzen jakin behar dugu. Batez ere, desadostasunak estrategikoak ez direnean. Euskadiko gaien kudeaketan, handi-handika, sintonia ona dugu EB eta IUren artean. Baditugu desadostasun taktikoak, baina nik ez nituzke estrategiaren mailan kokatuko. Zentzu honetan ez dut onartuko Madrildik datozen proposamenen eramale lana egitea.

Martxoko Espainiako parlamenturako emaitzak ez omen dira onuragarriak IUrentzat inkesten arabera.
Guk goranzko nahiz beheranzko joera izan dugu hauteskudeetan. Garrantzitsuena, ordea, proiektu batean konfiantza izatea da. Proiektu batean konfiantza izanik ikasten da emaitza txarrei aurre egiten, eta epe luzerako perspektiba batekin lan egiten. Hauxe da gure kasua. Gu hasi ginenean, 1986an, Euskadin emaitza testimonialak baino ez genituen lortu. Baina gurea Euskadirako beharrezko proiektua zela ulertu genuen, segitu genuen erronka horretan eta orain baino une zailagoetan atera gara aurrera.

IUren proiektuak ez du gizarteak dituen beharren araberako babesik lortzen. Datozen hauteskundetarako aldaketa taktikorik egingo al duzue? Mezu aldaketarik edo?
Ez. Proiektuari modu iraunkor batez ekitea da gure asmoa. Politikan egin daitekeen okerrena –hauteskundeei begira batez ere–, alderrai ibiltzea da. Guk trazatu dugun ildoan sinesten dugu, Euskadirentzat ona delako. Hori da inportanteena. Proiektuak ez badu aparteko saririk jasotzen ere, horretan segituko dugu. Ez gure interesen funtzioan baizik eta Euskadiren interesen funtzioan. Gure mezua konplikatua da, txuri edo beltzaren polarizazioan helarazi behar duguna gainera, non beti muturreko jarrerak garaile ateratzen diren. Gure diskurtsoan beste koloreak sartzen badira ere, hautesleei mezu garbiak igortzen segituko dugu. Tamalez, informazioaren gizartean bizi gara eta gizarteak hedabideen bidez hartzen ditu mezuak. Iritzi publikoan eragiteko gure posibilitateak oso eskasak dira. Badugu proiektu sendo bat, baina berau hiritarrengana iristea desitxuratua izan gabe falta zaigu.

Euskal Herri mailan EH ez aurkeztea onuragarria al da EBrentzat?
Konplikatua da EHren jarrerak ekar dezakeen aldaketari buruzko balorazio bat egitea. Nik nahiago nukeen EH aurkeztea. Normalizazio polilitikoaren adierazgarria litzatekeelako. EHren erabakia legitimoa da, baina ez positiboa bake eta normalizazio prozesurako. Jakina, EHri botua ematen dioten sektore batzuek bozka diezaigukete guri. Saiatuko gara azaltzen zergatik balio duen EBri bozkatzea.

V. Biltzarrean, Amaia Martinezen sektorearekin leihatu ondoren koordinatzaile birraukeratua izan zara. Lizarra-Garaziko Akordioari buruzko eztabaida izan da gai nagusia.
Lizarrari buruzko posizioan ez naiz bereziki inplikatua. Ez da garrantzi handiko debatea benetan. Nire sektoreak galdu izan balu ere ez litzateke deus gertatuko. Gehiengoaren artean posizio ezberdinak daude, eta zentzu horretan, EBko zuzendaritzak abenduaren 7an harturiko ebazpenak balio izan du erreferenduma eginen den baldintzarekin. Lizarraren aldeko ebazpenak ez zituen denen botoak bildu, baina erreferenduma egin bitartean gehiengoaren kohesio faktorea atxikitzeko baliagarria izan da. Lizarrako afera gurean arazo taktiko bat da, tresna bat da, ez da arazo estrategiko bat. Inportantea edukina da. EBko militanteen % 80 bere alde dago. Kuestionatzen dena uneon foro horretan partehartzea da. EBk Ajuria-Eneko Mahaia eta Ituna ezberdintzen zituen bere egunean, Itunari atxikiak baikinen baina mahaiarekin oso kritikoak. Egun gauza bera da Lizarrararekiko. Lizarrako akordioaren edukineei atxikiak gara gatazkaren ebazpenerako baligarriak baitira, baina foroaren kudeaketari dagokionean gure posizioa kritikoa da.

Koordinatzaile karguan birraukeratua izan zara botuen % 56rekin. Ez da tarte oso zabala.
Ez da suziriak jaurtikitzeko moduko emaitza, baina aurrerapauso bat izan da; 4-5 puntu gora egin dugu. Duela lau urte baino egoera erosoago batean dago zuzendaritza. Aurreko biltzarretik estuago atera ginen eta lau urtez kudeatu dugu proiektua; duintasunez gainera. Halaxe segituko dugu. Euskadin bizi den egoera dela medio beste alderdietan joera bera islatzen da. Aldaketa garai konplikatuan bizi gara, trantsizio egoeran berriz ere, eta horrek eragiten du alderdietan.

Lizarra-Garazin egoteak hainbat eztabaida pizten du EBn. ETAren ekintza batek eztabaida edo arazo gaindiezina bihurtuko luke edo ez?
Arazoa ez litzateke EBrentzat izango, baizik ireki den prozesu politikoarentzat. Bizi dugun une zailari gehitu zitzaiokeen beste elementu bat litzateke. Gatazkaren ebazpenak une gorabeheratsuak biziko zituela bagenekien. Ez dago prozesu linealik, eta atzerapauso handiagoak izango dira oraindik. Guk ez dugu horregatik amore emango. Beste gauza bat da zer gertatuko den Lizarrako adierazpenarekin. ETAren ekintza baten aurrean Lizarra ez bada gauza desmarkatzeko, bada ukitua geratuko da tresna bezala. Lizarra bi zutabetan oinarritzen da: biolentzia espresio guztien errefusaketan eta euskal gizartearen gehiengoaren espresioarekiko errespetuan.

Lehengora itzuliko ote ginateke zure ustez?
Inola ere ez. Lehengora itzultzea Ajuria-Eneko garaira itzultzea bada, ez. Ez da urte bat eta erdi alferrik pasatu. Badago konpromiso bat gizarte mugimenduen, indar politikoen nahiz sindilaken artean. Hots, ebazpen elkarriztetatua eta negoziatu baten aldeko konpromisoa hor dago, eta hori ez da alferrik galduko. Baliteke, aliantzak eta dinamikak birkokatu behar izatea, baina ezin izango dugu Lizarra hil eta Ajuria-Enea berpiztuko dela esan.

Bere gora-behera guztiekin, zer-nolako balorazio egiten duzue Lizarrari buruz EBren barruan?
Guretzat erronka inportante bat izan da; arriskutsua. Gu ados ginen adierazpenarekin hasieratik. Gure aliatuak bakarrik nazionalistak zirela, eta beste sozio batzuk egonik erosoago izango ginela jakinda ere. Guk ez dugu sinetsi Lizarra-Garazi akordio nazionalista bat denik, baizik akordio demokratiko bat. Beste gauza bat da foroaren beraren kudeaketa. Zentzu honetan, guretzat Lizarra ez da Ezker Batua eta gainontzeko alderdiak. Badaude foroan beste osagai batzuk. Hala ere, Lizarra kudeatzeko bi ikuspegi izan direla baieztatu dezakegu: elkarbizitzarako eta normalizazio politikorako tresna bat izatea nahi dugunon ikuspegia, eta eraikuntza nazionalerako tresna bihurtu nahi dutenena. Baina inola ere ez Ezker Batua eta gainontzekoak. Ez ditut izen-abizenez nortzuk daude alde batean eta nortzuk bestean, konplexua baita.

Une honetan ETAren ekintza bat gauzatuko balitz beste eszenario politiko batean egongo al ginateke?
Gauzak aldatu dira. Su-eten denbora erreferente galduezin eta ahaztuezina da. ETA itzultzen bada lehengora itzuliko garen dudak ditut; goiz da oraindik ezer esateko. Atentatuak gauzatzen ez diren bitartean gauzak ez direla lehen bezala izango pentsa daiteke, badagoela egoera bideratzeko posibilitatea. Baina errealistak izaki, neutralizatuak izan diren kotxe-bonbak ikusita, eta ETAk esaten duena bete ohi duela jakinik... Biktimak edo biktimarik gabeko itzulera izango ote den ez dakigu. Gizartea soluziobidean jarri da hala ere. Orain arte tunel baten barruan ginen, eta ez genuen irteerarik ikusten. Orain, berriz, gizarteak ikusi du irteera, eta ohartu da non dauden eragozpenak. Aurreko fasea gainditu da, aurrerako pauso bat eman da. Ebazpenerako garaia da eta bai ETAk bai Espainiako Gobernuak egoera gainditzeko lanean segitu behar dute.

Anartean, presoen egoera medio EHk greba orokorrara deitu du 27rako. Zein da zure balorazioa?
Nik uste dut ekimen hau hutsegite bat dela. Bake eta normalizazioaren ibilbideran pazientzia eza eta urduritasunaren erakusle. Nork bere taldean dituen arazoen agergarri, agian. Baina hemen gehiketa klabean ekin behar da, eta ez kenketa klabean. Iazko manifestazio lehen hartan gizarteko talde guztiak bildu ginen, indar gehiketa bat izan zen. Urte bat geroago, aliaturik gabeko ekimen bat proposatzen du EHk. Zerbaitek huts egiten du. Finean, frakaso bat izanen da, denon interesen kontrakoa.

Presoen egoera larria da ordea.
Ados. Baina uneon jendea atera behar bada kalera bai presoen arazoan aurreratzeko baita ETAk armak berriz ez ditzan hartu eskatzeko da. Eta nola ez, Espainiako Gobernuaren inmobilismoa salatzeko

POLITIKAREN HARIAN OREKARI
POLITIKAREN HARIAN OREKARI
Ezker Batuko koordinatzaile birraukeratua izan da filosofian lizentziatua den bilbotar hau. 1986an afiliatu zen EPKn, eta bere sorreratik dago EBn. BAKen eta Bakea Orain taldeetan aritu zen politikagintzan burubelarri aritu aitzin. EBk IUrekin batera kudeatu nahi duen proiektuan orekari gisa agertu da komunzki. Ez du lan makala gero. Azken biltzarrean biziriko tentsioek areago tenkatu duten harian eta arieran ibili da azkenaldion.


Azkenak
Nazio Batuen Erakundeko 193 kide hil ditu Israelek urritik, inoizko gehien

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko UNRW agentziako kideak dira hildakoak. NBEko langileen heriotza tasa altuena dela jakinarazi du agentziak. Israelek momentu oro jakin du non zeuden laguntzaile humanitarioak, eta “berariaz” egin die eraso, salatu duenez. 122... [+]


Dozenaka senideko familia ugari desagerrarazi dituzte sionistek

Gutxienez 60 familiak galdu dituzte 25 kide baino gehiago, Associated Press agentziaren ikerketa baten arabera. “Inoiz ikusi gabeko mailan” ari dira sionistak familia osoak hiltzen.


Israelgo Kan irrati publikoaren informazioa
Israelek “zehaztasun handiz” ezagutzen zuen Hamasen plana urriaren 7a baino hiru aste lehenago

Erasoa baino hiru aste lehenago banatutako txostenean agertzen da Hamasek “200 eta 250” pertsona artean bahitzeko asmoa zuela. Aldi baterako bertan behera utzi du urriaren 7ko segurtasun akatsei buruzko ikerketa Israelgo Auzitegi Gorenak.


“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]


Eguneraketa berriak daude