Ez zeuden diren guztiak, baina zeuden guztiak ziren. Anje Duhalde, Mikel Erentxun, Imanol, Antton Valverde, Ixiar Oreja, Gari, Amaia Zubiria, Niko Etxart, Golden Apple Quartet, Tahures Zurdos, Iñaki Eizmendi eta Gontzal Mendibil. Nahiz eta jende gutxi egongo zen hiru orduko emanaldia osorik ikusiko zuenik, ez zuen betiko kontzertu hotz horien tankera hartu. Xelebrea izan zen Gontzal Mendibil «Lili Marlen» eta Niko Etxart Rolling Stones-en «Paint it black» abesten ikustea. Edurne Ormazabal eta Joseba Apaolazak aurkezturik, 30 musikariren (sekzio erritmikoa, bateria, perkusioak, gitarrak, pianoa, teklatua, haizeak, sokak eta koroak), Et Incarnatus ganbara orkestra gaztearen eta Kike Amonarrizen esketxen bidez, kalitatea eta erritmoa modu atseginez uztartu ziren. Publiko gisa gainera, 140 lagun, Arrastaluk atondu dekoratu bitxian eseri zirenak, emanaldiari ezohiko berotasuna emanez. Baina ez zen kasualitatez ongi atera, kuttunki prestatu emanaldia izan baitzen.
Joxan Goikoetxea musikari hernaniarra dugu kontzertu honen arrakastaren erantzule nagusia, zuzendaritza artistikoa eramateaz gain, musikariekin harremanetan jarri eta kanten moldaketa egitea ere bere gain hartu baitu.
«Erronka handia izan da niretzat emanaldi berezi hau taxutzea, hain estilo ezberdinak moldatzea. Inoiz egin dudan lanik inpertsonalena izan den arren, zorrotzena ere gertatu da. Sormen lana baino gogorragoa agian, are gehiago denboraz hain larri ibilita. Emaitza ikusita, ezin naiz kexatu. Kantarien inplikazio mailari dagokionez batik bat. Izan ere, zuzenean aritzea baino estresanteagoa egiten zaie telebistan agertzea, kamerak nonahi dituztela. Lotuta bezala sentitzen dira kameren menpe ibili behar dutelako. Gurean ordea, ez zen halakorik gertatu».
ERREZELOA AHAZTUZ.
Ekimen honen atzean haatik, beste nahikaria zegoen. ETBk ideia aurkeztu zuenean, 2000. urteari ongi etorri egitearen aitzakian, musikariei zor zaien esker ona erakustea baitzuen helburu. Halaxe, ETBrekiko mesfidantza alde batera utzi behar izan zuten.
«Musika arloan herren samar ibili da beti ETB; ateak ez zaizkio erabat zabaldu musikari, baldintza aldetik gehienbat, nahiz eta kontzertu berezi eta musika saioak egin ohi diren. Ondorioz, euskal kantari eta taldeek halako errezeloa hartu izan dute. Orain arte behintzat, musikariei ez zaie dagokien tokia bilatu. Ni neu ere oso kritikoa izan naiz beti ETBk hobeto trata gaitzan. Hemendik aurrera beste sentsibilitate bat erakutsiko duela dirudi» diosku Joxanek.
Bi grabazio mota burutu ziren; musikarena batetik, IZ disketxeak Amasan duen estudioan egina eta ikuskizunarena berarena bestetik, Miramongo platoan, hain zuzen ere.
«Denboraz estu samar ibili arren, baldintza txukunak izan genituen, platoan beharrean, soinua estudioan grabatua izan zelako. Horren eraginez, soinu kalitatea ohi baino askoz hobea izan zen. Horren kontura, Mikel Fernandez IZ disketxeko soinu teknikariaren lana azpimarratu beharra dago. Disko bat grabatzen ari bagina bezala jardun genuen; kanta bilduma berriz, CD hirukoitz bat egiteko adinakoa». Doinu guztiak biltzeko hamairu eguneko grabaketa egin zen Amasako estudioan, batez beste egun bat kantari bakoitzeko.
«Kantariekin banan-banan bildu eta norekin identifikatzen diren gehien eztabaidatu ondoren, haien baimenarekin askatasuna hartu nuen moldaketak egiteko. Denbora gehiago beharko genukeen gauzak fundamentuz prestatzeko, baina tira, emaitza nahikoa ona izan da».
Ohitu bagara ere, telebistan musika emanaldi gutxi dago zuzeneko soinua duenik.
«Gaur egun, zuzenean ez baldin bada, dena `play back'en da. Esaterako, Miguel Boseren `Septimo de caballeria' musika saioa TVEn `play back'en egina da goitik behera. Arriskua handiegia baita gauzak okertzeko. Garai batean, ETBko `Funtzioa' saioak zuzeneko musika zuenez, komeriak izaten zituzten kable eta mikroak arretaz kokatzeko eta gero, noski, behatzak gurutzatu ezusterik gerta ez zedin»