AZNARREN EREDUA: NEGOZIAZIO POLIZIALA

  • beraz, berdin 1998ko irailean ETAk indarrean jarritako su-etena. Popularren elektoralismoak, ikuspegi polizial hutsak eta borondate ezak, atzera pauso handia ekar dezake prozesuan.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Udazken ederra izaten ari da aurtengoa, ohikoa baino beroagoa, eta termometroa apurka sasoiak eskatzen duen girora egokitzen ari bada ere, tenperatura politikoak goraka jarraitzen du. Duela urte eta erdi ETAk iragarritako su-etena kolokan egon daiteke denbora honetan gertatu direnak aztertuz gero. Udako oporren itzuleran, ETAk Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketak bertan behera geratzen zirela iragarri zuen, horretarako Gobernuaren borondate eta diskrezio eza argudiatuz. Lehenbiziko argia piztu zen alarma taulan. ETAk plazaratutako komunikatu luzean, dena den, elkarrizketekin jarraitzeko borondatea ere argi adierazten zen.
Espainiako Gobernuak ere laster erantzun zuen, elkarrizketarako borondate eza non zegoen argi ikusten zela esanez: ETAk elkarrizketa bidea apurtzen zuela eta Gobernuak berba egiteko prestutasunarekin jarraitzen zuela; hori bai, ordura arteko elkarrizketek eramandako bide bertsuan.
Suitzan edo dena delakoan izandako bileran zer jorratu den ez dakigunez, han izandakoaren berri ez duenak nekez esan dezake zer bete den edo zer ez. Prentsan atera dira Espainiako Gobernuak egindako filtrazioak, baina alde bietako mezu ofizialik ez da izan. Hala ere, bake prozesu nimino honetan gertatutakoetan arakatuz, bada datu ugari aldeen borondateaz berba egiteko moduan. Ez da bake prozesuaz gehiegi hitz egiten, batez ere ezker abertzalean, nahiago da «prozesu», «prozesu politiko» eta gisakoak erabiltzea. Baina izan horixe da, hastapenetan dagoen bake prozesu bat, gero bakoitzak jarriko dizkio nahi dituen ezaugarriak bake prozesu horri. Irlandan IRAk lehenbiziz su-etena eskaini zuenean, Euskal Herrian Irlandako bake prozesuaz egiten zen berba hasieratik; historia liburuetan ere, prozesu honek amaiera onik baldin badu, eta data kontuei buruz arituz gero, bake prozesua 1998ko irailaren 12an Lizarran hasi zela esango da. Aurretikoak eta ondorengoak izango ditu, baina data hori historikoa da jadanik.
Urte eta erdi honetako gertakizunak aztertuz, beraz, hitz egiteko borondatea non dagoen esatea ez da ausardia handiko kontua. ETAk erakutsi du hitz egiteko bere borondatea eta Espainiako Gobernuak borondate horri behin eta berriro erantzun dio egur doinuan eta borondate eskasarekin.
ETAk jardun armatua utzi zuen iaz, alde bakarreko erabakian eta denboran mugagabe. Alderdi abertzaleen jardun bateratuan jarri zuen bere konfiantza eta euskal gizarteak erabakitakoa onetsiko zuela adierazi. Ezker abertzalearen partehartze politikoa ere areagotu egin zen, eremu guztietan, baina batez ere instituzionalean eta alderdi abertzaleen elkarlanari begira. Bide horri jarraitu dio EHk, hauteskundeei dagokienez emaitza bikainak lortuz gainera. Ugari egin daiteke berba prozesu soberanistari eman beharreko abiadaz, ugari bake prozesua edo prozesu subiranistaren lehentasun mailaz, ugari erritmo eta edukiez, ugari helburu abertzaleei buruz, baina borondatea ezin daiteke auzitan jarri. ETAren su-etenak elkarrizketa eta negoziaketari zabaldu zizkien ateak eta alderdi abertzaleek, oztopoak oztopo eta kontraesanak kontraesan, sinetsi dute bide horretan.


GARAIPEN POLIZIALA.

1996an Aznar Moncloa Jauregira iritsi zenetik, egurraren politika nagusi izan da, ETArekiko garaipen poliziala erabat barneratu arte gainera. Su-etena etorri zen eta Espainiako Gobernua jokoz kanpo harrapatu zuen. Hitzezko borondate ona erakutsi arren, Aznarrek ez du jakin izan bere inguruko aholkularien zein bideri heldu. Azken urte hauetan guztietan legez, orain arte behintzat Mayor Oreja ministroarenari heldu dio. Zerrenda luzea da eta garrantzitsua: martxoan egindako atxiloketak, bereziki Parisen Josetxo Arizkuren `Kantauri' eta beste etakide talde batena; HBren Donostiako egoitzaren miaketa; Jose Luis Geresta etakidea hilik agertu zen Oreretan; Frantzian gartzela zigorra bete ondoren polizia espainiarraren esku jarritakoen jarioa...
Presoen eremuan egindakoak ere ez dira txantxetakoak izan, euskal gizartearen gehiengo zabalak eskatutako presoen Euskal Herriratzea eta beste aldarrikapen batzuei (hiru laurdenak, preso gaisoak...) entzungor egin baitie Gobernu espainiarrak. Egin dituen bi gerturatze eskasak arma gisa erabili izan ditu, jakin baitaki hori dela prozesu honetan alderdi abertzaleek duten eremurik ahulena; Gobernuarentzat, aldiz, armarik sendoena da eta, euskal gizartean presoen Euskal Herriratzea sustraitua dagoen neurrian, eskakizunari muzin egitean, alderdi abertzaleei txantaia egiten die espetxe politikarekin. Eskubide kontua da presoena, zalantza barik, baina prozesuaren termometro garrantzitsuenetakoa ere bai.
Borondate kontuetan behinik-behin, balantza oso desorekatua dago Gobernu espainiarraren aurka. ETAren azken komunikatuak –urrikoak– egoera larria dela adierazten du, baina alarma gorria eskandaluraino eraman duena Belen Gonzalezen atxiloketa izan da. Nekez uler daiteke inon, ETA eta Gobernuaren bilera ofizial bakarrean ETAren aldetik izandako mintzakide bat atxilotu izana. Espainiako sektore zabaletan ere nekez ulertutako atxiloketa izan da, eta horrela ikusi izan da tertulia eta komunikabide askotan, SER katea edo «El Mundo» egunkaria bera, esate batera. Pedro J. Ramirez «El Mundu»ko zuzendariari kasu eginez gero, ETArekin mintzakide izan ziren Aznarren ordezkariak ez leudeke oso gustura egoerarekin. Eta EAJko Iñaki Anasagasti parlamentariari kasu eginez gero, Aznarren ministroen artean ere bada pentsatzen duenik bake prozesuarekiko urratsak ez direla ondo ematen ari.
Legalidadea aipatu da Belen Gonzalezen atxiloketarako arrazoi nagusi gisa: «Terroristak dauden lekuan harrapatzen dira eta kito, are gehiago Belen Gonzalez moduko historial odoltsua duen etakide bat. Justiziak ezin du bestaldera begiratu». Jaime Mayor Orejaren diskurtsoa da. Justizia administrazioak eta gobernuek, ordea, beraiei komeni zaienera begiratzen dute hala gura dutenean. Gobernuaren mintzakidetzak ez ote zuen bere aurrean «terrorista hiltzaile basati» berbera aurrez aurre aritu zirenean? Baina eseri ziren eta berba egin. Legalitatearen logikan ez ote dira gaizkileak Gobernuaren mintzakideak? Herritarren adin nagusitasunari iseka egitea da horrelako atxiloketa baten aurrean legalitatea eta justizia aipatzea. Edo gauzak izugarri oker dauden seinale. Edozein modutan, Gobernuaren borondatearen neurgailurik aproposena da.


HAUTESKUNDEAK.

Martxoko Espainiako hauteskunde orokorren kanpaina Hegoaldeko euskal herritarren etxe barrura sartu da jada. Bai bere zentzu zuzenenean –propaganda eta leloen prestaketa, erasoak, hautagaiak–, zein zeharkakoan, bake prozesuaren bidez, alegia. Espainiako alderdien hauteskunde kanpainan berebiziko garrantzia du «euskal arazoak». Bere agintaldian zehar gogortasunak etekin ona eman dio PPri eta gogortasunarena da hauteskundeetara eramango duen mezua. Gogortasuna ETA eta ezker abertzalearen aurrean, gogortasuna abertzaleen elkarlanaren aurrean, gogortasuna «demokraziarean aurkako erasoaldia» egiten ari direnen aurka... laburbilduz, gogortasuna Espainiako batasun sakratuaren defentsan. Su-etena neurri polizialetik etorri dela uste duenak, ETArekin negoziazio poliziala egin behar duela uste du, horretarako presio poliziala erabiliz, Espainiako iritzi publikoaren aurrean noizean behin hurbilketa batzuen azenarioa atereaz.
Kataluniako hauteskunde autonomikoan PPk ezer gutxi aurreratu du eta sozialistek eta bere aliatuek, ordea, garaipena lortu dute botoetan (ez eskainutan). Ez hori bakarrik, PSOEk 98an zehar eta 99ko lehen sehilekoan izandako bilakaera eskasa eta guzti (GAL afera, Borrellen dimisioa...), gertu jarri zitzaion ekaineko udal hauteskundeetan. Irabazle bai, baina PP gehiengo absolutuetatik urruti ibiliko dela diote inkestek. Dena baliatuko dute popularrek, eta zeregin horretan «euskal arazoa» harri bitxia da beraientzat.
Oraingoz behintzat Mayor Orejaren estrategia gailendu da Madrilgo Gobernuan. Ez da lerro abertzaleetatik bakarrik esaten dena, popularren lerroetatik oso urruti ez dabilen «El Mundo» egunkariko zuzendariak ere hala adierazi izan du bere editorialetako batean: «talde terroristarekiko erabateko garaipenaren bila ari da Aznar, eta eskura duen uste osoa du». Okerrena zera da, ikuspegi hori gizarte espainiarrean bapo sustraitu dutela.
Hauteskundeak irabaziz gero, gaiari beste modu batera hel diezaiokeela ere entzun da, baina hauteskundeen aurretik Gobernuak keinuak egingo zituela ere esan izan da. Euskal erabaki esparruaren ideia euskal gizartean indarrez sustraitzen hasi zenetik, PPk burdinezko ezkutua zabaldu zuen; ezin uka azken hilabeteetan keinu ikusgarriak mahaigaineratu dituela, baina kontrako norabidean.


LIZARRA-GARAZI.

Madrili begira ezin dela egon entzuten da Lizarra-Garaziko lerroetan, hori bai, bakoitzak bere modura ulertzen du Madrilen zain ez egotearena. Madrili gero eta gutxiago begiratzearen bide horretan, besteak beste, HBk abstentzioaren hautua egin du Espainiako hauteskundeetarako. Xabier Arzalluzek jadanik Madrilekiko esperantza galdua duela adierazi du etsipen kutsuz. Elkarriko koordinatzaile Jonan Fernandezek, Madrilgo Gobernuaren borondate eskasa adierazi ondoren, euskal alderdi guztien artean elkarrizketak areagotu beharra aipatu du.
Bada noraeza puntu bat Lizarra-Garazikoen artean. Gatazka politiko bati, euskal herritarren borondatean oinarritutako irtenbide elkarrizketatuan oinarritzen da Lizarra-Garaziko Ituna. Baina hori baino gehiago da eta izpiritu horretatik atera da Udalbiltza, esate baterako. Erritmo kontuak alde batera utzita, lan garrantzitsua egiten ari da eraikuntza nazionalaren eremuan, baina adostu beharko da bake prozesuari dagokionez, berau nola bideratu behar den. Madrilgo Gobernuaren martxoko erasoaldiaren ondoren, apirilean erantzun zabala eman zitzaion ordubeteko lanuzte eta manifestazio bateratuarekin. Oraingo Madrilgo erasoaldia esanguratsuagoa izan da agian, baina EAJ, EA eta EHk elkarrizketaren aldeko bilkura batzuk antolatu dituzte. EAJk abiadura eta estilo kontuetan galgari heldu diola esan gura du honek?
Lizarra-Garaziko alderdi nagusiek une garrantzitsua biziko dute hilabete hauetan. HB Eraikitzen eztabaida prozesuan ari da jada. EAk datorren 20 eta 21ean egingo du bere kongresua Iruñean eta abenduan jeltzaleen txanda izango da. EAJn izan da tentsiorik aliantza berriak eta erritmoei dagokienez; EAkoak agerikoagoak dira, eta barne orekari begira arriskutsuagoak ere bai. HBk, aldiz, eraikuntza nazionalaren diskurtsuan murgilduta, bere lerro nagusiak finkatuko ditu urtea amaitu aurretik; baina horrez gain, Euskal Herritarroken egituratzearen ildo nagusiak ere zehaztuta gera daitezke neurri handi batean, nahiz eta prozesu hori urtarriletik aurrera hasiko den.
Alderdi estatalei dagokienez, ezin gauza handirik espero Espainiako hauteskundeak iragan arte. PPk Balzaren aurka aurkeztuko duen zentsura mozioak aski erakusten du bere politika egiteko moduaz. Baina prozesuan bere osotasunean aurreratu nahi bada, abertzale eta ez abertzaleen arteko mugak gainditzen joan beharko da eta zeregin horretan sozialistekiko elkarrizketak funtsezkoak izan daitezke. Eraikuntza nazionalerako egiten den guztia dago ongi, bidezkoa da eta eraikitzailea gainera. Baina Madril hor dago, Madrilek esan dezakeena funtsezkoa da egun –Iparraldeari begira Parisek–, eta alderdi estatalistek diotena ere bai, areago Euskal Herrian sustrai sakonak badituzte. Blokeo gogorragoak gainditu izan dira. Prozesua oraindik luzea izango da eta zuhurtasun eta erantzukizun osoz jokatzea da aktoreen zeregin nagusiena

Aterabiderik gabeko norabidean

ETAren urriko komunikatuak egoera larria adierazten zuen. Belen Gonzalez atxiloketak larritasun hori baieztatzen zuen.
ETAk lau puntu jartzen ditu solaserako: ea Gobernu espainiarra Euskal Herriaren erabaki eta borondatea onartzeko prest dagoen jakitea, borondate hori bideratuko duen prozesua nola bermatuko duen jakitea, euskal preso politikoak noiz eta nola askatuko dituen jakitea, eta indar armatuak noiz eta nola aterako dituen jakitea. Mintzakide gisa hiru preso izendatzen zituen komunikatuak: Algeciseko espetxean dagoen Antton Lopez Ruiz, Langraitzen dagoen Josu urrutikoetxea eta Josetxo Arizkuren, Parisen dagoena. Bilera lekua, halaber, ezin da izan ez Frantzia eta ez Espainia; Euskal Herria bai, baina baldintza neutralak emanez gero.
Munduko edozein bake prozesuri arreta jarri dionak, ondo asko daki horrelako komunikatu bat ez dela egiten talde armatua eta gobernuaren arteko bilera bat egiteko. Arrazoi asko egon daitezke horrelako komunikatu bat plazaratzeko, baina ez bilera egitea. ETAk abuztuaren bukaeran Gobernuarekiko komunikazioa moztean ondo adierazi zuen bezala, zuhurtasuna ezinbestekoa da elkarrizketei bide egokia emateko. Gatazkaren inguruan ari diren aktore askok adierazi dute begibistako den hori.
Proposatutako mintzagaiei dagokienez ere, ez dago inongo baldintzarik, dena da jakinmina, baina negoziaziorako tresna baino, ohiko aldarrikapenen zerrenda bat da. Urte eta erdiko su-etena ikusita, ez dago ETAren hitz egiteko borondatea auzitan jartzerik, behintzat jakin dakiguna eta ikusi dugunaren arabera. Baina komunikatu hau ikusita, begibistakoa da ez dela bilera bat egiteko.
Aljerreko 89ko elkarrizketa prozesuan, ETAk PSOEko Gobernuaren mintzakidetzarekin hitzartutakoa ez zela betetzen ari salatzen zuen zenbait komunikatuetako doinua du urriko komunikatuak. Eta dinamika honek jarraituko balu, oso posible litzateke ETAk su-etena apurtzea, bestela erakunde armatu batek izan behar duen sinesgarritasuna auzitan jarriko litzateke eta.
Behin eta berriro esan da, edo aditzera eman da, ETAren su-eten honek behin-betiko izan nahi duela eta borroka armatua guztiz alboratzeko nahia dagoela, gutxieneko baldintza politiko batzuk emanez gero bederen. Hori da ETAren buruan egon daitekeena, IRAren buruan egon daitekeen moduan. IRAk, taktikoki ez bada ere, su-etena oso modu neurtuan apurtu zuen. Posible litzateke horrelakorik Euskal Herrian? Posible bai, baina horrek ez luke esan gura Irlandan moduan gero bake prozesua berreskuratuko litzatekeenik, gutxienez horren epe laburrean. Aitzitik, seguruenik denbora luzea beharko litzateke. Abertzaleen elkarlana eta Lizarra-Garaziko Ituna Irlandako Forotik abiatu zela, horiexek dira bi prozesuen antzekotasun handienak, gainerakoan oso desberdinak dira. Borondatea behar da baina denbora luzea ere bai, hori da gainerako prozesuetatik atera daitekeen ondorio nagusienetakoa


Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude