"ALDERDIA EZ DELA `GETTHO'-A ERAKUTSI DUGU NAFARROAN"

  • Lehenbiziz da parlamentari –EAtik– baina instituzio sarea ondo ezagutzen duenetakoa da, azken hamabost urteetan kargu instituzional desberdinetan egondakoa da eta.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
A

zken bost udal legealdietan Lekunberriko alkate zara, baina Legebiltzarreko parlamentari lehenbiziz. Zein da Legebiltzar honetatik jasotzen ari zaren lehenbiziko inpresioa?
Oraindik goiz da Legebiltzar hau nondik nora joango den ikusteko. Une honetan kontseilari desberdinen agerraldietan gaude eta hilaren 7ko osoko bilkuran senatore autonomikoa hautatuko da. Dena den, tamalez, gustuko ez dugun errealitateaz jabetzen ari gara, PSN UPNrekiko itunean bizi dela alegia, bere botoemaile aurrerakoiek beraiengandik espero dezaketenari bizkar emanez. Hauteskunde kanpainan zehar Nafarroa ofiziala eta errealaz hitz egin genuen eta kontsentsuak bilatu beharrean, PSNk UPNri gobernua erraztearen aldeko apustua egin du, berak jakingo du zergatik, agian hauteskundeetara inoiz aurkezten ez diren Nafarroako botere faktikoek eskuloturik dutelako... Legebiltzarrean, Nafarroan, botoemaleek aukera aurrerakoiaren alde egin dute baina kontserbadoreak dira gobernuan. Hori PSNk bere botoemaileak ahanzten dituelako da.

Zuk uste duzu PSN benetan arriska daitekeela lau urtez UPNko gobernua sostengatzen?
Eskuinaren alternatiba izan nahi badu gobernu honetatik aldendu behar da eta ahalik eta azkarren gainera. Lehenbiziko hilabete hauetan merke saldu dela ikusi dut. Argi da ezin dezaketela aurrekoan bezala egin, legealdiaren amaierarako sei hilabete falta direla, gobernu sostengua utzi eta beraiek gobernu alternatiba direla esan. Hori ezin da birritan errepikatu.

EA eta EAJko harremanei dagokienez, Nafarroan, ba al da benetako koordinaziorik edo, lehen bezala, bakoitzak berea egiten du.
Talde parlamentarioari dagokionez koordinatuta gaude eta alderdi mailan, legebiltzarretik kanpo, bakoitzak bere estrategiari eusten dio.

EH eta EA dira indar abertzale nagusiak Nafarroan. Ikuspegi abertzale eta aurrerakoi batetik ekimenak aurrera eramateko ba al da bi indarren arteko koordinaziorik?
Lehenbiziko aste hauetan gauza askotan bat gatozela ikusten da, eta berdin Ezker Batuarekin eta sarri CDNrekin ere bai. Alderdi desberdinen artean kontaktu handia dago eta honek erraztu egingo du proposamenak elkarrekin aurkeztea. EHkoak intentsitate garrantzitsuarekin ekin diote Legebiltzarreko lanari.

Ibarretxe Lehendakariak bakegintzaren foroa bultzatzen jarraitzen du. Foro bakarra eta bi mahai ere izan ditzakeela hitz egin izan da, bat Gasteizen eta bestea Iruñean. Posible ikusten al duzu hori?
Desiragarria litzateke. Bizi dugun apurketa soziala gainditzeko ahalik eta saiorik sendoena egin beharko luke foro horrek. Baina Sanzek, Nafarroako sentsibilitate guztien lehendakari gisa baino UPNkoen lehendakari gisa dihardu.

Duela gutxi hautatu da Cederna-Gurelurreko lehendakaria. Prentsan ateratako zenbait filtrazioen arabera, lehendakari berria EAko bat edo EHko bat izango zen. Ez da horrela gertatu eta Aoizko alkatea atera da lehendakari, UPN inguruko independentea. Nola gertatu da hori gehiengoa EHk eta EAk duzuenean?
Cederna-Gurelurreko lehendakariaren hautaketa prozesua duela bi hilabete zabaldu zen eta EH eta EAren lehenbiziko kontaktuak bi egun lehenago besterik ez ziren hasi eta, gainera, eskualde desberdinetan garapen erakunde desberdinak eratzen joan ondoren. Arazo handiena da berandu planteatu dela, erakunde hauen eratze prozesuetan EA eta EHren munduetako jende desberdinen arteko tentsio uneak izan ondoren. Horregatik, gure aldetik hautaketarako askatasuna eman zen eta, azkenean, atera dena atera da. Nahiago izango genuke, udal eta eskualde mailako planteamendu orokorrago bat egin izan balitz –federazioan, partzuergoetan, garapen agentzietan, Cedernan...– baina ez da posible izan. Arazorik nagusiena denbora izan da.

Nafarroako kutxen fusio prozesuan datuak ezkutatzen ari direla eta kutxa hauetako administrazio kontseiluetatik bazterketa salatu izan du EHk.
Jakina, ez gaude ados nafar gizartearen zati handi bat ordezkatzen duen indar bat organu horietatik baztertzearekin, areago Iruñeko bigarren indar politikoa denean. Iruñeko Udal Aurrezki Kutxan ez dugu parte hartzen baina Nafarroako Aurrezki Kutxan bai; aspalditik da gure ordezkari kutxa honetan Fermin Ciaurriz, EAko parlamentari ohia. Guk ez dugu informazioa ezkutatzen ari denaren berri baina, edozein modutan ere, horrela ez izatea desiatu beharko genuke.

Hiru hilabete iragan dira ekaineko hauteskundeak egin zirenetik. Nafarroan nahi adina boto lortzeko behar bezala egin al zituen gauzak EAk?
Boto gehiago lortu izana gustatuko litzaiguke. Aurreko legealdian ia hiru urtetan aritu ginen Zabal-Zabalik izeneko prozesuan, alderdia gizartera zabaltzeko hausnarketa prozesuan. Egunerokotasunean topo egiten genuen sektore horiei zabaldu nahi genien alderdia: euskarazko matrikulazioen gorakadan ari ziren horiei, sindikalgintza abertzalearen gorakadan daudenei, Bai Euskarari prozesuan ari zirenei eta abar... Bi parlamentari geneuzkan eta orain hiru. Aldi berean, EHk ere, biolentziarik gabeko une batean hazkunde garrantzitsua izan zuen. Gizartean dauden klase ertaineko sektoreetara heldu eta beharko genukeen protagonismoa izateko tarte handia egin behar dugu oraindik. Hori da gure erronka.

Matrikulazioen gorakada aipatu duzu, euskal sindikalgintzaren gorakada eta abar. Abertzaletasunaren gorakadari buruz hitz egitean sarritan ateratzen diren datuak dira eta `eta abar' hori ere gaineratzen zaio. Benetan islatzen dute datu horiek abertzaletasunaren gorakada Nafarroan edo abertzaleok egiten dugun sujestio ariketa da?
Nafarroa ofiziala eta egiazko Nafarroaren arteko ezberdintasuna ez da hitz egiteko modu bat bakarrik, egiazkoa da. Nafarroa ofizial horrek alde bat bakarrik erakusten du bere ohiko zereginetan –administrazioan, Nafarroatik kanpo...–. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: euskararen mundua, sindikalismoarena, gizartearen mobilizazio ahalmena zenbait unetan, Nafarroa Oinez, bere unean NATOren aurka antolatu zen mugimendua eta erreferenduma... Esate batera, EAErekiko Lankidetza Hitzarmenaren garai hartan UPNk bere balizko kanpaina antolatu behar zuenean eta nafar guztiak akordio horren aurka mobilizatu behar zituela zioenean eta abar, emaitza eskasak izan zituen; bere botoemaleak ez doaz UPNko agintariak bezain urruti. Duela hamar-hamalau urteko hauteskundeetan –Auzolan, EE.. zirenean– ikus daiteke abertzaleok oraindik badugula 20.000 bat botoko esparrua... Horrez gain, ezin da ahaztu trantsizioaren unean PSNk herri honen egituratzearen aldeko beste apustu bat egin zuela, Hegoaldeko lau herrialdeen egituratzearen aldeko apustua; hor, beraz, bada posizio baskista bat –ez abertzalea, desberdina dena– defendatzen zuen sektore bat. PSNri gogorarazi behar zaio jendeak, oro har, originala eta fotokopiaren artean originalaren aldeko hautua egiten duela. UPN baino nafarzaleagoa eta antieuskaldun izatearen lasterketa horretan ikusi da zer gertatu zaion PSNri azken hauteskundeetan.

Parentesi txiki bat zen. Nafarroako EAk Legebiltzarrerako aurkeztutako zerrenda ofizialari zerrenda alternatiboa atera zitzaion, zu zinen zerrenda honen buru eta haren ondorioz zaude Legebiltzarrean. Zer adierazi nahi izan zenuten?
Alderdiaren historia hurbilean lehenbiziz gertatu da horrelako zerbait eta horrek erakusten du Zabal-Zabalik prozesuak –alderdia gizarteari zerbitzua eskaintzeko tresna gisa eta ez alderdia helburu bezala– pertsona batzuk hautatzerako orduan bere funtzioa izan duela. Bi alternatiba azaldu ziren orduan, alderdian legebiltzarkide gisa luzaroan egondakoek gidatutakoa eta lan handia egin dutenena; eta, bestetik, eremu horretan lanari ekiteko prest dagoen beste jende bat, bigarren kasu honetan, gainera, mundu abertzale aurrerakoitik datozen bi pertsonekin.

Alderdiak aire berria behar zuela esan nahi duzu.
Bai, hori da. Mugimendua behar zen eta alderdia

gettho
bat ez izatea, eta hori erakutsi dugu, alderdia ez dela

gettho
a; jende berria etorri da.

Eta sektore horrek, ba al ditu aire berriak eta ideia berriak aurrera eramateko tresnak alderdiaren barruan?
Orain dugu kongresua eta hori da erronka, alderdiaren norabidea zehazteko eztabaida emango denean bakoitzak berea mahai gainean jartzea. Guk alderdia sortu zeneko izpiritua berreskuratu nahi dugu, gizartean horren azkarrak diren aldaketei behar bezala erantzuteko.

Zu ere ezustean harrapatu zintuen Oliveriren dimisioak?
Guztiok ezustean harrapatu gintuelakoan nago. Kongresuaren gertutasuna dela eta, bazirudien normalena kongresura arte itxarotea zela. Dena den, egoera honen gauzarik garrantzitsuena ez da noiz dimititu behar zuen...

...Alderdi guztiek zaintzen dute ongi irudiaren kontua.
Bai, saiatu behar da kontu zikinak alderdi barruan gera daitezen. Baina garrantzitsuena da orain herrietako batzarretan mundu guztiak parte hartzea, azkenean kongresuan proiektu honen norabidea erabaki dadin. Askok dugu honako sentsazioa: EAren espazioa desager dadila nahi dela eta abertzaletasuna EAJk eta EHk ordezka dezatela. Uste dut hori bultzatzen dela, bai bi mundu horietako inguruko medioetatik eta baita posizio espainolistetatik ere. Kongresu honek espazio abertzale aurrerakoi hori hor dela erakutsiko du, Nafarroan zein Euskal Herri osoan.

Dena den, ezin da ezkutatu EAn badagoela jendea EHren munduarekin akordioak lortzeko joera duena eta beste mundu batek akordioak EAJrekin nahiago dituela.
Bai, baina garrantzitsuena da hemen denboran zehar balorea duen proiektu politiko bat dagoela. Horrek ez du esan nahi une batean taktikoki akordioak batekin egin daitezkeela eta hurrengoan bestearekin, beti ere alderdi izaeratik. Hauteskundeen kasuan, oro har, alderdia bakarrik aurkeztu behar da baina salbuespenak ere kontuan hartuta, garaien arabera. Nafarroaren kasuan, nik beti defenditu izan dut EAJrekin koalizio akordioa lortzea, baina akordio zabalagoa oraindik, nire ustez Nafarroan EAk landu behar duen esparrua kontserbadorea baino aurrerakoia delako; eta hor daude umezurtz politikoak.

Gehiago EHra jo duten umezurtz politikoak, dirudienez.
Bai, horrela da. Azken hauteskundeetan EHren aldeko apustua egin zuten, nire ustez polarizazio maila handia egon zelako, batetik UPN, Nafarroako boto antieuskalduna batzeko asmoarekin; eta bestetik EH, Nafarroako sentsibilitate desberdineko abertzaleen botoa biltzen duena. Abertzale umezurtzek ere EHra jo dute oraingoan, horrelako une berezi batean abertzaletasunak ere jende asko biltzen duela erakutsi behar duela pentsatzen dutelako. Baina gure lana ondo bideratzen badugu, aurrekoetan baino emaitza hobeagoak lor ditzakegula uste dugu askok.

Irudi kontua izango da asko baina errealitate puntua ere badu. EAko gipuzkoar eta bizkaitarren arteko tesien lehiaren kongresua izango da hau?
Hurrengo kongresua ezin da izan Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko borrokaren kongresua. Arazoa ez da bizkaitarra, ezta gipuzkoarra ere, baina badaude lurralde batetik edo bestetik datorren jendeak landutako estrategiak. Bakoitzak mahai gainean bere ideia eta taktika jartzea eta, azkenean, puntu amankomunak topatzea da gure erronka handiena. Ez da inor soberan, gure proiektuak oraindik jende asko erakarri behar du

BERRITZAILEA
BERRITZAILEA

24 urte zituenetIk –egun 41 dauzka– da Lekunberriko alkate. Cederna-Garalurreko lehendakari ere izan da duela gutxira arte. 91tik da EAko militante eta gaur egun Nafarroako EAko Idazkari Nagusia da. Nafarroako EAko sektore berritzaileen buruetakoa da. Auzolan proiektu politikoan parte hartu zuen eta Irurtzun-Andoain autobidearen defendatzaile sutsua izan zen. Kudeatzaile onaren ospea du.


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Indendentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude