MENDE BATEKO JAIAK EGITARAUEN BEGIETATIK

  • ez dagoenez informazio iturri arras onak dira programak. Bertako bitxikeriak anitz dira: 1939ko azalak «Año de la Victoria» zekarren. Hiru urteko sarraskiaren ondorena.

2021eko uztailaren 27an
Cosicas tiene Pamplona, que no las tiene Madrid, unas chicas como soles y el famoso txakoli, y lo mejor de este mundo, las fiestas de San Fermin». Abestitxo hau ez da zaharra, bertzenaz euskaraz idatzirik egonen litzatekelakotz. Dena den, berria ere ez da. Nahiz eta duela berrogeita hamar bat urte arte bere denboraldian txakolina Iruñeko txikiteoan edan, egun ez da jadanik hedapen handiko ohitura, kia. Eta gaur ez litzateke nesken inguruko honelako aipamen matxista ere idatziko, jakina, hagitz politak izaiten jarraitu arren.
Entzierroa. Erraldoiak, zaldikoak, buruhandiak eta kilikiak. Musika, beti musika. Eta dantzak. Peñak. Txistua eta dultzaina. Zezensuzkoa. Suziriak. Berbenak. Tabernak. Dena mantendu da, baina azken urteotan funtsezko aldaketa badago, normalean kontuan hartzen ez dena: gaur emakumeak ere protagonistak dira, egunez zein gauez. Edonola ere, urtero argitaratzen diren «programak» gidari gisa hartuz gero, gauza anitz ulertu ahal izanen dugula uste dugu.
Erraiterako, lehen frantsesez idatziriko programak baziren, 1912koa kasu. Zapateria izeneko karrikan prestatu zuten, 37. zenbakian zegoen Goyeneche inprimategian hain zuzen. Azalean, hala ere, Valentzia hiriko bertze bat ere agertzen da. Enfin. Honela dio: «Pamplona. Fêtes et Foires de la Saint-Firmin. Cinq grandes courses de taureaux. Grande semaine d'aviation. Fêtes extraordinaires a l'occasion du 7e centenaire de la Bataille des Navas de Tolosa». Kanpionek idatzi ote zuen?
Izenburuan idatzi zutenez, Sanferminak (beti pluralean, erdaraz ere euskal jatorria agerian utziz) jaiak eta azokak izan dira. 1950eko hamarkadan hau desitxuratu zen programetan, industrializazioa zela medio. Bertze datu bat, uztailak seitik hogeita bi arte. Hirurogeigarren hamarkadan finkatu baitzen egungoa (6-14). Hots, jaiak orain baino hagitzez luzeagoak ziren... Iruinsheme eta iruinalaba parrandazaleak!
Hamargarren orrialdean: «Le conseil municipal, autorisé por Mr. Le Gouverneur civil de la province, a élaboré le suivant programme des fêtes». Hau da, Iruñeko udalak programa hau idatzi zuen gobernadorearen baimenarekin, guziz adierazgarria.
Kontzertuak, antzerkia, mezak, su artifizialak, hipika, hegazkinak, arno ekoizleen biltzarra txangoekin, futbola, txirrindulariak, «partis de pelote basque», «musiques du pays», filmak eta azoka, gehiena uztailak sei eta hamazortzi bitartean. Eta ekainaren 29tik uztailaren 6a arte hitzaldiak, argazki erakusketa eta bertze. Kontuz, hilabete osoa algaran, baina lanean ere bai. Lan egin ondoren ospatzen zen, ez orain bezala. Urte osoan zehar ez zegoen bertzerik, inguruko herrietan ez bazen.
1927ko programa aztertuz gero, jaiak motzagoak direla argi dago, hamazortzia arte. Azalean txistulari bat marraztu zuten. Barneko orrialdeetan «zezenzusko» (zezensuzko) ikuskizuna bi aldiz aipatzen da. Ezaguna denez, bertzalde, zurigorriz jantzirik ibiltzearena hedatu gabe zegoen. Horren lekukoa argazkiak dira, non entzierroan blusak eta korbatadunak (!) ikusten ahal baititugu. Azokak, azkenik, ekainak 29tik uztailak 25a arte iraun zuen. Ondorengo urteetan Iruñeko Aramburu, karrika nagusian zegoen Bergaray edota Tolosako Laborde eta Labayen inprimategiak programa argitaratzen aritu ziren. 1930eko azalerako ere txistulari bat aukeratu zen berriro.
Baina 1931an errepublika zen jadanik. Azalean «zaldiko» bat margotu zuten, haurren pozerako. Alkatea Mariano Anso zen eta frantsesez idatzirik zegoen programan irakurtzen ahal dugunez, hainbat ekitaldi «place de la République» zelakoan burutu ziren. Gobernadorearen ohiko baimena ere desagertua zen idazkian. Askatasun haize berriak ote? Erlijio aipamenak eta horri lotutako ekitaldien albiste guti da, aurrekoekin alderatuz gero bederen.
1933an txistulariak eta dantzariak nagusi dira, zurigorriz eta txapela jantzirik. Erlijioa desagertu da erabat. Atzealdeko azalean errepublikar banderak Iruñeko harmarria inguratzen du. L. Ramos Rosak egin zuen marrazkia. Hurrengo urtean Nafarroa eta Iruñeko bandera handiak nabarmentzen dira, errepublikar tikiago batekin. Horrekin batera erraldoiak dantzan, txistua eta atabala. Azken honen baitan entzierroa marrazturik dago.
Nicolas Garbayo alkatea Tomas Mata Lizaso jaunak ordezkatu zuen 1935eko programan. Pertsona honek frankismoan jarraituko zuen, hau da, Sanferminak 1936ko uztailak 18an amaitu ziren, eta egun horretan bertan faxistek sarraskia hasi zuten. Gauean tiroketak entzuten ahal ziren Iruñea osoan zehar, hots, egungo Alde Zaharrean. Soilik Jarauta karrikako hamazortzi lagun, gutienez, afusilatu zuten. Hurrengo bi urteetan ez zen jairik ospatuko.


FRANKOREN SANFERMINAK.

1939. Azalean eta barruan: «Año de la Victoria» eta hemendik aitzinerat «fiestas para honrar al glorioso Obispo y Mártir». Erlijioa itzuli da, nabarmenki. Hogeia arte luzatu dira jaiak. Zergatik?: «Días 18 y 19: Grandes fiestas conmemorativas del alzamiento nacional en Navarra». Bitxikeria: 1942ko atzealdeko azalean irudi hau: txistulari bat hiru banderen aitzinean. Banderak? Iruñekoa (berdea), Nafarroakoa (gorria) eta espainola (gorria, horia eta morea). Hots, Sotes marrazkilariak errepublikar bandera egin zuen, ez frankista. 1942an! Galdera da ea Sotes jauna bizirik atera zen...
Berrogeigarren hamarkada horretan aldaketatxo batzuk atzematen ahal dira. Hona hemen adibideren bat: «zezensuzkoa» zer den espainolez ere azaltzen da («toro de fuego») eta batzuetan erdaraz bakarrik, lehenagoko ohitura deseginez. Bertzalde, hainbatetan Basotxo tokian eskaintzen ziren txistulari kontzertuak bertze talde batek eman zituen, «Banda militar» zenak, alegia. Musikarekin jarraituz, «dulzaina-dulzaineros» beharrean «gaita-gaiteros» idatzi zuten. Bertze berrikuntzaren bat aipatzearren, istorio erlijioso integrista katolikoak azaldu ziren, sainduen inguruan batez ere. Erreferentzia frankista ugari ere bai, jakina (hipika frogetan kasu). Dena den, 1943tik entzierroa 7etatik 8etara eraman izana ere ezin dugu ahantzi.
Frankismoaren bukaeran, 30 urte pasa eta gero, ñabardura «baskista» anitz azaldu zen, 1968tik: «txistulari», «danzas vascas»,... 1974 eta 1975ean bilakaera ikaragarria da, Baionako eguna lekuko. Honela zioen, 1975eko sarrerak, Franco hil baino lehen, Euskal Herriko hiriburuan euskararen erabilpena «0» zelarik: «San Fermín conoce bien la lengua de la vieja Iruña y gusta de las bellas canciones de nuestra montaña que a muchos nos arrullaron la infancia, y del txistu y de la gaita y del tamboril». «Zezenzusko» ere itzuli da.


IA PROGRAMA DENA EUSKARAZ.

1978an German erahil zuten. Hona hemen jaiek bizi izan duten unerik erabakiorrena. Izan ere, espainiar poliziak urte hartako Sanferminak tiroka puskatu zituen. Eta suspenditu ziren. 1979an, berriz, hau jartzen zuen azalean: «Pamplona/Iruña». Eta programa ez zegoen espainolez idatzirik. Izaitekotan, euskaraz zegoen gehienbat. Eguneroko ekitaldiak euskaraz eta espainolez idatzi zituzten, eta artikuluak euskaraz. Duela hogei urteko Iruñean! Zauriak sendatzeko asmoz? Litekeena da. Uztailak 7ko orrialdean ere ikurrina ikusten da Udaletxeko argazkian.
Bultzada hau, orain arteko ibilbidean, desitxuratu da. Poliki-poliki keinu «baskista» itzali dira. 1991tik bertakook erabiliriko eta Euskaltzaindiak onarturiko «Iruñea» beharrean UPN alderdiak inposaturiko «Iruña» erabiltzen da programetan, argazki estrategikoek nonahi diren ikurrinak ekiditen ohi dituzte eta euskarak, programa elebiduna bada ere, toki asko galdu du, euskal kulturak ez duelako berreskuratu duela hogei urte zuen eta seaskan zegoen protagonismo hura.
Azkenik, programek Sanfermin herrikoiak, benetako Sanferminak desitxuratzen dituztela idatzi da. Eta egia da, «barraka politikoak» (txosnak) edo «peñak» kasu. Turrillas maisuaren doinuekin, jota eta biribilketa nahasturik. Doinu zoragarri horiek! 1973ko programan J.J. Arazuri doktore ezagunak zioenez, 1597an neurriak hartu zituzten urtero gertatzen zena gerta ez zedin, antza denez prozesioan agintariek arno gehiegi edaten ohi zutelako, ondorio hauekin: «Muchos inconvenientes que por ser tan notorios no se dicen».
Baina zer dira egungo Sanferminak, aspaldiko jai horien hondar mixerablea ez bada? Bihotz zati bat 1936an galdu zuten, eta bertze bat Germanen azken hatsarekin. Bertako jendea Iruñetik joaiten ohi da, sena herrikoia murriztuz, orain neskek gauez ere parte hartzen duten arren. Gure aitatxi-amatxiek kondatzen zutenez, egun batean elurra bota zuen. Eta asteburuetan herrialde guzietako euskaldunez betetzen ziren karrikak, urdinez jantzirik zetozen arrantzaleak kasu. Duela hirurogei urteko bihurrikeriak ere hauek dira: bertako mutiko batzuek eskailera bat zeharkatzearen bidez tiobiboa geldiarazi eta erre edota karabinek tiroak beti desbideratzen zituztenez perdigoiak beharrean harriak erabili, eskuekin jakina, zenbait sari irabaziz. Lehenagoko alaitasun freskoa (eta basatia), hitz batez, amatatu da, euskal sena bezala. Baina etorkizunean berpizterik duenentz erronka hor da. Izan ere, hau baino zailagoa zen 1982ko kartelak saria irabaztea, sarituriko lehen abstrakto erradikala zelakotz. Eta irabazi zuen. Zezen bat, nola bertzenaz!


Azkenak
2025-05-22 | dantzan.eus
80-90 urte bitarteko dantzariz osatutako euskal dantza taldea

Adina ez dela dantzan aritzeko oztopo agerian utzi dute Errenteria-Oreretako Beti Bizkor elkarteko euskal dantza taldeko kideek. Dantzaren onurak argi erakusten dituen testigantza esanguratsuak jaso ditu Ikerne Zaratek Oarsoaldeko Hitzan argitaratutako Adina ez dadin ekiteko... [+]


2025-05-22 | LAB sindikatua
67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen
LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude... [+]

Iratxe Sorzabalen aldeko epaiari helegitea aurkeztuko dio fiskalak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Guardia Zibilak eragindako torturak onartu eta Sorzabal errugabetu zuen epaiaren aurka. Sorzabalek bere burua autoinkulpatu zuen gutuna torturen ondorioz idatzi zuela ebatzi zuen Auzitegi... [+]


2025-05-22 | ARGIA
90 kamioi baino ez dira sartu Gazan eta gosetea zabaltzen ari da

NBEk azaldu duenez, egunotan soilik 90 kamioi sartu ahal izan dira lurraldera oinarrizko elikagaiekin; beste 105 zain daude mugan. Gazako gobernuaren prentsa bulegoak emandako datuen arabera martxotik 326 pertsona hil dira elikagai eta botika faltagatik eta 300 abortu izan dira... [+]


40 minutu Iratxerekin

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]


2025-05-22 | Gedar
Geldialdia AEBen eta Iranen arteko negoziazio nuklearretan, Israelek mehatxuak areagotzen dituen bitartean

Teheranek ez du baieztatu hurrengo elkarrizketa-saioan parte hartuko duen, Israelgo Estatuak Irango instalazio nuklearrei eraso egiteko mehatxuak egiten dituen bitartean.


2025-05-22 | Axier Lopez
Alemaniako Red.media hedabidea itxiarazi dute

ARGIAk aspaldi du harremana Alemaniako Red.media hedabidearekin, beren bideo batzuk topatuko ditu irakurleak ARGIAren webgunean. Baina haien aurkako jazarpen kanpaina baten ondorioz proiektua ixtea erabaki dute. Red-eko kideek arrazoiak publikoki azaldu dituzte eta artikulu... [+]


Aroztegiako epaiketaren kronika (hirugarren eguna)
Desobedientzia zibila kriminalizatzeko irudien bila

Asteazkenean lau foruzain, bi alkate ohi eta bi kazetari izan dira haien testigantzak ematen. Geroago, amaiera amaigabean, akusazio partikularraren 11 bideo eta albistegi ikusi eta itzuli dira gaztelerara: desobedientzia zibila begien aurrean. Oso luze joan da, luzeegi.


Itzali sistema, piztu alternatibak

Energia eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorraren aldeko manifestu kolektiboa.


2025-05-21 | ARGIA
Migratzaileak beste herrialdeetara deportatzeko baldintzak malgutu nahi ditu Bruselak

Europako Batzordeak beste urrats bat eman nahi du migrazioaren kontrako politikak gogortzeko bidean: deportaturiko migratzaileek ez lukete zertan harreman zuzenik izan behar hirugarren herrialde "seguruak" deiturikoekin, hara kanporatuak izateko.


Baionako gizon bat epaitzen ari da Paueko Auzitegia, zortzi adin txikiko bortxatzea leporatuta

Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte... [+]


Foruzaingoak familia bat etxegabetu du Antsoainen, eta hori galaraztera joan direnen aurka oldartu da

10:00etan etxegabetzea gauzatzeko agindua zuen Poliziak, baina lehenago bertaratu dira sei patruila emakumearen etxera eta inguruko kale guztiak moztu dituzte. Haritu Elkarlaguntzako Sareak eginiko deiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira etxearen aurrean etxegabetzea... [+]


Gorka Ovejero, AHTren kontrako plataforma: “Zundaketen lana sabotajeen bidez oztopatzen ari omen dira, baina salaketarik ez da egin”

Abiadura Handiko Trenaren kontrako plataformak astelehenean jakinarazi zuen Espainiako Gobernua eta Nafarroakoa egiten ari diren zundaketa kanpainak ez duela etenik. Izurdiagan eta Otsobin herri mugimenduak lortu zuen geldiaraztea legezkoak ez ziren eta baimenik gabe abiatu... [+]


Erresuma Batuak bertan behera utzi ditu Israelekin zuen akordio komertzial berrirako negoziazioak

Europako Batasunak ere Israelekin dituen akordio komertzialak “berrikustea” erabaki du, 27 estatutik 17k aldeko botoa eman eta gero. Dagoeneko 53.000 hildakotik gora eragin ditu Netanyahuren gobernuak.


Eguneraketa berriak daude