LUR AZPIA EZAGUTUZ

  • ohi dugun ama lurraren erraietan barnera zaitezten gonbita luzatzen dizuegu.Ezezaguna baita oso lur azpiko mundua eta ezusteko atsegin anitz izango baitituzuebertako amildegi eta hustasun ilunetan murgiltzen zaretenean.

1999ko ekainaren 27an
Lurpeko mundua espazio geografiko konplexua da, eta giza jakinminaren gozamenerako, baita ezezaguna eta bitxia ere, mesfidati erakusten baitizkigu, tantaz tanta, bere misterio bukaezinak. Bertan nagusi dira iluntasuna, bakardadea eta iluntasuna.
Lurpeko munduak bere klima dauka, bere biztanle bereziak, baita bere ur ibilbideak ere; bilakaera lur gainaren menpe dago ordea. Batzutan ingurune latza da, gizakientzat abegi eskasekoa. Haitzuloak forma askotarikoak dira eta beren sarrerek ezer gutxi esan ahal digute barruaz. Batzutan pertsona batek nekez zeharka dezakeen pasabide txiki batek galeria itzeletara eraman zaitzake. Lur azpiko galeria hauek imajina daitezkeen norabide eta forma guztietan zabalduta daude: batzutan gela horizontalak dira, bestetan sima edo zulo bertikalak, areto zabalak edo pasabide korapilatsuak, harri-blokezko kaosak batzutan, lurpeko ibaiak, urjauzi azkar eta bortitzak edo aintzira lasaiak bestetan. Sekulako ingurunea da gainera, mugagabea.
Ezagutzen dugun sakonera handieneko sima, Frantziako Goufre Jean Bernard, 1.602 metrotaraino jaisten da, eta munduko haitzulorik zabalenak, EEBBetako Flint Ridge-Mammoth Cave-k elkarren gainean kokaturiko 560 kilometro galeria ditu. Euskal Herriak, sima eta haitzuloen garapenerako leku pribilegiatua izanik, lurpeko gune garrantzitsuak ditu. Hamar mila dira gaurdaino ikertuak eta topografiatuak izan diren zuloak. Nafarroako Pirinioko San Martin simak –1.342 metro sakon eta 54 kilometro luze– urteetan zehar sakonera marka bera izan du. Aipatu ingurunea munduko espeleologiaren erdigune da, 1.000 metro baino gehiagoko hiru sakonune baitaude bertan, nagusiena, Budogiako sima (Bu-56, 1.408 metro sakon).
Gizakiak haitzuloak aterpe eta bizileku gisa erabili ditu, erlijio gune izan dira zenbaitetan, jeinu, iratxo eta mitoen gordeleku bestetzutan, historiaurreko aspaldiko garaietatik. Gizakiak miatu gabeko hedadurarik gelditzen ez den mundu honetan, badira oraindik ezagutu eta ikertzeke dauden lekuak.
Dena den, sarri ahazten dugu lur azpiko ingurune hauek hauskorrak, sentikorrak direla oso. Edozein erasok bortizki eragiten dio, eta bere eboluzio eta berreskurapena izugarri geldoa da, batzutan ezinezkoa. Horregatik, mundu honetan sartzen garenean, arretaz ibili beharko dugu, bertako errekak, bizidunak, aztarna historikoak eta bestelako aberastasunak betirako desager ez daitezen.


Turistentzat atondutako haitzuloak

Goiko lerroek jakinmina sortu badizute eta orain beste hauek irakurtzeko prest bazaude, kobazuloak zure arreta bereganatu dutenaren isla garbia da.
Jarraian aipatuko ditugun haitzuloak, Euskal Herrian gizakiak turista eta bisitarientzat espreski atondu eta txukunduak izan direnak dira. Bertan, argiztaturiko pasabide eta aretoetan barrena, gidariak, zuen galderei erantzuteaz gain, tokian tokiko ezaugarriak azalduko dizkizue. Haitzulootan aurkitu dezakegunari gagozkiolarik, oro har bi multzotan sailka daitezke: batetik, kare-harrizko mendiguneen altzoan, haitzuloen babesean sortu ohi diren forma bitxi eta ederretako konkrezioak izango ditugu ikusgai. Haitzuloen iluntasunean, urak lurraren barnealdean, urteen poderioz, tantaz-tanta, sortutako eskulturak ditugu hauek: estalaktita eta estalagmitak, fitula edo espagetiak, urjauzi estalakmitikoak, espeka edo estalaktita eszentrikoak eta abar. Bestetik, iragan urruneko bizitzaren lekuko paregabeak, urteak poliki igarotzen diren lekuotan ongi gorde izan baitira: elur-orein, zaldi eta bisonteen labar pinturak, animali eta giza hezurdurak, garai haietako lan eta ehiza tresnak, eta abar. Euskal Herrian, turistentzat atondutako haitzuloak honakoak dira:

Sarako lezeak:
Euskal Herriko historiaurrea ezagutzeko leku aproposa, gidariaren azalpenez gain, museo txiki bat baitago gure jakinduria sakontzeko. Barneratu aurretik, bestalde, haitzuloaren sorrera geologikoa azalduko digun film laburra eskainiko digute. On Joxe Miel Barandiaranen inguruan, argi, soinu eta irudi originalez lagundurik, aretoz areto, historiaurrean ezezik, karlistadetan eta beste garaitan ere, atari zabaleko haitzulo honek bisitari izan dituenak ezagutuko ditugu. Dena den, argi eta irudi ikusgarriak baditu, ezin gauza bera esan konkrezioen gainean, ez eta labar pinturei buruz ere.

Abenduaren 25etik urtarrilaren 1era ezik, urte osoan zabalik, ordutegi ezberdinarekin ordea garaiaren arabera.

Guztira ordubeteko iraupena.

Sarrera: 30 libera, 750 pta. Tf: 335 59 21 88

Zugarramurdiko Sorginen leizeak:
Herrigunetik gertu, azaleko konplexu karstikoan Infernuko errekak sortu barrunbe nagusiak osatzen du guztia. Bere izenak adierazten duen moduan, leize hauen ospea, sorginek eta akelarreek emandakoa da. Haitzuloaren inguruan ondo egokitutako bideska batek haitzulo inguruak ezagutzea ahalbidetuko digu.

Urte osoan zabalik.

Ez da bisita gidatua. Nahi duzun denboran izan zaitezke barnean.

Sarrera: 12 libera, 300 pta.

Urdazubiko Ikarburu haitzuloa:
Haitzulo honetan, historiaurreko aztarna ugari topatu da. Zuk zeuk, gidariaren laguntza eta argiztatutako pasabide batean barrena, ur tantek, milaka urtetan zehar zulatu eta sortu duten edertasuna topatu ahal izango duzu, berriro eguzki argira irten aitzin.

Goizeko 10etatik arratsaldeko 7ak arte.

20 minutuko iraupena.

Sarrera: helduak 550 pta., haurrak 300 pta.

Isturitz eta Otsozelaiako haitzuloak:
Nafarroa Behereko lurretan, Isturitz eta Donamartiri herrisken arteko Gaztelu mendiaren hegietan, bata bestearen gainean dauden eta mendia alderik-alde zeharkatzen duten bi haitzulo ezberdin dira. Biak Arberoa ibaiak zulatu eta landuak. Lehenean, goian dagoena, labar pinturak eta bertan bizi izan zen gizakiaren aztarna arkeologikoak dira batez ere nabarmentzekoak. Behekoan, aldiz, labar pintura eta grabatuez gain, estalaktita, estalagmita eta beste konkrezio bitxi ugariz josiriko aretoak dira aipatzekoak. Tunel artifizial batean behera, bi haitzuloak elkartu eta itzuli bikaina osatu ahal izango dugu. Museo txiki bat ere badu.

Irekita martxoaren 15etik azaroaren 15 arte, 10:00etatik 12:00tara eta 14:00tatik 18:00etara.

40 minutuko iraupena.

Sarrera: 30 libera, 750 pta. Tf: 59 29 64 72

Pozalagua haitzuloa:
Enkarterrietako Karrantzatik hur, Venta Laperrako haitzulo eta Karlistaren torka sima ospetsuen alboan dago Pozalagua. Aldameneko harrobi baten ustiaketa zela medio aurkitua, berehala egin zen munduan zehar ospetsu Pozalagua, duen edertasuna eta batez ere, besteetan hain ohikoak ez diren estalaktita eszentriko edo espeken kopuru itzelagatik.

Goizeko 10:00etatik 17:00ak arte dago irekita, astelehenetan ezik.

40 minutuko iraupena.

Sarrera: 500 pta. Tf: 94 680 60 12 (Pozalagua), 94 680 80 04 (Karrantzako turismo informazioa).

Santimamiñeko haitzuloa:
Kortezubiko Ereñozahar mendiaren magalean dago Santimamiñe. Edertasun handiko konkrezioak falta ez izan arren, bisonteen labar pinturengatik da ospetsua. Baina, azken urteotan bisitak direla-eta, kalte ugari jasan du, Bizkaiko Foru Aldundiak behin-behineko itxiera agintzeraino. Azterketa sakon batean erabakiko da irekiko den edota zer nolako neurriak hartuko diren.
Hauezaz gain, baditugu etxetik gertu ezkutatzen duten aberastasunagatik ospetsu diren beste zenbait haitzulo ere. Baina lur azpiko egurats bereziak milaka urtez gorde duena betirako galtzea ez bada nahi, sartzerik ez da izango. Hala nola, Ekain –egin asmo duten erreplikari esker, pinturak guztion eskura izango dira–, Altxerri, Landarbaso, Venta Laperra, eta abar. Aipatzekoak dira ere, Arabako lurretan, naturak ez baina gizakiaren eskuak indusitako zenbait haitzulo artifizial. Behinola, bizilekutzat nahiz hilobi-zulo moduan erabili izan zituztenak, esaterako: Laño, Faidu eta Markinizekoak.


Espeleologia

Aipatu haitzuloak, ez genituzkeen ezagutuko espeleologoei esker izan ez balitz. Eurak dira, haitzulora sartu gaitezen ahalbidetu dutenak. Espeleologia, beraz, leizezuloen ikerketaz arduratzen den jakintzagaia da. Bertan biltzen dira zientzia eta teknikaren zenbait adar. Espeleologiak, era berean, hiru lan arlo nagusi biltzen ditu: espeleologia fisikoa, ingurune fisikoa aztertzeaz arduratzen dena; bioespeleologia, haitzuloetako fauna aztertzen duena eta antropologia, gizakiaren iraganaren aztarnak aztertzen dituena.
Zailena egiteko prest zarenez, alboko taulan, espeleologoen laguntzarekin soilik ezagutu ditzakezun, Euskal Herriko 20 barrunberik handienak azaltzen dizkizugu


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude