EUSKOTLAND UNITED


2021eko uztailaren 19an
Egunpasa Glasgowera joanak ginen. Stevenson Collegeko ingeles klase txatxuak ahaztearren, larunbat goizean Edinburghetik trena hartu eta hiru ordu laurdenetan bertan ginen. Grisa den arren, sasoia du Glasgowek, benetako eskoziar sena dario. Eguna harat honat eman genuen, The Barras izeneko rastro kaotikoan lehenik eta Art Gallery museoan gero. Iluntzean pub batera sartu ginen; ni neu, Matheis erraldoi alemaniarra eta Sari Finlandiako neska panpoxa. Bezeroek «My Name is Joe» filman agertzen diren pertsonaiak ziruditen; langabeziak astindutako langile ondraduak. Barran edariak eskatzen nengoela, Celtic Futbol taldeko dozena bat zale sartu ziren, oihuka eta besoak altxatuz, denak kamiseta berde zuriekin. Dudarik ez irabazi egin zutela. Burusoiltzen hasia zen ilehori bat ondoan jarri zitzaidan garagardo egarriz.
-What was the score?- galdegin nion
-Two nil, we won, -Glaswegian azentu itxian eta bostekoa luzatuz- I`m Stuart Patterson. What`s your name?
-Beñat.
-All right, Beni. Where are you from?
-From the Basque Country
-Oh, ai! You`re a Basque Separatist. Gora Iuskaddi!
-Ai, Gora Euskadi!
Zurrutean hasita, berriketan hasi nintzaion. «Easter vacation»etan (Aste Santuko oporrak) Eskozia ezagutzera joatekoak ginela; ea ze leku gomendatzen zizkigun bisitatzeko. Zenbat egun genituen, astebete edo, «orduan ahaztu ekialdea (golfaren sorleku den St. Andrews kenduta, ez omen da hain polita) eta joan zaitezte gorantz Highlands aldera, eta bidean Stirling-en geratu Wallacen monumentua ikusteko». Futbolaz berriro ariki, Stuartek, bi asteren buruan Celtic-Rangers futbol partida ikusgarria jokatzekoa zela esan zigun, liga txapelketa erabakiko zuen norgehiagoka; ea ikustera joan nahi genuen. Bai noski, nik. Matheis ere animatuko zen. Ba, sarrerak lortuko zizkigula. Deitu geniezaiola esanez agurtu gintuen Stuartek.
Highlandsetara joateko trena biziki motela dela ohartu zidan Alan lagun dublindarrak. Beraz, onena, zenbait lagunen artean auto bat alokatzea zen. Halaxe, Fiat merke bat alokatu eta, estu estu eginda abiatu ginen, Matheis alemaniarra gidari genuela. Ingeles klaseko beste bi bidaide genituen: «Il Bello» Giovanni italiarra eta Feisha Somaliako neska-gazela liraina. Zer esanik ez, Giovanniren asmoa ez zela Eskozia ezagutzea. Aitor dezadan nik ere aukera bikaina nuela Sari nigana limurtzeko.


Heroi nazionalak

Nessie, Whisky, MacAilu eta klan guztiak beren «kilt»ekin zain genituen. Eta gu gure ingeles makarronikoan. Lehenengo geldialdia Stirling-en izan zen bertako gaztelua ikusteko, Eskoziako Errege ohien egoitza, alegia. Gero Wallace Monumentera joan ginen, Eskoziako heroi nazionalaren omenez eraikia, Mel Gibsonek «Braveheart» filmatu ondoren, peregrinazio leku bihurtu dena. 1297an Stirling Bridgeko bataila egin zen, Eskoziari lau mendez burujabetasuna emango ziona. Walter Scott, Robert Louis Stevenson edo David Hume arkakusoak dira William Wallacen ondoan. Sean Connery bezain popularra da.
Hurrengo pausalekua, The Trossachs-en egin genuen, Callander izeneko herrian. Rob Roy lapur ospetsuaren lurraldea, izen bereko film ezaguna egin zen Liam Nessonekin. Turistikoegia iruditu eta alde egin genuen. Iluntzean, Fort Williamera heldu ginen, Eskoziako mendizaleen pirinioak. Glen Neviseko aterpean gaua eman ondoren, Ben Nevisera igotzea proposatu nuen; Britaniar irletako mendirik garaiena (1322 m). Bai, zergatik ez? Esan zuen Sarik. Giovanni marmarka hasi bazen ere, Feisha eta Matheis ados zeuden. Aski berandu abiatu ginen gorantz. Nahiz eta bidea erraza den, euri zaparrada itzela bota zigun blai blai eginda amaitu arte. Gailurrean argazki bat atera genuen, betiko oroimenean iltzatua geratu zaidana: laurok mela-mela besarkatuta. Giovanni berriz, albo batean haserre erauntsiak bere itxura dotorea izorratu zuelako. Aterpera iritsi bezain laster, bere fardeletik lehorgailu bat atera eta martxan jarri zuen. Horren aurrean denok barrezka hasi ginen. Hortzetako zepiloa bezain maiz erabiltzen zuen Giovannik lehorgailua, goizetan dutxatu ondoren eta gauez atera aurretik. Izugarri gozatzen zuen bere burua ispiluan ikustean adatsa alde batera eta bestera mugituz. Beste gau bat emango genuen aterpean. Afaltzeko Eskoziako jaki tipikoena eskaini ziguten: «Haggis» izeneko bola batzuk, ardi tripaki, olo eta tipulez beteak.


Amuarraina whisky erara

Abiatu eta Spey ibaiko bailaran dagoen Aviemore herrira heldu ginen, Cairngorm mendi elurtuak begira genituela. Whiskyaren ibilbidea. Turismo bulegoan distilategien gida eskuratu genuen. Knockando herrian dagoen Cardhura joan ginen. Bisita antolatuan prozesu osoa azaldu ziguten. Tokiko uraren zaporea omen da whiskyaren sekretua eta Spey ibaiko urak bereizgarri hori ematen dio. Bi whisky mota daude: malt eta blended, lehena da onena, garagar mota berezi batez egina baita. Dastaketa garaia iritsi zen. Irteterakoan, arrantzalez betea zegoen ibaira joan ginen burua freskatzera. Eguerdia oraindik eta atxurtuta geunden bostok. Bitan pentsatu gabe, Matheis autora joan, kanabera atera eta arrantzan hasi zen, alemanieraz kantari. Ez genuen inolaz ere espero ezer atera zezakeenik. Usteak erdia ustel, ekinaren ekinez, amuarrain batek tenk egin baitzuen, gero beste batek. Hirugarrena eta azkena izan zen potoloena. Tripazorriak dantzan genituela, campingasa piztu, zartaginari olioa bota eta amuarrainak zirti zarta jan genituen. Siesta ederra bota ostean, eta oraindik Cardhuren eraginpean, Aviemorera itzuli eta bertako aterpean kostata aurkitu genuen tokia. Biharamunean, porridge delakoa gosaldu eta Inverness aldera atera ginen.


Piztiaren burua

Loch Nessen amaiera puntua delako ez balitz, Invernessek ez luke aparteko interesik edukiko; eskerrak pubetan saltsa piska bat pizten den. Irlandarrak bezala Eskoziarrak keltiarrak dira: Ingelesak berriz, sajoiak. Oso argi utzi nahi dizute hori. Arrainduta daudela ordea, ingelesak bezain astapotro bihurtzen dira. Hain zuzen, pub batean goxo-goxo geundela, barran zeuden bi tipo oilartu eta elkarri bultzaka hasi ziren. Segituan, tabernaria ez beste guztiak kolpeka genituen. Aulkiak hegan alde batetik bestera eta gu zoko batean burua makurturik. Antzinako klanen berpizkundea ote? Hamar minuturen buruan ordea, liskarra amaituta zegoen eta denak berriro adiskide. «It's O.K» bota zigun tabernariak.
Biharamunean, Invernesseko aterpe txukunean lo egin ondoren, Loch Nessen ondotik hegoalderantz doan errepidea hartu genuen. Fort Augustus-erako bidean trena ikusi genuen, Invernessen abiatu eta Highlandsak osorik zeharkatzen dituena Kyle of Lochalshen amaitzeko. Deus gutxi aldatu da XIX. mendean trenbidea eraiki zenetik. Eskoziako leku tipikoenera heldu ginen: Urquhart Castle, Ness aintziraren ertzean, piztiaren burua maizen begiztatu duten tokia. Baina, topikoak topiko, aitortu behar, lakuari so zaudela, zirrara hotz batek inarrosten zaituela. Uraren belztasunak Nessie benetakoa dela sinesterazten dizu. Behelaino egunetan azaleratzen omen da. «Kristoren sakonera du, 250 metrokoa, itsasoarekin bat egiten arte», esan zuen Sarik. «Bainatuko al gara?» bota zuen Matheisek. «Yes, you go ahead» ihardetsi Giovannik.


Uharte beltza

Berriro autora igo eta Fort Augustusen bidegurutzea hartu genuen gure bidaiaren azken helmuga zen Isle of Skyera joateko.
Aurretik, beneditarren monastegi bitxi batean geratu ginen, Loch Nessen behatoki ezinhobea baitago bertatik. Bertako fraileek ere iritzi kontrajarriak dituzte Nessie munstroari buruz. Edo itsu-itsuan sinesten dute, edo asmazio hutsa dela diote; zerbait izatekotan, ur hondotik indarrez azaleratzen omen diren enborrak direla.
Sineskeriak atzean utzita, Kyle of Lochalshera iritsi ginen. Bertan, Eilean Donan Castle ikusgarria dago, «Highlander» («Los Inmortales») filman agertzen zen gaztelu hura. Bat batean, «Il Bello» kexuka hasi zen; «ze esajeratua». Baina behingoz, arrazoia zuen Giovannik, aitaren batean eltxo izurrite batek inbaditu gintuen-eta. Midges izeneko intsektu gogaikarriak uxatzeko, botika batera joan eta repellent eskatu genuen. Gorputzean igurtzita, efektua egin zuela zirudien.
Tintinen «Uharte Beltza» komikiaz oroitu nintzen Skye irla basatia zapaldu genuenean. Merezi du benetan bisitatzea. Lehen ferry bat zegoen; orain aldiz, zubi bat eraiki dute bertakoen haserrerako, 1000 pezeta ordaindu behar baitira zeharkatzeko. Portree hiriburuan harritu gintuen bi marinel zahar gaelikoz mintzatzen entzuteak. Eskozioa osoan biztanleen % 2k baino ez daki, eta mintzatu gutxiago. Highlandsetako azentua gainera, Edinburghekoa bezain garbia da, antzina, gaelikoz elekatzean, ingelesa zerotik ikasi behar izan zuten-eta.
Irla lainopean genuela, errepide estua jarraitu genuen. Giza irudia duten mendi bolkanikoek, goroldioz jantziak eta euriaren esanetara makurtuak, isiltasuna kutsatzen dizute. Bertan egin zen «Breaking the Waves» film gogoangarria etorri zitzaidan gogora. Dunveganen foka kolonia bat bizi zela esan ziguten marinelek. Bertara iristean, oinpuntetan hurbildu ginen. Bai, han ziren arroka baten gainean patxadan etzanda.
Ondoren, Tallisker whisky distilategira joan ginen, inoiz dastatu dudan whiskyrik onena. Gau hartan, Portreeko Bed & Breakfast batean hartu genuen ostatu. Bi gela genituen, bata hiru ohekoa, matrimonioko ohe batekin bestea. Giovanni azti ibili eta matrimoniokoan etzan zen, eta Feisha ohe ertzean. Banaketa egina zegoen. Biharamunean, «Il Bello» eta Feisha eskutik helduta eta elkarri laztantxoak eginez agertu ziren. Bistan zen gau eraginkorra igaro zutela. Alan dublindarra biraoka hasiko zen hura jakin bezain laster. Egun osorako bapo uzten zaituen British Breakfast gosaltzen ari ginela, Sari kexu agertu zen gau osoan Matheis eta bion zurrunga kontzertua nozitu behar izan zuelako. «Nik ez dut zurrungarik egiten-eta!»


Mr. Hyde lasterka

Itzulerako bidea hartuta, mendebaldeko kostan dagoen Oban herrian geratu ginen bazkaltzeko. Bertatik Mull Irlara doan ferrya hartzekotan izan ginen. Baina azkenean zakurraren putza. Edinburgherantz gindoazela, «Whisky in the Jarr» Thin Lizzyren kanta hamaika aldiz jarri zuen Mathaisek. Sarik lo hartu eta nire magalean etzanda egin zuen bidaia; gero nik berean. Laino batean flotatzen bezala nenbilen. Gurekin atzean lo zihoan Giovannik ere nire sorbalda hartu zuen burukotzat.
Aste hartan, Stevenson Collegeko klaseen ondotik, Sari eta biok itzuli bat ematen ari ginen Old Town eta Royal Mile inguruan. Karrika hauek musika eta antzerki emanaldiez betetzen dira Abuztuko «Fringe Festival» gomendagarrian. Kafetegi batera sartu ginen. Eskuak kafesnearen katiluan berotu ondoren, oldartu eta nire eskua luzatuz berearen gainean jarri nuen... Barkatzeko baina bazuela mutilaguna Finlandian, oso jatorra nintzela, eta abar luze bat. Agurtzean, «ulertzen nuela» esan nion. Beste behin musu-huts. Frakasoaren ondoren, zerurantz begiratu nuen. Eskozian zerua une oro ari da aldatzen, instant batean ortzia arras urdin egotetik hodei beltzez estaltzera pasatzen da. Edinburgheko alderdi iluna baino ez nuen ikusten.
Mr. Hyde bezain nahasia, «Trainspotting» filmako pertsonaien gisan korrika hasi nintzen Princess Street zeharkatuz; Holyrood jauregira iritsi arte ez nintzen geratu. «Carros de Fuego» filman protagonistaren lasterketa tokia. Handik, oraindik arnas-estuka, Edinburgheko gotorleku itzela mirestu nuen. Laino beltzen artean azken eguzki printzek zirrikitua aurkitu zuten, grisa eta gorria. Nik dakidala gaztelua ez dute inoiz film batean behar bezala profitatu. Arnasa sakonki hartu eta haize freskoak baretu ninduen. Ze arraio! Hobe da damutzea egin duzunaz egin ez duzunaz baino. Kontsolamendua nuen, gainera: Celtic-Rangers Glasgoweko bi talde etsaien arteko ikusgarria. Celticek irabazi edo berdinduz gero, liga eskuratuko zuen. Larunbat arratsaldean beraz, Matheis eta biok Celtic Parken ginen Stuart eta beste milaka katolikoen ondoan bandera irlandarrak astinduz. Beste aldean, «Big Jack» banderekin, Rangers protestanteen zaletuak, Britania Handian egoteaz harro daudenak.


Epilogoa

Porrota beste behin. Celticek 1 eta 3 galdu zuen partida. Liga txapelketa Rangersek irabazi zuen. Ikusi behar zenuten Stuart Pattersonen aurpegia. Penak itotzeko edo, 17 pinta garagardo (bederatzi litro inguru) zanga zanga irentsi eta oraindik zutik zirauen. Pubetik balantzaka eta bizkarretik hartuta atera bagenuen ere, kontent zebilen Stuart bere errekorra hobetu zuelako


Azkenak
Zahartzaroak

Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]


2024-05-27 | Jakoba Errekondo
Bertan bertan... erlesemeari

Maiatzak 4 zituen, larunbatarekin. Ez zen giro bereziki beroa, baina bai, hotzik ez behintzat. Halako batean burrunda, burrunda galanta, aspaldi entzun gabekoa. Hor azaltzen da etxeko atarian erle pila, milaka erle hegan, hegada sinkronizatu dotorean, dunbots batean. Erlesemea.


Eguneraketa berriak daude