«JAKOBINO ETA GIRONDINOEN ARTEKO DEBATEA BEHAR DUGU»


1999ko apirilaren 11n
Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuna (UDF) alderdiaren lehendakariordea zara, Démocratie Libérale joeratik dimisionatu ondoren. Zer falta zaio Frantziako zentro-eskuinari, (UDF-RPR) ezker-anitzaren alternatiba bat osatzeko etorkizun hurbilean?
UDF zentroko alderdi bat da, eta RPR alderdiaren parte bat ere zentroan dago. Hortaz –Frantzian dagoen eraketa politiko dela-eta–, ez da ageri zentroko eta eskuineko alderdi bat modu argi batez. Dugun hauteskunde sistemak –bi itzuliko sistema– bi alderdi garrantzitsuak ezkerrean eta beste bi eskuinean izatera eramaten gaitu. Gainera,

gaullismoa
delako fenomeno bitxiagatik RPR jarri dugu beti eskuinean, eta gainerakoa bere ezkerrean. Funtsean, UDF eta RPR arteko ezberdintasun politikoak ez dira oso argiak. Hori bizitza politiko frantsesaren arazo handia da, aipatzen duzun ezker-anitzaren alternatiba izateko gainditu behar duguna.

Gainerako eskuinak, Fronte Nazionala (FN) alderdiak ere zer ikusia izan du horretan guztian azken urteotan...
Bai. FN alderdiak arazo zaila ekarri zuen frantses politikara, bere agintarien posizioa eskuin-muturreko botoemaileen posizioa baita. Nahiz jakina den FNk boto desesperatua, langabetuena eta Frantzia mundurantza zabaltzeak dakarren beldurren bidez lortzen dituela botuak. Alderdi biziki berezia da FN, eta begibistan denez, FNren hazkundeak rol zinez garrantzitsua jokatu du eskuinaren kaltetan eta ezkerraren garaipenean. Nolanahi ere, orain hiru hilabete FNren baitan izan den haustura oso izan da garrantzitsua eta horrek lagunduko du zentro-eskuin-anitza osatzen.

Zerk eragin du Jean Mari Le Penen alderdiaren krisia, zure ustez?
FNk zerabilen argudio pisuzkoena hauxe zen: «Gu beste alderdietatik ezberdinak gara. Gu herritarrez arduratzen gara, eta besteak politikakeriaz». Diskurtso hori, jakina, politikan ardurak ukan aitzin mantentzen ahal zuen. Politika egitean kontradikzioak jalgi dira bere baitan, bere aurkako prozesu juridikoak izan dira eta kontradikzio horietan alderdi klasikoek baino are okerrago –nolabait esanda– jokatu du.

Europako hauteskundeak burutuko dira ekainean. UDF eta RPR bereiz aurkeztuko dira. Zeintzu dira beren diferentziak eta zein zure asmoa UDFren baitatik?
UDFk RPRrekiko dituen alde nabarmenak Europa eta Europako erregioei buruzkoak dira. UDF Frantzia guztiz deszentralizatua eta Europa federalaren alde dago. RPR Frantzia zentralistaren alde –Frantzia jakobinoa– dago, eta hortaz ez da UDF bezain europazale. Europako hauteskundeetarako ene asmoa Francois Bayrou sustengatzea da. Bere zerrendan izanen naiz. Ni neu oso motibatua eta pasionatua nago Europako hausteskundeetarako lanetan. Europaren eraikuntza gure belaunaldi politikoaren eginbehar handienetako bat dela uste dut.

Politika lokalera etorriaz, BAM distrituaren presidentea zara. Aglomerazio Erkidegoa izatera pasatuko da laster, fiskalitate bakarrarekin. Bere hautetsi propioak izatea proposatu zenuen ere bai. Zertan da afera?
Parisko Asanblea Nazionalean indarrean dagoen legearen bitartez, hiri bakoitzeko bozkak baliatzea proposatu nuen BAMeko hautetsiak aukeratzeko. Legeak ez du hori posibilitatzen eta, antza, aglomerazio handietan baino ez dira eginen hauteskunde zuzen hauek. Gurean ez berehala behintzat, ez gara nahiko handiak.

Bere txikian ere, Ipar Euskal Herrian –BAM buruan buru– kostapartearen garapen azkarrak barnealdearen txirotzea ekar lezakeen beldurra dago...
Horixe da BAM kudeatzen dugunok saihestu nahi duguna. Gure proiektua Euskal Herriko Auzapezen Biltzarrera aurkeztua izan zen. Biltzar honek biziki ontsa ordezkatzen ditu Ipar Euskal Herriko laboral herriak. Gure aglomerazio proiektuak nolabaiteko partzuergoa proposatzen du kostaparte eta barnealdearen artean. Esaterako, BAMaren inguruan diren hogei herri –50.000 bizilagun– gure proiektura bildu ahalko dira, haiek hala erabakitzen badute.
Ekonomia nahiz turismo zein kultura eta informazio alorrean garatzen ari garen aglomerazioa oso hurbil dago barnealdetik; ireki dugun Internet gune komuna lekuko. Konbentzituak gara, barnealdea eta kostapartea elkarrekin garatu behar ditugula. Jende kopurua eta aberastasun handiena kostapartean izanda ere, kultur tradizioa eta izpiritua barnealdean aurkitzen dela kontziente gara. Beraz, aldi berean bide egin behar dugu.

Bide egite horretan aski al da Ipar Euskal Herriaren garapenerako Garapen Eskema deitua? Zein da honi buruzko zure balorazioa?
BAM distritua hasieratik dago «Euskal Herria 2.010» proiektuari atxikia. Niri dagokionez, Aurrekontuetarako ministroa izan nintzeneko gobernuak Ipar Euskal Herria

Pays
bezala ekarri zuen. Haren ondorioz, lurralde lege berria antolatua izan zen, eta hemengo alderdi politikoekin batera onartu zen Eskema deitua. Oso egokia iruditzen zait. Bistan da, luzerako proiektu bat da, Departamendua eta Erregioko instituzioekin batera landu beharrekoa.

Departamendua aipatu duzu. Ez al duzu Ipar Euskal Herriarentzako departamendu baten beharra ikusten?
Bi gauza honi buruz. Euskal Departamenduari buruzko eztabaida pozoindu da erabat Frantzian. Hasieran proposamen administratibo bat zena debate politikoa bilakatu da, anbiguoa. Nire ustez debatea ez da interesgarria, formula administratibo departamentala ez baita formula aktiboa. Frantses Iraultzaz geroztik departamendutan banandu zen Frantzia, orduko laboral lurraldera egokitutako formula izaki. Frantzia ordea, herrialde urbanizatua bilakatu da. Gaur egun, hiri-aglomerazio eta erregioen inguruan antolatu behar dugu Frantzia. Departamenduaren formula zaharkitua geratu da.

Europako erregioak aipatzean, Ipar Euskal Herriak Hego Euskal Herrira begiratzea da naturalena. Egitura komun bat izatea logikoena ere.
Egitura komunetako bat –eta izan daiteke gehiago ere– Baionako Ituna da. Europako arazoetarako ministroa izan nintzenean, negoziatu eta sinatu nuena; egun indarrean dagoena. Oso garrantzitsua, bai sinbolikoki bai juridikoki. Itun honek kolektibitate publiko frantsesak kolektibitate espainolaren barnean modu juridiko batez parte hartzea ahalbideratzen du, eta alderantziz. Bere lehen aplikazioak Irun-Hendaia-Hondarribia herrien arteko partzuergoa ekarri du. Hori muga alde honetatik ikusita, benetako iraultza bat da. Horren lekuko zenbaiten aldetik izan diren erreakzioak.

Horien artean Jean Pierre Chevenement barne ministroarenak. Ez dirudi begi onez ikusten duenik ere Donostia eta BAMen artean lantzen ari den euskal euro-hiria proiektua.
Nik bai ordea. Ene egiteko politiko guztietan mugak haustea izan da ene xedea. Bidasoako mugaren eraispenean parte hartu dut, Frantzia Shangai deritzan akordioan sartzen lagunduz. Honen bitartez kendu zen pertsonen kontrola mugetan. Geroztik, Baionako Ituna, BAM eta Gipuzkoaren arteko euskal euro-hiriaren proiektua gauzatzen lagundu dut, eta gainera diot, oso gustura egiten dudala.

Euskal Departamendu baten gauzatzeak balkanizazio gisako bat ekar zezakeela ere esan da. Ez al da gehiegitxo esatea?
Nik uste dut beldur horiek gainditzeko tenorea heldu dela. Hegoaldeko bake prozesuari aiduru nago. Egiten ahal dugun hoberena da alde bat bestearen aferetan ez sartzea. Eta hala izanik ere, bake prozesuaren ondorioen zain egon gabe, gure harremanak aitzina joan behar dira. Eta hori egiten ari gara eusko euro-hirian. Moneta bakarreko eta mugez gaindiko Europa egiteko gure arteko bizitza erraztu behar dugu, beldurra uxatuz, baina betiere demokraziaren izpirituan eta gizabanakoaren eskubideak errespetatuz.

Lizarra-Garaziko akordioa Iparraldera zabaltzea hemengo politikan sartzea ote da? Hainbestekoa al da?
Zenbaitetan Hegoaldeko nazionalistak Iparraldeko aferetan sartzen dira. Hemengo debate politikoan eragiten dutenean gainera, hemengo hiritarren izpirituan kontrako eragin bat sortarazten dute, zinez. Ez dakit hainbesteko ote den, baina Lizarra-Garaziko partaide diren indarrek akordioa ez dadila krispazio sortzeko izan lan egin behar dute. Badaude, elkarrekin aritzeko bideak, eta partaide naiz horretan. Ordea, hasten bagara esaten Iparraldean ditugun arazoak Hegoaldean dituztela soluziobidea, ez. Baditugu puntu edota arazo komunak, baina funtsean guk geure arazoak ditugu, eta nork bere arazoak soluzionatu behar ditu. Esaterako, ni ez naiz Baiona edo Angeluko aferetan sartzen, nahiz finean elkarrekin lan egitea xede dugun. Era berean, BAM eta Gipuzkoako Diputazioa proiektu komun bat ari gara lantzen, baina ez gara sartzen Diputazioaren aferetan, ezta bera gurean ere.

Euskal Departamendurik gabe, instituzio propio bat ontzat hartuko zenuke? Hizkuntz Kontseilua bere gain hartuko zukeena bederen...
Belgiarren exenplutik ikasi behar dugu nik uste, eta berezi zer den antolatze politikoa eta linguistikoa. Gure estatus kultural eta linguistikoa ez dugu osatua. Nahiz badugun EKE eta herrien arteko sindikatu bat, euskararen ezagutzaraino joan behar dugu. Horretarako Frantziak Europako karta delakoa sinatu behar du. Gobernuan izan nintzen bitartean karta sinatzeko aurkeztu nuen, nik neronek konpartitzen ez ditudan argudio juridikoengatik errefusatua izan zena. Anartean, modu praktiko batez, gauza konkretuak aitzina eramaten saiatzen naiz. Internet gune komun bat zabaldu dugu BAM eta Donostia artean, informazio eta zerbitzua eskaintzen duena Hegoalde eta Iparraldearen artean, eta euskaraz egin ere. Urrunago joan behar dela? Ados.

Frantzia, askatasunaren seaska deitua, Europarekiko desfasaturik hatzematen dut nik.
Europan bi kontzepzio historiko ezberdin politikoak dira. Estatu multinazionalaren tradizioa eta eskubide kolektiboak ezagutzen dituena, eta tradizio uninazionalak eta gizabanakoen eskubideak baino ezagutzen ez dituena. Frantziak bigarrena ezagutu du orain arte. Frantzia herritarren eskubideen deklarazioa sortu duen herrialdea da. Iraultzak jende guztia maila berean jarri zuen, eta bi mendeen ondotik, guk egiten dugun akatsa, berdintasuna –égalité– eta uniformitatea nahastea ote den nago. Jakobinista eta girondinoen arteko debatea bizkortu behar dela uste dut.

Azkenik, zer deritzozu frantses sozialistek departamenduari buruz daramaten politika?
Euskal sozialistek gaizki jokatu dute abertzaleekiko. Bigarren aldia da dagoeneko. Mitterrandek erabili zuen demagogia kritikatu nuen jadanik bere garaian. Politikan dena da zilegi. Departamenduaren alde edo kontra egon zaitezke, baina ezin da jendearen izaera eta sentimentuekin jolasean ibili

EUROPARI BEGIRA
EUROPARI BEGIRA
1944 sortu zen Pauen. Jatorriz biarnesa eta euskal herritarra adopzioz. Euskal Herrian ez dago bera bezain goian ibilitako politikorik: Europako arazoetarako eta aurrekontuetarako ministroa izana da zentro-eskuineko gobernuetan, baita eurodiputatua ere. UDFko lehendakariordea da, baina betiere alderdi honen lemari atxikia. UDF alderdi demokrata liberala izaki, eskuinera lerratzearen kontra dihardu.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude