TUNEZ NEGOZIAZIO GUNE


1999ko otsailaren 14an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
TUNEZ NEGOZIAZIO GUNE
ESPAINIAKO «ABC» egunkariak iragan astean zioenez, Tunez izan daiteke ETA eta gobernuaren arteko elkarrizketarako balizko lekuetako bat. Eduardo Serra Espainiako Defentsa ministroa Tunezen izan zen iragan urtarrilaren 25 eta 26an eta, besteak beste, aukera hau iradoki ei zion Tunezeko Abidine Ben Ali lehendakariari.

LEGEBILTZARREKO ZURRUNBILOAN
IRAGAN asteko EAEko Legebiltzarreko gertakizunek zenbait gauza agerian uzten dute: gizarteko tentsio politikoa maizago islatuko da Gasteizko Legebiltzarrean; EAJ eta EAren gutxiengo egoera EHren sostengua galduz gero, honek jeltzaleengan sortu duen alarma nabarmen ikusi da zenbait lekutan; oposizioak ez du akatsik barkatzen; Espainiako Auzitegi Nazionalari txiki geratzen zaio Eusko Legebiltzarra. Sarritan, justiziarekiko berdintasuna ahuntzaren eztularen parekoa da Espainian, Jose Barrionuevoren kasua begiratu besterik ez. Hilaren 19an Josu Urrutikoetxea eta Joxean Etxebarriaren gaiak segida izango du Eusko Legebiltzarrean.

TORTURA KOMISALDEGIETAN
IKER Bea, Ismael Fakhri, Asier Urrestarazu eta Rikardo Peñafiel gazte tolosarrek, Polizia Nazionalaren eskuetan izan ziren hiru egunetan torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zioten Carlos Divar Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari. Gazteek kale borrokarekin zerikusirik duten zenbait salaketei egin beharko diote aurre.

NAFARROAKO BAKEAREN MAHAIA
NAFARROAKO Bakearen aldeko Mahaia Legebiltzarrean osatzeko tramitazioaren hasierari baietz eman zioten alderdi guztiek iragan astean. Orain ikusi beharko da ostegun honetan taldeek zer jarrera erakusten duten. Proposamena Nafarroako Ezker Batuak egin du eta taldeek onartuko balute bakegintzaren inguruko batzorde bat eratuko litzateke; kasu honetan, Iruñeko Mahaiarenak –Ajuria Enekoaren parekidea– egin du.

GUTUNAK ENPRESARIEI
URTE amaieran zenbait enpresarik ETAren gutunak jaso zituela salatu zuten segurtasun indarrek. Orain Nafarroan zabaldu ei dira gutunok. ETArenak ziren ala ez ikusteko zain egon behar zela aipatu zuen orduan zenbaitek. ETAk, ordea, ez du gaiari buruzko aipamenik egin bere azken komunikatuan. Txantxetarako gaia ez den arren, jakina, gaiari umorea jarri diote zenbait komunikabidek eta Javier Ansoategi gobernuko ordezkariak: lehenek gutunak ETAk eta Jarrai erakundeak sinatutakoak zirela jakinarazi zuten eta bigarrenak ezeztatu egin zuen, «Jarrai» hori ohiko «Bietan Jarrai» leloa zela alegia, Ansoategiren esanetan «seguir hasta el final» esan gura duena.

ETA-REKIN EGON ZELA BERRETSI DU
ETA-K dio ez ziola eskaini elkarrizketarik «Cambio16» Espainiako aldizkariari. Baina aldizkariari berdin zaio eta baietz, egon zela berretsi du. Orduko elkarrizketa ikusita, ordea, Espainiako zenbait komunikabideez gain inork gutxik eman zion sinesgarritasuna. ETAren komunikatuaren ondorengo alean, kazetariak elkarrizketaren pelikula kontatzen du, benetako filme batean bailebil gainera.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude