AURKI BERRIRO UHINETAN


1999ko urtarrilaren 31n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Hernaniko Molotoff Irratiaren ahotsa ixilaraztea erabaki zutenetik urtebete eskas bete denean, bertako kideak berriro emititzen hasteko azken prestaketetan murgildurik daude. Egoitza berria ari dira atontzen eta martxoan uhinetan izatea espero dute.
Udalarekin harremanak eten eta gero, beti ere berriz uhinetan izateko xedea buruan, bazkide kanpaina abiatu zuten Molotoff Irratiko kideek. Harrera ona izan zuen. «

Bakoitzak ahal zuen moduan kolaboratu du. 70 bat pertsonek erantzun dio kanpainari eta oraindik jarraituko dugu. 100dik gora bazkide lortzen saiatuko gara, hau baita gaur egun dugun diru sarrera bakarra. Horren bidez alokairua ordaintzea espero dugu
» dio Iñaki Zuza irratiko kideak.
Egoitza berria Florida auzunean dago, Sagastialden. 90 metro kuadro inguru ditu eta bertan estudioa, bilera gela, bulego txiki bat eta biltegi bat sartuko dituzte. Azken asteotan lokala txukuntzen, tresnak eta altzariak paratzen... dihardute.
Martxorako emititzen hasi nahi dute eta horretarako epe bat jarri dute: «

Korrika Hernanitik pasatzen denerako prest egotea nahi dugu, egun horretan irratsaio berezi bat egin ahal izateko. Hori programazioaren abiapuntua izatea nahi dugu, ordutik aurrera saioekin erregularki hasteko
».
FMko 99.0ean mantenduko da Molotoff Irratiaren seinalea. Antena oraindik ez dute jarri egoitza berrian, baina Hernani osora, Ereñozu aldera eta Astigarraga aldera ere hedatuko omen da.
Beste erronka bat ere badute eskuartean: «

Saiatzen ari gara arratsalde eta gaueko programazioaz gain, goizerako magazin bat ere prestatzen. Gainera, ikusita Egin Irratia ere ez dagoela, hori garrantzitsutzat jotzen dugu
»


Azkenak
Eguneraketa berriak daude