Badator Korrika. Martxoaren 19an Iruñetik abiatuko da eta hil horren 28an lekukoa Donostiara iritsiko da. Horretaz gain, eta ohikoa denez, Korrika kulturalak hainbat ekintza ekarriko du, hainbat hiri eta herritara. Berrikuntza garrantzitsua izango du, ordea, aurtengo edizioak. Hamaikagarrena izaki, omenduak ere hamaika izango dira, eta ez bakarra, orain arte bezala. Hamaika esparrutan euskararen alde diharduten hamaika pertsona edo erakunderi eskerrak eman nahi zaizkio horrela. Hona hemen omenduen zerrenda: Pedro Migel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaile taldea, Argiñe Iturregi, Euskalerria irratia, Arantza herria eta Maiatz taldea.