XAHOREN EIBARTASUNA


1999ko urtarrilaren 17an
Euskara irakasleak hagitzez erosoagoa zaion bidetik hartu du. Atzean utzi du egilearen estiloa –Xahok frantsesez idatzi zizun azken batean gehiena–, atzean literatura arrasto guztia, eta atharratzearraren biografia aberatsak ematen dion aukeran aitzina egitea ebatzi du. Ikasleak nekez dira estrategia maltzurraz ohartuko, Lafittek behinola plazaratutako susmoa oso gerta liteke gustagarri, eta erositako prezioan baino ez du salduko. Ez dabil, naski,

abertzale
eta

ezkerreko
etiketajearen itzuri. «

Xaho ezkerreko independentismo moderno baten aintzindari gisa hartu izan da
», borobilduko du. Baina ikasleen gogoa oso da menditarra borondate onenaren aurrean, atoan ohartuko da erabilitako argudioen ahulaz, betizuek telefono kabina bati bezala behatuko diote, eta orduan jabetu da azken baieztapen batek baina ezin salba dezakeela saioa. Anekdota ezjakintasunaren estalki. «

Xahorena izan zen lehen hileta zibila Euskal Herrian»
, bota du azkenik. «

Eta badira ehun eta berrogei urte luze
», gehitu du. «

Baionan
».

XAHOREN
azken buruko erabakiak, alegia, hilerriratzeari dagokion asmo suharrak, badu kategorizazio politikoak ez duen zerarik, eman dezagun, gaiztobiderik. Lurra emateko tenorean Eliza Katolikoaren patrifilioetara ez makurtzearen kontu horrek heroi neurria eman dio idazle aspergarriari. Gurutzerik gabe ehorztearen amets lainoak aise hartu du ikasleetan. Iragana oraina bilakatu da. Erromantiko zaharren bristada sumatu uste izan du aurrean dituen begi gazteetan –

Azti begia
-ren indarra!–, eta historiako garaipen txikien gozoa aho sabaian finitu du Xaho Abbadierekin lotzen duen ikasgai petrala.
Ez dira bi egun igaro ordea Eibarko adiskide baten deia jaso duenerako. Lagun baten semea hil da auto istripuz, lanetik etxera zetorrela. Aurrez hala erabakita, ez dute elizan sartuko, baina izanen du azken agur zibilik. Negu beltzeko arratsalde hartan, mundua bilduko da Orbea frontoian Kepa Sarasketari ez adiorik esatera.

IRAKASLEAK
handik gutxira izanen du xehetasunen berri, ezin gertuagoko batek begietara behatuz jaulkia. Kontua da Eibarren borroka zaharren garaitik datorrela hileta zibilena, herriko sozialisten, komunisten eta

alfisten
artean batez ere, heriotzaren gaineko ezinbesteko atzen berbak egiten dituen abade laiko eta guzti. Desberdintasuna, kasu honetan, ez da esparru ideologikoan soilik bilatu behar baina. Etxearena ere hor dago. Eibarren tradizioa bai, baina ez da lokal publikorik Xaho berriei azken agurra emateko. Eta kanposantua hoztu egiten da norbaiti lur eman behar zaion bakoitzean. Zorionez, alkateari egindako deiek erantzun azkarra izan zuten. Frontoia ezezik Amaña auzoko areto bat ere eskaini zen udaletik. Estalpea bederik. Handik egun gutxira, Orbea frontoia berriro beteko da Imanol Laspiurri lagun arteko azken agurra emateko. Zenbat zor diogun Antxon Narbaizari! Zelako berbaera xamurra Serafin Basaurirena!
Eibarko kasuak, bistan da, beste koska bat estutu du –berriro ere– eskubide zibilen gurpilean. Eta irakaslea poztu da ikasgai berriagatik. Bidea zabalago datorke aurrerantzean. Adiskideak izatearen zortea erabiliko du gogoan. Ez daki norena den eginbeharra, baina familiarik edota lagunik gabeko hildakoek dutela lehenbizi zerbitzu zibil baten eskubidea aldarrikatu du bere baitan etxerako bidean. Horrela, ezin panfletoago.
Gau hartan Xaho izanen du gomutan. Eta Txomin Agirrek bekatu guztien sukalde agertu zuen Eibar, euskal herri gehienentzat Baiona errepublikarreko hilobi ahaztu bat bezain urrun. Bezain argi


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agosti Chao
2018-11-06 | ARGIA
"Agosti Xahoren biografikoa" aurkeztuko du Asisko Urmenetak Atharratzen

AztiHitza. Agosti Xahoren biografikoa. Hala du izenburu Asisko Urmenetaren azken lanak. Azaroaren 24an Xahoenean aurkezpen ilustratu-musikatua egingo du 19:00etan. Jan-edana izango da tarteko eta 21:00etan Patxi Saizek kantaldia eskainiko du.

 


Agosti Chaho
Gorrien eta abertzaleen aitzindari
Atharratzeko Chahoren (1811-1858) bizitza eleberri erromantikoa da. Euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jotzen dena, ezkertiarra eta laikoa zen. Pentsaera deserosoa zuenez “ameslarien” ziegan giltzaperatu dute batzuek. 150 urteren ondoren, bere ideiak bizirik... [+]

Eguneraketa berriak daude