IKASTOLEN UR NAHASIETAN IGERI

  • anitza izan da. Sinplea dirudien arren, ez da makala ikastola bat zer den azaltzea. Ikusmoldu ugari dago ikastolaren izaerari dagokionez eta beste horrenbeste elkarte.

1999ko urtarrilaren 17an
1993. urtea ikastolentzat berezia izan zen. Mugarritzat har daiteke, Eusko Autonomi Erkidegoan (EAE) batik bat. Fernando Buesak, garai hartan Hezkuntza Sailburuak, asmo eta helburu maltzurrekin Euskal Eskolaren Legea aurrera atera zuen ikastolen mundura zatiketa eta gaztazka giroa ekarriz. Kolore guztietako gertakizunak eman ziren herri, auzo eta ikastola desberdinetan. Arrazoi desberdinak zirela medio, eta oso prozesu gordinaren ondorioz, batzuek sare publikoan integratzearen aldeko apustua egin zuten eta beste batzuek sare kontzertatuan geratzea erabaki zuten. Gutxi gora-behera ikastolen % 60k azken aukera honi heldu zion eta % 40k publifikaziora jo zuen. Batzuk –sare kontzertatuan geratu zirenak– Partaide elkartearen barruan bildu ziren; sare publikora joan zirenetako erdiak Ikasbatuaz sortu zuen. Zauri guztiak konpontzeke dira oraindik.
Gaur egun guztiek ikastolaren ikurra jasotzen dute baina batzuek besteek baino ikastolago sentitzen dute berea eta azken urteotako matrikulazio kanpainetan tirabira bat baino gehiago gertatu da haien artean; guztiak ikastolak izanda ere batzuk –Ikasbatuazekoen esanetan– bigarren mailako ikastolatzat kontsideratuak izan bide direlako.
Ikasbatuazen Ikastola izaerari eusteko adorea dutela aldarrikatzen dute irmoki, eta izaera hori sare publiko zein pribatuko ikastola guztiei dagokiela uste dute.
Partaideko Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak dioskunez, ikastolek beren burua berkokatu behar izan zuten 93ko publifikazio prozesuaren ondorioz, eta hain zuzen ere prozesu horretan daude egun Ikastolen Elkartearen barruan hasi berri den berregituraketaren inguruko hausnarketan. Sukiaren ustez,

«gure proiektuaren afirmazioan kokatu dugu gure burua une honetan».
Eztabaida ñabarduraz beteta dago. Partaidekoen arabera, gakoa beste maila batean dago:

«Bakoitzaren buruaren jabe izatean datza eztabaida. Une honetan badaude ikastola batzuk bere buruaren jabe direnak, onerako eta txarrerako, eta beste batzuk aldiz ez, administrazioaren agindupean daude»,
dio Sukiak. Helburu zein eguneroko zereginak berdinak baldin badira ere autonomiaren eztabaida dantzan dabil eta iskanbila bat baino gehiago sortu du.
Ikastolen Elkarteak martxan jarri berri duen berrantolaketa

«guztion onerako»
izango dela uste du Ikasbatuazeko Mariaje Fullaondok. Elkartea euskarazko eta euskal irakaskuntza propioa sustatu nahi duten guztien etxea bilakatu da, tira-bira guztien gainetik; bere baitan arlo pedagogikoaren haria bera dute sare eta egoera administratibo desberdinetan dauden ikastolek.
Partaideren barruan 55 ikastola biltzen dira, orotara 35.000 ikasle eta 2.000 irakasle. Erakunde hau 1995ean eratu zen 1993ko publiko-pribatu eztabaida prozesuaren ondoren. Bere baitan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolak biltzen dira. Ikastetxeok ikastola ereduari eutsi zioten eta ekonomia eta administrazioaren eremuan zeuzkaten arazo berezi eta propioak kudeatzeko elkartu ziren. Bidenabar, Ikastolen Elkartea indartzea erabaki zuten Hezkuntza arloaren inguruan Plan Pedagogiko batez.
Arestian aipatu bezala, sare publikora bildutako EAEko hainbat ikastolak (22) osatzen dute Ikasbatuaz. 1993-94 ikasturtean sortu zen eta 1995ean legeztatu, ikastola eredua mantenduaz, Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko lanean sare publikoaren barrutik jarduteko asmoz. Orotara 10.500 ikasle eta 918 irakasle biltzen ditu.
Ikastola hauek, ordea, 1993. urteko publifikazio prozesuan sare publikorantz jauzia egin zutenen erdia besterik ez dira, beste hainbestek erakundetu gabe egotea erabaki zuen, bakoitzak tokian tokiko erabakiak hartuz eta ibilbide «autonomo» bati ekinez. Ikasbatuazen elkartzearen arrazoia sare publikora bilduriko ikastolek elkarrekin antolatuta jarraitzea izan zen; hasiera batean publifikazio prozesu korapilotsu bati aurre egiteko beharrak batu zituen, Administrazioarekiko negoziaketetan zintzilik geratutako hariak elkarrekin lotzeko.
Sare publikoan dauden ikastola gehienak –ez guztiak– Ikastolen Elkartearen kide dira gaur egun. Gehienek, federazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzeaz gain, Ikastolen Mugimenduko partaide izaten jarraitu nahi dutelako.
Ikasbatuazen helburu nagusien artean honako hauek aurkitzen ditugu: euskal hizkuntza eta kultura sustatzea; irakaskuntzaren kalitatea eta ikastetxeen kudeaketa hobetzea bere antolamendu, ekonomi eta kurrikulum kudeaketaren autonomiaren esparruan. Ikastola-eskola publiko euskaldunen indar metaketa lortzea da beraien erronka nagusia. Horretarako, ikastola guztiak errekonozimendu bera izanik, Euskal Eskolaren ereduaren zutabe izan nahi duen Euskal Eskola Publiko Berriaren helburuekin bat egiten duten ikastetxe publiko euskaldun guztiekin elkarlana bultzatzeko asmoa dute. Batzuk eta besteak administrazioen zatiketa gainditzea dute helburu.


EIB ETA HEZIBIDE.

Euskal irakaskuntzaren unibertso berezi honetan beste erakunde eta sigla batzuk ere agertzen zaizkigu, hots, Eusko Ikastola Batza (EIB), eta Hezibide Hezkuntza Taldea. EIBk hamabi ikastola biltzen ditu, konfesionalak batzuk, sekularrak besteak; denak pribatuak. EIBko Ignacio Marin zuzendari gerenteak adierazi zigunez, Euskal Herriko abertzaletasun moderatuaren izpiritu pean leudeke ikastolok, EAJren ingurumarian alegia. Orotara, 9.191 ikasle (6.641 famili), eta 708 langile hartzen ditu. 1986ko martxoaren 21ean sortu zen. Bizkaiko hainbat ospe eta ezagutza handiko ikastolaren itzalpean egon ohi da, Lauro Ikastola bere erreferentzia nagusietakoa izanik. Baina Gipuzkoan eta Araban ere baditu ikastolak: Bizkaian zortzi ikastola (Artxandape –Bilbo–, Begoñazpi –Bilbo–, Berakruz –Markina–, Juan Ramon de Iturriza –Berriz–, Karmengo –Bilbo–, Lauxaeta –Zornotza–, Lauro –Loiu–, Txomin Agirre –Ondarroa–), Gipuzkoako hiru (Ekintza Ikastola –Donostia–, Mariaren Bihotza Ikastola –Donostia–, Mariaren Lagundia Ikastola –Bergara–) eta Gasteizko Olabide Ikastola.
1982-83 ikasturtean aukera pribatuaren aldeko estraineko bira eman zuten garai hartako lehen publifikazio keinuak antzematen hasi zirenean eta 1988. urtean ikastolen barruan sare publikoarekiko lehen konfluentzia prozesua eman zenean ikastolok bere bidetik jarraitzea erabaki zuten, pribatutasunaren aldeko apustua eginez. Tartean gertatu ziren interes desberdineko arazoak medio –hitzarmen kolektiboa, ikastolen arteko disfuntzioak eta abar– Ikastolen Elkartetik irten ziren. Ikastolen Elkarteko estrategiak itolarrian jartzen bide zituen aukera pribatu honen alde egin zuten hainbat ikastola.
Urtetan EIB nahiko bakartuta egon da ikastolen unibertsoan eta bere bide propioa eraman du. Egun pribatuak dira, ez daude federaturik baina urtetan egondako hausdura eta harreman eza gainditze bidean dago; Ikastolen Elkartearekin proiektu bateratuak dituzte jada.

«Publifikazioa eman zenetik Partaideko zein EIBko ikastolen artean elkarlan dinamika berri batean sartu gara, helburu berdinak ditugulako»,
diosku Ignacio Marin EIBko zuzendariak. Urtarriletik aurrera EIBko irakasle batek Ikastolen Elkarterako lan egingo du haur hezkuntzarako material didaktikoa prestatze lanetan.
Marinen esanetan EIBko ikastolak helburu baten inguruan elkartu ziren, hots, hezkuntz proiektu baten alde lan egiteko, lehen publifikazio prozesuaren aurrean beren ezaugarriak galtzeko arriskua ikusten zuten eta.
Egun –Partaidekoak bezala– ikastola kontzertatuak dira, Eusko Jaurlaritzatik diru laguntza jasotzen dute eta beren ekonomia nahikoa onbideratuta daukate. 98-99 ikasturteko aurrekontua 4.597 milioi pezetakoa da (183 miliar libera inguru). Duela aste gutxi jakin zen bezala, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak ikasturte honetarako EIBri 97,6 milioi pezeta ematea erabaki du. Diru laguntza hori sare pribatua ordenatzeko prozesuaren barruan ematen du Jaurlaritzak. Hor legoke ikastoletako irakasleen soldata eta beste zentro pribatuetako irakasleen soldata parekatzeko asmoa. Sare pribatuko ikastolei ere –Partaidekoei– 480 milioi pezeta emango die Jaurlaritzak.
EIBren barruan ikastola konfesional eta sekularrak daudenez harreman estuak dituzte egun EIEF erakundearen zein Partaideren barruan biltzen diren ikastetxe erlijioso eta ikastola desberdinekin. Miguel Marinen esanetan, EIBn Euskal Eskolaren aldeko apustua egiten dute, beti ere norberak bere hezkuntz proiektua defenda dezan, bere berezitasunekin, eta administrazioarekiko harremanak izaten behartuak izan gabe.
Hezibide Hezkuntza Taldea Deba Garaiko zortzi ikastetxek osatzen dute. Ikastetxeok irakaskuntza arautua eta ez-arautua eskaintzen dute, Haur hezkuntzatik hasi eta Unibertsitate ikasketetan bukatu. Talde honetan Eskoriatzako Almen eta Arrasateko San Francisco Xabier, San Biator eta Ume Zaintza ikastolak daude. Haur Hezkuntzatik Heziketa ziklorainoko ikastetxeak daude talde honetan. Arrasateko unibertsitatearen barruan dauden Arrasateko Eskola Politeknikoa, Oñatiko Eteo eta Aizke Cim Arrasateko hizkuntz atzerritarren zentroak ere Hezibideko kideak dira.
Guztira 6.000 inguru ikasle eta 594 langile biltzen ditu Hezibidek. Ikastola hauek Partaideren barruan daude baina estatus berezia dute. Joserra Zubizarreta Hezibideko Komunikazio arduradunaren esanetan, talde honen ezaugarririk aipagarriena kooperatiba integrala izatean datza. Honek langile, bazkide laguntzaile eta guraso-ikasleen partaidetza ziurtatzen du organu erabakiorretan.
Guztien artean gizartearen eskabide dinamikoari erantzutea dute helburu nagusia, bikaintasunaren bidea urratuz. Horren erakusgai dira ikastetxe bakoitzak bere errealitatera egokitu dituen proiektu anitz. Esperientzia berritzaileetara irekita dihardute iraunkorki.


ESKOLA PUBLIKOA.

Euskal Autonomi Erkidegoko Eskola Publikoak ere pisu nabarmena du irakaskuntzaren eremu zabalean. Datuak eta zenbakiak kontuan izanik, bere presentzia oso adierazgarria da eta irakaskuntzaren erradiografia egiterakoan bere lekua ozenki aldarrikatzen du. Beste sare eta ereduetan gertatzen den moduan, Eskola Publikoan erakunde andana biltzen da, guraso elkarte, zuzendari ordezkaritzak eta abar luzea.
Zenbakietara etorriz, EAEko Eskola Publikoan –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza tartean– 247.000 ikasle daude. Datuon artean, jakina, arestian zenbatu ditugun Ikasbatuazeko 10.500 ikasleak sartuko lirateke. Ikasleez aparte, beste 20.000 bat irakasle daude sare honetan, horietatik 3.500 bat ordezkapen lanean.
Eskola Publikoaren organigramaren goiko puntan Eusko Jaurlaritzarekin egiten dutu topo. Gobernuko ordezkaritza bana dago herrialdeko. Organigrama horren barruan, halaber, zonaldeka ikuskaritzak eta eskualdeka PAT pedagogi aholkularitzak daude.
Sare Publikoko Lehen Hezkuntzako premia nagusienak, hots, eraikuntzak, mantenimenduak eta abar, herri bakoitzeko udaletxeen menpe geratzen dira. Bigarren Hezkuntzaren kasuan, aldiz, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du ardura hori.
Gurasoen esku dago Eskola Publikoaren unibertso honetako partehartzerik nagusiena. Guraso elkarteen aniztasuna horren eredu. Herrialde bakoitzean izen desberdinarekin baina helburu berekin aurkitzen ditugu BIGE –Bizkaia–, Baikara –Gipuzkoa–, Denon Eskola –Araba–, edo Herrikoa –Nafarroa– bezalako gurasoen elkarteak

Orden erlijiosoetako eskolak

Euskal Autonomi Erkidegoko Hezkuntz sisteman ere oso sustraituta dauden hainbat ikastetxe pribatu dago. Ikastetxe katoliko zein elizbarrutiko horiek irakaskuntza pribatuaren % 42-43 osatzen dute (hezkuntza sistema osoaren % 32). Eskola katolikoak Euskadiko Irakaskuntza Erlijiosoen Federakuntzan (EIEF-FERE) biltzen dira, ez ordea elizbarrutiko beste hainbat ikastetxe.
Marianistak, Jesuitak, Klaretarrak, Mariaren konpainiakoak, La Salletarrak eta abar luze bat aurkitzen ditugu eremu honetan eta EAEko irakaskuntzan benetako pisua dutela esan genezake. Guztira sare kontzertatu, pribatu zein publikoko ikastolen ikasle kopurua bikoizten dute, 90.000 ikasleekin. 3.800 gela eta 5.700 irakasle daude ikasturte honetan orden erlijioso horietan guztietan. Elizbarrutietako ikastetxeak gehitzen baditugu, 110.000 ikasle inguru leudeke sare honetan.
Nafarroan ez bezala, ikastetxe hauetan ere euskarazko irakaskuntzak bide garrantzitsu zein aipagarria egin du EIEF-FEREko idazkaria den Felix Ezama Lasalletarrak jakinarazi digunez. Emeki euskarak gune berriak bereganatzen joan da. Egun 2.000 gela ditu A ereduan, 1.300 B ereduan eta 420 D ereduan.
Felix Ezamak aitortu zigunez,

«euskalduntze prozesuan biderik gaitzena gure sailean dago».
Euskalduntzearen aldeko joera gero eta nabarmenagoa dela ziurtatu bazigun ere, ez zuen ukatu beren eremuan lan eskerga zegoela egiteko eta oztopo eta zailtasun handiak zituztela.
Gaur egun beren ikastetxeen eskaerak kontutan izanik 2003-4 ikasturterako B-D ereduetarako 600 irakasle gehiago behar dituztela dio Ezamak. Bide horretan lan egiteko asmoa dute eskola katolikoetako arduradunek. Datozen urteetan euskalduntze prozesuaren bidez zein hainbat irakaslerentzako aurrejubilazio planen bidez irakasle kopuru hori lortzeko asmotan ari dira. B eta D ereduak nagusitzen doazela beren ikastetxeetan eta joera hori geldiezina dela aitortzen dute.
Dena den, Eusko Jaurlaritzak euskalduntze prozesuaren barruan Eskola Publikoarekin begirune handiagoa izan bide du: Ezamaren esanetan dirulaguntza handienak sare publikora joan ei dira eta sare pribatua pixka bat bazterturik geratu da.
Orain Jaurlaritzarekin adostu nahi duten hitzarmen berriaren zutabe nagusietakoa euskalduntze prozesua litzateke.
Diru laguntzez gain, EIEF-FEREko arduradunak adierazten duenez, eskola katolikoen munduak baditu kontuan hartu beharreko berezitasun batzuk, nahitaez euskalduntze prozesuan eragin zuzena dutenak. Orden erlijioso batzuen kasuan Euskal Herri mailako elizbarrutian daude eratuak eta hemen bertan daukate erabakigunea. Baina, aldiz, beste zenbait ordenatan Espainia mailako elizbarrutiaren menpe daude eta erabakigunea Madrilen dago. Kasu horietan, beraz, zailtasun bereziak dituzte batik bat euskalduntzearekin zerikusia duten erabakiekin


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude