"Haurrek folklorea ez dute ikasten, ez ikastolan eta ez kontserbatorioan"


1996ko abenduaren 15ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zure azken lanean akordeoia baztertu egin duzu. Inork erabiltzen al du gaur tresna hori?

Egia esan, oso jende gutxik. Batu itzazu kontzertuetan, folk egiten edo ezteietan akordeoia jotzen dutenak, eta zenbat dira?

Zure ikasleei zer esaten diezu orduan?

Batetik, hori bakarrik ez diet irakasten. Egunero hiru otorduetan arrainzopa ematea litzateke bestela. Egoeraren froga begien aurrean dago: inork ez duela akordeoia jotzen segitzen. Hemen bat baino gehiago dira munduko txapelketa irabazi dutenak: Balerdi, Furundarena, Castaño Segovian irakasle dagoena. horiez gain beste asko ibili dira Europatik... eta non daude gaur?

Ni ere ibili naiz lehiaketa horietan. Begiak irekitzen lagundu dit ibilera horrek, eta egia esan teknika aldetik lantzera behartu ere bai. Baina orduan nirekin aritutakoen arrastoa jarraitu dut, hemengoena, Frantzia edo Alemaniakoena. Eta inor ez da ageri. Orduan, zergatik dago akordeoia dagoen bezala? Akordeoijolerik ez dagoelako. Lehen mailako ehundaka pianista aurkituko duzu, baina akordeoiarekin berrogeita hamar urtetan kontzertuak ematen jarraitzen dutenak, hiruzpalau. Jendea kiskali egin da hausnartzeko ahalmena edukitzeko puntura iritsi aurretik.

Mundu guztiak txalotu du Arrasateko txapelketa. Eta akordeoiaren zirkuitua lehiaketetan datzala dirudi.

Hasteko, maila horretako lehiaketek jende helduagoarentzat izan behar dute. Biolin edo piano lehiaketak helduagoentzat dira, ez hamalau urtekoentzat. Neskamutikoak kiskaltzen ari zara.

Egia esan, nire ikasleak ez dira horrelakoetan interesatzen. Guk, adibidez, euskal kanta zaharrak irakasten ditugu. Zeren eta orain gaztetxoek ez dakite «Pello-Joxepe» kantatzen. Lau kanta irakasten zaizkie eskolan. Eta ez ikastolan eta ez kontserbatorioan ikasten ez badute, non ikasi behar dute folklorea?

Trikitixaren munduan ere zure bidaiatxoa egin duzu.

Beti egon naiz musika herrikoitik gertu, etxeko giroagatik, ikastolako haurra izanik. Horretan zorte handia izan dut, musika eta dantza edoski ditut mutikotan. Aurreraxeago Tapia ezagutu nuen, bera eta Junkera gauza berrietan sartzen ari zirenean. Pepe Iantzi eta Enrike Zelaiaren fandango eta arin-arin guztiak jo ditudala uste dut, eta akordeoi lehiaketen eromenean sartuta nengoenean ere beti aurkitzen nuen ordu erditxoa horretarako.

Trikitixa txapelketan aurkeztuta, agian ausartegia izan nintzen. Txapelketa iritsi zenean, Tapia eta Leturiak «kalean gora Euskadi, etxean erdaraz» dion pieza hori jo zuten, badaezpada ere; eta ni urrunxeago joan nintzen.

Trikitilarien pieza klasikoak ere akordeoijoleek asmatuak dira, baina.

Trikitilarien erdian, armonia aldetik beste ikuspegi bat nuen, eta hala moldatu nuen han eskainitakoa. Baina egitura klasikoa zuten nire piezek. Epaileak ordea, disonantzia erdi bat entzun eta burura eraman zituen eskuak: «Gaizki egin du». Ez zuen galdetu «zer egin du?», ez baitzuen ulertzen. Pittin bat jazzaren koloreetara hurbiltzen ziren akorde batzuk ziren. Azkoitiko saioan azkena gelditu nintzen, baina ideia berriekin zetozen trikitilariei laguntzen nien irudipena neukan.

Geroztik sortu zen trikitilari elkartea ere.

Bai, Arrate irratian hasita bilera batzuk egin ziren, eta elkarte baten oinarriak jarri. Baina bertsolariek beren elkartearekin egin dutena ez dute lortu. Gure bileretan ez nuen ikusten helburu bat, ez modu bat. Ez da trikitilarien arazoa bakarrik, musikarien artean ere ez dugu lortzen zerbait serioa aurrera ateratzerik. Bertsolariak argiagoak izan dira.

Kalean gaur entzuten den akordeoi bakarra trikitixa dela esan daiteke.

Eta normala da. Gaur musikak hemen betetzen duen funtzio bakarra «jiji-jaja» hori da. Herri honetan daukagun saltsa guztiaren gainetik, funtzionatzen duen bakarra hori da, eta akordoiak ez du sekula alor hori bete. Zelaia bera oso serioa izan da. Iantzi eta horiek aspaldi galdu ziren. Trikitixak jai eta festa giro horretan bilatu du altxorra.

Dena dela, hasieran esan duzunera itzuliz, ez diot akordeoiari uko egin. Hurrengo diskoa akordeoi hutsez egin nahi nuke. Hori da ongien menperatzen dudana, eta horren bidez adierazten dut ongien nirea.

Aztertu dezagun pittin bat argitaratu duzun CD-ROM hau, gure artean musikari batek burutu duen lehena.

Begira, musika ez dut planteatzen bizimodua ateratzeko modu bezala. Ondo berezi nahi ditut irakasle lana, jateko ematen didana eta ongi zaintzen dudana, eta bestetik sormena. Sormenaren alorrean, beti interesatu zait irudia. «Libertango» aurkeztean ere erabili genuen, Metropolisi egindako moldaketan... musika osagai deskribatzaile bezala erabiltzea, alegia.

CD-ROMa alde horretatik ideala da: musika duzu, irudia, bideoa, argazkia, eta guzti horrekin zerbait burutzeko posibilitatea. Hitzak ere sartu ditut lehendabiziko aldiz, kantak, kontakizunak sintetizatzeko behar nuelako. CD-ROMa zenbaitek osagarri bezala ikusten du, baina ez dut uste zuzena denik; beste tresna bat da. Oraingoz alukeria batzuk dituena: kantak ez dira osorik entzuten, memoria aski ez dagoelako. Baina entzuleak ordenadorearen aurrean jarri behar du, eta irentsiko al du musikariaren txapa guztia? Behar bada oso gutxik.

Atal estetikoez gain osagai komertziala ere izango du euskarri hori aukeratzeak.

Egia da musika saltzea gero eta zailago dagoela. Sekulako butxadura nabari da, eta inora ez daraman bide batean lasterka goazela dirudi. Euskarri hori katalogo edo aurreko bidearen bildumatzat ez zait interesatzen _azken finean gaztea naiz oraindik_, nahiz eta informazio hori ere erosleari eskaintzen zaion. Munduan argitaratu diren CD-ROM asko erosi ditut, eta diru asko gastatu _garestiak baitira_ eta era ezberdinetakoak ikusten dira. Bob Dylanek ez du berea ikusi ere egin, disketxeak egin dio eta kitto. Peter Gabrielek guztiz konbentzituta egin du, aldiz, euskarri horretan sinesten duelako, behar bat duelako. Musikariak sentimendu eta sentsazio asko jasotzen ditu, eta horiek beste osagai batzuekin onduta musikaren iragazkitik pasata eskaintzeko beharra hor dago.

Ea hori irakurleari hobeto esplikatzen diozun.

Joan den egunean «Goazen lagun» hau Hernanin aurkeztu genuenean, Iñaki Eizmendi hurbildu zitzaidan. Esaten zuen halako sufrimendu bat somatzen zuela hitzetan eta musikan, seguruenik holako zerbait bizi izan dudalako. Egia dela erantzun nion. Bi urteko lana biltzen duen honetan egoera pertsonal bat dago erditik. Lana argitaratzea bera da egoera hori gainditzeko beste modu bat. Ez da publikoarekin konfesatzea, baina nire lanak hala kaleratu izan dira, sufrimenduak gainditzeko modu bezala.

Nostalgia, denbora, etsipena... hori da giroa.

Estreina neronek egin nahi nituen hitzak ere, eta idatzi nituen. Baina oraindik ez nago horretarako prestatua; kantak Joserra Gartzia eta Xabier Amurizak berridatzi dituzte. Pavese, Lete, Tere Irastortza, Mikel Lasa eta abarren zatiak ere badaude. Argi berria, eguzki berria, ordu ilunak... Polita da frogatzea nola bat egiten duten duten gai horiek hainbeste jenderengan. Letek «ordu ilunak» aipatzen ditu eta Silvio Rodriguezek «las horas que nunca brillan». Horiek ilustratzeko Dali, Magritte, eta horien bidetik sortu ditugun irudi berriak.

Eta musika herrikoia. Musikariok zuen sormenarekin segurtasun faltaz aurkitzen zarete?

Hori baino gehiago, erantzunkizunagatik jo izan da herri musikara, galtzen ari den gauza hil ez zedin. Dena dela, funtzio hori gaindituta dago eta ateak zabalik. Nik sinbolismoa landu nahi nuen, «Ametsaren bidea» lanean ere hortik jo nuen, eta herri musika primeran datorkit horretarako. Musika herrikoia izan daiteke pinturan surrealismoa dena.

Musika herrikoia, tradizionala edo dena delakoa, ez al da hori kultura periferikoek esportatzeko duten gai bakarra? Merkatu kontu bat.
Gaur egun bai. Orain «etnikoa» deitzen dena horixe da. Bakarrik batzuetan txukun lantzen dela herri baten altxorra eta beste batzuetan prostituitu egiten dela.

Hemengo jenderik ba al dago prostituituta?

Oraindik ez dut ikusten holakorik, ez dakit maila horretaraino iritsi ezin garelako edo kontsiderazio moralengatik izango den.
Egia esan, zer esporta dezake Euskal Herriak? Herri musika eta rock borrokalaria esango genukeena.

Baina hori barneko mugimenduaren isla da, ez kanpotik erakargarri ikusten denarena. Hutsune handi bat dago. Ideia falta izugarria dago eta gazteak rock gogorrera eta heavyra doaz. Hogeita hamar urtez goiti zabiltzatenok paso egiten diozue denari, desliluratuta zaudete, eta atzetik datorrena bestea da: neska-mutikoek dena irensten dute.

Duela hamar-hamabost urte sentsibilitate gehiago zegoen. Baina inertzia batean erori gara. Gero kanpora irteten zara eta gustu pittin batekin egindako kontzertu batean Sevillako Monumentala betetzen da. Edo Granadan, edo Cartagenan, edo Murtzian. Jendea berdin doa rock kontzertu batera, kontzertu klasiko batera edo jazzera, ez dizut musika etniko delakoa bakarrik aipatuko. Sentsibilitate falta handi bat dago hemen. Kosta egingo da aldatzea.

Igoal gertatuko da musikariek ere zeresan berri gutxi daukazuela.

Baliteke. Har ezazu Oskorri bat: gauzak egiteko modu bat badu eta beste urte askotan segi dezake formula horrekin. Zoaz Madrila eta hori da euskal folkean dagoen gauzarik progresiboena. Bere formularen perpetuazioa da, eta komunikabide guztietatik inbutuz sartu nahi zaigu. Ni ez naiz gauzak perpetuatzearen aldekoa, eta horregatik ez dut bi aldiz gauza bera egiten, ikastea beharrezkoa zait. Benito Lertxundi berari ikusten zaio eboluzionatzeko nahi bat; beste gauza bat da adin bat izatea, eta jendeak ere kantaldietan beti aurreko gauzak eskatzea. Baina ahalegina hor dago.

Kanpoko merkatua aipatzen duzu behin eta berriro. Hori ere Madrildik kontrolatzen al da?

Dudarik gabe Radio Nacional de Españako Ramon Trecet-en esku dago % 85 disko batek funtzionatzea edo ez. Kepa Junkera begi onetik sartu zaio Treceti, eta hori du ondoko bost urteetan funtzionatzeko bermea. Askok beren produktuak Trecetengan pentsatuz egingo dituzte. Nik ez dut beragan pentsatu, baina nik ere kanpoko merkatuari erraztu nahi dizkiot gauzak, hitzak ingelesez ipiniz eta beste. Euskal Herrian klanek funtzionatzen dute, eta bakoitza bere aldetik doa. Politikan bezala. Gehiago ikusten dugu bereizten gaituena lotzen gaituena baino.

Trecet Espainian jainkoa da musika berriak, beste musikak edo new age deitzen den horretan. Hori zirkuituetan ere ageri da: musika mota horientzako hiri mordoska batez osatutako sarea dago. Euskal Herrian ere bere adarrak baditu, hor dago Arpafolk, Euskadi Irratian ere zerbait bada, baina indar gutxiagorekin. Egia esan, produktu gutxi daude hemen Trecetek kontrolatzeko modukoak.

Euskal Herriko zirkuituak ongi ezagutzen dituzu...

Gaztetxeen eta inguruko mugimendua dago batetik. Niri ondo iruditzen zait nahi duten musika programatzea, baina «funtzionatzen duena» aipatzen hasi eta «ona» edo «txarra» zer den erabakitzera pasa dira, zer den erakargarria eta zer aspergarria. Eta tristea da burubide hori. Instituzioen zirkuituak daude bestetik, bi urtez behin aldatzen direnak, bakoitza bere lagunekin. Ni ezin naiz kexatu, badira ni baino askoz okerrago tratatuak izan direnak. Baina kultura osoa dago dirulaguntzen lerroan. Begira antzezleei eta besteei.
Entzulearengana iristeko beste biderik?

Alan Griffin-eta Donostiako ostatu batean ari dira jotzen. Guk ere, Alboka osatzen dugun taldean, datorren urte osoan hori egiteko asmoa dugu: astero taberna batean jo. Folk musika dantza eta festari lotuta dabil. Ostatuetakoa da beste bidea, Europan oso erabilia.
Sorkuntza gero eta disziplinartekoagoa da. Eta laborategikoa.

Niri behintzat hala interesatzen zait. Gauzak bere izakera garbian interesatzen zait hartzea, baina egunero irensten duguna era anitzetan iristen zaigu. Sortzea ere berdin egitea iruditzen zait logikoena. Oraintxe bertan letra bat hartu eta kanta bat osatzea ez zait interesatzen.
Estudioko lana nahiago dut zuzenekoa baino. Estudioan azkenean gezur bat eraikitzen duzu, konposatzen, grabatzen. Gezur hori ahalik eta konplexuen eta elaboratuena izatea interesatzen zait, gero sinesgarria izan dadin. Horretan da oso polita surrealismoa.

Sorkuntzak gero eta garestiagoa dirudi.

Egia da. Bi urteotan orain argitaratu duguna kontrolatu nahian urrats asko egin dugu alferrik. Nire orduak kontatu gabe, lagunen orduak daude. Eta lagun horiek altxor bat dira. Loteria bat ere bada, zirkulu batean mugitzea eta lagun on batzuk edukitzea. Sortzea garestia da, ez dut hortik bizitzeko asmorik. Ez dut esango gizadiari sekulako etekina eskaintzen ari naizela, baina nire lanean erantzunkizunez jokatu nahi dut. Kultur munduan mugitzen garen edo zareten beste batzuen artean sentitzen naiz horretan.



Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude