"Helburutzat daukatelako sortzen dute enplegua kooperatibek"

  • Zamorako Puebla de Sanabrian jaioa da Antonio Cancelo, 1936an; ezkondua, bi seme-alaben aita, 1967an Eibarko kooperatiba bateko gerente izendatu zuten. Handik bi urtera, Eroskiko zuzendari; 1990ean, presidente; 1992an, MCCko banaketa-elikadura alorreko presidenteorde, eta iaz, talde osoaren buru.


1996ko uztailaren 28an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Mondragon Corporacion Cooperativaren urteroko balantzea egin berria duzue. Zer iruditu zaizu taldearen bilakaera, Euskal Herriko ekonomiarenarekin, adibidez, alderatuta?

Nahiko ona izan da, oro har, 1995.a MCCrentzat. Nahiko ona diot, ez baitago esaterik dena ona izan denik. Baina bai, batez beste pozik ibiltzeko moduan garela esango nuke, iazkoari dagokionez. Salmentak asko hazi dira, % 16 inguru; talde industrialaren hazkundea banaketakoarena baino handiagoa izan da; emaitzak 38 mila milioi pezeta ingurukoak izan dira (1.500 milioi libera), aurreko urtekoak baino % 12 gehiago, beraz; baina ezer azpimarratzekotan hauxe aukeratuko nuke: bi mila lanpostu berri sortu ditugula. Hori da guretzat garrantzizkoena.

Argituko al diguzu nolatan lortzen duzuen enplegua sortzea langabezia tasa % 20tik gora dagoen herri honetan?

Neronek ere oso ongi ulertzen ez ditudan faktore batzuk badira hor, egia esan. Nolanahi ere, helburu bat lortzerik badago, baldin eta lortzeko borondaterik ageri bada. Agian ez erabat, baina horretarako bidean jarri bai behintzat. Guk urtero azaldu ohi dugu hainbat lanpostu sortzeko asmoa. Eta esplikazio argiena horixe da: helburutzat jartzen dugula. Zeren eta bakarren batek jomuga enplegua sortzea baldin badu, bilatuko ditu horretarako bitartekoak.

Lanaren Banaketaren inguruko Jardunaldietan, Donostian, hemen ez dagoela enplegua sortzeko borondaterik adierazi zenuen. Zenbait enpresarik ez zituen gustura entzungo hitz horiek.

Uste dut zera esan nuela, zehazki, borondatea dela lanpostuak ekar ditzakeen eragilea, motorea. Edonola ere, inor kritikatzeko asmorik ez nuen. Oker gabiltzala iruditzen zait, harremanetarako enfrentamendua eta haserrea erabiltzen ditugunean. Herri ttikia gara, ttikiegia, horrela aritzeko. Beraz, nola aurrera egin, hori da benetan kezkatu behar gaituena. Eta denok gatoz bat, nik uste, honako honetan: langabezia da daukagun arazo larriena. Ingurura begiratu besterik ez dago, 30 urte beteak dituen eta lanik gabe dagoen norbaiten tragediaz jabetzeko. Donostiako jardunaldietan esan nahi nuena, honenbestez, hauxe zen: nola lortu helburu bat, inor arazoaren erantzule sentitzen ez bada?

Bakarren batek Everest mendira igotzeko proposamena egingo balit, bost urte itxaroteko esango nioke, Aizkorri baino mendi altuagorik ez baitut igo. Baina bost urteak pasata, agian, 6.500 metroko mendi gailurrik joko nuke. Hori da asuntuaren gakoa: ahalegina egin dudala. Enpleguari dagokionez, jendaurrean esan nuen enpresek ez dutela helburutzat hartzen enplegua sortzea. Sortu egiten dute, jakina, zertan arituko ginateke bestela? Baina ez helburua hori dutelako. Sindikatuek ere ez dute hori helburua. Nahi bai, noski. Gobernuak? Horrek ere ez du enplegurik sortzen. Eta hobe, egia esan. Beraz, gaiaren mamia ez da dagoen lana nola banatu, lanpostu berriak sortzeko zein bitarteko erabili baizik. Horregatik diot zure galderak baduela erantzunik: helburutzat daukagulako sortzen ditugu lanpostuak.

Teknologia berriak, ordea, milioika lanpostu ari dira ezabatzen, batez ere EEBBetan eta Europan. Gerora ere horrelamoduz segituko al dugu?

Baietz uste dut. Teknologia berriak gizarte eredu berria ari dira eragiten. Produktibitatearen izugarrizko hazkundea, adibidez. Ez teknologiak soilik, baita erakuntza prozesuak ere. Baina hurbileneko historian bertan aurki genezake bilakaera horren arrastorik. Nik neuk badut behar hainbat urte zera gogoratzeko, idien eta mandoen ordez traktoreak noiz erabiltzen hasi ziren baserrietan. Kolpe handia izan zen, jende asko ari baitzen artean nekazaritzan. Industriak bereganatu zituen, ordea, nekazaritzako jende soberakinak. Beste hainbeste ari da gertatzen egun industrian. Alor honetatik zerbitzuetara jo behar izan du jende askok.

Izan ere, enpresa kontzeptuari dagokionez ere ari da aldaketarik izaten. Lehen halako osotasun moduko batean eratzen ziren zenbait lantoki: jantokia bertan, ekonomatoa, haurtzaindegia ere batzuetan... Berez industriarekin zerikusirik ez zuten hainbat enplegu alor honetakoak balira bezala agertzen zitzaizkigun. Eta gerora batetik bestera mugitu dira enplegu horiek. Esan dezadan, dena den, industriarik ez balego ez legokeela zerbitzuen garapenik ere. Bestalde, nahiz eta batzuetan kezkati ibiltzeko arrazoirik falta ez, tremendismorako joerak bazterrera uztea komeni dela uste dut. Eta gogoratu nahi nuke, enpleguaz ari garenez, honako hau: egitura produktiboan teknologia maila handiena barneratu duten herrialdeak, horiexek dira enplegu tasa handienak dituztenak.

Zeure eremura, kooperatiben ingurunera itzuliz, zenbaterainoko garrantzia du egun horien bultzatzailearen, aita Arizmendiarrietaren pentsakerak? Bizirik al dirau? Edo noizean behin apaingarritzat erabiltzen den ikurra besterik ez da kooperatibismoaren filosofia?

Erantzun biribila emango dizut: bizirik dirau. Sorrerako izakerari eutsi dio kooperatibismoaren filosofiak, errito eta gainerakoetan aldatu bada ere. Edozein dotrinak, bere buruari leial izango bazaio, jakin behar du gizartearen aldaketen arabera egokitzen. Aita Joxe Mari Arizmendiarrieta benetako iraultzailea izan zen, aldaketa sakonen bultzatzailea. Bere pentsakera ere aldatzen jakin zuen, baina beti ere konstante batzuei eutsiz, funtsezko elementu batzuk gordez. Eta funtsezko zera horiek bizirik diraute. Adibidez: kooperatiben filosofiak dioenez, lanak du nagusigoa enpresan, ez kapitalak. Horrek lehengo berean segitzen du, tinko.

Erabakiak hartzerakoan, ez dira kapitalaren arabera hartzen. Langileek, kooperatibetako partaideek hartzen dituzte, eurek demokratikoki hautatutako ordezkariek. Hori kooperatibismoaren funtsezko ezaugarria da, inondik ere aldatuko ez dena. Jakinik, beti ere, dotrina baten eginkizuna bere inguruko gizartean eragina izatea dela. Eta gizartea aldatzen bada, dotrina ere mugitu beharko da, gizarte berriari egokitu. Hori ez da, derrigorrez, sorrerako ideiei traizio egitea, garaian garaikoari lotzea baizik. Eta printzipioen alorrean ari garenez, aipa dezadan beste hau ere: emaitzak. Enpresek -kooperatiba, elkarte anonimo edo edonolakoak direla ere- emaitzak, etekinak izan behar dituzte. Eta ahalik eta etekin gehien gainera. Galdera hortxe dago, ordea: etekinak, zertarako, zer egiteko?

Hortxe duzu hurrengo galdera

Gurean argi dago: kooperatibek lortzen dituzten etekin guztiak horietan lan egiten dutenengana itzultzen dira, norberarengana edo talde osora. Alderdi teknikoari dagokionez, gainerako enpresek erabiltzen dituzten bitartekoak darabiltzagu geuk ere. Baina kooperatibismoaren funtsak hor segitzen du. Are gehiago ere esango nuke: gaur egun inoiz baino handiagoa da kooperatibetan elkartasun maila. Hasierakoarekin alderatuta, ezberdina da, dudarik ez, elkartasun mota. Orduan pertsonalagoa zen, kooperatibistak bata bestearengandik hurbil sentitzen ziren. Egun instituzionalizatu egin da elkartasuna, baina ez dago beste biderik gure izakerari eutsi nahi badiogu. Sekula izan ez ditugun fondoak eta bestelako tresnak ditugu gaur egun. Ordaindu egin behar dira, egia da. Hortxe dago, baina, benetako elkartasuna, norberak zeozer eman behar duenean. Gainerakoan, badugu joera gizakiok antzinako egoerak hobestekoa eta gaurkoak gutxiestekoa. «A!, gaztaroko gardentasun hura, konpromezu maila, ekiteko gogoa!», esan ohi dugu. Nire aroa, ordea, nire bizitza osoa da. Eta gaur kooperatibetara datozen gazteek bestelako baloreak izango dituzte, beharbada, baina guztiz zilegizkoak.

Kooperatibetan egin al duzu zeure ibilbide profesional osoa?

Bai. Nire kurrikuluma hiru lerrotan idatz liteke. Hasierako boladatxo bat ezik -lanbide liberal batean aritu nintzen- gainerako bidea kooperatibetan egin izan dut. Eibarren sortu zuten kooperatiba bat duela hainbat urte, eta bakarren bati bururatu zitzaion neuk izan behar nuela gerente. Garai hartan ezertxo ere ez nekien ez ekonomiaz, ez kooperatibez, ez gerentziaz. Ekonomiak ez ninduen batere erakartzen. Soziologiak, filosofiak, teologiak,... horiek bai; baina ekonomiak! Baina harrezkero honetan nabil, eta oso gustura gainera.

Pertsona zorrotza, luxu gutxiren zalea, kasik aszetikoa omen zara.

Beno, jendeak esaten duen guztiari ere ez zaio kasu handiegirik egin behar. Egia da ahalegintzen naizela nire ingurukoekin harreman onak izaten. Gustura egoten naiz jendearekin, eta jendea nirekin horrela egon dadin nahi izaten dut. Gainerakoan, ez naiz mokofin horietakoa ere. Afizio arruntak ditut: paseatu, mendian ibili, irakurri. Kirola gustukoa dut, gaur egun askorik egin ez arren. Frantziako Tourrari erne egoten natzaio, arreta handiz batzuetan. Mesalotxean zein liburu daukadan oraintxe? Manuel Vazquez Montalbanen azkenekoa, «Un polaco en la corte del rey», oker ez banaiz.

Hogei urte aurrera begiratuko bagenu, ekonomia-fikzioa eginez, ausartuko al zinateke kooperatiben, eta oro har Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa iragartzen?

Baikorra, optimista naiz ni berez, eta gertakari soiletatik haruntzago begiratzea gustatzen zait. Itxaropenik badut. Herri honek bertute handiak ditu eta nik uste asmatuko duela bere etorkizuna aurkitzen, bere baliabideak era hoberenean erabiltzen munduko ekonomian lekurik izateko. Eta zenbait sintoma esperantzagarri antzematen dira jada, nahiz eta eguneroko zalapartak sarritan ez digun uzten urrutira behatzen.

Zeintzu lirateke, zure ustez, euskal ekonomia suspertuko luketen sektore edo alorrak, fikzio mailan beti ere?

Telekomunikazio, informatika eta tankera horretakoek garapen nabarmena izango dute, dudarik ez. Baina maiztxo egin ohi dugun hutsegite bat aipatu nahi nuke, Mendebaldeko kulturak eragindako akatsa. Izan ere, aukera handiak daude `heldu'tzat jotzen ditugun ekonomiaren hainbat alorretan. Automobilarena, esate batera. Konforme, heldua da eremu hori gure artean, Europan, Estatu Batuetan. Baina Txinan? Ehun herritarretik zenbatek du han autorik? Batek? Eta txinatar asko dago munduan.

AHVko azken labea itxi zutenean, orain gutxi, zer sentitu zenuen?

Burdinaren aroa, orain artekoa behintzat, amaitua dela. Eta ikasi beharreko irakaspen modura aztertu behar dugula labe hori itxi izana. Enpresak izaki bizidunak bezalakoak baitira, eta etengabe aldatu behar dute beren burua inguruari egokitzeko. Atzo Santanderren hitzaldi bat eskaini nuen eta han esan nuena etorri zait orain gogora. Hauxe zen ideia nagusia: natura dugu irakasbidea. Zer gertatu zaie izaki bizidunei? Egokitu egin behar izan dira. Eta hori egin ez dutenei? Adibide hau aipatu nuen hitzaldian: hamar zentimetroko oskola duen animaliaren fosila. Glaziazioak izan zirenean oso baliagarria izan zitzaion animaliari estalki hori bizirik irauteko. Baina izotzaldiak pasa ziren, eta animalia ez zen ohartu. Pozik zegoen bere oskol mardularen pean. Eta ordurarte babesgarri izan zuen horrexek ekarri zion heriotza. Aldatzen, egoera berriari egokitzen jakin ez zuelako. Gizakiok ere sarritan gara izugarri egoskorrak; kanpoko itxurari eusten saiatzen gara, sakoneko izpirituaz ohartu gabe. Hau da gorde beharrekoa, ez itxura. Beraz, ezin gara ibili etorkizunik ez duenari eusten. Gogorra da hori esatea, badakit. Baina, Bibliak besterik badio ere, enpresetan ezin da egon Zazpigarren Egunik.

 


XABIER ARANBURU


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude