"Artistikoki Euskadiko Orkestrak ez du inoren beldurrik izan behar"

  • German Ormazabal Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia duela bi hilabetetetik


1996ko ekainaren 23an

Bi hilabete hauetan nola ikusi duzu orkestra?

Bi hilabete baikor izan dira. Musikari eta zuzendaritzaren arteko erlazioa askotxo ondu dugu. Beraiek diote bi hilabeteotan sei urtetan baino bilera gehiago izan dituztela. Aterrizatze une horretan gaude, arazoak atzeman nahian eta alde horretatik musikarien jarrera oso ona izan da. Niri dagokidanez, hitz egin eta gauzak konpondu ahal izateko talantea erakusten ari naiz. Artistikoki zenbait proiektu atera dira, horietarikoren bat geldirik zegoena.

Datorren denboraldirako egitarauko ildo nagusienak azal itzazu.

Alde batetik denboraldi osoa Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Donostian ematen diren kontzertuak, guztira 20 egitarau eskainiko ditugu eta 17 kontzertu Donostian eta hamarna beste hiru hiriburuetan eta orkestra gonbidatu bezala bi programa Irunen.

Guztia musika sinfonikoa izango da. Aipatzekoa da bukaerako kontzertua Donostiako Orfeoiarekin eskainiko dugula, bere mendeurrena ospatuz. Eta bost kontzertu musika erromantikoarekin. Frantziako musikaren inguruko monografikoa ere bai eta beste bat Austriaren sorreraren mila urte betetzen direlako eta azken bat musika britainiarrarekin.

Euskal musikak zein tarte du egitarauan?

Ziklo handiaren barruan hamar euskal musikaegileen 25 obra izango ditugu, tartean Sorozabalen 100. urteurrena ospatuko dugu. Bere musika grabatzeko asmoa ere badugu, dagoen bakarra oso zaharkitua gelditu baita. Zuriñe Fernandez Gerenabarrenaren estreinaldi bat eta horretaz guztiaz gain bost emakume pianojolerekin beste ziklo bat egingo dugu, tartean Marta Zabaleta legazpiarra. Larunbata eguarteko 18 kontzertu ere izango dira Miramonen bertan, orkestaren egoitzan.

Nola lortzen da Orkestra Euskal Herrian sustraitzea? Hortik al doa egitaraua edo neurri handi batean prestatuta zegoen zure aurretik?

Gauza asko erdi hitzeginak zeuden, baina zenbait berrikuntza sartu ditugu, data batzuk aldatu ditugu eta baita zenbait errepertorio ere.

Lan handiena euskal musikagileak hor egotea izan da. Gero orkestrak beste gauza askotan parte hartzen du. Adibidez, datorren urtean Musikasteren 25. urteurrena da eta zerbait berezia egin nahi dute; Orkestra nahi dute azken kontzerturako. Bilboko ABAO denboraldian ere hiru opera eskainiko ditugu eta bakoitzaren hiru errepresentazio.

Musika Hamabostaldian datorren urtean Sorozabalen urteurrena dela eta zerbait berezia nahi dute. Operaren ordez seguraski zartzuelaren bat egingo da. Bere obra bat estreinatu nahi dugu, baina arazo legalak daude.

Orkestrak izan dezakeen kutsu elitistatik atera eta jendearengana gehiago hurbiltzeko proposamenik ba al duzue?

Gizartera hurbiltze nahi horretan, ikusten ditugu zenbait aukera, musika eskolekin, entseguak beraiei irekitzeko, baina nahiko nahasia da ondo antolatzeko. Epeak kontuan izan behar dira, bakarlari eta zuzendari onak epe zabalarekin kontratatu behar direlako. Zenbait pauso eman ditugu musika eskola batzuekin eta zenbait egitarau aukeratu ditugu ondo landu, musika eskolekin koordinaturik, haurrei zer entzutera doazen azaltzeko, oso kontzertu motzak eginez, aurkezle batekin...

Zer egin behar da herriak Orkestra berea bezala kontsideratzeko: herri guztietara joan, euskal musikaegileak interpretatu, euskal musikariak sartu Orkestran, abonatu asko lortu probintzia guztietan, eskoletara iritsi?

Guzti hori posible da. Musika klasikoaren handitasuna hori da. Dena ez du betiko sinfoniak izan behar, kamara musikarako berdin, bitxi asko daude. Toki guztietara ezin dugu iritsi, azpiegitura dela eta, baina gure aldetik esfortzu hori egin behar dugu. Talde txikiak musika eskoletara joanez adibidez.

Ideia pila bat daude, baina Orkestrak bere mugak ditu, denboraz oso justu dabil. Urtean 110 kontzertu ematen ditu, urtean ia hiru egunetik behin aritzea esan nahi du horrek. Horretaz gain, omenaldiak sortzen dira: Elgorriaga Bidasoa, Lizardi...

Nola ezkondu liteke Euskadiko Orkestra Bilbokoarekin?

Artistikoki behintzat, badago bientzat tokia. Kontua da ea ekonomikoki posible den. Konponbide bat zein izan daiteke? Hor izango da Kursaal, egunen batean egiten bada, badirudi Euskalduna 98an inauguratzeko asmoa dutela eta ABAOk zortzi titulo eta titulo bakoitzaren lau errepresentazio egin nahi dituela, horrek suposatzen du Orkestra batentzat 9 edo 10 hilabetetako lana, papera oso konplikatua delako.
Toki batetik bestera mugitzea oso garesti irteten da, jende asko baikara. Lojikoena izango litzateke Bilboko Orkestra operan aritzea. Badirudi artistikoki arazo batzuk sortu daitezkeela, musikarientzat fosoan egotea gogorra delako. Beraz, gure Orkestrak Euskal Herrian zehar musika sinfonikoa egitea litzateke aukera bat.

Euskal Herriko orkestrek dituzten arazoak maila artistikoaren ildotik azaldu edo aztertu behar al dira?

Arazo artistikoa baino gehiago finantziazio mailakoa da eta hori finean erabaki politikoa da eta hartu behar duenak hartu beharko du ezta? Uste dut gaur egun inork ez duela planteatzen bat edo bestea desagertzea. Bilboko Orkestrak 73 urte ditu eta hori mantendu nahi dute, lojikoa den bezala.

Espainiako estatuan 23 orkestra gaude eta lehia handia dago, daukagun egitura oso gogorra da eta konpetibitate aldetik nahiko gaizki gaude. Artistikoki ondo gaude, baina hor zenbait arazok gure emanaldia mugatzen du. Momentu honetan bira egiteak izugarrizko gastua dakar. Grabazioen politika ez da egon orain arte. Proiektu batzuk badaude: pianojole batekin, Eskuderoren lan bat, Eresbilek ere baditu..., baina dena airean dago.

Iruñea eta Baionako orkestrekin zerbait egiteko aukera ikusten al duzu?

Erlazioak oso onak dira, adostasun batera iritsi gara Iruñekoarekin data aldetik. Beste egitura bat du, 35-40 musikari dira, musika oso mugatua du, erromantikoa ezin du egin. Miarritzerekin izan ditugu zenbait harreman. Data aldetik dago arazoa, apirila eta maiatzean egiten dituzte jaialdiak eta guk datorren urtekoa lotua daukagu. 98rako agian...

Finkatzen badugu abono politika, beharbada elkartruke batzuk egin ditzakegu. Tenerifeko Orkestra ekarri adibidez, jendeak beste orkestrak entzuteko aukera izateko eta hemengoak ez daukala gaur egun inongo inbidiarik erakusteko. Musikari beraientzat ere pizgarria izan daiteke.

Biren kontua nola dago? Atzerrira atera al da?

Bai, 92an Alemaniara joan zen eta arrakasta handia izan zuen, nahiz eta hemen ezagutzera ez eman. Eta iaz Suitzara lau eguneko bira egin zen. Oso ondo pentsatu behar dira bira horiek, bai aurrekontu aldetik, bai artistikoki, oso arriskutsua delako zoazen tokiko musika egitea, baina uste dut badugula lekua.

Nolakoa izango da Enrique Jordari egingo zaion omenaldia?

Orkestraren lehen zuzendaria izan zen eta bere omenez denboraldiko azken kontzertua prestatu dugu hilaren 25ean, nahiz eta gero 28an Arrasaten Donostiako Orfeoiarekin beste kontzertu bat eman, beraiek antolatuta eta gu gonbidatuta goaz. Bruckner-en «Zortzigarren Sinfonia» interpretatuko dugu. Hans Graf izango da zuzendaria. Berak obra hori eliza batean interpretatzeko sekulako gogoa zuen eta Donostiako Artzai Onaren katedralen egingo da.

Gainera datorren urtean katedralaren 100. urteurrena izango da eta ospakizunetako lehen ekitaldia ere izango da. Baina guk Jordari egin nahi diogu bereziki omenaldia, emozio aldetik pisu handia emanez.

Udan Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartuko al duzue?

Uztailean oporrak ditugu eta Hamabostaldian lan asko izango dugu. Opera bat Maria Bayo eta Carlos Alvarez eta beste opera bat kontzertu bertsioan, luzea, 13 bakarlarirekin. Gainera gure kamara talde bat ere izango da Kike Ugarteren zuzendaritzapean.

 


JOXEMI SAIZAR


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude