"Telebista animalia erraldoia da eta jana eman behar zaio, presaz lan eginez"


2007ko otsailaren 21an

Zure pertsonaiak Mikel Garmendia dira ala zure pertsonaietan desdoblatzen zara?

Edozein antzezpeni aktoreak bati bere nortasun apur bat ematen dio. Askoz errazagoa da pertsonaia zuregana elkartzea. Eta alderantzizkoa esaten duena nahiko gezurtia da. Nik edozein pertsonai antzezten dudala ere, beti Mikel Garmendiaren ikutua izango du pertsonaiak, nahitaez. Egia esan, zure ahotan jartzen dituzte zuk inoiz esango ez zenituzkeen gauzak, eta antzeztean zuk pertsonaiaren hitz horiei zerbitzatu behar diezu. Azken finean, hori da erronka.

Eta aktorea berdin da aktore antzerkian, zineman eta telebistan?

Interpretazioa azken finean beste pertsonaia baten ariman sartzea da, eta dena da interpretazioa. Antzerkian gogorrena bizpahiru hilabete entseatzen egotea da, lan neketsu eta artatsua delako. Baina antzezlan hark gero arrakasta lortzen badu, izugarrizko gozamena da gero, ia gustukoena horixe dut.

Telebista, berriz, animalia erraldoia da, jana eman behar zaio, presaz lan egin behar da. Hori bai, arrakasta eta ogibidea ematen duena telebistako lana da. Zinea, berriz, zainduagoa da.

Antzertitiko lehen belaunaldiko partaide zara, baina, interpretatzeko teknikari dagokionez, zein mailatan zara autodidakta?

Nik gauza bat garbi nuen honetan sartu nintzenean: zaletasun izugarria nuela. Gogoz sartu nintzen Antzertira sartu nintzenean. Ni ez naiz sekula oso diziplinatua eta metodikoa izan, hala ere nahitaez nik oso profesional onak izan ditut irakasletzat, Antzertiko lehenengo promoziokoak horretan pribilejiatuak izan gara, zorte handia izan dugu; baina nik neure golkotik ere gauza batzuk jarri ditut.

Urteetako bizipenak zakuan sartzen dituzun neurrian ere, ematen dute zerbait. Intuizio pittin bat aprobetxatzen ere jakin behar da... eta ibilian-ibilian sustraiak egiten dituzu. Azkenean, osatu beharreko hieroglifiko edo puzzlea bezala da dena.

Ba al duzu aktore eredurik?

Testu bat irakurtzen dudanean, pentsatzen dut: «aktore honek nola egingo luke?» eta horren arabera jokatzen dut; ez dut nahita egiten, hala ere. Eta hainbeste aktore miresgarri daude... Badago nondik kopiatu edo hurbildu nahi izan.

37 urte zenituela hasi zinen Antzertin. Aktoretzan jarduten hain berandu hasteak zer eragin du ikasteko eta aritzeko?

Zure bizipenez osatutako altxorrak ematen dizu teknikak ematen ez duena. Zuri hainbat gauza gertatu baldin bazaizkizu, esateko, antzezteko garaian oroitzapen horiek askoz ere indar gehiago ematen dute, barrutik kanpora aterako zaizu, burutik ahora gauzak ez dira ateratzen.

Eta euskal aktoreen artean, esaterako, zer nolako formazio maila dakusazu?

Hemen jende asko antzerkira zaletasunik gabe sartu da urteetan zehar, ikasteko balio omen ez zuen jendea eta abar. Zaletasuna da nire ustez inportanteena, baina. Gaur egun, ordea, oso gazte ausartak daude aktore bezala formatzeko Madrilera, Sevillara... joateko beldurrik ez dutenak. Gaur egun trebetasun apur bat daukanak eta ikasteko gogoa, lanerako eremua badu.

Eta horrek etekinik eman al du aktoreen mailari dagokionez?

Gero eta maila hobeagoa dago euskal aktoreen artean. Jendea oso saiatua ikusten dut. Denbora gutxiago daramagunez, beste lekuetako aktoreekin alderatuta, bizio gutxiago dugu hemen, egia esan. Agian oraindik zera falta zaigu, esperientziak ematen duen egoten jakite hori, barneko animo egoera inork nabaritu gabe antzeztea. Aipatzekoa da Pepe Bodalo zena futbol partidu bat entzungailuetatik entzuten ari zela antzezteko gai zela, esaterako. Guri oraindik nabaritu egiten zaigu une txar batean bagaude. Baina teknika hainbeste menperatzen dutenei gerta dakieke teknika bihotzaren aurretik jartzea, eta hori da sor daitekeen bizioa. Horri ez diozu sinetsiko antzezpena.

Beste bizioa beti pertsonaia bera egitea izan daiteke. Lina Morganek egiten duena, esaterako.

Eta arrisku hori zugan ez duzu ikusten?

Baina nik beti behar izaten dut norbait akuilua sartuko didana. Ni oso erosoa naiz eta badakit nire zein erregistrok funtzionatzen duen ongi, badakit tonto aurpegi honekin zer egin. Eta errepikatzeagatik norbaitek akuilua sartzen badit eskertu egiten diot, arrazoia badu behintzat. «Goenkale» ere oso arriskutsua da: 365 atal ondoren lan mekanikoa egiten duzu eta hori ez da horrela egin behar, exigenteagoa izan behar da. Nik, gainera, gero ez dut saila ikusten eta askotan nik esandakoen zergatia ere ez dut jakiten. Lotsa ere pasatzen dut horregatik, historian inplikatu egin behar baita.

Ni oso memorizatzaile ona naiz eta azkeneko unean testuak ikastea nahikoa dut, gainera. Alfer guztiek zortea dute.

Alferkeria aipatu duzu Bestelakoa izanez gero zauden lekuan egongo zinateke?

Lehen, merkatal bidaiari nintzenean ere, hura aktore izateko era zen. Ni honetan sartu nintzen, ordea, eta orduz geroztik, hamabost urtez, ez dut damutzeko astirik izan.

Zer moduz ordaintzen dituzte aktoreak Euskal Herrian?

Zure hobbyan lan egitea bezalako bedeinkaziorik ez dago eta horregatik nahiko ondo ordaindua da gure lana. Hala ere, beti zalantzan bizi behar duzu. Lan bakoitza bukatuta, zer gelditzen zaizu? Goian zerua eta behean lurra. Txanpa on bat topatuz gero bitarte horretan ondo ordainduta dago, baina ziurtasunik inoiz ez duzu, nahiz eta lan on batek bestea dakarren askotan.

Ba al da inoiz egingo ez zenukeen lanik?

Ez didate inoiz gauza gorrotagarririk proposatu, edo batere itxurosoa iruditu ez zaidanik. Niri ez zait axola kalean larru gorritan korrika hasi behar badut ere. Nire lana da eta kito.

Aktorea zara hemen eta euskaraz. Halabeharrez al da?

Ni konsziente naiz euskalduna izatea zorte handia izan dela. Ez banu euskaraz jakingo, orain ditudan hamar aukeratik bat ere ez nuke izango. Nahiz eta euskaraz nahiko trakets egin, euskaldun zaharra naiz eta hori zortea da hemen lan egiteko.

Baina Euskal Herritik kanpora lan egiteko traba izaten da hori batzutan, ezta?

Nik kanpoan lan egiteko handicap handia daukat, nabaritu egiten zaidala euskalduna naizela gazteleraz aritzen naizenean, alegia. Askotan deitu izan didate kanpotik, baina garbi esan didate bikoiztu egin beharko luketela nire ahotsa. Hemen lana izanda, hala ere, niri hori berdin zait, baina ziurtasun hori banu...

Ofizio honek badu bedeinkazio bat, ordea: ez zara sekula zaharra. Osasuna duzun bitartean lan egin dezakezu eta hori ez dago ordaintzerik.
Eta euskarazko antzerkiaren eszenatokian, beraz, etorkizunik ikusten al duzu?

Lehen amateurtzat hartzen gintuzten euskaraz aritzen ginen aktoreak eta gure lanak. Orain, ordea, kontsiderazio pixka bat hartzen ari gara. «Florido pensil» egiten ari garela, askok aitortu digute beste batzuri zertan inbidiarik izan ez dugula. Horrek harrotasuna ematen du. Jada ez gara «lagun kuadrila», baizik eta aktoreak. Lehen aktoreak Madriletik etortzen zirenak ei ziren, eta gu, berriz, antzerkia egiteko elkartzen ginen afizionatuak omen ginen.

Zinemari dagokionez, aldiz, «Maité»ren ondoren euskarazko produkzioen lehortean besterik ez dugu orain.

Euskal zinemarik ez dago. Zuzendarien azken belaunaldia _ Medem, Bajo Ulloa... _beste era batekoa da. Horiek ez dute hau Euskal Herria moduan ikusten. Zinema unibertsala egiten dute. Lehen, subentzioak jasotzen zirela eta, batzuk _Pedro Olea, Alfonso Hungría..._ hasi ziren euskarazko zinema egiten, baina subentzioak desagertzen direnean jende hori ere desagertu egiten da.

Telebistan, berriz, ari dira bertako produkzioak ugaritzen. Izan ere, jendeak hori eskatzen baitu. Oraindik arrotza egiten zaigu bikoiztutako produkzioak kontsumitzea. Eta telebista animalia erraldoi bat denez, asko behar du eta badirudi hemen produkzio propio asko egongo direla.
Hori bai, izugarri gustatuko litzaidake zineman aritzea, asko atsegin baitut. Hori bada erronka, zinemako pantaila oso handia da eta hor ez dago inorri iruzur egiterik. Sinistu egingo dizute, edo ez.

Ordiziarra zara, aspaldidanik Donostian bizi bazara ere. Euskara batuan aritu behar izateak buruhausteak ematen al dizkizu?

Oso traketsa naiz, azkenaldian asko ikasi badut ere. Gehiegi ez, hala ere, kaskagogor samarra bainaiz. Hori bai, herrietakoak garenon esateko modua askotan ikusleek eskertzen dute. Erregistro horiek lagundu egiten dute, baina neurtu egin behar dira. Sinesgarritasuna ematen dute, baina Euskal Herria ez da Goierri eta denek ulertu behar dute.

Telebistaren eraginez izar sistema deritzona sortzen ari al da hemen ere?

Ni hortaz salatzen nauena oso oker dabil. Hori bai, telebistaren eragina nabaria da: telebistako sail batean ospetsu egiten bazara, etengabe deituko zaituzte. Antzerki baten aurkezpenean gure aurpegia jarriz gero sarrera batzuk salduta daude jada, ezagunak direlako. Horretan agian funtzionatzen du izar sistemak.

Azken finean, lanak lana ekartzen du. Baina, alderantziz, desagertzen zarenean, zaila duzu berriz ere ateratzea.

Trabak jartzen al ditu telebistan antzezterakoan tresneriaren menpe egoteak?

Nik intuizioz lan egiten dut konzentrazioz baino gehiago, beraz, ez dut arazo handirik izaten. Emazteak esaten dit gehiago prestatu eta kontzentratuz gero hobe lan egingo nukeela, baina bai zera! Jose Ramon Soroiz eta Kontxu Odriozola asko landu eta prestatzen aritzen dira antzezpenen aurretik, eta Elena Irureta eta biok, ordea, «Ama begira zazu»n, esaterako, azken minuturarte farrezka.

Intuizioak, baina, istripuetatik salbatzeko balio dizu antzeztean. Kontxu eta ni, esaterako, oso ondo moldatzen gara, testuren bat ahaztu zaigunean edo, eszena salbatzeko.

Baina gauza horietarako telebista ez da erosoagoa?

Baina urduritasuna ere handia da huts egiteak direla eta errepikatzen hasiz gero, eta pertsona askok egiten dugu lan elkarrekin. Hona ezin da etorri testuak ikasi gabe, esaterako.

Zer du nahiago Mikel Garmendiak, barre ala negar egitea?

Niretzat askoz ere errazagoa da negar egitea barre egitea baino. Ez dut nire buru barre eginez ikusten. Nahiz eta ni rol komiko batean klasifikatuta egon, trajikomedia asko atsegin dut, beste eremu batzuk jorratuko nituzke gustura. Gustatuko litzaidake pertsonai gizagaixoren bat egitea, Paco Rabal-ek «Santos Inocentes»en egiten duena, esaterako. Zailena, pertsonai neutro eta serio bat egitea da. Baina erronka hori hartuko nuke.

Gustu kontuekin jarraituz, zein zinema mota duzu atseginen?

Boladaka izaten da. Garai batean zinema frantsesa ikusten nuen asko, baina ez nuen ulertzen. Gero zine beltz amerikarra, baita II. Mundu Gudako filmeak, eta orain, aldiz, «españolada» deitzen ditugun horietako batzuk ikusten aritzen naiz gustura. «Bienvenido Mr. Marshall», «El verdugo» pelikulak oso politak dira, adibidez.

Zinema ikusteko, baina, zinema aretora joan behar da, pantaila handian ikusi behar da zinema. Bideoa badut etxean, baina apenas erabiltzen dut.

Eta zein antzerki autorek erakartzen zaitu gehien?

Tenesse Williams izan nuen garai batean oso gustuko. Oso klasikoa naiz eta abangoardiako istorioak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Orain asko aipatzen da jendeak gauza dibertigarriak nahi dituela. Niri ez zait batere axola, ordea, antzerki batera negar egitera joatea. Nik behar dut sendoa izatea eta mezu bat eskaintzea, ez moralina bat. Zerbait esan behar du antzerki lanak, sentsibilitatea ukitzea behar dut nik.

Amaitzeko, telebista: zer ematen du eta zer kendu «Goenkale»k?

Lotuta egotea da desabantaila. Gauza batzuk, beste lan batzuk, alboratu egin behar dira eta aukera bat egin. Asmatzen jakin behar da eta azkenaldi honetan nik asmatu egin dudala iruditzen zait. Nik «Goenkale»ri zerbait zor diot, eta gaur esan didatenez nirekin jarraitzeko asmoa dutenez (oraingoz urte amaierarte), beste lanen bat utzi beharko dut oraindik ere.

 


ARANTXA ERASUN


Azkenak
Zahartzaroak

Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]


2024-05-27 | Jakoba Errekondo
Bertan bertan... erlesemeari

Maiatzak 4 zituen, larunbatarekin. Ez zen giro bereziki beroa, baina bai, hotzik ez behintzat. Halako batean burrunda, burrunda galanta, aspaldi entzun gabekoa. Hor azaltzen da etxeko atarian erle pila, milaka erle hegan, hegada sinkronizatu dotorean, dunbots batean. Erlesemea.


Eguneraketa berriak daude