«Banekaldeko herrietan bizia bada, komunikabideetan agertu ez arren»


1996ko apirilaren 14an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Itxaro Borda idazlearekin elkarrizketa Maulen
«Banekaldeko herrietan bizia bada, komunikabideetan agertu ez arren»
ITXARO BORDA
Postako atarian aurkitu dugu Itxaro Borda, Maulen. Plazaratzear duen liburuaz, literaturaz, gizarteaz eta munduaz galdetzera joan gatzaizkio, eta argazkien aitzakian Maule Gainen duten ikastolara eraman gaitu. Matalaz hil zuten lekuan den Europe ostatuan ez dira egunero egiten elkarrizketak eta argazkiak. Horregatik agurtuko gintuen postari manexa ezagutzen duen agureak.
Hasteko, zure nobela berriaz galdetu behar dizugu.
Amaia Ezpeldoiren bigarren menturaldia da. Lehena _«Bakean ützi arte»_ Zuberoan gertatu zen, gasodiaren ixtorioaren inguruan, eta bigarren hau Amikuzen gertatzen da, non ere euskara lazki galtzen ari baita. Nobela honen muga Aturri da.
Bigarren aldikoz, Amaia Ezpeldoik xahar bat behar du bilatu, eta inkesta horretan ez da New York edo Californian bezala tirorik izanen. Ezta krimenik ere. Urte luzez berririk eman ez duen emazte desagertua baten senar-ohiak engaiatzen du detektibea bere xerkatzeko.
Askok Iparraldetik gutxien ezagutzen dugun eskualdea dateke Amikuze...
Mugan gara, eta doi-doia euskaldun gara orain. Askok esaten digute biarnesak bezala garela iadanik, mugan garelako. Biziki guti idatzi izan da Amikuzeko hizkera. Amikuze aipatzen delarik, irri egiteko izan ohi da: artogileak, ustez laborari handiak... Eta nik aldiz eremu sentimental gisa aipatzen dut.
Nola deskribatzen duzu Amikuze zure sorlekua?
Amodioz eta amultsutasunez aipatzen dut, nahiz eta batzutan badiren deskribapen ironikoak. Herrialde hori maite duen baten deskribapena da. Bi moldez erakusten dut gure sozietatea. Lehenagoko gizarte zaharraren elkartasun hori, oraino bizirik dena. Eta guk bizi duguna: bakartasuna, herritik joan beharra... nahiz eta hogeitamar urteotan garapen ekonomikoa izan den, halaz ere familia horietako haurrek kanpo joan behar.
Amikuzen industria ere bizi duzue, gertu...
Mauleko industriaren erreferentzia bada, eta industria aipatzen delarik lantegi bat zerratzearen kontrako manifestazio bat da.
Irekitzea baino segurrago dute ixtea lantegiek, eta partikularzkiago hemen. Martxoaren 6 hartan Bidegainen lantegi horren aferan gertatu zenaren lekukotasun bat utzi nahi nuen.
«Berdin laster desagertuko gara» idatzi izan duzu...
Amikuzeri aplikatzen dut, bere egoera oso larria baita, nahiz eta indarrak badiren egoera horri buru egiteko. Ez naiz ausartu Zuberoari buruz hori idaztera, baina berdin esan nezake.
Amaia Ezpeldoi, Maulen bizi da, eta detektibeak normalean hirietan dira.
Herriotan bada bizia, aldizkari eta komunikabideetan sekula agertzen ez den arren. Amaia Ezpeldoi detektibe rural bat da, kabala galduak edo jende galduak xekatzea du lanbide.
Ni ere, barnekalderat jinez geroztik presondegi batean sartzen ari naiz, eta gogoa izanik ere biziki nekeza dut ixtorioak hiri batean plazatzea. Neretzako hiria Maule da.
Detektibea utzi eta idazlearen pista jarrai dezagun. Amikuzen sortu zinen...
Haurtzaroa han eman nuen, komunio eta konfirmazioa. Pauen ikasketak eginik, Baionan bizi izan naiz aski denboraz. Han hasi nintzen Herria eta ARGIArekin kolaborazioak egiten. Gure Irratian aritu nintzen lanean gero, hasi berria zenean. Irratiko kontratua bukatu zitzaidalarik, postako konkurtsoa pasatu nuen eta Parisera joan nintzen lanera.
Parisko egonaldiak asko markatu zaitu.
Etorri nintzenez geroztik lau urte behar izan ditut berriz bertara joateko erabakitzeko. Orain distantzia bat hartu dut, eta duela gutxi han izana naiz. Baina haur bat banuen, eta honek bi hilabete zituelarik joan behar izan nuen Parisera, lana behar nuen asulutuki.
Lehen urtea oso gogorra izan zen, haurra hemen eta ni han, ahal nuenean etorriz, larunbat askotan lana bainuen. Baina gero zenbait gauza egin eta ezagutzeko aukera izan dut.
Adibidez?
Sindikalismoa ezagutu dut. Teorian ezagutzen nuen exodio rurala, historia garaikidea irakurrita. Baina ez duzu sekula pentsatzen zuri gertatuko zaizula.
Liburuetan agertzen da XIX. mendean baserrietatik hirietara joaten zirenak haiek zirela gehien sindikalizatzen. Eta hala frogatu dut, nire lagun sindikalista gogorrenak gure ruraletatik etorriak ziren: XIX.eko ereduak funtzionatzen zuen guretzako ere. Sindikatu mailan, lan mailan, ezagutzen ez dugun edo bederen sekula aipatzen ez dugun mundua, lan arazoak, nagusiekikoak...
Zein da Parisetik ekarri duzun oroitzapen onena?
Gau-pasa handiak, eta usu lanera joatea lo egin gabe. Kolegen arteko bizimodu hori, azken metroak, manifestazioak.
Euskaldunen mundua Parisen?
Ez naiz batere kontaktoan jarri. Enetako, Euskal Herria hemen zen, euskararen erabilpena hemen zen. Ene buruan ez nintzen han betirako, eta hobekien nintzen lekuak garraioak ziren, trenak, autobusak, metroak: ez nintzen inon, beraz hemen nintzen. Hola pasatu dira lau urte t'erdi. Gero suertea izan dut Maulera aldatzeko, eta orain maulen naiz.
Ama izatea nola pasatu duzu?
Hori ere berezia izan da, ez dut ene ama rol hori xuxen atxiki, ezin nuen ama guztiek bezala egunero ikusi ene haurra. Orain nirekin bizi da. Ama izanik, esaten ahal dut errespontsableago naizela. Maila orotan: lan munduan, kanpoko aktibitate orotan, eta idazten ere bai. Orain badakit geroan irakurle bat bederen izanen dela ene testuen jujatzeko, barnetik. Lehen ez nuen segida baten kontzientziarik. Haurrak luzapen bat ematen dizu, gure bataila ez dela gugan geldituko.
Idazten jarrita, lehen ere irakurleak bazenituen...
Lehenago fribolitate askorekin idazten nuen. Normal da, eta gazte denboran hola egin behar dela uste dut: gazte denborako libertate hura gozatu behar da, gero libertate hori biziarekin gestionatzeko. Lanarekin sartzen zara, bizimodu batean sartzen zara. Haurrak ematen duen erresponsabilitate sentimendua aipatzean gauza horiez ari naiz.
Zuberora etorritakoan, zer aurkitu duzu?
Sorpresa bat. Askok ezagutzen duzuen bezala ezagutzen nuen, oporretatik, edo mendietatik. Eguneroko bizi bat oso aberatsa eta oso gogorra aurkitu dut. Hemengo bizimodua isolatua da mobida dei dezakegun horretatik. Baina bere barnetasuna badu, bere nortasuna, eta gogortasuna ere bai. Ez da behar bada beti aise kanpotar batentzako Zuberoan sartzea, baina denborak ezabatzen ditu mugak oro.
Gipuzkoatik datorren kazetariari Zuberoako zer azpimarratuko zenioke?
Hemen den bizitza kulturala, bai abertzaleek kudeatzen dutena eta bai besteek kudeatzen dutena. Bi mundu dira hemengo euskaldunen artean, eskuineko euskaldunena eta abertzaleena. Ezkondurik izan dira, eta berezi egin dira. Gasodiaren aferak badu hor zerikusirik. Orain haustura horren gainean bizi gara, eta kultur mailan egiten diren gauza guztietara iristen da. Bi ikuspegi dira. Behar bada ez da gaizki, eta esan nahi du jendea badela eredu batean bezala bestean aintzina egiteko.
Susa aldizkarian irakurri genizun: «Hemen ez dugu gauza handirik salbatzen ahal, hizkuntza salbu».
Eta segitzen dut horretan. Hizkuntzaren bataila hemen garrantzitsua da. Ekonomia, adibidez, bizigarri ere ezin izango da hizkuntzarik ez bada. Nahi baduzu, ikusi hizkuntzak berak zenbat lanpostu sortzen dituen.
«Kultura munduan zuritze fenomenoa oso hedatua da» ere esan zenuen.
Kultur munduaren parte batek ofizialtasunak ematen duen berniza nahi du kulturaren gaiean. Baina hori ez guri euskaldun kontsumitzaile arruntei buruz baizik eta kanpoari buruz, produktu bezala saltzeko. Lehenago ikastolak kultura hitzaren gibelean bilduak ziren, eta orain kultura eta irakaskuntza bereizten dira. Normalki kulturak euskaraz behar luke eta euskararen aldeko batailetan ere izan beharko luke.
Heltzen gara belaunaldi batetara non hogeitabost urteko lan baten ondotik halako errekonozimendu bat behar den, bestela iduritzen den urte horietako lan isil hori, media handietara atera gabe, alferrikakoa izan dela. Badira jendeak onarpen ofizial hori behar-beharrezkoa dutenak orain. Hogeitabost urteko borondatezko lanaren ondoren, profesionaltasun galdea eta onarpen galdea biak elkarrekin jin ohi dira.
Euskal kultur munduarekiko zure jarrera kritikoa, hala ere aspaldikoa da.
Lehenen gehiago apezen eta notableen munduaz ari nintzen. Duela hogeitabost urte arte euskal kultura apezek edo apez antzekoek kudeatzen zuten. Gero libertate aro bat bezala izana da eta berriz hasten da ixtorio berdina, kulturari buruzko jarrera berdinarekin: kultura ez guretako baina besterendako.
Zehaztu ezazu. Euskal Kultur Erakundeaz ari zara?
Ez prezeski, baina bai EKEk kudeatzen duen zenbait gertakariz, non kultura baino patrimoanioa aipatzea nahiago duen. Patrimonio hitzean sartuz gastronomia, euskal etxea, laminak... fantasmak, mito salgarriak.
Gazteek ez dute zure «Basilika» liburua ezagutzen. Orduan zurekin haserretu zirenekin bakea egin duzu?
Gauzak erlatibizatu urteekin, baina bada beti halako mesfidantza bat. Azkenean ez da enetako hain negatiboa izan: euskal mundu ofizialetik kanpo igorri nau, eta ohartu naiz kanpoko munduan ere bizitzen ahal zela. Dena dela Basilika metafora bat zen, gero izango zenaz proiekzio bat. Pettoa izen egiazkoak ipintzean egon zen, baina gainerakoan damurik ez dut.
Zure literatura errealitateari oso lotua da beti.
Fikzioa bada, noski, baina imajinazio hutsa ez zait interesatzen. Nire kasuan, bizitzen duguna behar dugu idatzi. Behar bada zerbait desagertzear dagolakoan. Horrek ematen dit urjentzia hori. Laborarien munduaren zenbait arazo ez dira beti hor izanen.
Mundu hori ez da sekula gatazkatsu bezala presentatu, mundu baketsu bezala presentatu da. Hegoaldekoek orain beste itxura ematen diote laborarien mundu horri, basatia, odoltsua, eta hori ere ez da. Nik bizitzen dena idatzi nahi nuke, bizitzen den erritmoan eta bizitzen den hitzekin. Ez da beti aise.
Euskal idazleen artean Eñaut Etxamendi aipatzen duzu...
Oso inportantea da. Garaziko euskarari ematen dion erabileragatik... Ekonomiako irakasle ere izan dut, Pauen. Bere kantuak ere biziki maite ditut: haietan halako flash batzuk egiten ditu, une batean Euskal Herrian bizi denaz. Nik ere nahi nuke horretara heldu: memento bat, bere kolore, bere usain, bere arlo eta jendeekin bildu.
PELLO ZUBIRIA

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakBORDA1
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
PertsonaiazBORDA1
EgileezUBIRIA2Kultura

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude