«Mendira igotzeko anbizioa da inportanteena, eta nik ez dut falta»


1996ko martxoaren 10ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Juanito Oiartzabal mendizaleari elkarrizketa
«Mendira igotzeko anbizioa da inportanteena, eta nik ez dut falta»
JUANITO OIARTZABAL
Lerro hauek irakurtzeko betarik hartu gabe kasik, Kangtxenjungara doa. Hirugarren ahalegina du mendi honetan eta, goraino iritsiz gero, bederatzigarren zortzimilakoa izango du. Hamalaurak osatzekotan da. Anbizioa badu; presarik ez.
Nola hasi zinen mendian.
Nik uste guztiak bezala. Hamalau urte nituela, aitarekin ehizara, Gorbeiara, Aizkorrira... joan ondoren, harrak harrapatu ninduen. Gainera, Txetxu anaiak eskalatu egiten zuen, eta gogoan dut behin berarekin Eginora joan nahi nuen galdetu zidanekoa. Lehen aldi hartan erorketa bat izan zuten, eta anaiak eskuak erre zituen eta laguna hormatik erdi zintzilik geratu zen. Beraz, aurreneko aldi hura nahikoa gogorra izan zen niretzat, baina segituan egin nuen bat eskalada munduarekin. Eginon, Arabako eskolan, han ikasi dugu arabar mendizale askok, eta horien tartean baita nik ere. Ondoren, Picos-etara joaten hasi ginen, sarritan gainera, eta baita Pirinioetara ere. Nabarmendu, eskalatzen nabarmendu nintzen piska bat, zeozer berria egiten saiatzen bainintzen aldiero. Jarraian, Alpeak, Andeak, Alaska, kenia, Maroko etorri ziren, eta 1982an Himalayarako jauzia, Kangtxuntsera hain zuzen ere. Aurreneko hura, ordea, ez zen ondo atera.
Lehen aldi haietako kezka edo beldur hura mantentzen duzu oraindik mendira zoazenean?
Uste dut hori guztia nahikoa gainditua dudala. Hala ere, zortzimilako batera edo ezaugarri parekoak dituen mendi batera noanean, arriskua handia dela badakit, are eta gehiago han geratu diren lagunak baditudala kontuan izanda. Baina horrek ez dit larritasun handirik sortzen. Pentsatzen dut alpinistak, himalayistak kasu honetan, gai berezi batez eginak gaudela.
Zortzimilako marra hori magikoa da zuretzat ere?
Inolako dudarik gabe. Lehen zortzimilakoa igo nuenean sekulako poza sentitu nuen. Munduan hamalau gailur besterik ez daude altuera horretaz gaindi, eta nola ez, sekulakoa da horrelako batera igotzea. Lehen, garai batean, harkaitzean eskalatzea baizik atsegin ez banuen, orain zortzimilako mendiak igotzea dut gustuko, eta, bai, magikoa da altuera hori. Alabaina, zortzimilaz azpitik mendi izugarri ederrak badira, eta ez Himalayan bakarrik, baita Alaskan ere. Alaskan, ziurta diezazuket nire bizitzako mendirik ederrenak ikusi ditudala, edo Peruko mendizerra zurian.
Zortzimilakoen lasterketa kazetariok asmatu dugu?
Nire ibilbidean behintzat ez dago inolako lasterketarik. Niri hamalau zortzimilakoak igotzeko aukera suertatu zait, eta, nola ez, eutsi egingo diot aukera horri. Caja Vital kutxak esan zidan hamalauko zerrenda hori osatzeko espedizio bat eta bakoitza babestuko zidala, eta eskaintza hori ezin da bazterrean utzi. Hartara, lehen burutik pasa ere egin ez zitzaidan zurrunbiloan nago. Hala ere, oraindik sei geratzen zaizkit, eta edozer gerta daiteke.
1992tik hona saiatu ditudan zortzimilako guztiak igo ditut, baina bolada eten egin daiteke, nork daki. Asmoa da 2000. urtea baino lehen guztiak igotzea, baina ez litzaidake batere inportako 2001. edo 2002. urtean bukatzea ere. Alegia, ez dudala hau lasterketa gisa bizi.
Nolabait esatearren eskola zaharreko mendizalea zara, hau da, ez duzu Iñurrategi anaiek bezala entrenamendurik segitzen, entrenamendu onena mendira joatea dela pentsatzen baituzu.
Nire prestakuntza erabat ezberdina da Felix eta Albertok, edo beste kasu bat aipatzearren Juan Vallejok jarraitzen dutenaren aldean. Ni hemen ez naiz ia entrenatzen, denbora faltagatik askotan, baina ahal dudan asteburu guztietan Pirinioetara edo eskalatzera joaten naiz. Hala ere, altuerara oso ondo egokitzen da nire gorputza, zorte edo dohain hori daukat.
Gainera, Erhard Loretanek dioenez prestakuntza mentala da garrantzitsuena, hau da, sufritzeko prestatua egotea.
Ez dakit, prestakuntza mentala baino gehiago, mendi hori igotzeko duzun anbizioa aipatuko nuke. Niri anbizio hori ez zait falta. Bestalde, 21 urte daramatzat mendia egiten, eta beraz, pentsatzen dut urteotako esperientziak asko laguntzen duela mendiko eta altuerako sufrimendu hori eramaten, gainditzen. Garrantzitsuena, mendia igotzeko ilusioa, gogoa, irrika, eta anbizioa dira. Egia da, baita ere, zortea izan dudala, herri honetan mendizale askori _Patagonian, Alpeetan, Andeetan bide berriak irekitzen dabilen jende horri_ ez baitzaie duten meritua onartzen Himalayara joateko beste diru ez dutelako eta zortzimilakoetan gauza handirik egiten ez dutelako.
Espedizio bakoitzeko sentsazioak antzekoak izaten dira ala ez?
Hori espediziokideen araberakoa izaten da sarritan. Azken lau espedizioetan, K-2, Makalu, Broad Peak eta Lhotsen, lagun izugarri onekin joateko zortea izan dut. Eta adibidez, K-2n, Felix, Alberto eta Kikerekin bizi izan nuen sentsazio hura akaso ez dut beste inoiz sentitu. Agian izan liteke mendiagatik ere, baina beste konparazio bat jartzeko, Everesteko azken espedizioan ez nuen ongi pasatu.
Azkeneko lauretan, ordea, bai, eta hori nik uste dut lagunengatik dela.
Lagunak aipatu dituzunez, bat baino gehiago utzi duzu jada mendian. Zein gogoeta eragiten dizu horrek?
Gogoeta asko eragiten du horrek. Han geratzeko arriskua badut, batez ere nire bi lagun oso min mendian hil direnean. Ziurrenik Atxo (Apellaniz) eta Juan (Miranda) ziren mendian nirekin gehien ibilitakoak. Atxo eta biok batera hazi ginen, hasierak elkarrekin egin genituen eta baita hiru zortzimilako elkarrekin igo ere. Ondoren Mirandarekin ere mila gauza egin nituen. Alabaina, mendira noanean barnean dudan guztia ematen dut, nahiz eta goraino iristeko irrika horren gainetik itzulera bidea hartzeko zuhurtzia egon. Pentsatzen dut irrika hori menderatuta dudala, hots, buelta hartzeko mentalizatuta nagoela.
Azken aldi honetan euskal espedizio askok ohiko bidetik jotzen du gailurrera, hau da, bide berriak saiatzeko, zeozer ausarta egiteko gero eta joera gutxiago dago.
Egia esan, ni ez naiz prezeski zaku horretan sartzen naizenetakoa: Everest hegoaldeko pilaretik igo nuen, K-2 Cesen bidetik, Makalu mendebaldeko ertzetik saiatu ondoren ohiko bidetik, Kangtxenjungako ipar arpegian bi aldiz izan naiz, orain noa hirugarren aldiz, abuztuan Shisha Pangmara joango naiz hegoaldean zailtasun handiko bide batetik saiatzeko... Logikoki, zortzimilakoren bat ohiko bidetik igo behar da, gainerakoan presioa eta nekea ikaragarriak baitira alpinista batentzat. Beste mendizaleei dagokienez, gaur egun Euskal Herrian maila zertxobait jaisten ari dela iruditzen zait. Kike (De Pablo), Atxo (Apellaniz), Zulu (Jose Luis Zuluaga) eta beste hainbat jende gauza berritzaileak egiten saiatu ginen Himalayan; egun ez da horrelakorik hainbeste ikusten.
Esaidazu anbizio handiko proiektu bat.
Inolako dudarik gabe eskuartean dugun hau: Kangtxenjunga. Munduko hirugarren gailurrik garaiena igotzen badugu zortzimilako zailenetako bat kenduko dugu gainetik, eta hamalaurak osatzeko baxuenak geratuko zaizkigu, baina ez horregatik errazenak edo arrisku gutxien dutenak. Ukaezina da, hala ere, aurrerapauso galanta izango dela Kangtxenjunga igotzea.
Bi aldiz izan zara Kangtxenjungan, ipar hormatik bietan ere. Nola ikusten duzu espedizioa.
Aurreko aldietan Messnerren bidetik jo genuen. Oraingoan britainiarren jatorrizko bidetik joango gara. Zati zail samar batzuk badira bide honetan, soka tinkoak jarri beharreko guneak, eta baita oso zutiak diren korridoreak ere. Asmoa da maiatzeko lehen hamabostaldian gailurrera iristea. Esan beharra dago, izan naizen zortzimilako guztietan hemen pasa ditudala unerik txarrenak. Bigarren aldian erori egin nintzen 8.400 metro inguruan haize bortitzaren eraginez, eta banindoala Mari Abregok gelditu ninduen, zorionez. Errespetu handia diot Kangtxenjungari.
Britainiarren bide hau Carlos Carsolio mexikarrak baino ez du errepikatu, ez da hala?
Nik dakidanez Carsolio eta Wanda Rutkiewitz poloniarra izan dira bakarrak. Rutikiewitz, gainera, gailurretik oso gertu desagertu egin zen.
Carsolioz ari garela, hasiera batean berarekin joatekoa zinen aurten Manaslura.
Bai, baina lehengoan berarekin hitz egin nuen eta esan nion Iñurrategi anaiekin eta Kikerekin konpromezua hartua nuela eta ezin izango zela. Hasiera batean, eta gauzak ondo joatera, hauexek dira nire asmoak datozen urteei begira: abuztuan Shisha Pangmara joko dut; datorren urtean Dhaulagiri eta Annapurnara espedizio berean eta abuztuan Hidden Peak-era, Pakistanen geratzen zaidan zortzimilako bakarrera. Eta bukatzeko, bi urte barruko udaberrian Manaslura. Hau guztia, nola ez, plana da.
Iaz Makalutik zaborrak jaisteko kontua zela-eta arazorik izan zenuen bi neska euskaldunekin. Espedizio handiak, Everesteko hego lepoa, oxigeno botilak eta oro har ekologismoaren arazoa nola ikusten duzu Himalayan?
Oraindik ez dut bi neska hauekin hitz egiteko parada izan, baina esango nieke zigorra, epaitu aurretik, ezin dela inoiz eman. Oroitzen naiz espedizio hartan janaria sobratu zitzaigula, eta horregatik frantziar eta sherpa batzuei banatu geniela janari hori. Beraz, orduan esandako guztia gezurtatu beharra dago beste behin, guk ez baikenuen zaborrik batere utzi. Ekologismoari eta bereziki Everest mendiari dagokionez, arazoa larria da. Nik neronek ere oxigeno botilak bota izan ditut 8.500 metrotan, baina sistema hala dago ezarria. Orain Nepalgo Gobernua indarrean jartzera doan legeria berriarekin berriro beste 10-12 bat espedizio joango dira Everestera, eta arazoa larriagotu egingo da ziurrenik.
Garbiketarako espedizioak ere antolatu dira, baina nik ez dut konfiantza handirik hauekin, mendia igotzeko aprobetxatzen baitute, zaborra biltzeko baino. Kanpamentu nagusian, hala ere, zikinkerien arazoa arindu egin da, Gobernuak zarama beheko kanpamentuan ez uzteko ezarri duen abalaren eraginez batez ere. Beste mendietan arazoa ez da hainbestekoa, masifikazioa ere askozaz apalagoa delako Everesten aldean.
Posible da mendiaz bizitzea?
Euskal Herrian ez gaude horretarako prestatuta. Jakina, iraunbizi egin daiteke, baina bizi, bizi, ez. Suitza, Frantzia edo beste hainbat herrirekin alderatuz, nahikoa atzeratuak gaude. Kangtxenjungako kasu honetan bezala, espedizioa babestea asko da jada, eta pribilegiatuak Felix, Alberto, neu eta beste gutxi batzuk baino ez gara. Horregatik nioen lehen, pena dela hain aktibitate onak egiten ari den jendea diru faltagatik ezin aurrerago joan izana.
Oso maite duzun mendia zein den esaidazu.
K-2 oso-oso berezia izan zen niretzat. Piramide zuzen eta erraldoi hori zoragarria iruditu zitzaidan. Cervino, Grandes Jorasses edo Mont Blanc mendiguneko beste hainbat gailur ere ederrak dira.
RAMON OLASAGASTI
29-33

GaiezKirolaMendizaleta
PertsonaiazOIARTZABAL1
EgileezOLASAGASTI5Kirola

Azkenak
2025-07-21 | ARGIA
Euskararen aldeko ‘jauzi’ baten alde mobilizatu dira Maulen, Donapaleun eta Baionan

Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.


2025-07-21 | ARGIA
Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia aldarrikatu dute milaka herritarrek udaletxeen aurrean

UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]


2025-07-20 | Garazi Zabaleta
Aukera Natura
Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]


2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Sagastien joeraren hipotesia

Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]


Enborrik zulatzen ez duen okila

Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


Eguneraketa berriak daude