"Nafarroan aurreritzirik gabeko literatura egiten da"

Patziku Perurena "Zurien Zirika" artikuluen bilduma egileari elkarriz
"Nafarroan aurreritzirik gabeko literatura egiten da"
Patziku Perurenaren "Zurien Zirika " artikulu bilduma Elkarren eskutik
Leitzan laketu den goizuetar honen artikulu bilduman iritzia emateko grina topatuko du irakurleak. Horrez gain, agortu ezinezko altxorra den bere mikrokosmosak bat baino gehiago liluratuko duelakoan gaude. Hizpide izan dugu eskuartean duen lana ere. Menturaz, saiogintza eta poesia bazterrean utzi gabe, bestelako eremuetan saiatuko da idazlea.
Liburuan, azken urteotan «Diario Vasco» egunkarian argitaratutako lanak biltzen dira. Hala ere, artikuluen aukeraketa ez da zurea.
Euskararen munduan dabilen asko ez da horrelako artikuluetara iristen, eta bilduma egitea proposatu zidaten. Originalak leitu nituenean ohar batzuk jarri nituen artikuluen gaineko ene iritzia azaltzeko, sailkapen bat egin zidaten, eta horretan iritzi artikuluetara jo zuten. Nik inguru hauetako kontuen gainean nire gustukoak ziren artikuluak banituen eta horiek ere sartu dituzte.
Bildumak zure aurreko lanek zuten osotasun bera ba al du?
Gaur egunean literaturan erabiltzen den topiko bat da osotasunarena, egileak berak defenditu egiten du osotasun hori. «Marasmus Femeninus» batean proiektu orokor bat bazegoen, «Apoa...»n ezetz uste dut. Bilduma honetan ez dago.
«Iraingo apez gaztea» liburuan bada nolabaiteko osotasuna.
Nire poesiaren oinarrian beti izango da «Iraingo apez gaztea» eta «Ixileko kantak» liburuen kutsua. Liburu hori argitaratu nuenean mundu hori oso mugatua zela esan zidaten; hori gezur ikaragarria da, nire mikrokosmosa muga eta bazterrik gabea da.
Mikrokosmos horretara hurbiltzeko modua dela eta, ez al duzu Orixe aita-pontekotzat hartzen?
Orixeren lana dokumentu etnografiko gisa hartzen da, nire mundu hau sentitzeko modua ez da hori.
Egungo euskal mundutxo honetan baserri giroa eta mundu modernoa, bi mundu horiek bereizi egiten dira. Lehenbizikoa ikerketarako jaso behar den zerbait da, eta zinezkoa bestea da, euskararen etorkizuna hor dago. Konplexua dugu horri buruz. Etnografiatzat hartzen dugun ahozko literaturan mundu oso bat dago, beste mundu moderno hori laguntzeko balio duena, horri bere sena emango liokeena, gurutzaketa baten falta sumatzen dut ordea, tradizioa eta mundu modernoaren artean.
Konplexu hori gainditzeko bidean al gaude?
Saizarbitoria eta Arestirena jauzi bat hutsean eman balitz bezala izan zen, baserritik kalera joan behar dugu esatea. Egun, tradizioaren beharra gehiago sumatzen da. Literatura guztietan unibertsaltasun bat eman zaio mundu horri, hori falta zaigu, gure buruan sinesten ez dugulako.
Jon Alonsok, orriotan, Nafarroan uste dena baino gehiago idazten zela baieztatu zuen.
Ez dut nire burua pentsalaritzat jotzen. Gil Berarena euskal literaturan eman ez den fenomenoa da. Gogoan dut zer ilusiorekin egin zuen «Atea bere erroetan bezala» eta zer oihartzun gutxi eduki zuen.
Bestalde, eta modernotasunaren gaira bueltatuz, Nafarroan, eta Nafarroa diodanean Zuberoa bera ere hartuz, egia da jende guztiak uste duena baino literatura gehiago egiten dela. Giputz-zentrismoan ematen den konplexu hori, kanpoko literaturaren menpekotasun hori ez da ematen. Hemen aurriritzirik gabeko literatura egiten da. Adibidez, Eñaut Etxamendi edota Aingeru Epaltza hartzen badituzu, beren bizipenetan oinarritutako literatura egiten dute.
Hori ez da oraingo fenomenoa, hor dugu, gerra aurrean, Irigarairen kasua. Jende askok galdetzen du zer dela eta ematen den Bizkaia eta Nafarroaren artean zubi bat tradizio kontu honetan. Aurriritzi linguistikoak aparte utzita, berezkotasun bat sumatzen dut Bizkaia aldeko zenbait idazleengan, eta gehienbat Nafarroa inguru honetan.
Bi mila folio inguru dituen lan mardula omen duzu eskuartean.
Egungo bertsolaritzari buruzko kritika zakarra egin nuen garaian hasi nintzen ahozko tradizioa jasotzen. Beti ere, bertsolaritzaren beraren barruan ere bertso hutsa baino bertsoaren inguruko literatura askoz ere aberatsagoa dela frogatu asmoz hasi nintzen.
Bestalde, herri literatura oinarri historiko gabea bezala hartzen da, euskal historia unibertsal bat egiteko Barandiaran edo Azkuek bildu zituzten legenda guztiak legenda bezala hartzen ditugu, baina oinarrian datu historikoak ematen dituzte.
Hala ere, legenda modura hartzen dugun mundu hori guztia dokumentatu edo beste gradu unibertsal bat ematen ez da inor saiatu.
Hori lortu al duzu?
Leitzalderako egin dudana, eredugarria izan daiteke beste edozein herritarako. Salakuntza bezala egiten dut, hainbeste abertzaletasun, herrigintza eta hitz polit erabiltzen ditugunean, nola da posible herri-literatura kasik ukitu gabe egotea?
Zenbatek esan dizu eleberri bat egin behar duzula?
Askok esan dit egin behar dudala. Orain biltzen ari naizen kontu hauekin guztiekin noski egin daitekeela eleberria, eta gainera zentzu unibertsaleko eleberria izango litzateke.
Errealismo magikoren alde nago, ez dut historia zientifiko horretan asko sinesten, idazten duenak egiten du historia. Nire lan honetan entseiu koskorrak egiteko gai pila dago, edo poesia bera egiteko, eleberria ere bai, baina ez dut nire burua eleberrigile bezala ikusten.
PATXI LARRION
LARRION, Patxi
50-51

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakPERURENA4
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaBesteak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakBesteak
PertsonaiazPERURENA4
EgileezLARRION1Kultura

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude