"ETAko presoak gartzelan badaude, hiltzaileak direlako daude bertan"


1995eko abenduaren 10an
Asier Atutxa (EAJ)ri egindako elkarrizketa
"ETAko presoak gartzelan badaude, hiltzaileak direlako daude bertan"
Asier Atutxa, EAJko Hezkuntza, Euskara eta Gazteria saileko arduraduna
Politikagintzan EGIn lehen urratsak eman ostean, 27 urterekin egun buru-belarri dugu lanean EAJn. Iritzi propio eta landuak izan arren, Asier Atutxa baino gehiago, Juan Mari Atutxaren semea izango da askorentzat.
Zer da EGI EAJrentzat? Eta zer EAJ EGIrentzat?
EGI alderdiarentzat Euskadiko gazteria egituratzeko gazte mugimendu garrantzitsua, EAJren filosofiaren barruan. Eta batez ere, EAJrentzako akuilua da, alderdia kinatzeko eta EAJn gauza asko aurrera eramateko.
Alderdia zer den EGIrentzat? Euskadi askatzeko dagoen egiturarik onena. Eta egiturarik onena denez gero, EGI egituratzen da alderdiaren moduan gazte mugimendu legez.
EGIren planteamenduak edo diskurtsoa EAJrenak baino erradikalagoak al dira?
Erradikaltasuna ez da agertzen ez barrikadetan eta ez indarkerian. Erradikaltasuna ideietan erakusten da. EAJko estatutuak, azken helburuari dagokionez, EGIko estatutuekin bat datoz: Euskadi askatu bat lortzea, Euskadi subirano bat. Beraz, erradikaltasuna oinarrian berdina da. Gertatzen dena da, EGIkook gazte garenez gero, neurri batean odola beroagoa daukagula.
Uzturrek esaten zuen: «Euskadin nahikoa da urtean hiru bider independentzia aldarrikatzea; gainontzeko egunetan independentziaren alde lan egin behar da». Agian EGIn gertatzen da hirutan esan ordez hamar aldiz esaten dugula, derrigorrezkoa baita zer garen eta nora goazen gogoratzea.
EAJk EGIren diskurtso erradikalago hori apur bat bereganatu behar duela uste al duzu?
EAJren diskurtsoa erradikala da oinarrian. Ez da egunero esan behar gure helburua Euskadi askatua, Euskadi subiranoa dela. Gutxiago hitz egin behar da, eta egunero lan egin, aurrerapauso handiagoak emanez. Erradikaltasuna modu askotara eman ahal da. Helburua argi badaukazu, gero aztertu behar duzu helburu horretara heltzeko nondik jo behar den. Eta hori aztertuta, EAJ eta EGI bat datoz ez dagoela beste erarik Estatutuaren bitartez joatea baino.
EGIk euskal gazteriari zerbait eskaintzen al dio EAJk ematen ez diona?
EGIk euskal gazteriari eskain diezaiokeen gauza garrantzitsuena da gazteria arloko alternatiba zintzo eta abertzalea dela Euskadi askatzeko. Agian EAJk ere horixe bera eskaintzen dio, baina EGIk askatasun horretan intsumisioa edo ekologia bezalako gaiak alderdiak baino modu erradikalagoan sartzen ditu bere planteamenduetan. EAJ maila pragmatikoagoan geratzen da, ezberdina baita eskatzea edo aldarrikatzea, eta gobernuan egotea.
EAJko zenbait buruzagik alderdiaren helburu nagusia, independentzia ezean, eguneroko beste gai batzuek izan behar dutela aipatu izan dute. Zuretzat zerk izan behar luke helburu nagusia?
Niretzat eta EAJko kide guztientzat, Euskadiren askatasuna, subiranotasuna. Egun Euskadiren subiranotasuna beste era batean agertzen da, orain 100 urte agertzen zenarekin alderatuta diferente. Orain 100 urte Estatua izan behar zenuen, eta orain argi daukagu herri honentzat askoz pragmatikoagoa dela Europan sartzea eta Euskadiren norabideak bertan erabakitzea. Baina gu geu joanda. EAJko zenbait buruzagik esaten dutenean eguneroko arazoak direla larrienak, egia diote. Azken batean, ez baita izango Euskadi askaturik indarkeria desagertzen ez den artean, herri txiroa bagara, Euskadi euskaldunik ez badago. Premiazko ardura horien oinarria Euskadiko subiranotasuna da.
Independentzia al da EAJren apustua?
Euskadiren subiranotasuna da EAJren apustua. Eta hori ulertu ahal da independentzia gisa, Estatu bat izanez, edo Europaren barnean. Guk Europaren barnean egon behar dugula diogu, eta ez kanpoan.
Autonomia Estatutua egin zenean oso gaztea zinen. Nola ikusten duzu bere etorkizuna?
40tik gora transferentzia, falta direnak, eman egin behar dira, herri honek ituna egin zuelako Madrilgo koroagaz. Itun horren arabera herri honek Estatutua onartu egin zuen eta eurek sinatu. Ituna osorik betetzeaz gain, herri honek planteatu behar du nora joan gura duen. Eta hori planteatuta beste Estatutu bat sortu, guk nahi dugun puntura artekoa. Oraingoa ahalik eta arinen bete behar dugu, eta beste Estatutu bat sortu abertzaletasunarentzat erreklamo eta aurrerapausoa izan dadin.
Estatutuak asetzen al ditu zu bezalako gazte abertzale baten subiranotasun nahiak?
Estatutua bide bat da. Ezin da ukatu aurrerapausoa dela konpetentziak edukitzea eta hemengo gauzetan guk erabakitzea. Ezin dena esan da, edo dena edo bat ere ez. Dena eta bat ere ez artean, gehienetan bat ere ez izaten da. Horren aldeko apustua egin dutenek, bat ere ez baino gutxiago lortu dute.
Iritzi publikoak euskal gazteriari buruz duen irudia kaleko istiluekin oso lotuta agertzen da.
Euskadiko gazteria ez dago barrikadetan, zati txiki bat baino ez da. Bigarrenik, batzuek gauza asko barneratu dituzte Euskadiko gazteriaren izenean. Esaterako, Karmelo Landak esan zuenean euskal gazteriak erantzun egin behar duela. Gezurra da hori. Gazteriak ez du erantzun eta gazteria ez dago barrikadetan. Barrikadetan denok dakigu zein dabiltzan, KAS dagoela atzean.
ETA armak uztera gazteek behartuko dutela esan zion Xabier Markiegik ARGIAri. Bat al zatoz baieztapen horrekin?
Hala gertatuko da. Ez du zentzurik ekologiaren aldeko, intsumisioaren aldeko, industriaren aldeko, etorkizunaren aldeko eta abarren aldeko giza-mugimendu bat egon, eta hori guztia armaz defenditzeak. Argi dago giza-mugimendu hori ikusita, gerora begira, ETAren mugimendua murriztu egingo dela. Lau `argidun' geratuko dira, herri honen salbatzaile direla eta herri honi autodeterminatu edo ez erabakitzeko eskubidea ekarriko diotela pentsatzen dutenak. Baina ez dira ohartzen herri honek ez diola inori eskatu, eta gutxiago ETAri, mesede hori. Herri honek argi esan zuen nola autodeterminatu nahi duen, Estatutuaren bidez eta ez heriotzaren bidez.
Euskal gazte asko espetxean dago. Zer egin dezake EGIk hauen egoera hobetzeko?
Espetxean euskal gazte asko dago: intsumisoak, ETAren ingurukoak... Argi esan izan dugu intsumisioaren aldeko garela eta beraz, ez diogu zentzurik ikusten intsumisoak gartzelan egoteari.
Bestetik, ETAko gazteak inguruko gartzeletan egon behar dute, ez baitauka zentzurik Malagan egoteak. Baina gartzelan badaude, hiltzaileak direlako daude, Egibarrek esan bezala eduki politikoa izan arren.
Intsumisioaren aldeko zaretela esan duzu, baina EAJk baiezkoa eman zion Kode Penalari...
EAJ beti pragmatismoaren inguruan mugitu izan da. Horretan bi gauza bereizi ditugu: Kode Penala osotasunean eta intsumisioaren gaia. Kode Penalari osotasunean baiezkoa eman genion, baina argi eta garbi utziz intsumisioaren gaian ez geundela ados.
Nola ikusten duzu Gasteizko hirukoa?
EAJ betidanik mugitu izan da itunaren ildoan. Nahiago nuke HBk indarkeria mundua alde batera utzi, eta bihar HBrekin eta EArekin hitzartzea hemengo gobernuko aginterako. Egun, hori ezinezkoa denez, pragmatismoan oinarrituz, gehiengoa sortu eta herria gobernatzeko EArekin eta alderdi sozialistarekin hitzartu behar dugu. Emaitzak legealdi amaieran ikusiko dira.
Baketze prozesuan ekimena nork izan behar du, Ajuria Eneko Itunak ala Eusko Jaurlaritzak?
Hau konpontzekotan denon artean konponduko dugu. Eta denok, batik bat, Ajuria Eneko Itunean gaude. Jaurlaritzak baketze prozesuaren ekimena hartzeak ez du zentzurik. Gai honetan negoziatu behar duena Madrilen baitago, eta guk lagundu ahal dugu negoziazioan. Beraz, noizbait eseri egin beharko dugu, nondik nora jo eta zer egin behar dugun aztertzeko. Ikusi dugu Irlandan eta Palestinan gauzak hitzaren bidez konpontzen direla. Ez dakit hemen zergatik ez den onartzen hori.
Noiz eta nola hitz egin behar da Ezker Abertzalearekin, eta zertarako?
Ezker Abertzalearekin edozein unetan hitz egin behar da. Zertarako? Lehenik eta behin hilketak alde batera uzteko. Noiz? HBrekin edozein unetan, eta ETArekin su-etena eman dadinean.
Nire iritziz negoziazio latza sortuko da, eta bertan ikusi beharko da nora heldu ahal den Madrilgo Gobernua, eta nora ETAko buruzagiak. Biek utzi beharko dute zerbait bidean akordio batera iristeko. Baina beti argi utziz ETAk negoziatzean bere izenean soilik negoziatuko duela.
Negoziaketa prozesua zabalduko balitz, zein funtzio bete behar luke EAJk?
Madrilek argi dauka EAJk ez badu sinatzen prozesu hori herri honek ez duela onartuko. Zein funtzio beteko dugun? Beti bezala erdian ibiliko gara, pragmatismo bidean. Gehiengoa daukagulako batez ere, herri honi argi esateko: guk ere ikusi dugu eta ados gaude. Hori urrats handia litzateke herri honek horrelako prozesua onartzeko, eta hori sobera dakite bai Madrilgo botere estatalistak eta baita ENAMeko mugimenduak ere.
Ezker Abertzaleak Ertzaintzarekiko jarrera gogortu egin du. Zer dela eta? Ertzaintzak berak Ezker Abertzalearekikoa gogortu duelako?
Ezker Abertzalekoek uste zuten Ertzaintza gurutzebidetan egongo zela, aurrera, atzera edo gora egiteko esanez. Baina Ertzaintza polizia osoa da, eta hala den artean, atxilotu behar ditu lapurrak, terroristak, legez kanpo dabiltzanak... ETA legez kanpo dago, eta hala dagoen artean Ertzaintzak ETAkideak atxilotu egin behar ditu.
JAUREGI, Mikel
8,9-10,11


GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakGazteakEGI
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazATUTXA1
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude