"Bakea lortzeko ez dugu kimika edo ingeniaritzako Nobel saridunik behar"


1995eko azaroaren 26an
Jon Idigoras HBko Mahai Nazionaleko kideari elkarrizketa
"Bakea lortzeko ez dugu kimika edo ingeniaritzako Nobel saridunik behar"
Jon Idigoras, Herri Batasunako Mahai Nazionalekoa
Hamabost urte zituenetik dabil borrokan. 60 beteta, oraindik ez omen da nekatu. «Zornotzako Txikito»k Mahai Nazionala utziko ote duen zabaldu da, baina berak argi esan digu «erabaki hori militantziaren esku» dagoela.
Mahai Nazionala utzi dezakezula zabaldu da. Egia al da?
Mahai Nazionala utzi edo bertan jarraitzeko erabakia ez dago Jon Idigorasen esku, militantziarenean baino, egun hauteskunde prozesuan baikaude. Nekatuta nagoen? Aberriaren alde borrokatzeko ez nago nekatuta, eta egundo ez naiz nekatuko. Independentziaren alde Mahai Nazionaletik edo kanpotik egingo dut.
Zureaz gain, beste izen batzuk ere aipatu dira. Goardia zaharrekoak Mahai Nazionaletik desagertuz doazela dirudi, eta aurpegi berriak ugalduz. Horrek aldatuko al du HBren ekimena?
Apurka, traumarik gabe, belaunaldi-txandaketa egin behar da. Ez gara betiko. Nik badaramatzat 18 urte Mahai Nazionalean. Nire bizitzari, nire familiari eta nire lagunei denbora gehiago eskaini nahi diet. Urte horiek bere zama uzten dute. Gainera, beste alderdietan ertaineko abiadura eramaten duten artean, gu 200 kilometro orduko abiadan ibili ohi gara.
Asko ari da aipatzen aurpegi berri horiek KASekoak direla...
«Oldartzen» prozesuan ikusi dugunez, KASekoak izan ziren gehien parte hartu zutenak. Beste militanteak baino dinamikoago, kontzienteagoak baitira. KASekoek jarreraren bat baldin badute, defenditzera joango dira. Besteek, ordea, oro har, ez zuten hori egin. Eztabaidetara joaten direnak dira azkenean nagusi, gure munduan alferrentzako ez baitago tokirik.
Joera hori ez al da kontraesankorra HBk hainbestetan errepikatzen duen koalizio barruko ideia aniztasunarekiko?
Anistasun hori mantentzen da. Adibidez, guretzat oso garrantzitsua da Patxi Zabaleta bat HBn izatea, bere ezberdintasun guztiekin, hori aberatsa baita. Nik ez nuke nahi Mahai Nazional uniforme bat, ahots batez erabakiak hartuko lituzkeena.
Zertan da berdina eta zertan ezberdina gaurko HB eta 1985ekoa?
Ezker Abertzaleko jende guztiak plataforma bat eduki zezan jaio zen HB. Une hartan baziren KAS, HASI, LAB, ASK... Baina KASeko mundu hori nahiko laburra zen. Ezker Abertzaleak mundu zabalagoa behar zuen, beste erantzun batzuk emateko masa borrokari, erakunde borrokari... Horretarako jaio zen HB, eta lortu, lortu zuen.
Gerora, aldaketa ugari ezagutu ditugu: Ajuria Eneko Ituna, PSOEren eta beste alderdien jarrera, munduan izandako aldaketak _Berlingo Harresiaren desagerketa, proiektu sozialistaren ia erabateko desagerpena... Horrek, noski, gure dinamika politikoan eragina izan du. Egun Ezker Abertzalean ezinbestekoa dira barruko homogeneizazioa eta dinamismoa.
HBk homogeneizazio hori lortu al du?
Ari gara. Egia da HB maiz ardo askotako upela izan dela. Gure munduan denetarikoak egon dira. Hori ez da txarra, baina programa baten barruan finkatuta.
Ezker Abertzalea apurtzeko froga errepresibo guztiak jarri dira martxan, eta EAJ eta Espainiako Gobernua ohartu dira errepresio bidez ez dagoela ezer konpontzerik. Irtenbideak negoziatua behar duela pentsatu behar dute. Bateria guztiak prestatu behar ditugu urrunegi ez dagoen une hori datorrenerako.
Euskal alderdi politiko eta sindikatuei luzatutako elkarrizketarako bilerek aurrerapausorik ekarri al dute?
Erakundeak apirilean luzatutako mezuan baziren gauza berriak, aurrerapausoak. Hori oinarritzat hartuta, pentsatu genuen une egokia zela alderdi eta sindikatuekin errolda bat egiteko. Ilusio faltsuak piztu gabe, gogoeta gisa aurrerapausoa izan da.
EAJk ukatu egin du zuek haiekin bildu zaretenik...
EAJrekin izan ginen, eta balorazio positiboa egin zuen. Gerora, ikusiko dugu zer gertatzen den. Ni ere Santo Tomasen antzekoa naiz, «ikusi eta sinetsi». EAJk konpromezu eta fronte asko dauzka zabalik: gaur honantz, bihar harantz, gaur Aznarrekin ituna, bihar Gonzalezekin, gaur... Eskizofrenia baten barruan bizi da EAJ, eta burua argitu behar du, ezen egoera honi edozein irtenbide bilatzeko, edozein negoziaketa prozesu gauzatzeko, EAJ kontuan izan behar baita.
EAren jokabidea, ordea, parekatuta doa bizi duen dramarekin. Bere esparru politikoa ez dago definituta: une batean pentsatu zuen HB eta EAJren tarteko esparrua zela berea, esparru sozialdemokrata abertzalea-edo, baina horrelakorik ez dago hemen. Edozein preziotan sartu da Nafarroako Gobernuan eta EAEkoan. Nortasun politiko falta nabarmena erakusten du.
EAk ala zuek zeneukaten mahaitik altxatzeko gogo handiagoa?
Bilera-eguna baino astebete lehenagotik adierazpen publikoak egiten jardun zuten, sekulako astakeriak esanez. Mahaira joan ginenean argi esan genien: «Mutilak, horrelako gauzak esaten dituzten pertsonekin, seriotasunik eta zentzurik gabekoekin, ezin dugu bilerarik egin». Beraz, altxa eta bere horretan utzi genuen.
Nola ikusten duzu Xabier Arzalluzek azkenaldion erabiltzen duen diskurtso berria?
Txalogarria da, baina pentsatu behar da diskurtso aldaketa hori zein asmorekin egiten den. Diskurtsoak eta praktikak ezin dute aparte joan, eta Arzalluzen diskurtsotik EAJren praktikara sekulako aldea dago. Arzalluzi diskurtsoa eta praktika bateratzeko gomendioa egingo nioke, bestela diskurtso hori gezur hutsa baita.
ETAk azken agirian alderdien jarrera elkarrizketazalea azalekoa zela salatzen zuen. Alderdien arteko elkarrizketak zalantzan jartzen zituen ala alderdiei frogaren bat eskatzen zien?
Erakundeak apirilaren 26an kaleratu zuen agiria, eta ordutik ez da froga edo keinu bakarra izan. Beste aldekoek eskatzen dute borondate oneko froga, su-etena. Baina su-etenak ez du ezertarako balio beste aldetik ez badago borondate oneko frogarik. Erakundeari su-etena eskatu eta gero kalean sekulako errepresioa eramaten dute aurrera: Ertzaintzarekin, Goardia Zibilarekin, atxiloketekin, presoak sakabanatuta izanda... Espainiako Gobernua eta EAJ elkarrizketarako prest egongo balira, ziur ETAk su-etena emango lukeela.
HBk dio Estatu espainiarrak Santo Domingon daukala solaskidea hitz egin nahi badu. Bestelako foroetan urratsak emateko modurik ez dago?
Telesforo Monzonen hitz batzuek argi azaltzen dute hori: «Kanpaiak jotzeko ez da gotzainarengana jo behar; kanpaiak jotzeko kanpai-jolearekin hitz egin behar da». Espainiako Gobernua, EAJ eta ETA dira solaskide nagusiak, eta horietarik bakarra ezin dugu ordezkatu. Agente sozialek, alderdiek, badaukagu gure funtzioa, eta bere unean protagonismoa izango dugu.
Lehenik, solaskideen artean joko-arauak jarri beharko dituzte. Lehenengo arauak negoziaketaren helburua jasoko luke: bakea lortu eta indarkeria gainditzea, eta autodeterminazio eskubidea ezagutzea. Indarkeria gainditzeko eta bakea lortzeko ezinbestekoa da ETA kontuan hartzea, bera baitabil pistolarekin. Espainiako Gobernuak, ETAk armak uztearen truke, autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasunaren prozesua zabaltzeko prest egon behar du.
Alderdi politiko eta indar sozialen mailako bilerek eta gogoetek ETAren apirileko proposamena bultzatu beharko luketela esan zion Karmelo Landak ARGIAri, bestela alferrikakoak direla...
Eperra zoratzeko ohitura txarra daukagu hemen. Sekulako sinposioak egiten ditugu indarkeria dela eta ez dela, elkarrizketa dela eta ez dela... Eta ez gara gai hain gauza sinpleari erantzuna emateko. Bakea lortzeko hemen ez dugu kimika edo ingenieritzako Nobel saridunik behar, zentzu piska bat baino ez.
PSE-EEri ez zenioten deitu hitz egiteko, Egigurenek euskal sozialismoaren apustua elkarrizketaren aldekoa dela dioen arren. Sozialistek izango dute, bada, zer esanik.
Zoritxarrez, ez dut uste bere jarrera PSE-EE osoarena, eta are gutxiago PSOErena, denik. PSE-EEri ez genion gonbidapena luzatu arrazoi soil bategatik: guk ez diogu Nafarroako EAJri deitu, ezta Arabako LABi ere... PSE-EE ez da PSOEren hemengo morroia baino. Deitzekotan, PSOEren Gobernuari deituko geniokeen.
Nola bizi du Jon Idigorasek kaleko enfrentamendua edo tentsioa?
Ikusi egin behar da Atutxa jaunak eta Ertzaintzak zein urrats eman duten. Zer egiten duten ikusita, ez daitezela harritu ertzainari zipaio edo gaizkile deitzen zaionean. Atutxak eta Martiarenak sekulako obsesioa daukate ordena publikoarekin, baina Goardia Zibilaren eta frankismoaren ordena publikoarekin. Tentsioaren eragileetako bat hori da.
Bestetik, bahiketa dago. Julio Iglesiasen bahiketarekin ez bezala, Ajuria Eneko Itunak bultzatutako kale-hartze eta erasoaldiaren aurrean, Aldaiarenarekin gure munduak beste erreakzio bat izan du eta ondorioz kale-enfrentamenduak sortu dira. Horri Rosa Zarraren gaia, GALena... gehitu eta, gizartea pil-pilean jarri da.
Kaleko istiluek hainbat kexa eragin dute. Ondo ari al dira lanean Ezker Abertzaleko gazteak?
Sekulako erasoa dago gazteriaren kontra, eta Ezker Abertzaleko gazteek, haserre, horri erantzun egiten diote. Atutxaren pentsaera paranoikoaren ondorio da hori: 18 urteko edozein neska-mutil, gaztea izateagatik, gaizkilea dela pentsatzen du, eta gaizkileari egurra eman behar zaiola. Eskema horrekin ez da harritzekoa kalean tentsioa sortzea.
MIKEL JAUREGI
JAUREGI, Mikel
8,9-10,11


GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazIDIGORAS1
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude