«Kulturgintzaren esparruetan koordinazioak huts egiten du»


1993ko ekainaren 06an
Pello Ibaibarriagari elkarrizketa kulturari buruz
«Kulturgintzaren esparruetan koordinazioak huts egiten du»
Pello Ibaibarriaga, Kutxako gizarte ekintzetarako arduraduna:
Aurrezki Kutxa Munizipaletik Kutxara, hamar urtetik gora egin ditu Pello Ibaibarriagak bere arduran euskal kultur munduari loturik. Etekinak eta diruak gizarte mailako egitasmoetan xahutzea du zeregina. Honetan, interes handiko emaitzak jasotzen ari direla aipatzen digu, nahiz eta hondorik gabeko lan honetan, laguntza guztiak motz geratu eta zuloak handiak izan. Beharrak eta nahiak zertan diren laburtu digu.
GIPUZKOA Donostia Kutxan atipikoak direla aipatzen digu Pello Ibaibarriagak solasaldia hasi aurretik. «Ez gaude merkatuan errekurtsoak sortu eta inbertitzeko, baizik eta Kutxak lortzen dituen emaitzetatik gizarte ekintzetarako jartzen dituen diruak bideratzeko. Gure harreman mundua desberdina da, hemen ez gara dirua jokatzen ari». Harreman mundu hori guztiz aberatsa dela gehitu du:
«Gizarte osoarekin ari zara batera edo bestera. Azken batean, gure etxea, gipuzkoar guztientzat erreferentzia baita».
ARGIA. Adieraziko al diguzu zertan mamitzen den zuen egitasmoa?
P. IBAIBARRIAGA.
Fusioaren ondoren gizarte ekintza osoa bi bloke handitan banatu dugu: kultur ekintzak (guk sortzen ditugunak eta beste entitateei eskaintzen zaizkien laguntzak barne) eta gizarte mailakoak. Hemen sartzen ditugu gure esku dauden Onkologikoa, Don Bosco trebakuntza eskola, Nazaret zentroa, Zabalegi nekazari eskola... Arlo ezberdinetakoak ditugu, hezkuntza, osasungintza eta besteetara jarriak.
Kultura alorreko gure zerbitzu propioak dira: Fototeka (ez dago Espainian fototekarik duen aurrezki kutxarik); urtetan zehar hazi den ondare artistikoa: autore euskaldunak, eta gipuzkoarrak batipat, biltzen ditugu; argitalpen zentroa: merkatu mailako entitateek, normalean, argitaratzen ez dituzten liburuak kaleratzen ditugu, gure historiari buruz gehientsuenak, eta arte munduko biografiak (antolatzen ditugun hainbat erakusketarekin batera egin ohi ditugunak). Urtero, 25-30 liburu kaleratzen dira. Gero, Donostian, Doctor Camino liburutegia dugu, erakustaretoa eta beste.
Hainbat lehiaketa ere gauzatzen ditugu: artista berriena (Gipuzkoako Foru Aldundiarekin erdibana); Irun Hiria literatura saria eta Donostia Hiria saria (sari bakoitzaren jarduna berdefinitu dugu: Donostiakoa, ipuin eta antzerkira jarriko da; eta Irungoa, olerki, entsegu eta eleberrira).
Dirulaguntzen alorrean, Donostiako Hamabostaldia, Zinemaldia, Tolosako Abesbatzen jaialdia... eta herriz-herriko ekitaldiak, euskal giroko jaiak, hainbat entitate eta kirol motari laguntzen diegu. Euskararen sustapenari oso gertutik erreparatzen diogu, Kilometroak dela, Herri Urrats, sortu eta sortu ari diren herrietako elkarteak... Azken urteotan, hezkuntz eta ikerketari begirako jarduna indartu dugu, bestalde.
Guzti honetan, noski, ez dugu planteamendu merkatalik baliatzen eta baliatuko.
A. Fusioaren ondoren zer bilakaera izan dute zure esku dauden aurrekontuek?
P.I. Fusioa egin zenetik urtebetera, batez beste, % 10 igo dira aurrekontuak. Kolpea gorantz ematen saiatzen gara, beti ere. Jaso ditugun 600 milioi pezetatik erdia dirulaguntzetan, eta beste erdia gure egitasmoetan, xahutuko ditugu.
Kulturari dagokionean, hezkuntza eta ikerketa eta euskararen sustapenaren atalak dira sail nagusiak.
Diruok gehiago igotzen ez badira, baina, Kutxak gizarte alorrean zama handiko ekintza zenbait dituelako da _Onkologikoa, kasu_. Gizarte ekintza hauek, beren mantenurako, aurrekontuen ia erdia eramaten dute, eta besteentzat dira, gero, mugak.
A. Ez al da Donostian biltzen, gehienbat, egitasmoa?
P.I. Duela 12 urte arte herriak ia erabat utzita zeuden. 80ko hamarkadarekin batera heldu zen filosofia aldaketa, eta ordundik, gure ekintzak ahalik eta hobekien banatzen saiatzen gara.
Izan ere, Gipuzkoako herrietako indarrek eragiten duten eskariari erantzutea da gure lehen helburua: kultura mailako errekurtsoak oro har neurtuta, zuzenean egiten ditugun ekintzak eta dirulaguntzen multzoa parean daude. Ona litzateke _gero eta mugimendu gehiago dagoen seinale_ proportzio hori kanpoko ekintzen alde aldatzea.
A. Kanpoko ekintzak jasotzeaz gain, Kutxak antolatzen dituenetan lehentasunek nondik nora joko dute aurrerantzean?
P.I. Fusioaren ondoren, helburu koalitatiboak finkatu eta horren arabera epe erdiko eta luzeko plangintza estrategikoa osatzen ari gara. Azken urteotan, adibidez, gizarte mailako ekintza berririk ez da sortu atzekoek zekarten zama ikusirik. Kultura mailan, gero eta herri gehiagorekin gabiltza lanean. Eta euskararen alorrean, hainbat elkarterekiko harremanak estutu ditugu...
A. Euskararen aldeko erronka zuenganatuz?
P.I. Garbi daukagu. Euskararen egoera beste bat balitz ez ginateke horrela arituko. Oraingoz, eta pentsatzen dut luzerako izango dela, beharrezkoa da atal honetan indarrak jartzea. Oro har, Kutxaren jarrera ere bada honakoa. Ez dut uste antzeko aurrezki kutxarik dagoenik Euskal Herrian.
A. Kultura alorrean zer berezitasun ikusten diozu Gipuzkoari?
P.I. Oso dinamikoa da. Zentzu honetan (eta onean), asko eskatzen digu gipuzkoar gizarteak. Hainbat ekintza antolatzeko orduan, ordea, koordinazio falta nabari dut. Bakoitzak berea ateratzen du aurrera, nor bere protagonismoari (zilborrari) begira jarduten da. Hori ez da ona.
Kutxak, elkarren arteko lankidetzaren aldeko apustua egin du. Hain zuzen ere, ditugun errekurtsoei beste etekin bat ateratzen baitzaie honela.
A. Euskal kulturaren ajea ez da bart arratseko kontua. Zer kezka dituzu honen gainean?
P.I. Lehen mailako premia handiak betetzeke kultura beste momenturako geratzen ari da. Herri honen kultura ez da pentsatzen dugun bezain zabala, ordea. Lehentasunak jarri eta jendea kulturara ekarri behar da. Eta honetan huts egiten dugu: gogoeta eta ikerlanik ez da egin, gutxieneko oinarriak ez dira finkatu... Guzti hori gabe zaila da baliabideak ongi erabiltzea eta ez dira ongi erabiltzen.
Kultura hondorik gabeko untzi bat da, ez dago neurririk, eta mugarik ez dagoen tokian edozer gauza antolatzeko arazoak beste era batekoak dira.
J.J. Petrikorena
48-50,51

GaiezKulturaKulturgintz
PertsonaiazIBAIBARRIA1
EgileezPETRIKOREN1Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude