«Txapelketa sistemak ez nau behin ere komentzitu»


1993ko maiatzaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Paulo Txikia bertsolariari elkarrizketa
«Txapelketa sistemak ez nau behin ere komentzitu»
PAULO TXIKIA
Bertsolari hernaniar ezaguna, beste garai bateko bertsogintzaren lekuko zuzena da. Txirritarekin lehen plaza egina, Zepai, Saiburu, Basarri, Uztapide, Lasarte eta batez ere Lazkao Txiki izan zituen kide. Paulo Zubiarrain parrandazale amorratua ere izana da, bi eta hiru egunetarako joaten zen bere bizikletan plazak egitera. Eskolatik oso gutxi edana, gizon jakintsua da bere buru argia eta batez ere irakurzaletasunari esker.
ARGIA. Urumea bailara honetan oso aritua zara sagardotegi inguruan bertsotan. Asko aldatu al da bertsogintza giro horretatik gaur egungora?
PAULO TXIKIA. Lehen bertsolaritza bizi egiten zen, egun osoa ematen genuen koadrilan bertso-kantari, lanean, parrandan, sagardotegian... Zaletasuna ere sekulakoa zen.
A. Ez ote da bihurtu zuen garaian afizioz egiten zen bertsogintza ofiziokoa gure egunetan?
P.T. Gure denboran ez zen dirurik irabazten. 30 duro kobratzen genituen Hernanitik Zugarramurdira, Errazu, Arizkunera... bizikletaz joanez. Orain nahi dutena esango dute, baina hemengo jainkoa dirua da. Hala ere gustatu egin behar du, besteenak aditzen eta. Afizioa bertsolariari jaio egiten zaio, berez etortzen da. Eta etxeko giroak ere laguntzen du, aitonarekin zaletu nintzen ni. Anaiak ere aritzen ziren bertsotan eta ez ziren txarrak.
A. Txikitatik, zortzi urterekin lotsagabeki Txirritari erantzuten ausartu zinenetik, beti izan da zure inguruan haren itzala.
P.T. Txirrita eta Saiburu ezagutu genituen. Txirrita gizon handia zen eta ona zen plazan laguntzen, arrazoitan, eta ondokoari moztu gabe. Ateraldi hoberenak bereak ziren. Tarteka astakeriaren bat ere botatzen zuen baina... Gu haien ondoan ez ginen lotsatzen, aurrekoa zenbat eta hobea orduan eta nahiago, aurre egiteko.
A. Binaka plazaz plaza joaten zinela eta, zein izaten zen zure kidea?
P.T. Mitxelena urte askotan, baina ez zen bakarra; Zepai, Uztapide, Lasarte... eta Lazkao Txiki bera.
A. Lazkao Txikirekin ere maiz aritu zara plazaz plaza. Zein oroitzapen duzu hil berri den honetan?
P.T. Lagun ona zen, parrandetan kide ona. Berrogei urte luze ibili gara elkarrekin, Zaldibian lehen saioa, bera oso gazte zela egin genuenetik. Txiste kontari aritzen ginen biok, xelebrea zen. Azken aldea bajatua zen asko, pertsona ahitu egiten da eta.
A. Txapelketetan ere aritu zara urte askotan.
P.T. Bai hala da, gerra ondorenean izan zen Tolosako lehen saioaz geroztik. Donostian ere bi bider eta Errenterian ere bai. Basarri, Uztapide... denekin.
A. Orain txapelketak biltzen du arreta handiena. Batzuk hasi dira txapelketaren aurka iritziak jaurtitzen. Zer deritzozu zuk gai honi buruz?
P.T. Ez dira lehen bezalakoak. Orain eskolan ikasiak baloratzen dira eta zer jakingo genuen guk horretaz! Baina badira gauza batzuk gustatzen ez zaizkidanak. Epaimahaiko juezak elkarren ondoan egotea, komentarioak egin eta pentsatzen dutena esanez... Bakoitzak bazter batean egon behar luke norberak bere iritzia emateko.
Behin ere ez zait buruan sartu bertsolari on batek txapelketa batean bere gaitasuna erakutsi beharra izatea. Hor ezin da bertsolari bat probatu, saio luzeagoa behar du izan. Gainera ez dira behartzen hiru edo lau saio hogei bana bertso kantatzen jartzen. Uztapidek hala esaten zuen, «Jeneralean izango dira/sagardotegi eta tabernak/bertsolaria probatutzeko/diran lekurik onenak». Txapelketako gai batean hiru bertso jarri eta gai ona edo txarra egokitu liteke, baina hor ezin da juzkatu, ezin baita lan txiki horretan gauzak azaldu; eta bertsolariak etorria duen frogatu egin behar du.
Txapelketa sistemak ez nau behin ere konmentzitu bertsolari onena ezagutzeko.
A. Txapelketetako finaletara iristen ari diren bertsolari gazteez, zer iritzi duzu?
P.T. Bertsolari gazte asko sortzen ari da eskoletatik, errimak eta beste gauzak ikasita. Baina ikasi baino, bertsolariak jaio egin behar du. Guk ez dugu horrelakorik ikasi eta ahal genuen moduan aritzen ginen. Orain irakurtzen ohituta daude eta beste era bateko bertsoak egiten dituzte, oso prestatuak.
Ikasteak argitasuna eman die eta edozein gairi aurre egiteko jantzita daude, historia eta jendearen bizitzaren aldetik; santuenak ere bai. Gu herriz herri joan eta askotan ez genekien ezer aipatzen ziguten pertsona inportante bati buruz. Zein saio mota egingo genuen horrela?
A. Eskolan oso ibilia ez baina hamaika kontu dakizkizu eta gainera irakurtzen ematen duzu denbora luzea.
P.T. Niri irakurtzea gustatu eta horregatik moldatzen nintzen hobeto gai baten aurrean. Bestalde, gure aurreko bertsolari askoren lanak eta, kantuz ez zenean, irakurriz jaso ahal izan ditut: Etxahun, Xenpelar, Bilintx... Oso onak dira eta kostatuko zaie gaurko bertsolariei hobeak jartzea. Euskara hizkuntzak balio duen arte balioko dute. Pasatua dut Auspoaren sail nagusi osoa. Beste gauza asko, euskarazko aldizkariak eta egunkariak ere bai.
A. Zer nolako bertsoak ziren zureak?
P.T. Oso parrandazaleak ginen eta umorezko jardunak ugari ziren, ahal genuela handienak elkarri esaten. Jator ere bai e! Orain baino, lehen parranderoagoak ziren bertsolariak. Hori zela eta denok fama txarra izaten genuen.
A. Orain batere aritzen al zara bertsotan?
P.T. Orain bi urte arte, urtero egiten genuen afari batean aritzen nintzen jardunean, baina burua galtzen joaten zara eta gauzak ahazten. Argiñarena anaiak, Etxeberria, Lazkao Txiki, Amuriza, Mitxelena... Utzi egin nion joateari. Orain berriz, oso gutxi, lardaskatzen aritzen naiz tarteka, baina nola etorri hala joaten da pertsonaren memoria. Lehenago bai, hizketan baino gusturago.
A. Noiz egin zenuen azken plaza?
P.T. Oraindik ere sasoikoa nintzela, hirurogei urtetik gora behintzat. Nire iloba baten ezkontza batean izan zen, Uztapide eta Lasarterekin batera, Herrera aldean. Badira honezkero 20-25 urte. Geroztik sagardotegietan asko aritu naiz, Lasarteko Etxeberriarekin, Garmendiarekin, Lazkao Txikirekin...
A. Bertsolarien jardunak jarraitzen al dituzu?
P.T. Oso gustuko dut bertsoak entzutea eta ikustea; batzuetan onak, besteetan txarrak... Atsegin dut telebistaz ikustea eta irratian entzutea.
A. Bi liburu argitaratuak dituzu, «Ia kantuz bezala», 1985ekoa eta «Gazi-gozoak», 1988koa, eta beste bi burutzear.
P.T. Bi liburu horiek bertso liburuak dira, pasadizoren bat tartekaturik agertzen dela. Zaharretxera etorri baino lehen beste biri ekin nien, baina orain arte utzi samar izan ditut alferkeriaz edo. Aita Zavalak ditu bildurik eta laster lotu beharko natzaio lanari. Aurreratuen dudan lanean Ondarroako Jose Gorostiagak bere bizitza kontatu eta gorabeherak, ateraldiak eta bertsoak esan zizkidan bezala biltzen ari naiz. Historia luzea du, Ameriketan artzain ere ibili zen eta bai dirutza pilatu eta Ondarroan sekulako baserria egin ere.
A. Horrenbeste urtetan plazan, oso gustuko bertsolariak ezagutuko zenituen.
P.T. Bordari asko estimatzen nuen, artikulu onak ere idazten zituen gainera. Basarri ere oso ona zen; Uztapide arrazoiketan goi mailakoa... oso pertsona ona. Lasarte ere bai. Mugaz harantzakoa, Xalbador oso ona zen. Beste 15 urtez bizi izan balitz fenomeno izango zen. Poeta handia zen hura. Prantses txikia ere oso ona iruditzen zitzaidan.
A. Bertsolaritzak gora egin duela eta, zenbaitek gehiegi harrotu dela esaten dute.
P.T. Modan dagoela dirudi, eta gauza bat horrela jartzen denean agian behar baino gorago igotzen da eta horrek beldurra ere ematen du.
A. Bertsolari ibilita, batera eta bestera, euskalkiak ederki ikasi dituzu urte luzetan, bizkaieraz, nafarreraz eta beste era askotan aritua baitzara hitz egiten.
P.T. Leku guztietara joan eta denekin konprenitzen ginen ondo. Eta Nafarroa aldera hainbeste joanik, ez da harritzekoa hango hitzak, doinua eta esaerak hartzea. Eta gauza bera urtero Ondarroa aldera plaza egitera joanik.
A. Pilotazale amorratua ere izan zara, jokatu ere bai.
P.T. Beti izan ditut lagun pilotariak, herriko jaietan beraiekin bateginik. Gure garaian Larralde, Orbegozo Altzakoa, Inziart, Egia eta beste batzuk izaten ziren. Haiekin ere parranda ederrak egiten genituen.
A. Politika aldetik ere ideiak oso argi azaltzen dituzu.
P.T. Niri zerbaitek pena ematen badit zera da, euskaldunak izan eta Euskal Herrian hainbeste politikari elkarren kontra aritzea. Kanpotarrak poztuko dira gu mutur joka ikusita. Egoskorrak izateagatik edo... baina ezin gara ondo konpondu. Otaño zenak aspaldi esan zuen: «Utzi ditzagun alde batera/ ezjakinen txarkeriak/ eta euskaldunak izan gaitezen/ denok elkarren anaiak». Leku ederrean gaude!
Ritxi Lizartza
34-38

GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaTXIKIA1
PertsonaiazTXIKIA1
EgileezLIZARTZA2Kultura

Azkenak
2025-09-10 | Gedar
“Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu”

Europako hainbat unibertsitatetan ikasleek abiatutako dinamikarekin bat egin du IAk, eta hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.


Azaroaren 23an izango dira Arabako kontzejuetako hauteskundeak

Arabako Foru Aldundiak adierazi du litekeena dela irailaren 21ean irekitzea epea hautagaien zerrendak aurkezteko.


Hezkuntzan eremuka lan egitea fokupean jarri du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpenak

DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.


Israelek Hamaseko negoziatzaileak bonbardatu ditu Qatarreko hiriburuan

Erasoaren helburu izan direnak Trumpek proposatutako su-etena negoziatzen ari zirela azaldu du Hamasek. Israelek erasoa baieztatu du, eta Qatarrek “eraso kriminala” kondenatu.


Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protesta gogorren ondorioz

Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.


2025-09-09 | ARGIA
Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal presoa, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.


2025-09-09 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bazuen mezua, noski, Pekineko desfileak; baina zein zen mezua?

Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian

Hirian milioi bat pertsona inguru bizi da egun, eta ez dute nora jo. Pazienteekin eta lanean geratuko direla adierazi du Shifa ospitaleko zuzendariak, eta babesa eskatu dio nazioarteari. Bestalde, gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek... [+]


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Eguneraketa berriak daude