«Eskola Lege honekin geunden lekuan geratu gara ikastolak»


1993ko martxoaren 14an
Mirari Bereziartua Ikastolen Konfederazioko idazkari orokorrari elkar
«Eskola Lege honekin geunden lekuan geratu gara ikastolak»
MIRARI BEREZIARTUA
Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu berri denean, ikastolek sare publikora jo edo pribatuan gelditzea hiru hilabeteko epean erabaki beharrean daudenean, eta Ikastolen Konfederazioa eta EAJren artean isilpeko harremanak dauden honetan, Ikastolen Konfederazioko idazkari orokorra den Mirari Bereziartua izan dugu solaskide.
ARGIA. Badira dagoeneko 37 urteko historia duten ikastolak. Ikuspegi zabal honetatik Euskal Eskola Publikoa sortzeko zeuden itxaropenetatik alegia, nola ikusten duzu Legearen onarpena?
M. BEREZIARTUA. Lehenik esan behar da ikastolek izan dutela araupenik urte guzti hauetan, eta orain egiteko zegoena herri honetako eskola propioa egitearen aldeko ekintza bat juridikoki egituratu eta instituzio propio moduan eratzea da. Lege hau ez da gure helmuga, ez baikara iritsi lortu nahi genuen puntura.
Herri honen historian kokatu behar da ikastola, eta egungo errealitateari erantzun behar dio. Eta ezin da ulertu egungo koiuntura politikoa kontuan hartu gabe. Beraz, egoera postindustrial honen errealitateari erantzuteko, gizarteari exigitzen duen protagonismoa onartu behar zaio, aintzakotzat hartu behar dira herri mugimendu eta gizataldeen ekarpenak. Eta une historiko honetan onartu den lege hau aurreko gizarte industrialaren garaiko eskemen arabera egin da, hots, Administrazioak legea bere kabuz sortu eta inposatu egin digu. Euskal Herriak bere eskola propioa bertako indarrak bat egiten duten momentuan izango du, eta bistan dago hau ez dela une hori. Beraz, ez da guk helmugatzat dugun proiektua.
A. Une politiko egokia al zen Euskal Eskola Publikoaren Legea orain onetsia izateko?
M.B. Nabaria da une zaila zela, gobernuan bi herri proiektu ezberdin eta kontrajarri zeudelako une horretan. Eta beraz, koiuntura politikoak horrelako proiektua ahalbidetzeko unerik egokiena ez zen gaur egungoa. A. Ez al da errazegia izan legeak dituen muga nabarien erru osoa gobernuari leporatzea? Gizarteak ez ote du erru apur bat konfluentzian gehiegi ez saiatzeagatik?
M.B. Ez dut uste erruez hitz egin behar denik, ardurez baizik. Ardura ez da bakarrik Hezkuntza Sailarena, edo Jaurlaritzarena. Bakoitzak berea du eta banaketa horretan ardura maila ez da paretsua izan. Baina gure gizarteko sektoreetan herrigintza ez da gehien potentziatu den arloa. Aurrera begira, talde sozialak gizartea antolatzen eta herri sarea egiten joan behar du, denon partaidetza izateko.
A. Gobernuan dauden bi alderdien artean tirabirak izan dira legea onartua izan aurretik. Ez al du EAJk alor gehienetan amore eman?
M.B. Gobernu banaketan bakoitzak du bere esparrua. Buesak oso garbi utzi digu lege hau ia modu pertsonalean, erronka moduan edo atera duela. Beraz, beste alderdiari ezin zaizkio ardurak eskatu saila konpartitua balitz bezala. EAJk ikastolekiko prozesu historiko luzea dauka. Azken hilabeteetan elkarlanean arituta, daukan jarrera eta konpromezua ikusita, eta alderdi moduan herri honen proiektuan hezkuntzan duen konpromezua ikusita, ez dago dudarik PSOE eta EAJ ezin direla parekatu gobernukide izateagatik. Saila Buesa eta PSOEren esku dago, eta EAJrekin iskanbila asko izan dituzte.
A. Orain, zer egin daiteke?
M.B. Eskola propioaren proiektua aurrera ateratzea da gure lana eta herri honekiko dugun konpromezua. Eta une batean egin duguna ez da nahikoa. Gainera oso aukera txikia eman zaigu gauzak aportatu ahal izateko. Baina lege honek bere babes soziala, sindikala eta politikoa _bai gobernutik kanpo ere_ izan duenez gero, ikusi dugu indar guztiak biltzen saiatu behar dugula gure proiektutik hurbilago dagoen eskola bat lortzeko.
Lege honekin, bestalde, eskola proiektu baten inguruan ez garela bat egiten ari deskubritu dugu, eta hasi egin behar dugula bide hori jorratzen.
A. Legearen garrantzia erlatibizatu egiten duzula dirudi.
M.B. Lege honetan batere identifikatzen ez gaituen eskola eredua garatu da. Baina honaino iristeko prozesuan indar guztiak oso despistaturik ibili gara elkarrekin lanean aritu beharrean, eta hori egin behar dugu. Guri ateak zeharo itxi dizkigute eta erabat kanpo sentitzen gara. Beste ezeinean norbaitek horra jotzeko planteamentua egiten badu, errespetatu egingo dugu. Hau da, eremu diferentean egongo bada ere, geure laguntza guztia emango diogu; baina garbi dago gu lehen bezala gelditu garela.
A. Hiru hilabete daude Legearen proiektuan integratu edota kanpo gelditzea erabakitzeko. Zein mezu ematen ari zarete Federaziotik?
M.B. Beti egon gara eremu pribatuan. Oraingo aukera bakarra eskola publiko gaurkotu eta bertakotutako batean egituratzea zen, eta ez dugu lortu, beraz, geunden lekuan geratu gara. Iruditzen zaigu garrantzitsua izango dela denok batera erreferente indartsua izatea, elkarrekin jarraituz, oraindik zintzilik dagoen herrigintza proiektu honi aurre egin ahal izateko. Beraz, oraingo eredu honetan ikastola gehienak integratuko balira, guretzat nahi dugun eskola publikoaren ereduaren alde ez legoke lanik egiterik. Ikastola bakoitzak ez du erabaki indibidual bat hartuko, mugimendu mailan hartzen da erabakia, herrigintzako proiektu baten baitan. Argi dago _orain arte ez bezala_ etorkizunari begira Administrazioarekin elkarlanean planteatu eta eraiki nahi dugun proiektua dela.
A. Baina garbi dago _ekonomikoki behintzat_ eskola publikoan integratzen direnek egoera hobea ezagutuko dutela eta kanpo geratzen direnek orain baino laguntza txikiagoa izango dutela.
M.B. Ekonomikoki bai, baina bestela ez. Hala ere bideragarriak izango dira, eta gurasoentzako kuotetan igoera nabarmenik ez da izango. Beraz, gure sareko % 90ek gurekin jarraitu ahal izango du kalte ekonomikorik gabe, eta ezin dutenei laguntza emango zaie.
A. Ikastolen Federazioa eta EAJ harremanetan izan zarete azken hilabeteotan eta, legea kaleratu eta gero, aurrera eraman dituzue. Beraz, zertan dira kontaktu horiek?
M.B. Azken prozesuan sartu berriak gara. Elkarrekin jorratu dugu bide bat, bukaeran negoziaketa gobernuko alderdi politikoen artean izango denari begira, elkarrekin jorratutako bidea edukitzeko eta mahai gainean elkarren lanaren emaitza izan dadin. Harremana ona _gorabeherak barne_ eta itxaropentsua da, dinamika batean murgildurik gaudelako. EAJren egoera oso larria da, bere herri proiektua eta ikastolei buruz duen ikuspegia dago batetik, eta PSOErekin akordioetara iritsi beharra bestetik.
A. EAJk eskola publikoa lortzeko proiektu zehatza zuen eta gaur egun, gobernukide izanik, ikastolak sare publikoan integratzea defendatzen du. Ez al dago hor kontraesanik?
M.B. Nik ez dut esperientzia hori bizi. Gauza bat EAJko pertsona batzuek leku konkretu batzuetarako irtenbide moduan hori seinalatzea da, eta bestea alderdi moduan ikastola guztientzako proiektua horra integratzea. Hori ez da alderdiaren planteamentua eta EAJk ez digu horrelakorik inoiz esan. Koiuntura politikoaren arabera eman da aldaketa hau. Baina hori ez da garrantzitsuena. Produktu bat kaleratu da eta ezartzen digun eremu horretan ezin dugu gauzatu betidanik izan dugun helburua. Eta gauzatu ahal izateko, saiatu behar dugu ahalik eta sektore kopuru gehien gurekin bat egiten, aurrerantzean orain hankamotz gelditu den eredura iristeko. Horixe da gure benetako helburua.
A. Zein da, beraz, Ikastola taldearen helburua?
M.B. Proiekzio berria bilatu behar da, eta indar politikoen artean ere konfluentzia handiagoa exigitzen du, Administrazioaren paper berriari eusteko. Baina herri erakundeak egitean, aurreneko aldiz bertako burokrazia bat egin da, eta horri bere esparrua kentzea zaila izango da, burokraziari buelta emanez. Beraz, bi gauza gelditzen zaizkigu egiteko.
A. Zein etorkizun du hemendik aurrera Denon Artean mugimenduak?
M.B. Fase bat amaitu du eta orain egiteke dago etorkizunaren proiekzioa nola egingo den. Balorazioa egitean betebehar garrantzitsua beregan hartu du eta sentsibilitate diferenteak hurbiltzen jakin izan du. Etorkizunerantz, berriz, herri-mugimendua egituratzeko orduan, sare-antolaketarako lana izango du egiteko. Plangintza berriak eta helburuak zehazten ari gara.
A. Zure ustez, hemendik bizpahiru urtera, nola geldituko da definituta euskal eskolaren mapa?
M.B. Arazo nagusietako bat izango da ume-kopurua izugarri urritzea eta beraz, irakasleak mantenduz, gertatuko den soberakinari soluziorik ez aurkitzea. Planifikazioa bulegotik egiten saiatzen ari dira Administrazioan, eta ez da batere egokia. Arazo nagusia bihurtuko da eta ikasleak sare publikoan egin diren estimazioen arabera matrikulatzen ez badira, eta irakasleak sobera egon arren, guzti horiek mantentzeko aurrikuspena egiten badu Administrazioak, orduan besteentzako diruarekin gaizki ibiliko da. Baina ez dirudi zuzena matrikulaziorik ez daukan eskola batean irakasleak justifikatzea.
Eta planifikazioa nola egingo den axola izango du, irakasle edo ikasleak helburu nagusitzat ipiniz. Egungo Hezkuntza Sailaren tentazioa, planifikazioan bere irakaslegoari irteera ematekoa da.
A. Iruñean Ikastolen 2. Batzar Nazionala egin zenutenean, Euskal Eskolak Euskal Herri osora hedatu behar zuela, euskalduna izan behar zuela eta denontzat bakarra izan behar zuela planteatu zen. Oraindik ere ba al dute indarrik planteamentu horiek?
M.B. Herri proiektu bat gauzatzen ari gara EAE, Ipar Euskal Herria eta Nafarroatik, eta hori definitiboa egin dugu elkarrekin kongresuan. Ikastola talde guztiek baturik erabaki dute zer nolako eskola ereduren atzetik dabiltzan. Administrazio ezberdinen arabera nola gauzatuko den ikusi beharko da, baina lege honek ez du zerikusirik planteamendu orokor horrekin.
A. Egungo irakaskuntzaren hainbat arazo aipatzeko, usu entzuten zaie ikasleei ikastolan bertan elkarren artean erdara hutsean hitz egiten. Zer dela eta arazo hau? Ez al du ereduak euskalduntzeko balio?
M.B. Une bakoitzean ezartzen diren lehentasunen arabera gertatzen da hori. Ikastolan, mugimendu moduan, hil edo biziko planteamentua gaitasunean oinarriturik egin dugu, ea gai ote garen euskaraz hitz egiteko. Ebaluaketa bat egitean, lortu egin dela frogatu dugu, baina erabilpenaz ahaztu gara. Une honetan, beraz, lehentasuna erabilpenari eman diogu.
A. Ikasle kopuru aldetik, ikastolak jo ote du goia?
M.B. Ez dirudi gora egingo duenik, baina mantentzea gora jotzea da, ume kopurua izugarri urritu delako. Eta guk ume-kopuru bera mantentzea lortu dugu.
Beste akats bat orain arte hizkuntzari soilik heldu izana da, eta berau tresna bat baino ez da kultura, historia eta baloreak transmititzeko, eta horretan ahalegindu behar dugu ikastoletan.
Ritxi Lizartza
34-38

GaiezGizarteaIrakaskuntzEskolakEuskal Esko
PertsonaiazBEREZIARTU3
EgileezLIZARTZA2Gizartea

Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


Eguneraketa berriak daude