Maria Jesus Aranburu, Gipuzkoako Kultura eta Turismo Saileko diputatua:
«Gizarteak, orohar, ahaztu egin ditu gure kultur adierazpen herrikoiak»
Gipuzkoako Diputazioaren aurrekontuak onartzeko garaian, oposizioaren botoen bitartez hainbat aldaketa izan ditu hasierako asmoak, kultur arloan bereziki. Maria Jesus Aranburu, Kultura eta Turismo Saileko diputatuarengana jo dugu aldaketen ondorioz izango diren eraginak eta erakunde honen kultur politikaren xehetasunak azaltzeko.
ARGIA. Gipuzkoan zer eragin izango dute, kultur arloan, oposizioak aurrekontuetan sorturiko aldaketek?
M.J. ARANBURU. EZ dut kultur arloan aldaketa izugarririk nabaritu, beharbada kapitulu batzuetan diru gehiago dagoela... Aurrekontuak aurkeztu genituenean, eta azkenik geratu direnekin ez da egon oposizioaren aldetik programa edo ekintza berezirik. Azken batean, Diputazioak berak bere bigarren proiektuan aurkeztu zituenak onartu dira.
Zer eragin izango dute? Uste dut ez dugula egun batetik bestera ikusiko beren eragina. Aurrekontuak Uztailaren 2an onartu zirela kontuan izanik, irailean eman direla ezagutzera zeintzuk izan diren gure oinarriak, eta urriaren amaieran bukatzen dela epe hau; ez dakigu oraindik zenbat pertsonak izan duen oinarrien berri eta zenbat jende dagoen ados. Urte bukaeran egin ahal izango dugu lehendabiziko balorazioa. Dena den, uste dut zaila izango dela lehenengo urtean hemen ipintzen diren ekintza guzti hauen ebaluaketa egitea. Denbora piska hat gehiago beharko dugu jendea ohitu dadin eta zein aukera dituen ikus dezan.
A. Herrietako kultur ekimenei zuzenduriko diru laguntzek izango al dute aldaketarik?
M.J.A. Baliteke herriren batean edo bestean gauza bereziren bat izatea, baina orohar ez, herrietako programazioak bere martxan doazelako. Ez dut uste aldaketa handirik egongo denik. Agian, orain arte gauzatzeko zaila izan den talderen haten proiektua orain gure laguntzaren bidez biztu daiteke. Dena den, uztailaren 2an onartu ziren aurrekontuak, oporrak izan dira bitartean, eta jendeak denbora behar du berriro ere guzti horretaz konturatzeko. Hau dela eta egin ditugu gure prentsaurrekoak irailaren hasieran, pertsona oro adi egon zedin. Lehen esan dudan bezala abendu aldean ikusiko ditugu beren eraginak, baina datorren urtean nabarmenagoak izango dira emaitzak.
A. Aurtengo aurrekontuak onartzearen atzerapena ekiditeko, ba al dauka EAJ alderdiak inongo proposamenik oposizioarekiko?
M.J.A. Diputazioko kideak honez gero ari gara aurrekontuak prestatzen. Noski, horretarako, banaketa egiteko, Haziendako Ministeritzatik zenbat diru emaien diguten jakin behar dugu. Hala eta guztiz ere. Orain prestatzen ari garena zirriborro bat besterik ez da. Ez da denbora asko diputatu nagusiak esan zuela harremanak alderdi politiko guztiekin egongo zirela gure zirriborroa azaltzeko. Elkarrizketaren bidez, nahiko genuke Gipuzkoak bere aurrekontuak garaiz izan ditzan aurten gertatu dena berriro ere ez gertatzeko.
A. Diputazioaren barruan, bestalde, euskararen erabilpen murriztua dela eta hainbat kritika agertu ohi dira kounikabideetan.
M.J.A. Gipuzkoako Administrazioa, beste probintzietako administrazioekin konparatuz, euskaldunena izango da. Guzti hau, denok buruan nahiko garbi daukagu. Hala ere, nahiago genuke, eta horretarako, Lehendakaritza bere pausoak ematen ari da. Azken batean, Administrazioa ere gizartearen isla da, eta Gipuzkoa euskaldunena izan arren, oraindik badago zereginik gai honetan.
A. Barne euskaldantzean, hots, langileak eta lan produkzioaren aldetik, zein plangintza dauka zure sailak?
M.J.A. Batetik, nere sailean dauden langileetatik %60tik gora langilek euskara ondo menperatzen dute; badaude, bestalde, teknika maila lortu behar duten zenbait pertsona; baina guregana hurbiltzen den edozein hiritarrek euskaraz lasai hitz egin dezake. Beti ere, hobetzen joan behar dugu, eta lehen esan bezala, Diputazioaren programak gure langileak eta gure saileko jendea ere kontuan hartzen ditu.
Bestetik, lan produkzoan gure sailetik egiten diren deialdiak, eta gizartera kaleratzen diren agiriak, liburuak... bi hizkuntzetan egon behar dira gutxienez. Orain, programa honen bidez, euskara sailean kaleratzeko asmoa daukagu. Gure eskutik oraintxe bertan argitaratu diren zenbait liburutan eta Artelekuren aldizkarian, esate baterako, euskararen presentzia bultzatzen ari gara erabat. Jakina, gizarteak maila bat du eta ezin ditugu euskara ez dakitenak ahaztu. Gure eskutik plazaratzen diren lan guztietan euskararen presentzia nabarmena izan dadin da gure nahia.
Euskara gero eta gehiago sustatzen ari gara. Kantagintzan esate baterako, antzerkian ere, zirkuituak antolatu ditugu... Zenbait artistak lehen oso bolada ona izan ondoren garai txarra izan dute eta guk herriro ere bultzada eman nahi izan diegu. Gure kantari, idazle, arte plastikoetako artistei lehen maila eta lehen tokia eman nahian gabiltza.
A. Bestalde, ez dirudi azken urteotako kultur politikak herrietako ekimenak ugaritu dituenik. Nahiz eta orain diru laguntza gehiago egon, ekitaldi gutxiago antolatzen direla ematen du.
M.J.A. Bi alde bereiztuko nituzke hemen. Kultur ekitaldiak antolatzen dituzten taldeak beraiek amateur egoeratik profesional izatera pasatu dira eta baldintzak ezberdinak dira. Amateur zarenean badago militarismoa ere, eta profesional izatera pasatzen zarenean ekonomiak zeresan handia dauka. Nahiz eta ekitaldi gutxiago izan, kalitate handiagokoak antolatu dira. Orduan, erabaki beharko da zer den egokiena: ekitaldi asko antolatzea maila apalagoan, edo gutxiago baina benetako kalitatea dutenak.
Badira ekonomikoak soilik ez diren beste arrazoi batzuk. Urte oparo batzuk izan ditugu. Bai udalek, bai zenbait erakundek hainbat ekitaldi kontratatu dituzte orain arte; baina ekonomiaren egoera dela medio, denak berriro ere ari gara planteatzen zer den garrantzitsuena. Hala eta guztiz ere, esan nahi nuke Diputazioan apustu handia egin dugula, pentsatzen dugulako dauden taldeak lehen mailakoak izan behar direla, eta horretarako, formazio arloan maila hori lor dezaten, gure aurrekontuak begiratzea besterik ez dago jakiteko zer diru laguntza ematen diegun.
A. Beraz, orain kalitatea gehiago lantzen da?
M.J.A. Lehen, lagun batzuk elkartu, obra bat muntatu, eta edozein tokitara joaten ginen antzeztera. Gaur egun, profesionaltasuna dago, antzerkiak beste tamaina hartzen du eta ezin da edozein tokitan egin. Kalitateak eskatzen dituen baldintza bereziak daude.
Bestalde, gizarteak, orohar, ahaztu egin ditu gure kultur adierazpen herrikoiak. Dantzariak kasu. Lehen, edozein herritako jaietan dantzariak izaten genituen eta beraiek ziren guztiok estimatzen genuen sinboloa. Gaur egun, edozein dantza talderekin hitz egiten baduzu esango dizu zein toki gutxitatik deitzen duten. Hor, beraz, badaude bi arrazoi: kalitatea, batetik; eta bestetik, badirudi, momentuz behintzat, gizartea bera ere gure nortasunaren zenbait ikur pixka bat baztertzen ari dela.
Azken honek kezkatzen nau. Dantzariek edo kantariek lehen herri guztietan parte hartzen zuten festa edo beste zenbait ekitalditan, eta beraiekin identifikatu egiten ginen egoera baten aurrean. Ikusi nahi nituzke herrietako kontratazioak jakiteko zenbat alditan parte hartzen duten gaur egun euskal talde eta kantariek.
Guri dagokigu, herriari, adieraztea, hau gurea dela eta gurea izaten manten dezagun esatea. Nahiz eta ateak ezin itxi isolatuta ez gelditzeko.
Joxi Goikoetxea
42-44