«Politikoena beste mundu bat da»


1991ko ekainaren 10ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Luis Nuñez
«Politikoena beste mundu bat da»
Egineko kazetaria izanik hainbat datu izan ditu eskuartean hauteskunde garai desberdinetan. Hasieran enpresa teknikorako ikasketak egin zituenean, ez zuen susmatuko gaur egungo ogibidea. Ez eta ere ordutik hona betetako ibilbidea. Soziologia eta Linguistikako ikasketak burutu zituen Parisen erbestean zegoela. Duela gutxi Kazetaritzako ikasketak amaitu ditu. Euskara eta Euskal Herriaren inguruan hainbat lan egin ditu, Egineko Urtekaria, Luis Nuñez berak esaten duen bezala, lan hauen jarraipena delarik.
ARGIA. Azken aste honetako notizia hauteskundeak izan dira. Hitz egin dezagun ba beraietaz. Askok esaten dute hauteskunde hauen benetako irabazlea abstentzioa izan dela. Zein da gizarteak jarrera hau hartzeko izan duen arrazoia?
LUIS NUÑEZ. Nik alderantzizkoa esango nuke, abstentzioa oso inportantzi gutxikoa izan dela uste dut. Kasu honetan, eta lehengo hauteskundeekin konparatuz, % 6 igo da. Abstentzioa garrantzitsua da, baina ez besteetan eman dena baino gehiago.
Bestetik, abstentzioa ez da pertsona batek erabakitzen duen zerbait. Ez da faktore bat, baizik eta opzio bat, jendearen artean dagoen beste aukera bat. Orduan, esan genezake, alderdi politiko bakoitzak bere abstentzio kopurua duela. Eta abstentzionistak pertsonak dira, luzeko politikarako edo sozialki zer gertatu den jakiteko datu erreala hori da. Aldaketa egina zegoen, hau da, EAJ nagusi zen, baina lehendik ere bai. Larunbateko eta igandeko datoa praktikoki berbera zen.
Askotan esaten da «abstentzioak harrapatu gaitu edo ez gaitu harrapatu», hau da, kanpoko zerbait balitz bezala, eta ez da. Nik uste dut abstentzioa oso gauza arrunta eta inportantea dela aldi berean. Ez azken hauetan, oso gutxi jokatu duelako, baina oso inportantea luzarora begira, horrek adierazten duelako jende multzo bat abstentziora pasatzen ari dela. Eta multzo hori hazten ari dela. Igandeko hauteskundeen emaitzak azaltzeko abstentzioa pisu gutxikoa da.
A. Igandeko emaltza politiko hauek konparatuz, esan genezake sozialki lurraldeen arteko diferentziak areagotuko direla?
L.N. Azken hauteskundeekin konparatzea erizpide bezala hartuta, aldaketa gutxi eman direla esango nuke. Zundaldiek, beti bezala, huts egin dute. EAJren botu kopurua asko igoko zela esaterakoan, adibidez. EAJ igo da baina oso oso gutxi: % 1, azken hauteskundeekin konparatuz. Epe luzerako politikarako edo sozialki zer gertatu den jakiteko datu erreala hori da. Aldaketa egina zegoen, hau da, EAJ nagusi zen, baina lehendik ere bai. Larunbateko eta igandeko datoa praktikoki berbera zen.
Aldiz, EA igo da, larunbateko datoekin konparatuz berriz ere. Aldaketa biak horiek dira, EAJ goruntz eta EA ere bai, azken hau mundu guztiak espero zuen baino gehiago.
Beste aldaketa aipagarria HBna izan da. HBn jetsiera txikia izan da, % 5 gutxi gora behera, eta nik uste dut hori inportantea dela epe luzera edo epe erdira. Azken lau urte hauetan HBk 40.000 mila boto galdu ditu eta hau bai iruditzen zaidala garrantzitsua, batez ere lehen aipatutako epe luze horregatik. HBk oso serio hartu beharko luke, ez azken hauteskundeak, baizik eta bilakaera hori. Nola galdu dituen 40.000 boto horiek 87tik hona. Pentsatu behar dute ez ote den hobe bueltatzea lehengoko estilora. Alderdi politikoa baino mugimendu soziala edo mugimendu politikoa gehiago izatea. Joera herrikoi guztia HBn egotea, exekutiban egotea... honelako gauzak berplanteatzea beharrezkoa dela uste dut hauteskunde mailan berriz igotzeko. Azken urteetako ekintzen ondorioak aztertzea, azken finean.
Gero, datu inportanteena EErena da, gauza puntual bezala. EEk asko galdu du, konpara daiteke HBren galerarekin, bakoitzak 13.000 boto inguru galdu bait ditu. Baina 13.000 boto HBren masa elektoral handian ez da hainbeste, aldiz, EEren masa elektoral txiki horretan nahiko inportantea da. Gainera, EEk orain galdu baditu ere, azken hauteskunde autonomikoetan beste hainbat galdu zituen. Orduan bi galera dira, bata bestearen gainean. Dato elektoral inportante bakarra izan da. Besteak, HB, PSOE, PP, EAJ ,EA eta abstentzioarena nahiko antzekoak dira azken hauteskundeekin konparatuz. EErena ez.
A. Dena den, eta EEk jipoia jaso arren, hirukoitzak gobernatzeko eskubidea ematen dio. Alderdiaren masa elektoral murritza ikusiaz, ze legitimate du EEren gobernatzeko eskubideak?
L.N. Niretzako instituzioa bera da legitimaterik ez duena. Nik uste dut hor morala edo erizpidea mantendu behar dela. Instituzioei axola balitzaie herriaren borondatea, ahotsa, nahia aldatuko litzateke guztiz goitik behera. HBren isolamenduak legimitatea kolokan jartzen du, hau da, ez zaiela axola agintean daudenei herriaren benetazko borondatea. Beraz, instituzioei, orain dauden bezala, ez diet legitimitaterik ikusten. Orduan, hain instituzio ustelduetan EEk izango duen ala ez eskubidea... Orokorrean, nik esango nuke ezetz. Hainbeste arbitrarietate, txapuza, irregulartasun artean beste bat izango litzateke. Ez nion puntu horri hainbesteko garrantzia emango, orokorrean ikusita.
Politikoena beste mundu bat da.
A. Adibidez, paktoen mundua.
L.N. Bai, txapuza bat beste batekin konpontzen dute beti. Orain hutsune bat gertatzen bada Nafarroan edo beste edozein lekutan egingo dute paktoa PPkin, IUkin, edozeinekin. Berdin zaie.
Distantzia ikaragarria sortu da herri eta instituzioen artean. Jendeak ez du sinisten instituzioengan eta hauek nahi dutena egiten dute. Beti aurkituko dute beste aterabide bat.
A. Hauteskunde hauen fenomeno politikoa UArena izan da. Lokalismorako joera instituzio politiko batetan gauzatu da.
L.N. Hori erreakzio kontua da eta ez dut uste mespretsatu behar denik. Lehen HBren planteamenduaz esan dudan bezala, Unidad Alavesaren sorrerak gauza bera esan diezaieke EAJri eta EAri. Abertzaletasuna Bizkaian eta Gipuzkoan oso inportantea izan arren, ez horrenbeste Araban.
Kasu bera dugu Bizkaian eta Gipuzkoan PSOEkin. Hemen, jende askok PSOEri ematen dio botoa antiabertzale izateko. Zentzu bera du Araban Unidad Alavesak. Araba atzeratuagoa dago Bizkaia eta Gipuzkoa baino, arlo guztietan, eta antiabertzaletasun joera apur bat primarioa hartu dute Arabatarrek. Hemen modernogoa da PSOE Unidad Alavesa baino. Baina adierazpena, funtsean berdina da. Orain dela hiru urte EAJk autokritika egin zuen PSOE edo abertzale sentitzen ez den jendearen presentzia onartzen zutela esanez. Pena izan zen, EAJren kasuan, abertzaletasuna ere baztertu egin zuela, EAn gertatu ez dena. EAJ alderdi erregionalista batetan bihurtu da, lehen benetako alderdi nazionalista zelarik. Hori Madriletik asko eskertu zuten, ez hainbeste diskriminazioa baztertzen zutelako baizik eta nazionalismo bera baztertzen zutelako.
Denboraz, nik esango nuke UAk PPn sartuko dela, UPNkin gertatu den bezala, jende eskuindarra eta batez ere espainola delako. Baina benetako espainola UPN, karlismo eta azken finean eskuma klasikoarekin konpara ditzakegu. Soziologikoki kontutan hartzekoa da.
A. Hartzen baditugu M26ko datuak, lurraldez lurralde indar nagusiak aipatuz Hego Euskal Herriko mapa politikoa sababanatuta agertzen da. Hori errealitate sozial desberdinen islada da?
L.N. Bai, hori atomizazioa deitzen da. Atomizazioa oso inportantea da Euskal Herrian eta horrekin oso zaila da gobernuak osatzea. Baina bai, gizartearen islada dela dudarik ez. Eta beste gauza bat adierazten du honek, botoa ematen duen biztanlegoak, ideologikoki oso markatuta dagoela. Bakoitzak gure ikuspuntua dugu, mantentzen dugu eta ez zaigu berdin.
Atomizazio hori, bestalde, historiaren aurka doa. Normalean, gizarte gehienetan alderdi asko izatetik bi izatera pasatzen dira, nahiko antzekoak eta asbtentzio oso handiarekin. Euskal Herria oso desberdina da puntu honetan eta beste batzutan ere.
Atomizazioak adierazten duen beste gauza bat zera da, oinarrizko arazo politikoak oraindik, konpondu gabe daudela, bestela jendeka semaforo edo seguritate sozialaz arduratuko zen, arazo puntualetaz. Orain horiek garrantzitsuak izan arren, guk beste herrialdeko jendeak baino, arazo orokorrei garrantzi gehiago ematen diegu. Horregatik gure botoa ez da hainbeste aldatzen. Guretzat ez da inportantea diputazioan nor egongo den baizik eta "nik EAJri" edo "nik PSOEri". Gero, semaforoa, etabar, baina lehendabizi alderdia.
A. Hegoaldean eta Iparraldean errealitate sozial oso desberdinak bizi al ditugu?.
L. N. Frantsesek esaten duten bezala "a contrecoeur", hau da, gustatu ez arren aitortu behar den gauza da. Hiru errealitate desberdin bizi ditugu, Baskongadak batetik, Nafarroa bestetik eta Iparraldea. Baina batez ere Iparraldea eta Hegoaldearen arteko desberdintasuna da nabarmenena. Iparraldeko abertzaletasuna igo egin da ikaragarri azken urte hauetan. Batez ere kulturalki, baina baita ere politikoki. Bestalde, Iparretarrak sortu da eta nik uste dut han eragin ikaragarria izan duela.
Azken hamar urte hauetan Iparraldea asko aldatu da eta nire ustez onera. Lehendabiziko aldiz, abertzaletasunak pisu minimo bat du Iparraldean. Hegoaldean mende bukaeran eta hasieran EAJ inportantea izan zen. Iparraldean ez da hori inoiz gertatu, ez EAJ, ez HBkin, inorekin. Orain abertzaletasuna txikia izan arren adierazgarria da. Orain arte botoa alderdi frantsesena izan da, eskuina edo ezkerra, beti. Orain jendeak hirugarren aukera maneiatzen ari da, hau da, tokikoa. Dena den, nahikoa da beste aldera joatea aspektu guztietan dauzkagun desberdintasonak ikusteko.
A. Autobidearen inguruan sortu diren eztabaidak, eragina izan dute hauteskunde hauen emaitzetan?
L.N. Ez dut uste, autobideak ez ditu emaitzak aldatu. Niretzat datoa da Igandean hirugarren kutxatila ez zutela jarri. Aprobetxatu zitekeen, nahi bazuten eta, azken finean herriaren borondatea jakitea nahi bazuten –horretarako antolatzen dira teorian hauteskundeak– . Ez dute izan nahi. Orduan, nik uste dut Igandeko datoa izan dela inposaketa, kaso hortan. Autobidearen kontua larunbatean eta gaur berdina da.
A. Euskararen inguruan zenbait lan eginak dituzu. Zein da euskararen bilakaera eta egoera soziala?
L.N. Ni nahiko ezezkorra naiz zentzu horretan, euskara hilzorian dago. Bi gauza: hartzen badira dauden datoak nahiko gaizki dabilela aitortu behar da. Bestetik, instituzioek euskararen bilakaera neurtu behar dutela, eta hori posible da. Komunikabideek erabiltzen dutena, jendeak erabiltzen duena... eta ez dute egiten gaizki dabilela dakitelako. Eta hori ez dute publikoki aitortu nahi. Aldaketa sozial handia ematen ez bada euskararen etorkizuna arriskuan dago, gero eta okerrago. Aldaketa sozial hauek gauzatzeko, dagoen legedia baztertu, eta herriaren nahia instituzioen antolaketarekin elkartu beharko litzateke, bien artean euskara bultzatuz. Oraingo politika linguistikoa apurtzen ez den bitartean euskarak ez du salbaziorik.

NORTASUN AGIRIA
52 urte dauzka donostiar honek
Gizartea nahiago du politika baino, gizakiaren balore nagusiak interesatzen zaizkiolako
Bere bizitza guztian ikertu duen gauza bakarra Euskal Herriaren gizartea izan da
Fenomenorik interesgarriena SEBSekoa dela dio
Egineko Urtekaria euskal gizartearen kontabilitatea dela dio
Marxistatzat jotzen du bere burua nahiz eta, besteen hitzetan, bere ikerketak nahiko pragmatikoak izan
Herriaren etsipena eta apurketa instituzionala dira euskal gizartearen definizio

Myriam Gartzia
35-38


GaiezPolitikaEstatuakEspainiaBozketakHauteskundeOrokorrak
PertsonaiazNUÑEZ2
EgileezGARTZIA3Politika

Azkenak
Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


BEC ondoko ‘minipisuak’: 1.000 euro hilean eta 24 metro koadro, iruzurrean oinarrituta eta legearen gainetik

639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako... [+]


Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


Paul Laverty gidoilari britainiarra atxilotu dute Edinburgon, Gazako genozidioaren aurkako kamiseta eramateagatik

Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.


Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi autonomia handiagoren alde daude

IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.


Sexu heziketan formatuko dituzte irakasleak, Nafarroako hamabi ikastetxetan abiaturiko proiektu pilotuan

Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.


Reem Dandan, Gazarako Mugimendu Globala
“Gure herrian genozidioaren konplizeak badaude, gure erantzukizuna da horiek salatzea”

Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]


2025-08-26 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gogoratzeko moduko porrota, Taiwango gobernuarena

Logikoena zen, uztailaren 26ko lehen zaplazteko argiaren ondoren. Baina abuztuaren 23ko bigarrenak ihesbide politiko ia guztiak itxi dizkio Lairen gobernu taiwandarrari. “Gogorarazpen bozketan” beren hautetsi-tasuna gal zezaketen oposizioko Kuomintageko zazpi... [+]


Makro-onurak, mikro-ondoezak

Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]


AEBetako Defentsako inteligentzia zerbitzuko burua kaleratu dute, Iranen aurkako erasoetan Trumpi aurre egin ostean

Jeffrey Kruse buru zen Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten baten arabera, AEBek Irango gune nuklearrei eginiko erasoek ez zuten Teheranen gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Trumpek, ordea, adierazi zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude