"Gero eta perfektuagoa ari da bihurtzen bertsolaritza"


1989ko urriaren 29an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Imanol Lazkano bertsolariari elkarrizketa.

IMANOL LAZKANO
"Gero eta perfektuagoa ari da bihurtzen bertsolaritza"
Bertsolari helduek sentitzen dioten errespetoak eta gaztetxoen artean duen karismak eraman zuten Imanol Lazkano, beharbada, Euskal Herriko Bertsolari Elkartearen lehendakaritzara. Kontratista lanbidez, bertsolari azpeitiarra hasi da jadanik astoratzen azaroaren 1ean martxan jarriko den txapelketaren desafioari aurre egiteko. Bere eserlekutik bi helburu ditu: presidente bezala, lehiaketaren arrakasta sendotzea, eta bertsolari partaidea denez, azken txapelketan baino paper txukunagoa burutzea.
Gogora iezaguzu estrainekoz elkartearen sorrera eta bere inguruan gertatutako eztabaida eta arazo guztiak.
Euskal Herriko Bertsolari Elkartea orain lau urte juxtu sortu zen. Ordurarte, Euskaltzaindiaren eskuetan zegoen ardura, eta data horretan, hiru urte lehenago bezala, txapelketa antolatzea pentsatu zuen. Gauzak honela, lehiaketa guztietan izaten ohi diren (eta aurten ere izango diren) akatsak konpondu nahiean edo, bertsolari talde batek halamoduzko bilera burutu genuen aurretik, zenbait gauza zuzen al zitezkeen argitzeko. Hau dela-ta, puntu edo baldintza batzuk ezarri genituen txapelketa prestatzeko, eta geuk zerbait gaizki esplikatu, beraiek, beharbada, ongi ez ulertu, edota tartean, norbait entenditu nahi ez zuena egon, arazoa da Euskaltzaindia eta bertsolarion arteko tratua apurtu egin zela. Orduan, herria txapelketaren zai zegoenez aspaldian, konpromezu batekin geratu ginen eskuartean, eta guk geuk antolatzea erabaki genuen. Elkartearen sorrera, sorrera gisa, hauxe izan zen, txapelketa bati begira izandako premia.
Txapelketa 'konfliktibo' hura bukatu bezain agudo, zeintzu izan ziren lehenbiziko lan eta helburuak?
Lehen asmo urjentea txapelketa zen. Amaitu zenean, eta ez dut uste hori inori uka behar diogunik, diru dexente geratu zen, zortzi kilo inguru, eta honela, liberatu bat hartu, artxiboak burutu, bertsolari guztion arteko lotura sendotu eta gainerantzean, omenaldiak etabar antolatu genituen.
Zuk zeuk, presidente bezala, zer balantze atera duzu pasatako lau urte hauetaz?
Balantze nahiko baikorra dela deritzot, lehendik pasa diren lan asko ari baitira orain burutzen. Jendearen aurrean, txapelketek agertzen dira batipat, baina txapelketa elkartearen zati bat baino ez da. Norbaitek elkartea lehiaketak antolatzeko baino ez zela sortu esan badu ere, hori ez da horrela. Hau, izan ere, lau urtez behin eratzen da soilik, eta hemen, horrez gain, badago lanik.
Laugarren urte hori heldu da dagoeneko eta, beraz, txapelketa berri baten bezperan aurkitzen gara. Zeintzu dira aurtengoaren ezaugarri, aldaketa eta bitxikeri nagusienak?
Printzipioz, ez dago desberdintasun nabarmenik aurrekoarekin konparatuz gero. Batzordea hainbat sailetan banatu da. Talde teknikoa, esate batera, epaimahaia osatuko duen jendea biltzen ahalegindu dena. Honek bilera ugari egin ditu udaberriaz geroztik eta, azkenik, sekula prestatu ez den txostena idatzi du bertsoa neurtzeko arauak argitaratuz; taldetik epaimahaia atera da eta berak emango du puntuazioa.
Azken edizioan eztabaida franko eragin zituen gaia, ezta?
Euskaltzaindiarekin goian aipatu bileretan eztabaidatutako bost puntuetariko bat horixe zen. Puntuazioa ez zen arazorik garrantzitsuena, baina jendeak berari eman zion interes nagusiena. Puntu honetan, gainera, ez genuen inongo eragozpenik izango behar bada erdibide batera iristeko, baina berak ezetza erabaki zuen eta jende batek, arrazoi guztia kapitulu honetara mugatu zuen. Gure artean, berriz, batzuek puntuak denen bistara ateratzea defendatu zuten gogorki, eta honelexe suertatu zen azkenik.
Baina hor epaile bezala dabiltzanek, Euskal Herrian kasik gehien dakitenek bestalde, gure konfidantza osoa dute, eta bilera horien ondorioz, epai gisa aritzeko momentu oro puntuak bistan azaltzea beraien lanerako gogorra dela erabaki zuten, eta gauza guztietan konfidantza eman badiegu, puntu honetan ere berdin berdina egingo dugu. Puntuak, halaber, zehatz mehatz argituko dizkiegu hala bertsolari guztiei nola prentsa gizonei. Hori ez da inongo sekretua izango. Lehen bistan egitea erabaki zen neurrian, orain bapatean ez erakustea erabaki da, besterik gabe.
Horrez gain, txapelketa aurrenekoaren ildoan antolatu al duzue?
Aldaketa gutxi emango dira. Guztira, berrogei bertsolarik hartuko dugu parte: hogeita hamabi lau taldetan banatuta, eta azken txapelketako zortzi finalistak. Hauetatik, eztarri arazoak medio, Xabier Amuritza faltatuko da, eta hutsune hori, final laurdenetatik bat gehiago sailkatuz estaliko dugu. Hau da, lehen fasean kantatuko dugun bertsolariotatik hamaika klasifikatuko dira finalerdietara, eta hemen, aurreneko finalistekin topatuko dira, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, txapeldun eta txapeldun ordea, eta arestian aitatutako Amuritza bera salbu.
Final laurdenak, Hernani, Hendaia, Laudio eta Lesakan jokatuko dira, bertsolariak txandatuz goiz eta arratsaldeko saioetan. Sail guztien arteko puntuaketa orokorrean kopuru gehiena lortzen duen hamaikakoa, Azpeitia eta Gernikan neurtuko da gainerantzeko bost finalistekin, geratzen den seikotea Anoetan, abenduaren 17an, izango den finalera pasatuko delarik.
Nola aukeratu dituzue bertsolari guztiak?
Berrogei bertsolari horien aukeraketa honelaxe egin da: Bizkaitik, hamaika; Gipuzkoatik, hogeita bi, eta Iparraldetik, zazpi. Sailkapen hau herrialdeotan bertsolaritzak duen indarraren arabera egin da, eta bakoitzean txapelketak burutu ziren akordatutako kopurua bete arte. Bertsolari gehiagoko saioak astunegi edo luzeegi bihurtuko lirateke.
Eta ezin al dira txapelketak tarte laburrago batean antolatu?
Nire eritzi partikularra botatzekotan, lau urte epe nahiko laburra dela esango nuke. Bertsolaritza den-dena txapelketetara mugatzeko arrisku haundia dago honela, antolaketa eta gainerantzekoan dauden eragozpenaz aparte, jakina.
Zer presupuesto edo aurrekontu du aurtengo txapelketak?
Aurrekontua hogeita bat milioitakoa da, eta Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Aurrezki Kutxak emandako dirulaguntzekin, eta sarrerekin aterako kopuruarekin estali eta betetzea espero dugu nola edo hala.
Amuritzaren baja horrek zer suposatzen du?
Bere ausentziak, jakina, indarra kentzen dio nolabait txapelketari. Bi aldiz txapeldun izateaz aparte, denok dakigu, jakin, Xabier Amuritza bertsolaritzan urrats nahiko nabarmena eman duen pertsona dela, eta falta bada, txapelketak zerbait galtzen duela, dudarik gabe.
Hala ere, atzetik indar haundiarekin datorren gazte mordoska agertzen da, beti ere zuei kontra egiteko moduan.
Sarri askotan publikoaren aurrean esan dudan bezalaxe, eta inongo harrokeririk gabe, guk, bertsotan, teknika aldetik, askoz txukunago eta hobeto egin dugu, orain berrogei urteko bertsolariak baino. Eta honelako zerbait ari da gertatzen gu eta gugandik datorren erremesa horren artean. Bertsolaritza gero eta perfektuagoa ari da egiten. Hori, ona edo txarra den, beste gauza bat da. Perfekzioa eta grazia ohizko eztabaidaren bi alderdi kontrajarriak dira, eta hor ez nintzateke sartuko. Baina txapelketetan, akatsik eza, edukia zuzen eramatea, errima, eta doinu bereziak neurtzen dira gehienbat, eta egungo gazteak eskoletan ikasiak direnez, garbi askorik esanez, gu izan garenak baino hobeagoak dira txapelketetarako. Herri bateko festetan goiz eta arratsaldez bertsotan aritzeko, ba, ez dakit. Eskolan, teknikari ematen zaio inportantzia gehiena, ikasten dena hori baita; freskotasuna, aitzitik, berezko grazia da.
Orduan, bertsolari onak zer behar du zaindu, forma ala edukia?
Bertso ona behar badu, horiek denak behar ditu, teknika aldetik ondo, errima fina belarrirako, jator tolestatua... bertso bat ona izateko errima ona behar du nahiez. Beste gauza batzuren artean, noski.
Bertsoa momentu onean dagoela ukaezina da, baina espero al duzue duela lau urtebeteko 'boom' hura errepikatzea aurtengo txapelketan?
Bai, bai, bai,... Orduan hurbildu zen adina jende agertuko da aurten ere, inongo zalantzarik gabe. Lehen adierazi dudan arrazoi bategatik, hots, herri guztietan mugitzen diren lagunen partaidetza; honek eragin handia izan zuen txapelketaren arrakastan, behe behetik indarrean hasiz eta bukaeran belodromoa bera ere topetaraino gainezka betez. Horrez aparte, zaharrak edo gazteren batek irabazteko zalantzak, eta euskaldunak betidanik izan duen joku grinak bultzatu du halaber jendea.
Zeuok, bertsolariok, gustora al zaudete antolakuntza zeuon gain izatean?
Bertso mundua ondo ezagutzen duen jendeak antolatu beharko luke beharbada txapelketa, bertsolariok gehiegi busti gabe. Euskal Herrian bertso munduan mugitzen den jende guztia, ordea, elkarte honetan dago bilduta, eta hortik kanpo ez dago inor. Beraz, ez dago beste biderik. Eta batzuk muxutruk ari badira bertan lanean, gu ere, gertuago gaudenez, hor segitu behar dugu.
Eta, bizkaitar eta gipuzkoarron artean hainbat aldiz aireratu diren tirabira eta komeriak egiak al dira?
Honelako zerbait bada, egia esanda. Hau denau, bada, txapelketak egiten dituen akets askotariko bat da. Bertsolaritza joko bezala hartzen denean, galtzaile eta irabazle bat suertatzen da nahita nahiez. Baina, joko honetan, jakina, inork ez du galdu nahi, eta norbaitek galdu behar du. Eta joko bezala, bertsolaritzan, bakoitzak berea tiratzera eta ahalik eta abantaila gehienak lortzera jokatzen du aurretik. Honako zerbait izan dela, egia da, eta dudarik ez dago bizkaitar bati, kasu, txapela irabaztea nork nahi duen galdetzen badiogu, bizkaitarra esango duela, eta alderantziz. Eta bertsolaritzan, horrez aparte, bi herrialdeen artean desberdintasun txiki bat badagoela gehituko nuke, baina hauek gauza normalak dira.
Azkenik, zeuk, propio, zer esperantza dituzu txapelketaren aurrean?
Azkenengoan baino gaizkiago ez egitea espero dut behintzat. Txapelketan, berez, ez da miraririk egin behar aurrera joateko, baina, era berean, ezin da hutsik burutu. Maila on bat mantendu behar da.
A.GOSTIN
27-30

Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertsolaria\LAZKANO1
Pertsonaiaz\LAZKANO1
Egileez\GOSTIN1\Kultura

Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude