Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ana Bajen-i elkarrizketa
Ana Bajen: "Harremanak sendotu ditugu baina ez dugu projekturik gauzatu"
Ana Bajen Orreaga 86eko projektuen berri ematera zaigu. Ihardunaldi eta harreman trukaketetan esperientzia handikoa, Huelvako bilkura batetik heldu berri harrapatu genuen Lakaben.
ARGIA.– Has gaitezen zuen saioa definitzen.
Ana Bajen.–Komunitateen arazoa, elkarrekin bizitzea da, konszienteki planteatzea izateko molde diferenteko jendeak elkarrekin bizitzera iristea, hori egungo gizarte tradizionalean zail da, hori gurea bezalako talde batean gertatzen da, printzipioz badugu ideologia komun bat baina gertatzen da bakoitza den bezalakoa dela, jo dezagun gure artean ere badirela liberalagoak eta kontserbadoreagoak, eta sortzen da gatazka, egungo gizartean bezala. Honelako lekuak beraz esperimentu moduko zerbait lirateke, gizarte tradizionalak konbinatzea lortu ez duen neurri txikiago batean saiatzea.
Ezta hori lortu gizartean gerrarik gabe.
A.- Orreaga 86etik aintzina zertan hobetu da afera?
A.B.–Orreaga 86eko projektuetarik ez da batere atera, atera den ona beraz bazegoena da, orduan koordinatu gabe oraindik, bagenuen elkarren berri, ta harez geroz kolaborazio bat sortu da lanerako eta... hartarik laguntza handia sortu zen bereziki hasten zirenendako. Beste batzurekin diferentziak nabarmenak izan dira gehien bat insituzioen diru laguntzetarik ari bait dira aurreraka, guk hori Lakaben ez dugu deus baliatzen, horregatik diot gabiltzan taldeak neurri handi batean diferenteak garela.
A.–Auzolan taldea sortu zenuten.
A.B.– Neorruralismo inguruko gauzetan arituko zen, elkarri laguntzea zuen helburu; hala, hilero elkartzen ginen leku batean lan zerbait egiteko, teilatu bat zela edo. Urtebetez iraun zuen eraketa molde horrek baina kontutan hartu behar da mugimendu hauetan dabilen jendeak ez duela denbora gehiegi izaten, ia beti hasten den jendea bait da, eta ezin da aritu besteei laguntzen denbora guztian. Honela, beren lanari utzi eta besteen laguntzera joateko aukera zuten talde bakarrak handiak ziren, eta horien artean Lakabekoak nagusi. Dena den harremana beti dago, eta segitzen dugu lana elkarrekin egiten.
A.–Hemendik aurrera zer?
A.B.– Esango nuke hemendik aintzinera badugula obari bat, talde guztiek elkar ezagutzen bait dugu orain, ez bakarrik lanerako elkartu gara, jairik ere izan da, onartu egiten da batzuk subentzioak eskatzea. Batak besteak duen balioa onartzen duela esan liteke.
Aurrera begira ez da hain zehaztua egonen funtziobidea, 86.ean erabaki bait zen hile bakoitzeko bukaeran elkartzea arazoak eta irtenbideak gaitzat harturik, orain gehiago da honen edo haren iniziatiba, beharren bat edo laguntza berezi zerbait duelako. Egun batean talde bat goaz Irunberrira harridoi bat kentzera eta abar.
A.–Zu Lakabekoa zara. Zeinn uste duzu dela zuen ezaugarria?
A.B.–Lakabe hasieran okupazioa izan zen, guk hau hartu genuen geuretzat eta borroka bat bezala izan zen, azken buruan jendea mugimendu alternatiboetarik heldu bait zen, antimilitaristak, feministak eta abar. Lakabe Euskal Herriaren errealitatea isladatzen duen egoera batetik sortzen da, ez da kasualitatea, ta honelako mugimenduetan sarturik ez dagoen jende anitzek lagundu gaitu Euskal Herritik bertatik, borrokan mugitzen den jendeak. Laguntza hori eta herrian bizitzen hasi direnen borondatea ta egoskortasuna funtsezko bihurtu dira, hor barna aurki daitekeena oso bestelakoa da.
26
GaiezGizarteaBesteak
PertsonaiazBAJEN1