Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Javier Clemente entrenatzaileari elkarrizketa
Javier Clemente: "Futbol-talde boteretsuei min egitea da nere helburua"
Javier Clemente Barakaldon jaio zen duela 39 urte. 18 urte zituela Atletic-en hasi zen jokatzen, baina segituan bukatu zuen jokalari karrera, lesionaturik. Entrenatzaile jarri zen orduan, Arenas-en lehendabizi, Baskonia-n gero, Atletic-en 5 urtez ondoren, liga bat eskuratu zuen han, eta azken aldi honetan Espanol-en aritu da. Orain Atletico de Madrid-era deitu dute... Onetik eta txarretik ezagutua, arrakastaren poza eta zesearen gordintasuna bere larrutan pairatua, ez du sekula pentsatu duena ixildu, eta ez du bere burua 'erabilia' sentitzen.
Bilboko bere etxean hartu gaitu, eta betiko legez, irekitasun osoz mintzatu da, ondoren konturatuko zaretenez.
GALDERA:Oso gazte lesionatu zinen, ezta?
ERANTZUNA: Beno, 20 urterekin lesionatu nintzen; ondoren sei zazpi alditan operatu ninduten, operazio bakoitzean gero eta posibilitate gutxiago geratzen zitzaidan jokatzeko eta azkenean, 26 urtez, utzi beharrean aurkitu nintzen, medikuak esanda. Lanean jarri nintzen orduan, 23 urtez ja entrenatzaile titulua aterata nuen badaezpada ere, eta Arenas-en hasi nuen entrenatzaile karrera...
GALDERA: Ze balantze egiten duzu entrenatzaile bezala Atletic-en egindako urteez?
ERANTZUNA: Nik uste egon nintzan 5 urte haiek oso onak izan zirela. Batean titulua lortu genuen, beste behin laugarrenak geratu ginen, hirugarrenak bitan, eta azkeneko urtean, hirugarren gindoazela, zesatu egin ninduten. Katxondeo bat izan zen!... Maniobra bat. Herri honetan txapuza asko egiten da, eta hemen, beste inon bezala gezur asko esaten da...
GALDERA: Maniobra aipatu duzu, zer esan gura duzu?
ERANTZUNA: Komunikabide baten maniobra esan nahi dut, eta komunikabide batena baino bertako kazetariarena, Paco Cresporena, El Correo-koa bera. Egunkariak kazetaria lagundu egin zuen, bera Atletic-eko zuzendaritzarekin oso ondo konpontzen zen, pitorreo bat...
GALDERA: Orain, Espanol-etik bota zaituztenean, esan duzu zesea Atletic-en kontrako partidua jokatu baino lehen izan dela, eta ondorioz, bigarren aldia dela Atletic-ek botatzen zaituela. Zer esan nahi zenuen?
ERANTZUNA: Ez, ez... Nik esan nuen ni zesatzeko jarri diren arrazoiak Bilboko komunikabide bati esandako gauza batzuk izan direla, eta lehenbiziko hartan Bilboko komunikabide bati esker bota baninduten orain ere halaxe botatzen nindutela; baina oraingoan arrazoi guztiz, ze egia bait zen han azaldutakoa, nik ez dut ezer ere ukatu, elkar hizketa ondo egina zegoen, baina Bartzelonan buelta eman zioten. Nik zera esan nuen, Atletic-eko partidua oso zaila zela eta Bartzelonan, antza denez, ulertu zuten Atletic-en alde egiten nuela apostu... eta batak bestearekin ez du zer ikusirik, nik aspalditik esan dut partidu guztiak direla zailak, baina beno, futbolean badakizu, komunikabideek direktiboez gaizki hitzegiten dutenean horiek norbaiti errua bota behar...
GALDERA: 'Mundo Deportivo' kataluniar egunkariak izan al du zure zesearekin zer ikusirik?
ERANTZUNA: Bai, ni zesatzea nahi zuten, aspalditik bait nenbilen beraiekin muturtuta. Begira, euskaldunen kontra hasi ziren garai batean, euskadunen kultura harri jasotzea zela esaten... eta gauza horien aurrean oso fuerte erantzun nuen, eta esan nien euskadunen kultura inportantea zela, eta are gehiago, eurena baino inportanteagoa zela, eta orduan hasi zitzaizkidan izorratzen; eta komunikabide horrek ni zesatzea nahi badu eta direktibak kontrakoa badio, komunikabide hori direktibaren aurka jartzen da, eta direktibari ez zaio hori interesatzen, ondo hitzegitea baino.
GALDERA: Komunikabideek nahiko eraginik izan dute beraz zure lanean.
ERANTZUNA: Hor zera gertatzen da, komunikabide bati aurre egiten diozunean galdu egiten duzula. Bilbon adibidez, ia komunikabide guztiak alde nituen, bat edo bi ezik, ze Paco Cresporen laguna zen Alfonso Amezaga, Radio Cadena-n zegoena ere, aurka bait neukan, eta azkenean bota egiten ninduten. Bartzelonan ere berdin, baina onartuta daukat hori eta paso egiten dut, nire kasuan behintzat bi zeseetan ez bait zait inongo argudio logikorik eman, eta ondorioz, indartuago atera naiz. Espanol-etik bota nautenean, kasu, ekiporik onenak ibili zaizkit atzetik, eta hori funtsean garaipen bat da.
Nik bestalde inongo beldurrik ez diet kazetariei, jende asko beldurtu egiten den bezala ni ez!
GALDERA: Espanol-a halere, ihazkotik aurtengora asko jaitsi da, ezta?
ERANTZUNA: Beno, joan den urtean oso motel aritu ginen ligan, eta aldiz UEFAn oso ondo. Aurten oso gaizki. Figura guztiak saldu egin ziren, eta talde apal bati hiru figurak. kenduz gero maila asko galtzen da.
Saldu zituztela? Ni ez naiz horretan sartzen, kluba eurena da, eta egin dezatela nahi dutena, nire eritzia aurkakoa zen baina ekonomiaz oso positiboa zen, klubak 450 milioitako defizita zuen eta hori gainditzeko bide baharra jokalariak saltzea zen, eta nik entrenatzaile bezala bestelako eritzia banuen ere nahiko logikoa ikusten nuen erabakia.
Hori horrela, aurtengoan egindakoaz nahiko gustora nago, gustora egon naiz ekipoarekin, noski, hor inportantea izaten da irabaztea baina are inportanteagoa izaten da taldearekin harreman onak edukitzea eta horregatik nengoen gustora.
GALDERA: Orain Atletico de Madrid-eko entrenatzaile egin zaituzte; ez ial da etika kaskarra besteak hor jarrai tzen duela datorren urterako beste bat izendatzea?
ERANTZUNA: Hori presidentearen kontuak dira, aditzera eman nahi zuen eta halaxe egin du. Nik esan nion besteari baimena eskatzeko, berak jakin bitartean ez zitekeela kaleratu alegia nire izendapena; esan zioten eta gero kaleratu zen... nik ez nuen ezer ere esan.
GALDERA: Zer dela eta egin duzu urtebeteko kontratoa?
ERANTZUNA: Hemen, Bilbon, proban eduki ninduten urte batez, eta gero urte gehiagorako hartu ninduten, baina gero farre egiteko, eta honetarako nahiago dut urtez urte egin eta horrela ez dago arazorik. Begira, Bartzelonan egon zen sasoi bat, non Gil-ek nigatik 100 milioi ematen zituen, eta ez ninduten joaten utzi, ze sozioek, antza denez, ez zuten karneta berritu nahi nik berritzen ez banuen, eta horregatik jarraitu nuen klubarekin; gauzak gaizki joan direnean jendea ahaztu egiten da, eta nazkatuta nago, pexetero deitzen naute, eta paso egiten dut pailazo horietaz, denak bait dira pailazo batzuk, futbolean pailazo asko dago...
GALDERA: Direktiboez ari zara?
ERANTZUNA: Hor denetarik dago: batzuk oso onak, futbolaz oso kezkaturik daudenak, beste batzuk figura gisa dabiltzanak, gauzak ondo daudenean bakarrik pozten direnak, eta futbolean onetik eta txarretik pasa beharra dago, eta ez dute hori onartzen. Atletic-en ere halakoak ziren eta segitzen dute bizpahiru kenduta, ze ni zesatu ninduten berek ez dimititzeagatik, jende presentatu ezina...
GALDERA: Pentsatzen al duzu noizbait Atletic-era bueltatzea?
ERANTZUNA: Oraingo buruek alde egindakoan bai, baina bitartean ez da posible, berek bait dute zartaia heldulekutik hartua.
GALDERA: Esaten da Espanol-era joan zinela gero Bartzelonara salto egiteko. Gauza bera egin nahi al duzu Atletico de Madrid-era joanda?
ERANTZUNA:Aizu, Bartzelonara joateko puntu-puntuan egon nintzen, baina azkenean ez ninduten fitxatu. Orain, nire helburua Atletico de Madrid-en urte on bat egitea da, gero bertan berritu edo beste norabait joan... Egia esan ez dakit futbola oso nahasgarria da, sequn nola doakizun...
GALDERA: Beti aukeratu izan dituzu euskal jokalariak besteen aldean; zergatik?
ERANTZUNA: Gehien ezagutzen ditudanak direlako, baina ez da besteak baina hobeak edo txarragoak direla uste dudalako. Nik txikitandik ikusi ditut jokatzen eta badakit zer eman dezaketen.
GALDERA: Zer dela eta dago hainbeste jokalari euskaldun lehengo dibisioan?
ERANTZUNA: Batipat beren errendimenduari dagokionean kasik maila gorena ematen.dutelako; besteek aldiz mentalitatea desberdina dute, erosoagoak dira, hemengoak lan handia egiten du eta hori du bere filosofia.
GALDERA: Zeintzu dira, beraz, zure ustez euskal futbolaren ezaugarriak?
ERANTZUNA: Oldarkortasuna eta indarra dira ezaugarri nagusienak. Besteak, jokalari madrildarrak, andaluziarrak, kataluniarrak... teknikoki hobeak izaten dira baina gutxiago ahalegintzen dira.
GALDERA: Zer eritzi duzu euskal ekipoek lantzen duten politikaz, harrobia dela...
ERANTZUNA: Horrek zailtasun ugari sorterazten du, urte batzutan oso talde ona izan dezakezu, beste urte batzutan berriz, aldrebesagoa, oso zaila izaten da erregulartasunari eustea.
Beste lekuetan zergatik ez den horrela egiten? Hemengo parte hartze maila beste lekuetakoaren aldean oso handia delako; izaerak ere asko egiten du, hemen jaio eta Bilbon jokatu nahi izatea helburu hori izatea oso da garrantzitsua.
GALDERA: Zer iruditzen zaizu ingeles entrenatzaileak hona ekartzea?
ERANTZUNA: Gaizki, gaizki, presidenteen esnobismoa da hori. Donostian adibidez, miserableki bota zuten Alberto Ormaetxea eta nirekin gauza bera egin zuten, Iribar nire lekuan jarriz, eta gero Iribarrek kasik segundara bidali zuen ekipoa, eta orduan, kritikak itzaltzeko kanpoko figura bat ekarri zuten; azken batean, jendeari begira egiten dira fitxajeak, jendeak hau eta hura esan dezan. Baina gauza bat da entrenatzaile ona izatea, eta Kendall bada ona, eta beste bat hemengoa ulertzea, ze ulertu, Kendall adibidez orain hasi da hau ulertzen. Halere, joan den urtean kanpaina oso ona egin zuen, aurtengoa berriz, ez da hain orekatua izan. Nik horretaz goraipatzen dut Kendall-ek egindakoa, baina berak ez daki nola atera zukua Bilbori, niri ere gauza bera gertatuko litzaidake Ingalaterrara joanez gero, ze asko jakinda ere oso zaila izaten da.
GALDERA: Zer eritzi duzu euskal selekzioari buruz?
ERANTZUNA: Ez dela posible gauregun, espainiar Federazioaren mende gaude eta. Noiz izango litzatekeen posible? Soluzio bakarra etorriko litzateke Euskadi nazio bezala ulertuko balitz, Ir landako kasuan gertatzen den bezala, Eskozian... Baina ez gaude puntu horretaraino autodeterminatuta, ez daukagu gure azpiegitura propioa, eta beraz, gaurko egoeran selekzioa egiteko ahaleginetan aritzea denbora galtzea da, Gobernu Zentralaren esku gaude bai futbolean eta bai bestela ere.
GALDERA: Zertan ikusten duzu zure etorkizuna?
ERANTZUNA: Atletico de Madrid-en bakarrik pentsatzen dut orain, hain zuzen ere azken urteotan ez du ezertxo ere egin ekipo honek, eta handietarikoa da, beti bi ekiporik boteretsuen atzetik ibiltzen bait da. Honen aurrean nire helburna boteretsuei min egitea litzateke, eta nire datorren urteko lana hori izango da.
GALDERA: Zer falta du zure ustez Atletic-ek?
ERANTZUNA: Ba al dakizu zer falta duen? Bi boteretsuengandik gertu egotea, baina zera, espainiar ligan bi monstruo daude, eta horietarik gertu egotea...
GALDERA: Zer dela eta mugitzen du futbolak hainbat diru eta hainbat jende?
ERANTZUNA: Futbola delako kiroletan errege. Orain, adibidez, Bilbon, egundoko motibazio falta dago, ni falta naiz eta... Nik gehiago motibatzen nituen, horrek arazo bat sortu zuen arren, ze azkenean hainbeste eskatzen nien–eta egia esan ez zen posible bestela liga irabaztea–, jendea nazkatu egin bait zen, baina beno, gure helburua txapeldun izatea zen... ni zesatzeko aritu zirenak gainera Herri Norteko gaztetxoak izan ziren, 2000 lagun, HBkoak denak, eta begira non dagoen orain Manolo Sarabia, ziurrenik ni izan naiz bera ulertu duen bakarra, oso jokalari ona izan da baina bere akatsak ere bazituen, figura izan nahi zuen beti, eta hori ezin da, eta ni joan nintzenetik galdu egin da, eta pena da, hark ondo segi zezakeen eta.
I.MURUA B.ARTOLA
"Ingeles entrenatzaileak ekartzeko kontu hori presidenteen esnobismoa besterik ez da. Gauza bat da entrenatzaile ona izatea, eta Kendall bada, eta Toshack ere, oso onak, baina hemengoa ulertu behar da, ze hau ulertu, Kendall adibidez orain hasi da hau ulertzen".
"Ez da posible gaur egun euskal selekzioa egitea, ze espainiar Federazioaren esku bait gaude. Soluzio bakarra Euskadi nazio bezala ulertuz gero letorke; baina bitartean, selekzioa egiteko ahaleginetan aritzea, denbora galtzea da".
36-39
GaiezKirolaFutbolaEntrenatzai
GaiezKirolaFutbolaTaldeakAthletic Cl
PertsonaiazCLEMENTE1
EgileezMURUA2Kirola
EgileezARTOLA3Kirola