Jose Mari Tuduri: "Cine Vascoaren errazkeria Madrilez baliatzea da"


1988ko abenduaren 04an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Jose Mari Tuduriri elkarrizketa.

Jose Mari Tuduri: "Cine Vascoaren errazkeria Madrilez baliatzea da"
Jose Mari Tuduri tolosarraren izena entzun eta karlistadak etortzen zaizkio bati gogora. Ez da alferrik karlistaden gainean gehientsuen jakingo duenetakoa. Zinematografia ikasketak egin eta tesina Euskal Herriko argazkigintzaz burutu zuen, 1839-1876 urteen bitarteko hemengo argazkigintzaz hain zuzen. Karlistadei buruzko materiale mordoa bildu izan du urtetan barrena. "Karlistaden Kronika" izeneko filma errodatu du hiru urteren buruan eta beste urte betez muntaia egin ondoren Donostiako Zinemaldian ikusi zen irailean egunotan Bilbon jarri dutelarik. Dirua berreskuratu nahi du orain hurrengo proiektuan sartzeko.
GALDERA: Material frango bildu duzu karlistadei buruz.
ERANTZUNA: Tesinaren gaiak, argazkigintza Euskal Herrian 1839-1876, peto petoan harrapatzen ditu karlistadak. Daguerrotipotik hasi eta plaka-seka direlakoen bitartean materiale mordoa bildu dut. Materiale hau jasotzea ezinbestekoa da historia film batean jantziak eta adrezzoa lantzeko. Jende askok ez du ulertu oraindik. Herri honetan zine historikoa egin ahal izateko oinarrizko arterketak egin behar dira aurrena. Amerikarrek bere sezesio gerrari buruz film bat egiteko materiale mordoa daukate bildua eta azterketa ere eginik daukate. Hemen hortik hasi behar izan dut. Hiru mila baino grabatu eta argazki gehiago bildu ditut. Oso materiale interesgarria, argazki batek historiako liburu batek baino gehiago laguntzen bait dizu gero.
GALDERA: Film historiko bat da beraz "Karlistaden kronika"...
ERANTZUNA: Garbi garbi, historikoa da. Argazki zaharrak ere erabili ditut filman argazki estatiko moduan. Batzuk esan dute dokumentala, fikzioa eta dokudramaren artean ibili naizela. Baina jaunak, zergatik egin behar da zinea modu jakin batean bakarrik? Beste film bat egiten badut, egin baldin badezaket, film klasiko bat egingo dut. Baina uste dut inbestigazio bide batzuk ere badaudela eta ibili daitezkeela. Film hau egiteko erabili dudan egitura herri honetan XII. mendetik erabili izan den egitura bat da, Zuberoako pastorala. Zergatik? Arazo ideologiko bat suposatzen duelako oraindik ere gerra karlisten gaia ikutzeak. Jendea mindu egiten da. Orduko borroka batzuk, hiria-nekazal mundua, karlista-liberalak, absolutismoa-modernitatea... oraindik orain erabaki gabe daude herri honetan. Pastorala oinarrizko egitura bat da. Bi aldetatik kontatzen da historia: urdinak eta gorriak. Horrezaz gain narrazioa aingeruek eta deabruek etetzen dute behin eta berriz. Hauek kontatzen dute zer gertatuko den edota atzo zer jazo zen. Pelikulan foto-fija erabili ditut 'aingeru'en papera egiteko eta prentsa-saltzaileak 'deabru'ena egiteko. Pastorala ezpata borroka batean bukatzen da eta filma berriz pertsonaien arteko eztabaida batean. Hortik aurrera bakoitzak aukera ditzala bere argudioak.
GALDERA: Instituzioetatik zinea subentzionatzen hasi zirenetik urte mordoa pasa da dagoeneko eta oraindik ez da Zumalakarregi edota Santa Kruz bezalako euskal pertsonaia interesgarriei buruzko pelikularik egin. Zer gertatzen da?
ERANTZUNA: Pelikula historiko bat, kultur aldetik balore handikoa zergatik egin behar izan du dirurik ez daukan pertsona batek? Zergatik enpresa pribatu bat bezala? Ez da entenditzekoa. Subentzioa oso txikia izan da. Mundu guztiarekin borrokan. Hiru urte pasa ditut errodaia egiten. Plano bakoitzean larrua arriskatzen. Azkenean hospital batean bukatu nuen petardo baten eztandagatik. Dirurik gabe antolatzerakoan gauzak, beldurra galtzen diok polborari, guztiari... eta azkenean danba! ematen dik. Lehen aipatu dudan egitura aukeratu banuen ere horregatik izan zen. Une batez luzemetraia bukatu ezinean geratzekotan, egitura horrekin posible nuela erdi-metraia batean uztea. Baina muntaiarako ez dugu konzesiorik egin, hamabi bat ordu geneuzkan filmatuta eta ordu t'erdiko pelikula geratu da.
GALDERA: Produzioa hemen egin duzue ezta?
ERANTZUNA: Dena egin dugu hemen. Muntaia bera ere Donostisko moviola zahar batean egin dugu. Baina kafkianoa izan da guztia. Lau urte pasa ditut pelikula egiten. Kredito handi batean sartuta nago orain, pentsatzen dut erantzun ahal izango diodala. Baina oso gogorra izan da. Zine kontutan curriculum argi bat ez duen bati, lehendik film bat egina ez duen bati zaila zaio dirua bilatzea. Saltoka ibili naiz. Dirua nuenean errodatu eta ez nuenean bilatu. Hiru urte pasa ditut errodaian baina denetara 38 egun baino ez dira izan, 12 egun urteko. Hirurogeita lau milioi gastatu ditut. Produtora normal batek 80 edo 100 bat gastatuko lituzke gauza bera egiteko.
GALDERA: Posible al da diru hori berreskuratzea banatu eta takillan ateratzen denarekin?
ERANTZUNA: Takillajearekin ez. Batez ere telebista, subentzio eta horrelakoekin. Nik faltan botatzen dut Euskal Herrian hemengo zinea banatuko duen distribuidora bat. Uste dut nahiko film egiten direla horrelako banatzaile bat mantentzeko. Bestela hor daude %100a subentzionatutako filmak, 'Kareletik' esaterako, zinean ikusi ez direnak. Kontraesan bat da hori. Nik badakit banatzaile batentzat nahiko arrarua dela nire pelikula. Herri hau maite duen batentzat edo historia gustatzen zaionarentzat egina dago. Neri ez zait musikal amerikanoa gustatzen eta ez naiz joaten ikustera. Beste askori ez zaio zine historikoa gustatuko. Errespetatzen dut.
GALDERA: Hemen egin duzu zure filma. Azpiegitura aldetik ordea apenas dago ezer hemen. Cine Vasco esan izan da baina ez da azpiegiturarik sortu...
ERANTZUNA: Cine Vascoaren errazena Madrilez baliatzea da. Produzio batetan errazena, dirua eduki, Cornejo-ri deitu, Molina-ri deitu eta listo, dena egina daukazu. Nik urteak neramatzan materiala biltzen eta ez zait gehiegi gustatu. Zineak artisau lan handia dauka. Dekoratuak ezin dira trokelean egin. Nik uste dut hemen badagoela hori egin dezakeen jendea. Jantziak jostun kontua da. Ez da besterik. Eta hori hemen egin daiteke Eibarren lasai lasai egiten dizkizuten fusilak. Madrilen merkea izan daiteke fusil bat alkilatzea, baina teknikoak bidaltzen dizkizute, ordaindu egin behar dituzu horiek, garraioak eta beren gastuak. Tiro bakoitzak hainbat balio du... Disparatu egiten da azkenerako... Ez diet konpetentzia egin nahi Madrilgo enpresei, baina hemen sor daiteke azpiegitura txiki bat.
GALDERA: Pelikula arrunta ez dela esan duzu lehen...
ERANTZUNA: Pelikula hau ez da koiunturala. Hemendik hamar urtetara ere igual igual ikusi ahal izango da. Ez dut uste gainera beste inor sartuko denik horrelako proiektu batean, oso zaila delako eta ez delako errentagarria.
GALDERA: Utz dezagun pelikula eta sar gaitezen hainbat urtetan ikutu duan gaian: karlistadak. Lehen esan duk oraindik ere mindu egiten dela gaur egun jendea gai hau ikutzerakoan.
ERANTZUNA: Paralelismo historikoak erraz egin daitezke. Normalean teknologian aurrera egiten den bezala ideologian atzera egiten da. Politika XIX. mendeko erreferentziaz egiten da. Sufragio unibertsaletik hasi eta enfrentamendu karlistetaraino. Santa Kruz bera. Santa Kruz ez zen etorkizuneko gerrilero bat, 1808ko gerrilero tipikoa zen. 1870ean, XVIII. bukaerako XIX. hasierako burua zeukan. Merino apaiza zen Santa Kruzen heroea, Independentzia gerrako heroea. Asko matizatu behar da. Konturatzen zara hari moduko bat badagoela historian barrena, gure artean zatituta dagoen herri bat agertzen zaigu. Gaitasun eza ikusten da denok batera zerbait egiteko. Beti gainera elkarren arteko lehian. Mugarriaren sindromea deitzen diot nik. Mugarria metro bat harat edo honat mugitzeko izugarrizko liskarrak antolatzen ditugu.
GALDERA: Gaur egun euskal nazionalismoa karlismoarekin parekatu izan du askok eta askok, desprestijiatzeko edota anakronikoa dela esateko.
ERANTZUNA: Herri hau ez zen absolutista izan. Euskaldun mordoa aritu zen liberalismoaren alde borrokan. Nazioaren ideia guztia ere liberalismotik dator. Nazioaren ideia ez da absolutista, liberala da. Hemeretzigarren mendean proiektu separatisten agertu ziren guztiak liberalak ziren nik dakidala. Agustin Txaho, liberala, masoia, antiklerikala... Muñagorri, Gipuzkoako eta Nafarroako independentzia proklamatu zuena, liberala, baina Moskuko urreak ordaintzen zuen, orduan ingelesa zen urrea eta Madrilen bidez ordaintzen zen. Charandeja, Minaren lugartenientea, liberala, Nafarroaren independentzia proklamatu zuen... Fusilatu egin zuten. XIX. mendeko independentzia oihu guztiak liberalen ahotatik atera ziren. Hemen ordea badago halako uste bat karlistak zirela onak eta liberalak gaiztoak. Nik ez dut ulertzen. Ez onak ez gaiztoak. Hemen dago 'T' handiz idatzitako tradizionalismo baten historia eta 'p' txikiz idatzitako progresismo batena. Hortik sortzen da gaur egungo Euskal Herria. Griffith-en pelikula esaterako: hiritarren eta nekazarien arteko borroka, tradizioa eta progresoa... Ze titulu dauka pelikulak?: El nacimiento de una nación.
GALDERA: Oraingo buru-haustea film hau ordaintzea izango da, baina ba al daukazu beste proiekturik?
ERANTZUNA: Hurrengo pelikula fikziozkoa izango da. Historia ez dut hemen bezala errespetatuko. Gidoiak izango du lehentasuna. Pertsonaiak eta erabat errespetatzen ez baditut sormen lizentziak izango dira. Seguruenik Santa Kruzen inguruan izango da. Santa Kruzek ez dauka ideologiarik. Ekintza gizona da. Katoliko sakona da eta gerrileroa. Gerrila serio hartzen duen gerrileroa. Santa Kruzen trajedia da bigarren karlistada, lehendabizikoaren aldean 'sainete' bat izan zela. Hainbesteko gerra izan zen lehendabizikoa bigarrenean jendea oso kontuz ibili zela benetan ez sartzen aferan. Santa Kruzek ordea serio hartu zuen. Apaiza terrorista zela zioten. Santa Kruzek egin zuena izan zen don Carlos-en ahotan hitzak baino ez zirenak bete. Don Carlos-ek agindu zuen Beasaingo estazioko langileak 24 ordutan gelditzeko, fusilatu egingo zituela bestela. Baina farol bat zen. Santa Kruzek berriz egin egin zuen hori.
Nik ulertzen ez dudana da 120 urte pasa eta nola esaten didaten gai hauek ez ikutzeko, kaka ez nahasteko. Nik inspirazioa behar dut eta nire herrian inspiratzen naiz.
IÑAKI URIA
42-45


GaiezKulturainemaFilmeakLuzemetraia
GaiezKulturainemauzendariakTUDURI1
PertsonaiazTUDURI1
EgileezURIA3Kultura

Azkenak
Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan.[+]


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


Ekialde Erdia
Mundua begira, Israelek eta Iranek elkarri erasotzen jarraitzen dute

Joan den ostiralean Israelek Iran eraso zuenetik, bi herrialdeek bata bestea erasotzen jarraitzen dute. Ali Khamenei Iraneko liderra hilko dutela diote Israeleko agintariek, AEBen parte hartze zuzena eskatzen dute, baina AEBetako lehendakari Donald Trumpek ez du oraindik erabaki... [+]


Eguneraketa berriak daude