"Ez dakigu xuxen xuxen zein den trikitixaren definizioa"


1986ko urriaren 05ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Leturia eta Tapia Euskal Herriko trikitixa txapeldun berriekin izan ginen
"Ez dakigu xuxen xuxen zein den trikitixaren definizioa"
Ordu betean eduki genituen solaskide Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze "Leturia". Hara guzti hartatik aukeratutakoa.
Ez dute trikitixaren definizio garbi bat, herri batzutan "pieza hori trikitixa duk" aditzen dute, besteetan ezetz ordea. Definitzea zail diren muga batzu zainduta, soinu txikiz jo litekeena trikitixa dela diote. Ederki erakutsi zuten beren doaia Anoetan. Jendearen berotasunak izugarri poztu zituen, irabazteak berak baino gehiago. Aurki disko bat ateratzekoak dira.
ARGIA.- Nolako giroa topatu duzue orain arteko erromerietan?
TAPIA.- Bizkaian ez gaituk asko ibili, baina esaten ditek diferentea dela, artista gisa tratatzen hautela. Donostia edo Lasarte batean zerbait folklorikotzat ikusten haute. Bestela, Gipuzkoan trikitixa ezagutzen duen jendeak sentitzen dik ikaragarri, juerga, euskaldun giroa e.a.
A.- Afizioa famelitik bioi?
LETURIA. Nire kasuan ez, nik eman diat aurreneko pausoa honetan famelian. Soldadutza egin eta gero sartu ninduan, aurretik ere jotzen nian kitarra edo, beti izan baitut hemengo musika-tresna zaharretarako grina handia baina soldaduska bukatu arte ez nian aukerarik izan.
A.- Hain zaila al da panderojolea aurkitzea?
T.- Bai, oso. Konpetentzia oso ttikia dago panderojoleen artean, baina hirekin fijo ibiltzeko prest dagoenik aurkitzea zaila duk, hirekin txapelketara joango dena edo hirekin diskoa egingo duena aurkitzea zaila duk. Berri bat hartzeko gaitz. Arrazoia noski, jende guztiak soinua jotzen ikasten duela, panderoari ez zeiok daukan garrantzia ematen ezta gutxiago ere, bazirudik panderoa jotzea afari batean boteila jotzen hastea bezalakoa dela.
A.- Txapelketa irabazteak ekarriko dizkizuen mesedeen artean zein da gehien ixtimatuko duzuena?
L.- Bueno, txapelketak ezer baino gehiago izena eman digu, lehen ere zerbait bagenuen, baina orain Euskal Herria mailan askoz gehiago. Horren ondorioa plazak egitea eta noski dirua. Bestalde, eta hau txapelketa hasi aurretik martxan zegoen jadanik, diskoa, Elkar etxearen bidez aterako duguna, baina hori ez da txapelketaren saria, aurretik horretan ari bait ginen. Urte atzenerako bukatua nahi genuke diskoa. Hortik aparte beti bezala jarraitzea pentsatzen dugu, gure erromeriekin eta.
A.- Diskoan aterako diren koplak zuenak izango al dira?
T.- Asmoa dugu diskoan aterako den guztia gurea izatea. Entzuten den guztia guk jota eta guk asmatua izatea, sortze aldetik geure lana, letrak, doinuak e.a. Behar bada sartuko diagu kanpotik beste istrumenturen bat beste norbaitek jota, agian ez duk ongi aterako, auskalo, gainera hori sartzekotan kalejiraren batean, berez trikitixa doinutan geuk egin nahi diagu dena, uste diagu hori dela bidea ez gurea bakarrik baizik edozeinek egin behar duena.
A.- Erromerietan eta ibiltzen al duzue kajaritmosa?
T.- Ez, ez diagu erabiltzen. Ez diat esango kontra nagoenik, baina kajaritmosak edo beste tresnaren batek behartzen hau leku batean egotera, eta guk ulertzen diagu trikitixa dela tabernarik taberna jotzeko, gero igoal komedore batean, eta gehien bat jendeari jarraitu, ez guk erakarri, gu jendearena joan baizik.
A.- Non ikusten duzue zuen abildadearen muga teknikaren aldetik eta?
L.- Dudarik gabe erromeria bakoitzean zerbait ikasten duk zaharrei eta gazteei begira egonez. Aurtengo txapelketan ikusi diagu mila gauza berri atera direla, aberatsak koanto.
T.- Mugak hausten saiatzea gauza beharrezkoa duk, eta hori hein nagusi batean txapelketak zekarrek, hortik aurrerapen handia zetorrek, lehiaketak jendea gauza berriak ateratzera zeramak, sorpresak emateko e.a., hor pausorik handiena ematen duk. Muga ikusten zaila duk, ez bait dakik zer atera dezakean, orduan pruebak eginez eta, gauza berriak ateratzen bazaizkik eta jendeak ongi hartzen baditu, baliokoa da edo ez. Beti da edozein istrumentu baino mugatuagoa, nota gutxi, bajutan eskala bat osoa ere ez zeukak, menor bat bakarra. Nota horiekin egiten diren gauzak dituk harrigarriak, soinu handia jotzen duen batek ia ezin sinisterainokoak. Muga ez zegok itxia, baina pasa beharra zegok linea batetik, eta ez duk hain zabala.
A.- Bidekoa puntuatzea positiboa al da?
T.- Nik ez diat uste. Hobe duk betiko lau pieza horietan mamitzea txapelketa, kanpo zabala dagoelako hor lan egiteko, berrikuntza eta aldaketa onuragarri asko egitea zegok oraindik. Gaizki ez zegok, baina ez zekiat, oraingoz ez zeidak positiboa iruditu. Bidekoan oso baju irten gara puntutan denok. Guri komenigarri gertatu zaiguk puntuatzea, baina ez gaudek alde.
A.- Junkera eta Mutriku nola ikusi dituzue?
L.- Oso ongi, aberastasun handia ekarri dute trikitixarako, guk txapelketa trikiti kantuko piezetan irabazi diagu, pentsatzen diat fandango eta arin-arinean gu galtzaile atera ginela.
T.- Nik ez diat osoki hala pentsatzen, uste diat zerbait berria aportatu genuela, uste diat trikitixa ez soinu eta ez kantu bezala ez zitzaigula gehiegi puntuatu. Puntuz Keparekin eta oso berdintsu ibili ginen, gero fandangoan haiek atera ziguten puntuazioa. Errua bota zitzaien bidekoan huts bat izan zutela, nire ustez ez huen bidekoa bakarrik izan, niretzat beste erru batzu ere baziren tartean, eta hau ez duk meritua kentzeagatik, demostratu bait zian izugarrizko digitazioaz aparte, musikoa dela eta detaile asko dituela bai trikitixan eta fandangoan sartzeko. Kepa eta oso ongi ikusi nizkian, baina esatea guk irabazi genuela kantuarengatik gehitxo duk.
A.- Solfeoarekin eta?
L.- Orain Tapia partitura batzu egiten ari da solfeo bidez, eta hurrengo kolpea hortik dator, belarria beharrezkoa den arren, belarriari pixka bat utzi, eta musikan barruan sartu. Belarri bidez ikasteak bidea moztu egiten dik ikasleak gero bere ideia propioen bidez estilo bat hartzeko. Solfeoak zerbait diferentea egiteko ahalmena ematen dik, eta hori txapelketa honetan demostratu duk.
A.- Klasikoak deitu dizuete, konforme?
T.- Nik uste diat klasikotasunaren barruan egin dudala halako berrikuntza, baina linea jarraituz. Gu baino klasikoagoak izan hituen eta gu baino aurreratuagoak ere. Gero gainera bazegok arriskua fandangoa den horretatik irteteko, alegia, puntuaziorako halako bariazioak eginez gero puntu asko, ni gehiago saiatu nauk fandango normal bat egiten, bariazio batzu sartuz bai, baina berari zegozkionak nire ustez. propio egin genian hori eta beharbada horregatik deitu zigutek klasiko, baina esan nahi diat guk trikitixan jo genituen parteak ez zirela hain klasikoak, baziren hor nire ustetan ritmo eta akorde nahasketa polit bat, eta jende askok pentsatzen du hor pixka bat galdu genuela eta jo bagenitu garai bateko trikitixa parte klasikoak askoz hobeto ibiliko ginela
A.- Aurten presentatu ez diren zahar asko dago, zer gertatu da?
L.- Egia esanda ez zekiat, pentsatzen diat norberak bestea ikusita badakiela non dagoen, eta ez nikek esango beldurra, baina gazteak oso ongi zetozek, eta akaso bada ez bada ere, nik uste txapelketari inportantzia handiegia eman zaiola, urtean barrena bost pieza edonork presta ditzake, eta oso ongi gainera.
T.- Beste interes batzu ere bazeudek, ospea, izena, dirua ea. Egin ezak kontu herri askotan ez dituztela eramaten soinua hobeen jotzen dutenak, urte horretako txapeldunak baizik, orduan, beharbada horren beldurrez, ez gazteoi beldur digutelako, interes horiek galduko lituzketelako agian, horrek ez dik esan nahi gu berak baino hobeak garenik.
A.- Estiloak eta nola daude trikitixan?
L.- Batzuk esten diate Elgetarekin ikasitakoen estiloa dagoela nabarmen, besteenez gain, berekin ikasi ez zutenenaz gain. Berekasa ikasi zuten zaharrak, beren estilo propioa dutenak, Zumarragako trikitixa adibidez, famelian ikasita daude. Berak dira bakarrik estilo horretan jarraitzen direnak, baina erakusten ez badute nahiko zaila aurrera jotzea. Bizkaitar batzu ere badabiltza hor beren estilo propioarekin.
A.- Antolaketa eta epai-mahaiaz?
T.- Antolaketa kaskarra, jende asko ezin sarturik geratu bait zen, berek bazekiten izugarrizko jendetza etorriko zela, baina hala ere frontoi ttiki horretan egin zuten. Epai-mahaia dela eta, ez zekiat, baina epaitzea zaila duk, ez bait dakik zer den puntuatzen duena, esan egin beharko litekek zer den gehien puntuatzen duena, bestela galduta aurkitzen haiz. Nola erabaki dezakete ezer partitura eta deus gabe?
Iñaki CAMINO
Toperaino betetako frontoi ttiki honetan lortu zuten Tapia eta Leturiak goi-mailako saria.
Ezkerrean Joseba Tapia eta eskuinean Xabier Berasaluze.
42-43

GaiezKulturaMusikaMusika tradTrikitixaTxapelketak
GaiezKulturaMusikaMusika tradTrikitixaTrikitilariTAPIA ETA1
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakTAPIA TA LE
EgileezCAMINO1Kultura

Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude