Txomin Peillen: "Euskaltzaleok ghetto batetan sartu nahi gaituzte Zuberoan"


1986ko irailaren 07an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Txomin Peillen irakasleari elkarrizketa

Txomin Peillen: "Euskaltzaleok ghetto batetan sartu nahi gaituzte Zuberoan"
Txomin Peillen Parisen sortua da, baina bere berrogeitamar urte zituela, duela lau bat urte, bere gurasoen jatorria izan zen Zuberoara itzuli zen. Azken urte hanetan, Santa Grazi, Baiona eta Paberen artean pasa ditu egunak. Astegunak Paben pasatzen ditu, unibertsitatean irakasle, eta asteburuetan Zuberoa izan ohi du gordelekua. Udako oporraldiak ere osorik Zuberoan pasatzen ditu, eta geuk ere hantxe topatu genuen, Santa Graziko etxe txiki baina txukun batetan, Biarneriako mugetan. Txomin, euskaldunberria, euskararen mugalari trebeenetako bat.
GAILDERA: Eskuartean duzun lanari buruz mintzatuz has genezake interbiu hau. Zer esan zenezake zentsurari buruzko liburuaz.
ERANTZUNA: Duela bost urte hasitako lana dut hau, eta bere asmoa oso argia da. Euskal literaturaren barruan eta euskal kulturaren barruan eman diren zentsura forma desberdinen historia eta azterketa bat egin nahi nuke. Autozentsuratik hasita, zentsura ofizialetik pasata editorialetatik edo zenbait pertsonek egindako zentsuretara. Noski zentsura ofiziala inportantea dela baina ez da bakarra. Zentsura asko izan dira eta badira oraindik ere idazlea libertatean ez ibiltzera mugatzen dutenak. Halere, dokumentazioaren parterik haundiena oraindik jaso gabe daukat, eta oraino ez dut aukerarik ikusten lan hori bukatutzat emateko, urte batzu behintzat pasako dira bukatu arte.
GALDERA: Zentsura ez-ofizial horietako batzu aipatuko al zenituzke?
ERANTZUNA: Kasu ezaguna da Jon Miranderena. Behin ETORen Miranderen lan guztiak argitaratu nahi zituztela esan zidaten, eta argitalpen osoa prestatu nien. Nik ez nekien «Ediciones Mensajero» horren atzean jesuitak zeudela, baina Arestik abisua eman zidan: «horiek ez dituzte Miranderen zenbait gauza argitaratuko». Eta asmatu egin zuen, niri eritzirik ere eskatu gabe idazki politiko guztiak eta beste zenbait ere bazterrean utzi bait zituzten, gogorregiak zirelako edo. Liburua argitaratu eta urtebetera ikusi nuen lehenengo aldiz eta sekulako haserrea hartu nuen.
Antzeko zerbait kontatzen digu Jokin Zaitegik gutun batzuren bidez: Guatemalan izan zen bitartean, ez zuen inolako zentsurarik sufritu, baina Baionara etorri zenetik, izugarrizko presioak eta zentsurak jasan omen zituen Laffite jaunarengandik, batzurentzat hain liberala zen apaiz horren ustez euskaldunek gauza kristauak eta piadosoak besterik ezin omen ditu irakurri. Jokin Zaitegi etsiturik geratu zen, euskaldunen arteko zentsura horretaz nazkaturik. Horrelako kasu asko eta asko bilduak ditut, eta gehienak oraino ez ditudala bildu iduritzen zait.
Azken bat kontatuko dizut, beste zentsura mota bat izan daitekeelako. Nik aspaldian nobela bat idatzi nuen, Arestik emandako gai baten inguruan: ximinoak, eta gizakiekiko erlazioez. Bon, nobela hori LURekoei pasatu nien eta inoiz ez dut haren notiziarik izan. Kopia bakarra eman nien eta haiek esaten zuten ez zutela inoiz jaso. Neuk eskutan eman nien taberna batetan, eta inoiz jaso ez zutela esan didate behin eta berriz.
GALDERA: Zer beste lanetan ari zara gaur egun?
ERANTZUNA: Gauza asko ditut eskuartean, besteak beste nobela komiko-ironiko bat, baina horrezaz nahiago dut azalpenik ez egitea.
GALDERA: Alda dezagun gaia, bada. Zeure aberri berraurkitua duzun Zuberoa honetan zein arazorekin aurkitzen zarete kultura mailan?
ERANTZUNA: Mementu honetan, eztabaida bizia dugu euskalkiarekin. Ikastoletan eztabaida bizia piztu da eta horri buruz mintzatzeko bileratan gabiltza. Zenbaitek eskolan haurretatik euskara batua erakutsi behar dela pentsatzen dute, baina beste zenbaitek ez. Nire ustez, hor frantsesengandik ikasi behar dugu. Haiek argi eta garbi esaten dute hastapenean hobe dela etxeko hizkuntzaz erakustea, eta ama eskoletan horrela egin behar litzateke. Etxeko moduak ongi menderatu ondoan, irakurtzen eta idazten ikasten hasten direnean, orduan bai sar daiteke eskolako hizkuntza. Gure egoera frantsesena baino txarragoa delarik, zergatik egin behar genuke guk besterik? Euskalki prolema haundia dago Zuberoan.
GALDERA: Zuberera euskalki literario bezala, oso sendotasun eta tradizio guttikoa dugu. Ezin ahantziko dugu...
ERANTZUNA: Prolema haundia dago horrekin. Gure euskalkian ez da gauza haundirik irakurtzeko, pastoraletik kanpo. Badira hamabi bat pastoral argitaratuak eta nahikoa da irakurtzeko noski, baina ez dago nobelarik edo literaturarik. Badira bertsolarien bilduma batzu, J.L. Davanten poema batzu, eta haur ttikientzako beste ipuin laburtxo batzu. Besterik ez dago zubereraz, eta hori ez da aski. Bada saio bat piskanaka egin beharko dena, zuberera bat bat lortzearen aldekoa. Hau da, zuberera eta batua bat eginez joan daitezela. Hemengo irratia entzuten baduzu, Xiberoko Botza, euskara batuko hitzak sartzen dira eta jendeak orain ulertzen ditu. Ez da erraiten "radioa", "irratia" baizik eta jendeak ulertu egiten du "Telebista" zer den ere badakite. Horrelako hitzak sartzen dira.
GALDERA: Hizkuntzarekiko jarrerak gibelean ideologia bat agertzen duela iruditzen zaizu? Euskaltzaletasuna eta abertzaletasunaren arteko erlazioaz galdegiten dizugu.
ERANIZUNA: Bistan da ideologiaren indarra. Espainolezko hitzak sartzea leporatzen dizute, eta honela erraiten dizute: «Mekaguen Dios, ziek espainol üskara emaiten duzue!», eta ez dira konturatzen aurretik "Mekaguen Dios" erran dutela. Haiek askotan pentsatzen dute "aldatu" espainola dela eta haiek erabiltzen duten "kanbiatu" euskalduna dela. Gauzak horrela izaki, zeuri erraiten dizute espainolzalea zarela. «Hori ez da zuberera, hori manexa da»; hau da, zuberera ez dena. Horrek ideologia argi bat adierazten duela iruditzen zait.
Hala eta guztiz ere, gero eta gehiago, Zuberoan euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna bat dira. Oso euskaltzale gutti izanen dira abertzaleak ez direnak. Aintzinean oso desberdina zen hori, ez zuten biek kasik batere loturarik.
GALDERA: Manexen kontrako jarrera hori, edo zuberotarrak ez diren euskaldunen kontrako sentimendua ez al duzu kezkagarria ikusten?
ERANTZUNA: Kontrakoa ez da, nik ez nuke esango kontrako sentimendua denik, diferentzia baten beharra edo, ikusten dut nik. Konplejoa badago, guttiengoaren konplejoa, eta guttiagoaren konplejoa. Biak, ez? Gogoan dut nola aitak ez zuen manexa erraiten, eskuara garbia baizik. Eta eskuara garbia lapurtarra zen. Baxenafartarra manexa zen, baina- harentzat manexa eta lapurtarra ez ziren gauza bera.
GALDERA: Berezketa edo berezkeria horien atzean zein idelogia ikusten duzu?
ERANTZUNA: Funtsean bada frantsesen euskara, eta euskaldunen euskara. Hemengo batzu haserretu egiten dira ikastoletaz edo gau-eskoletaz mintzatzen entzuten dutenean, eta aspertzen direla esaten dute. Esate batera, Xiberoko Botzan sarritan aipatzen dituzte. ikastolak, eta errefuxiatuak, eta manifestazioak. Hori dela eta, hemengo jende bat asko haserretzen da, beti gau-eskoletaz eta horrela aritzen direlako. Baina nik erraiten diet: «nola ikasiko du jendeak euskara? Zabaldu ezazu zuek gau-eskola bat nahi duzuen bezala antolatu», baina noski, ez dute egiten. Esaten dute ez dutela euskara hil dadin nahi, baina praktikan ez dute deus egiten, besteak kritikatu baino. Horren atzean, bistan prolema ideologikoa dago.
GALDERA: Hain herri ttipian, elkar ezin ikusiek prolemak areagotuko dituzte seguru aski, ezta?
ERANTZUNA: Adibide bat aipatuko dizut. Junes Cazenavek, pastoralgilea eta euskaltzale haundia, bera zuzendari zeneko ikastetxea utzi egin behar zuela esan zidan, lan egiteko aukera haundiagoa izateko, hiztegia burutzeko etabar. Gauzak horrela, erretoretza bat hartu zuen herri batetan. Duela gutti, bati entzun nion erraiten nola Cazenave ikastetxetik bota egin zutela. «Bota, zendako?» erran nion, eta bere erantzuna, ETAkoa zelako, edo 'Enbata'koa, edo..."Aizu, baina 'Enbata'koa izatea eta ETAkoa izatea ez da gauza berdina!", baina ez die axola. Halako esames gaiztoak jasotzen dira euskaltzaletasunaren etsaiengandik. Nahiko gintuzkete euskaltzaleok ghetto baten barruan sartu, baztertzen gaituzte. Eta Cazenave kristau zintzoa delako, bestela gorria dela ere erranen lukete. Badira lau urte Zuberora bizitzera etorri nintzela eta jende ainitzek ez daki oraino. Eta abertzaleen artean ere gertatzen da, bi urtetan ez dut nire etxetik inor ikusi. Gerora enteratu nintzen zenbaitek zurrumurrua zabaldu zutela ni burgesa nintzela erranez. Horrelako astakeriak egiten dira Zuberoan. Mesfidantza izugarriak daude bazter guztietan, eta giro hori baliatzen dute gure etsaiak abertzaletasuna ahultzeko.
Abertzale eta gorrien artean berezketa sortu nahi dute abertzaleen etsaiek. Gorrien kategoria asmatzen ari dira, eta horren adierazgarria Rogert Idiart apaiza dugu. Idiart, hortik erraiten denez, gorri bat da, eta bera ez da marxista baina gorrien kategorian sartu dute. Hegoaldeko gazte batzu etorri ziren behin Rogert Idiarten ikustera eta bere auzo batzuk erantzun hau eman zieten, nahita kaskar egindako frantsesez: «il sera en train de poser des bombes», bonbak jartzen egongo zela alegia. Usteltzen gaituzte kanpotik eta geu sartzen gara joku horretan. Badakizue, Zuberoan jendea guttiengoa da, borrokatu nahi da baina ez daki non dagoen etsaia.
GALDERA: Belaunalditik belaunaldira ez al da aldaketarik igertzen horretaz?
ERANTZUNA: Zorionez, gazteen artean ez dira hainbeste ikusten bekaizkeria horiek eta asmo txar horiek. Orain gazteak eta besteen artean leize bat dago eta leize horren bestaldean geratzen dira abertzaleen eta frantsesen arteko kontuak. Horrek piska bat laguntzen du hemengo giroa lasaitzen eta normaltzen.
GALDERA: Herrialde honetako beste gai nagusi batetara pasatuz, ikusten al diezu etorkizunik Zuberoako forma parateatralei, pastoralari bereziki?
ERANTZUNA: Gauza berri bat sortu da aurten lehenik, neskek eta mutilek elkarrekin egiten dutela pastorala, bestela mutilekin bakarrik ez zatekeela nahikoa jende. Herri gehienetan haurrak badira, zelaialdean behintzat. Mendialdean zailagoa da. Barkoxeko pastoralean ikusi da bazirela gazteak tartean, nahiz eta elkarren artean frantsesez egin nahikoa euskara badakitenak. Moda bat dago euskal hitzak bakarrik txantxetan eta barrea sortzeko bakarrik erabiltzeko baina korrientean frantsesez. Halaz ere, mementuan bada nahikoa jende pastorala egiteko. Egun batetan beharbada-gerta liteke teatroa gau-eskoletako eta ikastoletako jendearen artean egitea, baina nire ustez aktoreak ez dira tenore luzean faltako. Teatroa egiteko gogoa badago, eta teatroa euskara hobetzeko edo ikasteko modu bat dela uste dut.
GALDERA: Aldaketarik egin beharra ikusten al duzu pastorala edo beste forma teatralen barruan?
ERANTZUNA: Batetik antzerki laburragoak egin, eta beLarbada komedia gehiago berezi behar litzateke, asto-lasterrak sortu, pastoral komikoak. Beharbada euskara erraxagoa egin behar litzateke, zenbaitetan hizkuntza lokalegia erabiltzen bait da, herri batetan bertan bakarrik ulertzen diren hitzak erabili ohi dira, eta horrela ezin da hizkuntza teatralik sortu. Jokulariak errez hitzegin behar du, entzuleak aditu behar du, motza izan behar da eta espresiboa. Entzungarria.
Maskaradak ez dira berdina. Maskaradetan, eman dezagun, gehienik badira barre egiteko gauzak, Zuberoako bizitza agertzen da eta ezin zaio hori kendu, partikularismo edo kastizismo batzu utzi egin behar zaizkio. Bedaxagar edo beste pastoralgile batzurekin mintzatuz azaltzen zen beharbada egin beharko zela urte batetan moda zaharreko pastoral bat, eta hurrengo urtean pastoral berri bat, laburragoa eta jende gehienek ulertzeko modukoa. Azkenik, ikusten da zerbait eten egin dugula Zuberoako teatroan. Aitzinean herri batek egiten zuen teatroa edo maskaradak. Gaur egun egin liteke, berriz, lau edo bost herri elkartu eta denen artean maskaradak egitea. Aurten ez da maskaradarik egin, eta Zuberoan nonbait badira 600 dantzari. Baina ez da dantza-talderik eta herri bat ez da kapaz izan horietako talde bat biltzeko ere. Eta baliteke hemen talde permanente bat edo batzu sortzea, ez dut profesionalak esango, baina etengabean teatroa egiten ibiliko zirenak, ikastolentzat, gau-eskolentzat, kanpotarrentzat, etabar. Ghettoan ez geratzen ikasi behar dugu.
GALDERA: Bukatzeko, Txomin, literaturaren alorra nola ikusten duzu?
ERAIVIZUNA: Iparralde osoari buruz berpizten ari dela ikusten dut, bada gazte ainitz eta horien artean euskaldunberri franko badira. Nik pentsatzen dut, halere, balitekeela bezpizte haundiena Parisetik etortzea, Paris oso toki egokia bait da literatur zaletasuna biztu eta desarrollatzeko. Parisen euskaldun asko eta asko badira, eta euskaldunberriak etengabe sortzen ari dira. Parisen eta Iparraldean bizi diren euskaldunberrien artean errazago ikusten dut literaturaren zaletasuna Parisekoen artean biztuko dela.
Josu LANDA. Karmelo LANDA
27-31

GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzHizkuntz poIpar EH
PertsonaiazPEILLEN1
EgileezLANDA2Hizkuntza
EgileezLANDA3Hizkuntza

Azkenak
Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Bilboko Udalak muntatu gabeko eszenatokia, mehatxuak eta kronika faltsu bat

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.


Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Eguneraketa berriak daude