Vaqueriza: "Politikoek bazterturik daukate arrauna"


2021eko uztailaren 23an
Jose Fernandez Vaqueriza, Arraun Federazioko buruari elkarrizketa
"Euskal Herriko Federakuntzak euskal fitxaren defentsan jarraitzea erabaki du"
Vaqueriza: "Politikoek bazterturik daukate arrauna"
Jose Fernandez Vaqueriza donostiarrak urte asko darama arraun munduan. Hasteko, arraunlari bezala; gerora, arraun elkarte baten sorreran ere parte hartu zuen; Gipuzkoako Arraun Federazioko buru ere izana da eta, azkenik, Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzako lehendakaria dugu. Azken kargu honetan ezagutu ditu aurtengo gora-beherak, eta berarekin elkarrizketatu gara istilu horiek argitzeko pertsona aproposa iruditu bait zaigu.
ARGIA.– Nola eta noiz sartu zinen arraun munduan?
VAQUERIZA. - 1956an hasi nintzen arraunlari bezala Ur-Kirolak taldean zazpi urtez ihardun nuelarik. 1963an Arraun Lagunak Elkartea sortu nuen, arraunlari, entrenatzaile, promotore, finantziatzaile... funtzioak beteaz. Arraun Lagunak Elkartean 1972. urterarte jarraitu nuen Gipuzkoako Arraun Federazioko lehendakaritzat aukeratu bait ninduten.
A.– Ze esperientzia izan zenuen Gipuzkoako Arraun Federazioko lehendakari bezala?
V.–Nire ekipoaren ustetan orduan altza zen arrauna, ordurarte arrauna hondoraturik aurkitzen bait zen. C.A.T.ek bospasei tripulazio mantentzen zituen bere estropak antolatzeko asmoz. Gure ustez, ordea, hori Federazioaren lana izan behar zuen eta horrela hasi ginen Federazioaren antolakuntzan, segidan batel eta trainerila ligilak antolatzen hasi ginelarik.
Dena den, bidea ez da batere erraza izan. Espainiako Federazioarekin arazo haundiak izan genituen, hiru aldiz dimititu beharrean aurkitu nintzelarik. Momentu txarrak izaten ditu horrelako kargu batek: diru murrizteak direla...
A.–Noiztik dator Arreunketarako Euskal Herriko Federakuntza sortzeko ideia?
V.– Ideia bera aspalditik dator baina lehen pausoak 1979an eman ziren 1984ean erabat finkatu zelarik. Bitarte horretan oztopo eta eragozpen askorekin aurkitu ginen, batipat politikoen aldetik. Ez nuke ezer arrarorik esango politikoek kirola erabat bazterturik eduki dutela esango banu, egia bait da eta batipat arraun kirolari dagokionez.
Aipatu behar dut bestetik, 1984ean Espainiako Arraun Federaziorako hauteskundeetan kandidato bezala aurkeztu nintzela, sei botoren diferentziaz galtzeko. Hauteskunde hauen ondoren dator Arraunketaren Euskal Herriko Federakuntzaren jaiotza.
A.–Beraz, Arreunketarako Euskal Herriko Federakuntzak bi urteko bizia du.
V.–Bai. 1984ean sortu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako Federazio Territorialak eta hauen bitartez sortu zen Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntza. Gure nahia behetik gora antolatzea izan zen eta ez ordurarte bezala. Hala ere, prolemak ez ziren sekula bukatzen; estatutoak egin genituen, adibidez, baina ez ziren onartuak izan. Konpetizio garaia iritsi zen eta Espainiako Arraun Federazioarekin lehenbiziko tirabirak sortu ziren. Dena dela aurrerapauso haundiak eman dira euskal arraunaren nortasuna onesteko bidean.
A.– Arreunketarako Euskal Herriko Federakuntzak zabaltzen dituen fitxak zein balio dute?
V.–Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzak euskal fitxak zabaldu ditu, eta edozein estropadetan parte hartzeko eskubidea eskaintzen dute honez gero. Hain zuzen ere, gu gaur egun, estatu espainolean eta internazional mailan antolatzen diren estropadetan parte hartzen ari gara inolako prolemarik gabe euskal fitxarekin soilik. Prolema estaduen arteko lehiaketa denean kokatzen da, prolema politikoa bilakatzen bait da. Euskaldun arraunlariek ezin dute Euskadiren izenean konpetitu eta Espainiako selekzioarekin parte hartu nahi izanez gero Espainiako arraun fitxa betetzea behar beharrezkoa litzateke. Hau da gaur egun mundialistek egiten dutena, "fitxa doblea" alegia.
A.–Fitxen asuntoa aipatu duzu. Zer gertatu da aurten Orioko Arraun Elkartearekin?
V.–Joan den urtetik dator kontu hau. Estatuko estropadak ospatzeko hamar egun falta zirela eman ziguten aditzera ezin genuela parte hartu euskal fitxekin. Guk, noski, jarrera bateratu bat genuen eta, jakina, euskal fitxa guztiekin agertu ginen konpetizio horietara. Gure presentzia gabe konpetizioa debaluaturik geratuko zela ikusiz, atzera jo zuten beren jarrerarekin.
Aurtengo tenporadaren hasieran Espainiako Arraun Federazioaren estatutoetan sartutako artikulo berri baten kausaz, Espainiako Arraun Federazioak antolaturiko estropadetan derrigortzat jartzen zen fitxa espainola edukitzea. Eta hain zuzen, hemendik jaio dira arazo guztiak.
A.–Espainolak artikulo hori onartu ondoren asanblada batzu ere eginak dituzue, ezta?
V.–Bai. Guk arraun talde guztien eritzia jaso nahiean, kluben arteko asanblada konbokatu genuen. Bertan, aho batez, euskal fitxaren defentsan jarraitzea erabaki genuen, eta baita haiekin bakarrik estropada guztietan parte hartzea. Ondoren beste zenbait asanblada ere izan genituen eta, Eibarkoan hain zuzen, espainolako fitxa betetzen zuen klubak Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzak antolatutako estropadetan parte hartuko ez zuela hitzeman zen. Orioko Arraun Elkarteak ez zuen jaramonik egin eta bertako lau arraunlarik Espainiako Arraun Federazioko fitxa bete zuten. Beraz, asanbladetan hartutako erabakien ondorio bat besterik ez da izan gertatutakoa.
A.–Orioko Arraun Elkartea orain Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzaren barnean al dago?
V.–Orioko Arraun Elkartea beti egon da Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzaren barnean, orain ere bai noski. Talderen batek Eibarren eginiko asanbladan, eskari-galderen turnoan, proposatu zuen Orioko Arraun Elkartea Federakuntzatik kanpo geratzea. Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzak ez zuen inolaz ere onartu horrelako erabaki zorrotza eskari-galderen barnean planteatzea.
A.–Orioko Arraun Elkerteak parte har al dezake, hemendik aurrera, Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntzak antolatutako estropadetan?
V.–Azkenaldi honetan eduki ditugun bileren ondorioz Orioko Arraun Elkarteari "betoa" kentzea erabaki zen. Dena dela, Orioko Arraun Elkarteak parte hartzeko jartzen dugun baldintza bakarra zera da: Espainiako Arraun Federazioko fitxak bete zituzten lau arraunlarien izenak ez ematea.
A.–Banko fijoaren alde jokatu duzula zabaldu da, banko mobila ahazturik utziaz.
V.–Entzuten dudan lehenbiziko berria da. Nik banko mobileko estropadan askozaz gehiago jokatu dut, banko mobileko elkarte bat ere sortu dut eta, gainera, banko mobileko entrenatzailea naiz. Ez dakit, beraz, nola esan daitekeen horrelakorik intentzio txarrez ez baldin bada.
Batzuk uste dute ez dela deus aldatu azken urte hauetan baina, zorionez, asko aldatu da. Honek mina ematen dio norbaiti eta ez naiz izango ni pertsona horren izena emango dudana.
Euskal talde guztiek osatzen dute Arraunketarako Euskal Herriko Federakuntza.
32, 33

GaiezKirolaArraunaBesteak
PertsonaiazVAQUERIZA1

Azkenak
Mañeruibarko haur euskaldunak omendu dituzte Euskaltzaindiak eta IKF fundazioak

Atzo eguerdian, Mañeruko herriko plazan egindako ekitaldian, diploma bana eman zieten zortzi eta hamabi urte arteko ibarreko 45 haur euskaldunei. Horretaz gain, Oskar Alegriak umeokin ondutako film laburra estreinatu zuten.


2024-05-28 | Euskal Irratiak
Kanboko Marieniako eraikuntza proiektua gaitzetsi dute larunbatean

Kanboko Marieniako higiezin proiektuaren kontra bildu dira elkarte eta herritarrak larunbat honetan. Larunbatean, mahai inguru eta tailerren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi izan dituzte Bouygues Immobilier agentziaren proiektuaren desmasiez.


Eguneraketa berriak daude