"Hegoaldean ongietorri berezia ukan dugu beti"


1986ko ekainaren 15an
Peio Eta Pantxoa berriro kantari
"Hegoaldean ongietorri berezia ukan dugu beti"
Pantxoa Carrere eta Peio Ospital berriro hasi dira plazan kantari "Bakezko besarkada batean'' diskoa ere kaleratu dutelarik.
Ez da txontxetarako xifra: 37 urte kalez kale kantari amateur gisa, bikote honek bete dituena. Historia pixka bat egiteak mereziko digu, dudarik ez egin!
ARGIA.– Peio eta Pantxoa aspaldiko lagunak zarete. Zein izan da elkarrekin segitu duzuen bidea?
PEIO eta PANTXOA.– Egia diozu. 9-10 urte genituen eskolan elkarrekin abiatu ginelarik, "Maitrise épiscopale" deitzen zen ikastetxe batean Baionan. Apez-etxe bat zen, 30 bat haur ginen apez-gai bezala. Eta kantuz ikasi dugu hor, bereziki Gregorianoa. Egun guziz kurtsoetaz aparte, ordu pare batez kantuz ari ginen. Pianoa ere ikasi dugu. Hor sartu zitzaizkigun kantatzeko gostua eta gogua.
A.– Ikastetxetik kanpo nola hasi zineten plazetan kantari?
P. eta P. - 1964-65 urtetan abiatu zen Euskal kantuaren mogimendu berria. Mixel Labeguerik bere diskoak ordukoz argitaratuak zituen. Euskaldun xorietan (orduko uda koloniak) hunen kantuak ikasi genituen, beraren ezagutza ere egin genuen.
Ordu haietan ere Manex Pagola eta Beñat Sarasola, gu bezala Seminarioan zirenak, gu baino zaharxagoak, kantatzen hasi ziren.
Guk, kantu berri horiek kantatzen genituen beraiekin elgarretaratzen baiginen Baionako ostatu batzuetan igandetan. Eta holaxe hasi ginen lagunen artean kantari, ikastetxean egiten ziren "veillée''batzutan. Ordukotz, Pantxoa gitarra jotzen hasia zen eta bikotean kantatzen genuen.
A.–Labeguerie-ren ondotik, Monzon ongi ezagutu zenuten naski?
P. eta P.– 1968an, Ustaritzen egina izan zen Ikastaldi kultural bat non Monzon ibili zen mintzaldi baten egiten. Hor arrats batez kantatzera etorri ziren kantari ezagun batzu hala nola Lertxundi, Irigaray, Lekuona. Guk ere, genekizkigun kantuak eman genituen, eta, Monzon-eri gustaturik dohaikabe, berak eskaini zigun bere lehenbiziko kantua "Itziarren semea". Kantu hau eta Manex Pagolaren hiru kanturekin atera genuen gure lehen diskoa 1 969an.
Ondotik hartu eman frango ukanen dugu Monzon-ekin. Igande frango elgarrekin pasatu ondoan, bertze kantu batzu emanen zizkigun.
A.– Zein izan ziren zuen lehen kantaldiak?
P. eta P.–Gure lehenbiziko kantaldia egin genuen Ustaritze 69ko maiatzean. Gehienik bertzaldeko kantariak ziren etortzen. Hemendik. Etxamendi ta Larralde, Sarasola eta Borda. Lehenbiziko kantaldiak ziren eta jende gutti etortzen zen.
Hego alderat, 71 an joan ginen lehen aldikotz. Monzon-en herrian kantatu genuen, Bergaran... eta harriturik egon ginen hango jendea ikustearekin. Jendea milaka, hemen hogeita hamar, edo ehun jenderen aitzinean arteko usaia bakarrik genuelarik. Franco-ren denboran zen hori eta nola jendeak ez zuen elgarretaratzeko okasionerik, kantalditara etortzen zen eta giro berezi bat sortzen zen hor, kasik "meeting" bat bilakatuz batzutan. Azpimarratzekoa da zentsura ere bazela. Gure kantuen hitz guziak igorri behar ziren aitzinetik eta baimena ukan behar zen kantatzeko. Egia esan, ez dugu traba handirik ukan alde hortatik, Hegoaldeko kantari batzuen begira. Trabak ukan ditugu, bainan administratiboki gainditu ahal izan ditugu.
A.–Beti ongi etorri beroa ukan duzue Hegoaldean. Zergatik?
P. eta P.–Hegoaldean ongi etorri berezia ukan dugu beti. Iparraldekoak izanez bai eta Monzon-en kantuei esker publikoak ixilean pentsatzen zuena kantatzen genuelako. Garai hori Burutuko da Francoren hiltzearekin. Kantaldiek ez dute ordutik hunat funtzione bera beteko Hegoaldean, eta zenbait kantarik jadanik hartua zuten bideari behar izan dugu guk ere pentsatu. Da, behar zela kantuaren alderdi artistikoa landu ordurarte egiten zena baino gehiago. Gainera, gertatu da memento berean pixka bat akituak senditu ginela, kasik larunbat eta igande oro kantari ibiltzeaz. Azken urte hauetan ez gara batere ari izan.
A.– Ikusiz Rock musikak hartu duen lekua eta zuen kantu modu oso diferentea, ba ahal da gerorik zuen kantuarentzat?
P. eta P.–Ohartzen gara zer aldaketak izan diren azken urte hauetan publikoaren aldetik. Lehen baino ainitzez gehiago kalitatea galdatzen du publikoak eta bide horretan lan eginez, inpresionea dugu publiko bat gelditzen dela oraino gure kantu moduarentzako. Esan behar da ere gaurko egunean jendearen "kultura musikala'' denboran baino ainitzez aberatsagoa dela. Euskal kantariek behar dugu kalitatearen mail bat errespetatu. Esan nezake hori dela gure militantismoa, kantuaren alderdi artistikoa behar bezala lantzea eta jendeari funtsezko gauza baten eskaintzea. Hor hunkitzen dugu gure problemetan nagusiena: amateurgoa ala profesionalismoa... Amateurgoan gaude gure denbora libre guziak horretan pasatuz. Bainan zail izaten da. Gure kasuan oraindik ez da posible profesionalismo mailan sartzea. Mementoan disko berri hau nola saltzen den ere ikusi behar dugu eta ikusiko nola itzulikatuko garen.
A.–Bakea aipatzen duzue usu. Nondik heldu da hori? Zuen ikas urteak ote?
P. eta P.– Badaiteke behar bada zerbait ikustekorik izatea guk gizonaren ideal batean ezartzen dugunarekin. 1968an, 20 urte genituen eta, beharbada, sinisten dugu militantismoaren bidez zerbait alda daitekela gaurko bizi moldean. Ez dut esan nahi denak militante politikoak behar dugula bihurtu bainan lan baten bidez zerbait alda daitekela sinesten dugu. Alor horretatik jokatuz, bakea aipatzen dugu baina ez nola nahiko bakea. Guretzat bakea herri baten eskubideak errespetatuko dituen funtsezko justizi batean oinarritzen da. Ez da bakarrik ordea. Ez da Euskal Herrian bakerik izanen gure herri eskubideak errespetatzen dituen justizi gutien bat ez bada eskuratzen. Hori dugu disko honetan aipatu nahi gehienik.
A.– Nola ikusten dituzue ondoko egunak zuen kantugintzan?
P. eta P.–Ikusiko dugu lehenik disko berri hau nola hartua izanen den jendearen aldetik. Heldu diren bi hilabete hauetan hamar bat kantaldi badugu. Udari buruz 20-25 kantaldi. Esan behar da hemen ere entseatzen garela gure kantaldien hein batean bederen planifikatzera toki desberdinetan ibiliz batetik bertzera.
Mementoan, zortzi kantu berri ditugu. Beti kantu berriak egiten aritu betar da. Zenbait ideia badugu geronek. Gero, bixtan da, beti segituko dugu bertze norbaiten kantuak ere kantatzen.
Behar bada, Hegoaldean egin izan dena egin daiteke, poeta bat hartu eta berari buruz, bere lanak agertu. Charritonekin aipaturik dugu Hazpandar Mendiague poetari buruz holako zerbait egitea. Geroak esanen.
HERRIZ HERRI
38, 39

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakPEIO ETA PA
EgileezHERRIALDE1Kultura

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude