Kortatu: «Gurea after-trikitixa da»
Irundarrak dira. Duela urtebete ez ziren esistitzen, eta gaur egun beren emanalditan biltzen duten zaletuen artean moeta guztietako piztiak ikus daitezke. Hon da beren zigilua: martxa zuzena. Erraz iristen dena. Bilbo eta Iruñeako manifestaldi instituzionalak ospatzen ari ziren bitartean mintzatu ginen «Kortatu»koekin.
Tabernan jendea "Kortatu"koen grabazio bat eskeiniko duen telebista pantailari begira dago. "Popazoro" saioaren ordez, azkenaldian propaganda gehien egin zaion manifestaldia eman zuten. "Kortatu"ko Ferminek komentatu zigun, oso fuertea izan behar zuela, manifestaldiaren ondoren beraiek botatako "todos al suelo que viene Barrionuevo" entzutea.
"Kortatu"ren formazioua Fermin (kitarra eta ahotsa), Iñigo (baxua) eta Treku (bateria) daude. Lehena eta hirugarrenarekin mintzatu ginen.
ARGIA.–Zuek duela gutxi ekin zenioten asunto honi, ezta?
Kortatu.–Larogeitalauko uztailean hasi ginen. Anaia eta biok elkartu ginen (Fermin eta Iñigo anaiak bait dira), tema batzu egin eta bateria batekin aritu ginen uzten ziguten leku guzitan jotzen. Bateriak Londresa aldegin zuen eta Trekurekin elkartu ginen. Gure historia oso sinplea da, oso sinplea. Talde baten historia... Baina ez gara arduratu ongi jotzeaz, birtuosismoaz, gauza zuzena egiteaz baino. Eta horrela nahi genuena lortu dugu, gauza zuzena izan da.
A.–Nahi zenutena...?
K.–Bai, horixe nahi genuen: zuzena izan zedin zerbait egin. Agian aurrerantzean gehiago arduratuko gara musika eta teknikarekin. Baina, hasteko zuzen sartu nahi genuen, martxa sartu, eta horrekin batera, esaten genuena jendeak segituan uler zezala, deskojonatzeko, saltatzeko, karraixi egiteko...
A.–Norbaitentzat zuzenki?
K.–Gero eta jende gehiagorengana iritsi hobe; baina, dena dela, gure mensaia radikala da. Jende horrengana iritsi nahi dugu eta, radikal denarengana.
A.–Dena dela, ez da oso arrunta talde bat zuek atera zareten indarrarekin ateratzea. Badago hortik zehar denbora piloa daraman talderik.
K.–Bai, gure musika estiloagatik izan daiteke. Guri gustatzen zaigun musika moeta hori da, punk eta skaren arteko nahasketa, mugitzera behartzen zaituen musika moeta da. Arrakasta handia lortu dugula? Ba, deputamadre... Guk arrakasta handiagoa lortu dugu publiko gehiago bildu dugulako, moeta desberdinetako jendea erakartzen dugu.
A.–Musika mailan, «The Clash», «Specials», eta antzekoen bertsioak egiten dituzue.
K.–Gure gustoko taldeak izateaz gain, politikoa dei dezakegun jokaera bat daramate... Estilo horiek "Zarama", "Hertzainak", "La polla" eta barrekin hasi dira. Dena dela, eta eraginak izatearren "Kortatu" "Kortatu" da.
A.–Nondik dator izena?
K.–Legorretako baserri baten izena da hori. Handik ateratzen diren guztien goitizena da «Kortatu». Hangoa da Legorretatik Madrila urtero doan korrikalari bat, baina batez ere, mugalari bat, ETAkoak pasatzen ibiltzen zen bat, eta hil egin zutena.
A.–Musikaz hitzegin dugu zeozer, baina zuen kanten esanahiak ere badu garrantziarik. Gehiago, agian?
K.–Oso batera doaz. Hitzak musikarekin bat joan daitezen bilatzen dugu. Askotan, Iñigo eta biok gaude eta musika eta hitza batera otutzen zaizkigu. Hitza bururatu eta banago musikan pentsatzen, edo Iñigori ateratzen zaio musika... Beste musikoek ez dakit nola egiten duten...
A.–Lehen aipatutako radikaltasuna argiago ikusten da hitzetan musikan baino, ez al duzu uste? Eta kanten artean botatzen dituzunetan?
K.–Bai, jendea probokatzea bilatzen dugu, eta jendeak zenbait gauza argi eduki dezala. Nik argi dauzkadanak soilik ausartzen naiz esatera, besteak... ez dakit.
A.–Zure ustez horrek laguntzen al du «Kortatu»ren inguruan jende gehiago biltzera?
K.–Bai, azken emanalditan behintzat hori nabaritu dugu, jende moeta oso desberdina, aluzinatzeko modukoa.
A.–Zuek «Skins» bezala aurkezten duzue zuen burua, eta horien artean politikoki denetarik dago...
K.–Bai, denetarik dago, baina beti ematen zaio fama nazien historiari. Punkien artean bezala, «Vulpes» atera zirenean, punk guztiak naziak zirela esan zuten. «Skins»ekin gauza bera gertatu da, baina bada horien artean ezkertiarrik. Euskadin, adibidez, «skins»en historia abertzalea izan daiteke, euukaldun izatea sentitzen dugun guztiona.
A.–Baina, zer esan dezake horrek Euskal Herrian? Ez al da inportatutako zerbait?
K.–Ez, egon daitekeen gauzarik autentikoena da. Euskaldun sentitzeaz gain guztiaren kontra joatea da. Ez da patxaran eta trikitixarekin kitto egiten duten abertzaleena, guztiaren kontra joatea da, baina hemen identitate nazional zehatz bat dagoela kontuan hartuz...
A.–Beraz, trikitixa baztertu gabe?
K.–Baztertu gabe. Gainera gure musika «after-trikitixa» da.
A. - «Hertzainak» taldekoengandik desberdin zarete horretan.
K.–Ez, «Hertzainak» hasi ziren, agian guk egiten ditugun kanten modukoak egiten, baina une batetan defentsa batzu hartu dituzte agobiatu egin direlako historia horrekin. Ni ere moskeatuta nago euskaldun batzurekin, txungo hutsak direlako. Gainera, Gasteizen "basko" hitzak konotazio zehatz bat dauka. Han jende oso radikala dago, eta euskaldunak . nahiko tradizional bezala agertzen dira, radikalak bai, «gora ETA»ka, baina beste gauzekin zer? Hondarribian ere gurekin moskeatzen ziren porroak erretzen genituelako eta beraiek kupela baino hordiago zebiltzan. Nire ustez egiten ari garena bi aldetatik eskemak apurtzea da. Alde batetik itxiak baziren irekitzen ari dira gu ikustean, baina bestaldetik sektore punkienak, mogida horri paso egiten zionak ere bestea ikusten du.
A.–Kantagintza mailan, eboluzio bat eman da. Une batean kantegintza konprometitua izan zen, eta gero paso egin zitzaion horri. Orain beste musika moeta bat oinarritzat hartuz berriro ere kantagintza konprometitu edo militantera bueltatu da, nolabait.
K.–Bai, Mikel Laboa eta jende hori zebilenean guk hamabost urte genituen, gustatzen zitzaigun, manifestaziotara joaten ginen... Xabier Lete, Gorka Knorr eta horiek putamierda bat dira... Eta Urko, Urko azkenaldian rockero gisa dabil, baina hori ez da ez rockero eta ez ezer; «Oskorri»k bai eraman du eboluzio konsekuente bat.
A.–Azkenaldian taldeak nahiko erritmo fuertea darama, horrek zer ekarri dio txarrik eta zer onik?
K.–Talde mailan ekarri du edonon jo dezakegula, batzutan gustorago bestetan baino, baina badakigu nola doan asuntoa, preparatuago gaude. Orain hiru astetan geldirik egongo gara, kanta berriak ateratzeko. Agobiatu samar ibili gara, eta hortik historia majoak atera ditugu.
A. - «Jotekie», «Cicatriz» eta «Kontuz hi!»rekin grabatu duzuen diskoaz, zer?
K.–Laguntza haundia izan da. Ezer ez genekienean etorri zitzaizkigun diko hori zela eta, taldea egin eta lau hilabetetara. Orain goazen lekutan jendeak hiru kanta horiek ezagutzen ditu.
A.–Eta elepea?
K.–Elepeak kontsagraturiko talde bat izatera lagunduko digu nolabait, elepea duen taldea kontsagraturiko taldea da eta modu batean. «Martxa eta borroka»z geroztik astebete ere gelditu gabe gabiltza, eta orain esaminak dauzkagu...
A.–Profesionalizatzeak zer eragin izan dezake rollo fresko bat zahartzen?
K.–Eragin haundia izan dezake. Baina beti gure gustoko gauzak egiten aritzea nahi dugu, jendeak nahi duena egiten hasiz gero... Orain egiten duguna gehien gustatzen zaiguna da, eta radikala da horrela sentitzen dugulako. Aldatzen badugu, egiten dugunaz nazkatu garelako, edota eboluzionatu egin dugulako izango da. Eboluzioa, «Oskorri»k ere eboluzionatu du, baina bere gisara. Jakin ezazu hiru urte barru zertan ariko garen... Kontsekuentea den artean.
A.–Arriskurik ikusten al duzue profesionalizatzean?
K.–Bai. Elepea grabatzea arriskutsua den heinean, ze gero zer egingo dugu.
A.–Musika tresna mailan oinarriarekin ari zarete, zerbait gehiago sartzea pentsatu duzue?
K.–Haizea finkoago sartzea, Tronpetari noizean behin agertzen bait da. Elepean ere haizea sartu nahi nuke. Dena dela, daukagunarekin, musika kañeroagoa da, oraingoz askoz elektrikoagoa da, eta horretan Britainia haundiko «ska»tik bereizten gara, gurea punkiagoa da. Horregatik deitu gaituzte «ska-punk».
A.–Bukatzeko, nola ikusten duzue musika mugida Euskal Herrian?
K.–Nik uste Euskadi dela bertako mugida identitatezko zerbaiten gisa asumitzen hasten den lehenetariko lekua dela. Gero eta jende gehiago doa bertako taldeen kontzertutara, bere herrian gertatzen denaz arduratuago dago kanpoan gertatzen denaz baino. Horrek esan nahi du euskaldunak garela eta hor diferentzia bat badagoela. Lehen beti kanpoan egiten zena egiten zen. Guk ere kanpoko eragin piloa dugu, baina hemengo taldeena ere. Bestalde kanpoan tribuak asko bereizten dira, hemen badago «Barrikada», «Hertzainak», «Cicatriz» etabar ikustera doan jendea.
Hizketan jorraitu genuen, Nikaraguako talde bati buruz "Dimensión Costeña" izena duenaz, eta presoei agur bat bidaltzeko eskatu ziguten.
M.A.
32-33
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakKORTATU