Pakito Lujanbio estraditatuarekin espetxean
«GERRA BATEAN BATAILA ASKO IZATEN DIRA»
Bakantzetarako hotel bat omen da Martuteneko espetxea Alcalán, Herreran edo Yeseriasen dauden preso euskaldunentzako. Gu ere haietan baino lasaiago sartu gara, argazkimakina eta magnetofoia eskuan, zuzendariaren baimenarekin. Atarian, ijito familiak, senar pikota bisitatzera datorren neska gaxtea, emakumeak hankutsik jarri erazi eta humiliatzen dituen metal-detektorea. Barruan, gela itsusi bat, ziurrenik kalean botata aurkitu dituzten silioiak, ate metalikoen hotsak konbertsazioa etengabe eteten. Eta presoak, hainbeste aldiz aipatu dizkizuten izaki horiek estatura bat, boza, begirada, dituztela gogora erazten dizutenak. Pakito Lujanbio, estraditatutakoetatik zigorra ezarri ziotena. Hotel bat omen da Martutene, baina atera eta ate astuna itxi denean, metraileta igurzten duen poliziaren albotik pasataoan auf!» egin dugu.
ARGIA.–Latza izan behar du nahiz eta herritik ihesian eta bizimodu zail batean ibili libre egon ondoren Espainiako gartzela batera eramatea.
Pakito Lujanbio.–Hasieratik bagenekien oso gogorra izango zela. Esperientziak bai bait zeuden lehendik ere: Apalaren kasua, Txapelarena, Linazarena... Ez ziren txantxetakoak izan eta ongi bukatu baziren Euskal Herriaren mobilizazioari esker izan zen. Guk ere bide beretik jo behar genuela garbi zegoen, gose greba batekin -eta. Moralez beteak egon ginen, nahiz eta egun haiek gogorrak izan, jendeak nola erantzuten zuen ikusita, manifestazioekin eta mobilizazioekin- eta egun gogorrak pasa eta latza izan arren azkenean pozik geratu ginen Herriak eman zuen erantzunarekin.
A.–Estradizioak emango zituztenik espero al zenuten?
P.L.–Nik behinik behin ez nian espero, inoiz ez nian pentsatzen ekarriko gintuztenik, baizik kanpora bidaliko gintuztela. Azkenaldera zeramaten jokabideagatik ikusten genian hori: hogeitahiru-lau errefuxiatu baziren jadanik espultsaturik izan zirenak. Jokabide horretan zebiltzanez, espultsatzen eta espultsatzen, estradizioa geratuko genuela espero genian, guk ez, Herriak geratuko zuela estradizioa.
A. - Gose greban eta gero gainera hospitalera eramanda, frantsesekin hitz egingo zenuten... Ze itxura hartzen zenioten frantsesei?
P.L.– Guk hitzegiten genuena funtzionariekin huen, eta mediku eta enfermeroekin. Jende hark ez zian pentsatzen ekarriko gintuztenik. Enteratzen hituen Euskal Herrian zeuden mobilizazioez eta jende guztiak espero zian aurreko prozesuen errepikatze bat izango zela, Linaza eta haiena bezala, azkenean ez zela estradiziorik gauzatuko.
A.–Estradizioek Frantziako eta Espainiako gobernuen arteko harremanen aldaketa bat suposatu dute, guk behintzat hala ikusten dugu.
P.L.–Hor kolaborazioa beti izan duk bien artean. Bakarrik orain kolaborazioa askoz ere lotsagabeago dabilela , bai GALi laguntzen , bai errefuxiatuak izorratzen paper mailan. Garai batean, paperik izan ez zenean, 1978tik 82ra errefuxiatuak paperik gabe egon zirenean, "récépissé" hori ematen ez zutenean orduan kolaborazioa zailago zeukaten, ezin zituzten-eta errefuxiatuak ondo kontrolatu. Orain hobeto kontrolatzen dizkiate "récépissé" horrekin. Garbi zegok orain kolaborazioa haundia dela.
Eta gero errefuxiatu berriei egiten dizkieten putakeriak zeudek: paperik ez zietek ematen Iparralderako, beste departamentuetara bidaltzen dizkiate. Bretainiara nahi ziaten batzuek, baina han egotea ez diete onartzen orain. Aldaketa haundia horixe duka, askoz lotsagabekiago jokatzen dutela.
A.–Asuntoa da espero ez ziren estradizioak eman direla eta hemen zaudetela zuek. Ze balorazio politiko egiten duzue?
P.L.–Gure ustez Euskal Herria atera duk irabazle. Berek esaten diate beren garaipen bat izan dela, baina ez duk hola izan, ezta gutxiago ere. Koste politiko haundia suposatu dik bai frantsesentzako eta bai espainolentzako. Guretzako estradizioa eskatzea garai horretan sondeo bat izan huen, Euskal Herriak ze nolako erantzuna ematen zuen neurtzeko, ze mobilizazio ahalmen zegoen, ze giro sortzen zen, morala nola zegoen. Baina egin ziren mobilizazioekin Herriak morala hartu zian, presoek ere morala hartu ziaten, zegoen egiazko egoera ikusita. Balorapena beraz Euskal Herriaren aldekoa egiten diat, bentaja haundiarekin gainera.
Estradizioak lortzea berentzako garaipen bat izan zela adierazi ziaten, Espainiaren eta Frantziaren arteko kolaborazioa irekia zegoela, eta jarraitu egingo zuela. Baina humiliatzeko moduko gauzak ere izan hituen. Oso esanguratsuak dituk Frantziak gu ekartzeko jarri zituen baldintzak: komisariatik ez pasatzea esate baterako. Ez diate holakorik aipatu nahi, eta garaile bezala azaldu nahi diate. Baina irabazlea Herria izan duk.
A.–Berriz ere estradizioak emango lituzketela ikusten al duk, edo ze usain hartzen diok horri?
P.L.–Ez zaidak iruditzen berriro emango lituzketenik. Esan diadan bezala gure kasuarekin sondeo bat egin nahi ziaten. Eta hankasartze bat egin ziaten: sei hilabete zeramazkiten jendea espultsatzen eta mobilizapen haundirik ez zen izan, edo mobilizapenak maila apalean geratzen ziren. Gu ere espultsatu izan bagintuzte zortzi espultsatu gehiago izango hituen, mobilizazio batzuk izango hituen gure herrietan eta errefuxiatu mailan-eta, baina gero ikusi zen mogimendu guzti hura ez.
Gure arrazoin berdinekin jende asko bidali diate herbestera, pipa batekin harrapatuta, edo baita piparik gabe ere, eta banda armatuetako militantziaren kontrako legea aplikatuz kanpora bidali dizkiate, Panamara, Cubara, Venezuelara... Baina gurekin sondeo bat egin nahi izan ziaten, indarrak nola zeuden neurtzeko.
A.–Komunikabide frantsesek askotan azpimarratu zuten atera hartan estradizioak komeni ez zirela erakusteko inportantea zela Gasteizko Gobernuak kontra erakutsitako jarrera, PNVren eritzia. Geroztik ordea aldaketa haundiak izan dira, PSOErekin beste neurri batzuetako tratuak daude, eta estradizioen aurkako jarrera hura ez dakit gaur egun nola pasatuko litzatekeen...
P.L.–PNV jarrerak aldatzen ikustera ohituta gaudek. Orain, ez diat uste, eta orduan gertatu ziren mobilizazio guzti haiekin, gaur egun estradizioen alde jartzera ausartuko litzatekeenik.
A.–Estradizioak pasatu ziren, eta epaiketa iritsi zitzaizuen.
P.L.–Guk epaiketak beste lagunek bezalaxe bizi izan dizkiagu. Besteak joaten diren bezalaxe joan gaituk gu ere epaiketara, esperantza haundirik gabe, nola jokatzen duten dakigulako. Epaiketa normal batzuk.
Nere kasuan izan duk egun batzuetan loteria baten edo kiniela baten zain egotea bezala, besteei ateratako sententziak ikusita.
A.–Kanpoan dena dela ez dizkiate auzi arrunt bezala tratatu. Gainera ez duk normala Audiencia Nacionalak tipo bat kalera nolanahi bialtzea.
P.L.–Maniobra politiko bat izan delako, Audienciari aurpegia garbitzeko. Europa mailan, eta batez ere Frantziako gobernuaren aurrean, adierazteko Espainiako justiziarekin konfidantza eduki daitekeela, eta frogarik gabe hemen ez dela inor kondenatzen. Baina kristoren kontraesanak zeudek: bat libratzeko balio izan duten gauza berengatik bestea kondenatu egin da. Martinez Beistegiren sententzia ikusi duk: aipatzen zen delituan parte hartu zuela suposatzen zela baina frogarik ez zela. Nere epaiak zera esaten dik: ez dagoela garbi edo infortzaile bezala edo ekintza garaian bijilantzian aritu nintzen baina airitu nintzela «suposatzen» dela.
Tribunala oso demokratikoa dela eta inongo presiobiderik ez dagoela erakutsi nahi diate, baina ezin. Orain, guri begiratu diguten bezala besteei begiratuko balie, preso dauden asko kalean egongo hituzke, proportzio polit batean: hirutik bat.
A.–Nahiko denbora eman duk Iparraldean eta orain honuntza egokitu zaik, zulora. Ze giro aurkitu duk?
P.L.–Askotan pentsatzen nian bestealdean, preso zeudenekin gogoratzean, preso eroriz gero ez nuela etsiko, erotu egingo nintzatekeela, gogorregia izango zatekeela neretzako. Gero, ekarri nautenean, ikusi diat gogorra dela, latza. Bestealdean egotea ere nahiko bizimodu latza duk, baina honekin ez zegok konparatzerik, hau askoz ere gogorragoa duk. Baina gero, ikusi dudan giroa, ikusi dudan morala, ikusi dudan elkartasunarekin, koño!, konturatzen nauk iraun daitekeela, eta gainera balio duen gauza baten alde gabiltzala eta irauten dugula. Kristoren elkartasuna dago hemen, kanpoan aurkitzen ez den bezalakoa, denok batak besteari laguntzeko prest, kristoren moralarekin. Jendea ondo moldatzen duk. Espero ez nuen giroa aurkitu diat.
A.–Askotan entzun diagu kartzela barruan daudenek ez daukatela kanpoan gertatzen denaren ideia zuzena, alde horretatik oso mugatuak daudela.
P.L.–Hemen piska bat desfasatu egiten haiz, hori egia duk. Familiakoekin berri asko jakiten dituk, eta abokatuen bitartez ere jartzen haiz egunera, baina desfasatu egiten haiz. Nola ez hagoan kaleko eguneroko borroka horretan... Eta hori gauza guztietan. Kotxeekin esate baterako gauza kuriosoa gertatzen duk: hemen urte asko daramatenek ez dizkitek oraingo kotxe berriak ezagutzen, eta batek igoal esango dik R-12a edo 131a kristoren trasteak direla.
A.–Orain dela gutxi kalera ateratako preso batek esaten zigun, «Pitua» deitzen diotenak, kaleko giroaz hain gauza beltzak entzun ondoren giroa espero baino hobeto aurkitu zuela? Ze inpresio daukak hik?
P.L.–Ez zekiat, nola kalera ez naizen joan... ez zekiat, je, je.
A.–Bestealdean behintzat kalean bizi hintzen, edo kanpoan.
P.L.–Baina alde haundia zegok bestealdeko kaletik honera. Garai batean amnistiarekin bezala, gaur bestealdetikan etorri han urte batzuk pasa eta gero eta txoke bat aurkituko litzatzekeela uste diat. Ez kartzelatik aterata haina, baina txoke puska bat bai.
A.–Ze esperantza dauka hemen jendeak, zenbat urteren buruan ateratzekoa? (Eta barre egiten du ondoan dugun Joseba Sarrionandiak).
P.L.–Ez niak ezer esatera, zergatik ezen gutxi esaten badut batzuk pentsatzen diate asko, eta asko esaten badut... Bakoitzak hemen bere konjeturak egiten dizkik, batzuentzako bi urte, beste batzuentzako bost urte...
A.–Hik nola ikusten duk, luzarorako?
P.L.–Nik nahiko luzarorako ikusten diat. Beharbada oraindik nahiko fresko nagoelako hemen kartzelan, urte bete ez diat egin oraindik hemen, baina nahiko luzarorako ikusten diat.
A.–Zuek espetxetik ateratzea negoziaketarekin lotuta zegok. Ez zirudik horrek bihar goizerako asuntoa.
P.L.–Gauza bat zegok argi eta garbi utzi beharra lehendabizi: berak sekula ez direla negoziaketarako prest egon. Abuztuan aipatu ziaten lehendabiziko aldiz negoziaketa, baina sekula ez diate negoziotara iristeko asmorik erakutsi, errenditzeaz ari dituk. Negoziaketara joaten badira joan nahi diate hogeitamaika eskutik dutela. Eta errendizio bat ez ETAk eta ez Euskal Herriak inoiz ez dute onartuko, egiazko negoziaketa baino.
A.–Negoziaketa neurri batean indar arazo bat duk. Alde batetik, gobernu Espainolaren aldetik indarra badagoela nabarmena duk. Eta beste aldetik ba al dago indarrik?
P.L.–Dudarik ez. Berek ikusiko balute aurrean dituztenek ez dutela indarrik orduan joango hituzke negoziaketa batera. Baina ez dituk joaten, indarra dagoela ikusten dutelako, eta proportzio horietan ez diate joan nahi. Ahulkeriarik ez bait dute ikusten.
Eta lehen aipatu diadan joan den udako negoziaketa aipamena estradizioen sondeoarekin lotuta zegok. Horregatik bota zuten «negociación» hitza, ordura arte galerazia bait zegoen, ordura arte "reinserción" eta "rendición" bakarrik aipatzen zituzten. Dena lotua zegok, eta jendartean ze eritzi sortzen zen ikusi diate, Herriak zer erantzun eman zuen estradizioen aurrean, Santi Brouarden hilketaren aurrean, Aberri Egunean, eta beste egun askotan, eta orduan negoziaketara ez zihoazek. Ahulkeria ikusiko balute joango hituzke. Horiek errendizioa besterik ez diate nahi.
A.–ETAren ahuldadea eta baita suntsitzea ere hainbeste aldiz aipatzen zen garaiotan jende askorentzako sospresa bat izan duk azken eskalada hau.
P.L.–Batzuek era batera ulertuko diate kanpaina hau, alegia kanpaina bat dagoela martxan, Mediterraneokoa, eta prentsak hura «bluf» bat dela esan duenez, erakundeak ez daukala indarrik, kanpaina hari apoioa emateko ekintzak direla, hemen indarra badagoela adierazteko. Batzuek hola ulertuko diate.
Baina nik bestela ulertzen diat. Gerra batean gaudela, gerra luze batean, eta gerra batean bataila asko izaten dira. Egunero ez da izaten bataila, baina egunero ari haiz lanean bataila hura ematen denerako. Jende askoren eguneroko lanaren ondorioa duk bataila hau, eta ondo ateratzen ari dena.
JOSEBA SARRIONANDIA, albotik sartuz.–Ahal denean ematen dira eta ezin denean ezin da. Azken batean kanpaina publizitario bat izan da ahuldadearena, negoziaketaren gora behera guzti hura bezala. Orain demostratzen ari da mogimenduak indarra duela.
P.L.–Ados niagok Josebak dioenarekin, ahal denean jotzen dela. Eta behar denean jo behar dela ere bai.
Iñaki ZUBIONDO
Espero baino moral haundiagoa aurkitu du Pakito Lujanbiok preso euskaldunen artean.
11-14