Zinemaldi Alternatiboak lehen aldiz EHUko Arkitektura Fakultatean ere emango ditu filmak

  • Aurtengoan hiri-ereduaren gaineko eztabaida bultzatuko dute, udalak abiatu duen hiri-antolamendu berriaren harira. Irailaren 15etik 25era egingo dute 14. edizioa, eta antolatzaileek gogorarazi dute lehen ediziotik erabaki “estrategikoa” izan dela zinema Donostiako kaleetara ateratzea.


2022ko irailaren 12an - 16:28

14. Zinemaldi Alternatiboaren egitaraua aurkeztu dute, eta beste behin 9+5 formula erabili dute antolatzaileek, erreferentzia egiteko Kortxoenea gaztetxeari; han ematen zituzten ikus-entzunezkoak 2010etik 2015era bitarte, harik eta Eneko Goia Donostiako alkatearen agintaldi hasieran hura eraitsi zuten arte. 2006an hasi ziren antolatzen Zinemaldi Alternatiboa hiriko mugimendu sozial ugari, autogestioan oinarrituta, eta Donostiako kaleak eta plazak hartzeko asmoarekin.

Aurtengoan lehen aldiz proiekzio batzuk EHUko Arkitektura Eskolan emango dituzte, izan ere, hiriaren antolamenduari buruz eztabaidatzeko tartea ireki nahi dute, udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko prozesua abiatu duela medio: “Eragin nabarmena izango du naturguneetan eta hiriguneak dituen gune libre, eraikin eta bideetean, izan publiko zein pribatu, eta beraz, eragin zuzena du Donostiako ekonomian, gizartean eta ingurumenean”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Gainerako emanaldiak toki hauetan izango dira: Añorgako frontoian, Alde Zaharreko Trinian, Antiguako Txantxarreka Gaztetxean, Grosen Sagueseko frontoian, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean eta Egiako Gladys Enea parkean.

Beste berrikuntza bat ere izango du aurtengo edizioak: pantaila eta proiektore berri bat erosteko crowdfunding kanpainaren emaitzak ikusi ahal izango direla aurreratu dute.

Jarraian Zinemaldi Alternatiboak eskainiko dituen ikus-entzunezko guztien egitaraua:

Irailak 15, osteguna, 18:30ean EHUko Arkitektura Fakultatean

Periferia, Xavi Esteban eta Odei Etxearteren filma. Horrez gain, 17 Santi 17 sei minutuko film laburra, Donostian kokatuta dagoena. Alvaro E. Olaiz eta Segis Monsó Agorreta dira egileak. Proiekzioen ostean solasaldia egongo da egileekin eta Bizilagunekin plataformako kideekin.

Irailak 16, ostirala, 20:00etan Añorgako Harrobiaren plazan (Añorga Kultur Taldearekin elkarlanean)

En Construcción, José Luis Guerín-en pieza. Bertan izango da Mikel Azcona, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko hirigintza irakaslea eta Añorgako auzokidea.

Irailak 17, larunbata, 20:00etan Alde Zaharreko Trinitate enparantzan

En la calle, Sos Arrazakeriak eta Harrerak sortutako ikus-entzunezko laburra. Saioko gonbidatuak izango dira kalean bizi diren gazte migratuak eta Parte Zaharreko Afari Solidarioak ekimeneko kideak.

Irailak 18, igandea, 20:00etan Antiguako Txantxarreka gaztetxean

Free Pablo Gonzalez - Vivir la Guerra. Oier Zeberioren pieza laburra. Ondoren Oihana Goiriena Pabloren emaztearekin solasaldia izango da.

Irailak 20, asteartea, 18:30ean EHUko Arkitektura fakultatean

De interés general. Un barrio por un parque. Miguel Ángel Sanchezen dokumentala. Saioan gonbidatuak: Carmen Ochoa (Parque Sí Chamberí) eta Félix Arias (Club de Debates Urbanos).

Irailak 21, asteazkena, 20:00etan Sagueseko frontoian (Groseko Asanblada Feministarekin elkarlanean)

Belarri Bero, bai esan? Uxue Bereziartua Lonbide, Uxue Amonarriz Zubiondo eta Aitor Altuna Etxaberen websaila. Bertan izango dira Amonarriz eta Altuna, baita Nerea Arriola eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak ere.

Irailak 24, larunbata, 20:00etan Intxaurrondon, Letaman gaztetxeko terrazan

Non dago Mikel? Saioan izango dira Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu zuzendariak.

Irailak 25, igandea, 20:00etan Gladys Enea parkean

Kasilda, beste pausuen oihartzuna dokumentala estreinatuko da. Juan Felipe, Ruben Marcilla eta Unai Otegi dira egileak; Felipe saioan egongo da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldi Alternatiboa
Pentsamendu kritikoa sustatzeko, badator Zinemaldi Alternatiboaren 15. edizioa

'Bi arnas' eta Salvador Seguí anarkistaren inguruko dokumentalak eskainiko dituzte, besteak beste. Horrez gain, gizarte mugimenduko hainbat eragileren protesta ekintzetara atxiki da Zinemaldi Alternatiboa, "elkarlan aktiboa" sustatzeko.


Oihana Goiriena, Pablo Gonzalezen emaztea
"Sanchezek dio Pabloren alde ari direla, baina Polonia babesten dutela ikusten dut"

Igandean Donostiako Zinemaldi Alternatiboan Pablo González oroitu dute, Polonian ia zazpi hilabete preso daramatzan kazetaria. Horretarako Vivir la guerra dokumentala ikusi dute lehenik eta Oihana Goirienarekin solasaldia egin dute ondoren. Antiguako Txantxarreka... [+]


2022-06-15 | ARGIA
Zinemaldi Alternatiboa kalera ateratzeko diru-bilketa hasi dute

14. Zinemaldi Alternatiboa izango da aurtengoa. Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, gauero dokumental bat proiektatuko dute kalean, gaztetxeetan eta beste leku batzuetan. Proiekzioak egiteko pantaila eta proiektore profesionala eskuratzeko diru-bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude