Ye-ye euskaldunen historia ahantzia

  • 1965. Beatles pop talde britainiarrak urtebete darama munduan zehar biran. Beatlemania Euskal Herrira ere iritsi da, ez polemika gutxirekin. Yon Libarona, Luis Amilibia, Zorion Egileor, Enarak, Bihurriak, euskaraz egindako ye-ye musika. Nor gogoratzen da haietaz?


2011ko abuztuaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Ameslariak taldea, euskal ye-ye musikaren aitzindarietako batzuk

1960ko hamarkadan fenomeno handia zabaldu zen mendebaldeko kulturan: pop musikaren eztanda. Eta gaurdainoko itzala utzi duen talde handi bat: The Beatles. Laukote britainiarrak arrakasta itzela dauka: 1963an From me to you eta She loves you top guztietan markak hausten ari dira. Beatlemania fenomenoa zabaltzen ari da: poliziak Heathrow aireportuan zain dituzten milaka jarraitzaileak ur txorrotaz busti ditu, Parlamentuan eztabaida piztu da poliziek Beatlesak babesteko euren buruak arriskuan jartzen dituztela diotela-eta. Amerikako Estatu Batuetako biran estadioak betetzen dituzte. 1965eko uztailean Shea Stadiumeko kontzertuan taldekideek ezin dute jotzen ari direna entzun, publikoaren garrasien ondorioz.

Euskal Herrira ere iritsi zen ye-ye fenomenoa. Ezin zen bestela izan. “Hemeretzi urterekin Ingalaterrara joan nintzen ingelesa ikastera. Beatlesak, Rolling Stones edo Jimmy Hendrix gertutik ikusteko zortea izan nuen. Txoratzen itzuli nintzen nire melena postizoarekin”, azaldu du Arantxa Gurmendi aktoreak. Ile luzeak, estetika berria, musika zaratatsua. Gazteriaren betiko estereotipoak: axolagabeak zirela, alferrak zirela, ez zutela deus egiten. Eta ezezagunarekiko, kanpokoarekiko ohiko erreparoa. Kaleko mobidaren lehen urteak ziren. Eztabaida hau bete-betean bizi izan zuen Gurmendik. “Hamazazpi urte nituen Jarrai antzerki taldean hasi nintzenean eta noski, gainerako alorretan ere inplikatu behar izan nintzen. Horietako bat zen Zeruko Argia astekariko Gazte Naiz atalean idaztea”. 1965ean argitaratu zituen zenbait artikulu dira eztabaidaren lekuko. Ye-ye Gaztedia artikuluan adibidez honela zioen: “Gaur eguneko gaztediari buruz zenbat lerro idatzi ote dira? (...) Denak batu ta gutxi gora bera au diote: Gaurko gaztedia ganberro ta irresponsable utsa da. (...) Asken iritzi hori egin baino lehen, zenbat gazterekin mintza zarete?”

Folklorismoan jarraitu ala euskara modernizatu

Eztabaidaren funtsa argia zen. Euskal kultura munduko eragin berrietatik babestu eta hermetikoki gorde behar da ala eragin berri horiek geureganatu behar ditugu? Jon Zelestino musikari eta bilduma zalearen ustez “garaian agian lehentasuntzat herri musikaren katea ez etetea zuten. Beste batzuek argi ikusten zuten ordea, mundua harantz zihoala eta ez zuela zentzurik itxita egoteak”. Mundu globalizatuko musika merkatua orduan ari zen zabaltzen Zelestinoren esanetan, eta eragin berriei uko egitea edo saihestea ezinezkoa zen, beraz.

Gainera, kontuan izan behar da 60ko hamarkadan Euskal Herria frankismo betean zegoela. Euskaraz hitz egite hutsa debekatuta zegoen. Euskara eta euskal kultura babestu nahiak zaharrengan eragin berriekiko erreparoa areagotu besterik ez zuen egiten. Garai hartako zenbait artikulu gogor ere gordetzen omen ditu oraindik Gurmendik: “Nire irakasle izandako batek artikulu bat idatzi zuen esanez, musika modernoa euskaraz egitea euskara hutsaren hurrengotzat jotzea zela, zapaltzea, euskara ingelesa bilakatu nahi izatea... beno, izugarriak”.

Politikan sartu nahi ez izatea ere gazteen aurka egiten zen ohiko kritika zen. Adibide bat jartzearren, honela zioen X.T. delako batek Euskotar “Ye-Yes” dalakoei, itz bi artikuluan: “Gezurra dirudi nola errexko arinkeri bat zabaltzen ari dan gure gaztedian. (...) Alako bati galdetuiozu politika zer dan. (...) Bereala, sutuko zaizu ta ez duala alako jokaeraren berri jakin nai, esango dizu”. Gurmendiren ustez aurreko belaunaldiek bizi izandako garai gogorrei zor zaizkie halako esanak. “Gure aurreko generazioei sufritzea tokatu zitzaien. Guk ez genuen gerra bizi izan zuzenean, beste mundu bat zen. Baina guk ez genuen errua. Guk disfrutatzea nahi genuen, horregatik leporatzen ziguten ez ginela aktiboak. Baina zer da aktiboa izatea, ez ginen gelditzen!”, dio Gurmendik.

Alta, Zelestinoren ustez “nolabaiteko iraultza estetiko hori kontu politikoa zen”. Baita musika bera ere. “60ko hamarkadan pop musika euskaraz egitea... hitzak agian ez dira politikoak baina, nire ustez guztiz kontu politikoa da. Oso gauza politiko zorrotza, ez bakarrik zapaltzailearen aurka, inguruan dagoen jendea astintzeko ere bai”.

Dena ez zen ordea, kontrako jarrera belaunaldi zaharren artean. Nemesio Etxaniz apaizaren izena atera da Arantxa Gurmendirekin zein Jon Zelestinorekin berbetan. “Ikusi behar da ze gaitasun zeukan garai berrietara egokitzeko” dio Gurmendik “hari izugarri gustatzen zitzaion”. Zenbait talderentzat hitzak itzultzen edo egiten zituen Etxaniz zaharrak: Gurmendiren Bihurriak taldearentzat lehenengo eta Argoitia anai-arrebentzat zein Enarak taldearentzat geroago, batzuk aipatzearren.

Julen Lekuona ere euskal musika berritzearen aldekoa izan zen. Zeruko Argian azaldu zuen bere jarrera, Euskal musika berri artikuluan, 1966an. “Kantuak indar aundia duela iruditzen zait euskaldunen artean jendea pixteko. (...) Kantuak esan nai sozial bat izan bear du.” Eta garai hartan estetika berriarekin zegoen eztabaidari buelta emanez, honakoa gaineratu zuen: “Guk orain egin nai gendukeana da, euskal-musika eraberritu, gaurko eguneko euskaldunak bear duen jantzi berria eman. Jantzia esan dut eta ez izaera. (...) Gure naia da euskal musika zaharra estudiatu, aztertu ta ura sustrai bezela artuaz euskal musika berria egin”.

Lehen urratsak eztabaidaren erdian

1965 inguruan Donostiako Kursaal zaharrean eztabaidatzeko biltzen zirela azaldu du Arantxa Gurmendik. “Hemen Katalunian gertatzen zenaren influentzia handia genuen, eta han ere bazegoen talde indartsu bat musika berritzea helburu zuena beste gauza batzuen artean”. Musika berritzeaz gain, orokorrean, arte guztia eraberritzeko beharra ikusten zutela dio Gurmendik: pintura, antzerkia, eskultura, literatura, musika... Mikel Laboa, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi... Gerora Ez Dok Amairu osatuko zuten bakarlariak ere asanblada horietan biltzen ziren.

Lehenengo jaialdia Jarrai antzerki taldeak antolatu zuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ramon Saizarbitoriarekin aurkeztu zuen Gurmendik eta baita talde batekin modako kanta bat abestu ere euskaraz: Chica ye-ye. “Eurobisioa irabazi berri zuen”. “Jendea txunditzea lortu genuen eta helburua ere bete genuen: euskarak denerako balio duela demostratzea”. Beldurra ere pasa omen zuten, kanpoan polizia zain zutela eta. Herrietatik berehala hasi ziren deika jaialdi hori nahi zutela esanez.

Ondoren Bihurriak taldea osatu zuten Beatlesen bertsioak euskaraz jotzeko asmoz. Hasieran Ez Dok Amairuren inguruan hasi zirela azaldu du Gurmendik, baina “gauza itsusiak” ikusi zituztela-eta alde egin zuten. “Inguruko batzuei ez zieten jotzeko aukerarik ematen eta batzuen lana izan zen suplentea izatea. Garai hartan espazioa ez zen suplenteentzako, baizik eta denok lehen mailan egoteko, eta gero aukeratuko zuen jendeak”.

Interpreteak eta lehen diskoak multinazionalekin

Victoria Eugeniako jaialdiarekin hasi zen zabaltzen musika "modernoa" Euskal Herrian. Alta, lehen diskoak ez ziren iritsi 1968ra arte. Yon Libarona, Luis Amilibia, Urretxindorrak, Ameslariak, Jabier Madina, Argoitia anai-arrebak, Daikiris, Joxantonio Villar... horiek izan ziren euskaraz ye-ye diskoak grabatu zituzten lehen taldeak. Geroago iritsi ziren Zorion Egileor eta Enarak, esaterako. Hauetako asko Columbia, CINSA eta EMI bezalako multinazionalek argitaratu zituzten bitarteko eta produkzio oso onekin gainera. Jon Zelestinok merkatuaren logikan ikusten du multinazionalek euskaraz diskoak kaleratzearen arrazoia: “Kosta ahala kosta egiten dute euren bidea eta merkatua baldin badago beraientzat diskoak sortzen saiatzen dira. Kontua da, orokorrean disko ezezagunak direla”.

Disko horietan, garai hartan lehen postuetan zeuden kanten bertsioak daude grabatuta: The Turtles, Bob Dylan, Raphael, Beatles... Zelestinori kanta propiorik zergatik ez zuten sortzen galdetuta, honela azaldu du: “Ez da bitxia ze pop musika horrela zen garai hartan mundu guztian. Ye-ye musikan Beatlesak iritsi ziren arte gehiago zen interpretearen figura egilearena baino”. Ez da alferrik britainiarren Yesterday kanta ezaguna historiako kanta bertsionatuena, 3.000 inguru.

Pop chartsak interpretatzen zituzten beraz, eta horren arrazoia musika kontsumitzeko ohituretan egon daiteke. “Boladak etortzen ziren eta irratian entzuten zutena zen gero jotzen zutena”, dio Jon Zelestinok. Arantxa Gurmendik ere hala dio, “orduan jende askok ez zuen tocadiscosik. Irratia juxtu-juxtu. Komunikazio handiena zuzenekoa zen, jaialdietan, berbenetan, festetan”.

Etendako lerroa?

Diskoak kaleratu zituzten, Aturritik Ebrorainoko agertokiak zapaldu ere bai. Gerora Euskal Herrian sortu den musikan garai hartako taldeek eraginik izan duten galdetuta Arantxa Gurmendik ez du zalantzarik: “Nik uste dut horren ondorio izan dela gaur egun dagoen musika guztia. Orain pentsa zenbat talde dauden era guztietakoak euskaraz”.

Jon Zelestino ez da iritzi berekoa. “Musika eta estetikaren aldetik ez dute batere eraginik izan hemen. 60ko hamarkadako euskal musikari baten izena galdetuz gero, inork ez dizu esango hauetako izen bat”. Gerora Ez Dok Amairuk guztiz estali dituen taldeak izan ziren. Pop musika rockaren eboluzioa ulertzeko ezinbesteko piezatzat ikusten du ordea iruindarrak. “65ean mod, beat, ye-ye edo ritm&bluesa jotzen ari ziren musikari asko lau urte geroago rock psikodelikoaren mobidan zeuden sartuta, hiru urte geroago, rock gogorraren mobidan... Badago oso lerro lineal bat”. Hemengo taldeek oso bizitza “efimeroa” izan zutela gaineratu du, pare bat single atera eta desagertu egiten ziren.

“Hemen haustura egon zen. Errobi, Anje Duhalde, Michel Ducau... beste mobida batetik datoz. Ramones eta The Clash-ek beraien gurasoen garaiko taldeen bertsioak egiten zituzten –beraien estetikara moldatuak–. Hemen, Kortatu edo Tijuana In Bluek ez zuten halakorik egin. Ez zuten ildo hori jarraitu”.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude