Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote

  • Hainbat herritar eta elkarte –Eguzki eta Usurbilgo Aranerreka talde ekologistak, esaterako- alegazioak aurkezten ari dira Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri duen eta alegazio-epean dagoen proiektua bertan behera uztea eskatzeko. Alegazioak aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da.


2022ko azaroaren 16an - 09:48
Proiektuak kaltetuko lukeen eremua. Argazkia: Eguzki

Alegazioetan azaltzen denez, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Aginagako tunela eraikitzeko proiektua jendaurrean jarri duen hirugarren aldia da hau. Proiektu hori, nonbait, lehen begiratuan eztabaidagarria izan ez daitekeela iruditu arren, zinez auzitan jarri behar dela ondorioztatzen da xehetasun handiagoz aztertzen denean.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da naturaguneak babesteko ardura duten administrazio-organoen erantzun argia eragin duela proiektu honek, 2008an izapidetzen hasi zenetik. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzak 2008an ohartarazi zuen trazatua Olaberrietako paduraren babes bereziko eremuan sartzen dela, eta bertan azpiegiturak eraikitzea berariaz debekatutako erabilera” dela, Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planean ezarritako antolamenduaren arabera. Hori dela eta, Biodibertsitate Zuzendaritzak adierazi zuen “proiektua eremu horretan birdefinitu beharko dela”. Biodibertsitate Zuzendaritzaren dokumentua eskuragarri dago.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak, 2021eko abenduko alegazioetan, kritika zorrotza egin du, "oraindik ere ez direlako aintzat hartu” ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentuari emandako erantzunean azaldu zituen eragozpen nagusiak. Horri dagokionez, adierazi du Aginagako tunelaren proiektua obra handiago baten zati labur bat baino ez dela, Zarautz eta Usurbil artean trenbide-sarea bikoiztea aurrikusten duena. Hori dela eta, Oriako Itsasadarreko naturagunean proiektatutako obra-zati guztien ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratua egiteko eskatu du. Are gehiago, trazatu-alternatiba bat proposatu du, hain zuzen ere trenbide-proiektua Olaberrietako paduratik eta Oriako Itsasadarreko Kontserbazio Bereziko Eremu osotik igarotzea saihesteko, Aginagatik Motaondoraino (Orio). Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren alegazioek aipamen berezia merezi dute eta dokumentua eskuragarri dago.

Hala ere, ohartarazpen eta proposamen horiek ez dira aintzat hartu, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere horretan jarraitzen du, Oriako itsasadarreko naturagunean dituen ondorio kaltegarriengatik behin eta berriz zalantzan jarritako proiektu hori gauzatzeko ahaleginean.

Bestalde, ustekabean gertatu da Eusko Jaurlaritzak proiektuaren onarpen-prozesua eten eta tramitazioa berriz hasi behar izan duela, Kostaldeen eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak iaz jendaurrean jarri zen proiektua ezestea eskatu duelako, hain zuzen ere egitasmoak Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan dituen eraginen ondorioz. Hori dela eta, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak berriro ere jendaurrean jarri du proiektua, Olaberrietako padurako Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan aurreikusitako lur-betelanekin egiten den okupazioa “gutxitzeko” 30 metroko tarte labur batean biaduktu bat erantsi diolarik.

Nolanahi ere, Ingurumen Inpaktuaren Azterlanak “larritzat” jotzen du paduraren eta Espazio Natural Garrantzitsuen gaineko inpaktua. Horrez gain, ohartarazi behar da Irisasi mendi publikoa eta Itzaoko ibarra ere ez daudela inpaktu handi batetik salbuetsita. Alegazio hauetan azpimarratzen denez, landarediaren gaineko afekzioen larritasunarekin batera, proiektuak obraren amaieran Irisasitik Olaberrietaraino eta Itzaoko ibarrean zehar egungo trenbidearen gainean ezartzea aurreikusten duen 5 metro zabalerako eta 3 km luzerako bidearen inpaktua (argiztapen-kanalizazioekin eta guzti) nabarmentzen da. Izan ere, bide horrek erabat urratzen ditu natura-balio handiko eremu horiek duten irisgarritasun zaila bermatze aldera ezarritako neurriak.

Ingurumen-arrazoiekin batera, alegazioetan salatzen da proiektuak ez duela inolako eskaera-azterketarik egiten, ez eta obra horren ebaluazio sozio-ekonomikorik txikiena ere ekartzen. Horri dagokionez, azpimarratu behar da Aginagako tunelaren egitasmoa Usurbiletik Zarautzera trazatu berriekin saihesbide mordo bat eraikitzea aurreikusten zuen plan zabalago baten baitan diseinatu zela, 2000ko lehen urteetan. Hala ere, plan hura duela bi hamarkada ekonomiaren hazkunde handiko eta azpiegituren hedapen handiko testuinguruan bultzatu zen, eta egungo baldintzetan hori guztia oso zalantzagarria dela pentsatu behar da. Hau da, gaur egungo testuinguruan, Aginagako tunelaren proiektuak ez du inongo justifikazio zorrotzik, eta are gutxiago trenbide-sarea tarte horretan hobetzeko hain erasokorrak ez diren eta azpiegitura berririk eraikitzea eskatzen ez duten bestelako aukera batzuk plantea daitezkeenean.

Hori dela-eta, Aginagako tunela eraiki ordez, egungo trenbidearen optimizazioan oinarritutako estrategia alternatibo baten alde egiten da alegazio hauetan. Hau da, Euskotrenen linea hobetzeko estrategia alternatibo bat defendatzen da hemen, jarduketa apalagoekin eta azpiegitura berri bat eraiki behar izan gabe, Donostia eta Zarautz arteko zirkulazioetan behar izanez gero 20 minutuko maiztasuna lortzea ahalbidetuko lukeena puntako orduetan. Horretarako, Txokoalden Aginagako geltoki zaharrean bide bikoitzeko gurutzagune bat sortzea eta geltokia berriro irekitzea proposatzen da, auzoko sarreran dagoen trenbide-pasagunea kentzearekin eta trenak Itzaoko ibarretik eta Oria ibaiaren ertzetatik igarotzeak ingurumenean duen eragina murrizteko beharrezko neurriak hartzearekin batera.

Bukatzeko, adierazi beharra dago Aginagako tunela eraikitzeko proiektua ezestea eskatzeko Eusko Jaurlaritzari zuzendutako alegazio-dokumentu honek, aldi berean pertsona, talde eta elkarte guztiei zuzendutako ekarpen bat ere izan nahi duela, gaur egun are premiazkoagoa den hausnarketa bultzatzeko. Alde horretatik, interesa duten pertsona eta elkarte guztiek proiektua aztertzeko eta beharrezkotzat jotzen dituzten gaiak lantzeko behar den denbora izan dezaten, informazio publikoren eta alegazioak aurkezteko epearen luzapena ere eskatzen da alegazio hauen amaieran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezeguneak
“Guggenheimen sukurtsal bat eraikitzea arriskutsua izan daiteke Urdaibaiko erreserbarentzat”

Edorta Unamuno (Ermua, 1970) Urdaibai Bird Center behaketa zentroko biologoa da. Urdaibaiko bisofera erreserba zaindu ahal izateko arriskuez, eta etorkizunean egin nahi dituzten proiektuek ekar ditzaketen eraginez hitz egin du CTXT hedabidearekin. 


Berandu izan baino lehen, hil edo bizikoak ditugun hezeguneen desagerpena mugatu behar dugu

Garrantzia handiko ekosistemak dira hezeguneak. Jendartean eta herritarron iruditegian inportantzia gutxikoak izanik, hauen aldeko pedagogia lana egin behar dela diote aditu gero eta gehiagok. Hain zuzen, bioaniztasuna bermatzeko, herritarron egunerokoa segurtatzeko, baita klima... [+]


Eguneraketa berriak daude